Eneko Bidegainek irabazi du 2023ko 111 Akademiaren Saria

0

111 Akademiak Eneko Bidegaini (Baiona, 1975) emango dio 2023ko 111 Akademiaren Saria. Akademiakideek Bidegainen Bichta éder eleberria izendatu dute 2023ko libururik gogokoen. 218 akademiakide ditu une honetan 111 Akademiak, eta horietako 123k parte hartu dute 2023ko sariduna izendatzeko 2024ko urtarrila eta apirila bitartean burututako hiru bozketa txandetan. Bidegainen lanak Karmele Jaioren Maitasun kapitala nobela izan du lehiakide azken bueltan. Bi lanen arteko lehia oso estua izan da azken unera arte.

111 Akademiak jendaurreko sari-emate ekitaldia egiteko asmoa du ekainaren hasieran.

Bichta éder
Hari askotako bilbea harilkatu du Eneko Bidegainek eleberri honetan. Bihurgune askotako istorioa. Pertsonaia eta gai aunitz dituen kontakizuna. Thriller politikoa, non eta lur eta eraikuntza espekulazioa, turismoa eta nekazalgoa, euskara eta hizkuntza nagusia, Aljeriako gerra eta negozio zikinak, ETA eta estatuko krimenak, Lapurdi eta antzinako Nafarroa, nagusiak eta menekoak gurutzatzen diren, eta bi protagonistek Altzugaraia jauregia turismo egitasmo espekulatzaile bihurtzearen kontra bere borroka bilakatzen duten. Istorio interesgarria eta hagitz gaurkoa, eta egileak kontakizunaren amaiera maisuki gibelatzen duena behin eta berriz ere irakurlearen jakin-minaren irrikari bazka emanez.

Irakurri hemen iazko urrian Nora Arbelbidek Eneko Bidegaini eleberri honen harira 111 aldizkarian eginiko elkarrizketa.

XXVIII.a
Hogeita zazpigarren edizioa du aurtengoa Euskal Herriko irakurleek ematen duten sari honek. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 1996an jarri zuen abian Beterriko Liburua literatur aipamena (gerora 111 Akademiaren Saria bihurtua) euskal irakurleari literaturaren plazan hitza eta protagonismoa eman asmoz. Honakoak izan dira urte horietan guztietan irakurleen saria jaso duten obrak:
– 1996 Joxean Agirreren Elgeta.
– 1997 Ur Apalategiren Gauak eta hiriak.
– 1998 Koldo Izagirreren Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri.
– 1999 Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion.
– 2000 Ramon Saizarbitoriaren Gorde nazazu lurpean.
– 2001 Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua.
– 2002 Anjel Lertxundiren Zorion perfektua.
– 2003 Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea.
– 2004 Pako Aristiren Gauza txikien liburua.
– 2005 Juan Kruz Igerabideren Hauts bihurtu zineten.
– 2006 Karmele Jaioren Amaren eskuak.
– 2007 Jokin Muñozen Antzararen bidea.
– 2008 Anjel Lertxundiren Zoaz infernura, laztana.
– 2009 Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori.
– 2010 Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak.
– 2011 Harkaitz Canoren Twist.
– 2012 Ramon Saizarbitoriaren Martutene.
– 2013 Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat.
– 2014 Mikel Peruarenaren Su zelaiak.
– 2015 Katixa Agirreren Atertu arte itxaron.
– 2016 Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua.
– 2017 Uxue Alberdiren Jenisjoplin.
– 2018 Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa.
– 2019 Karmele Jaioren Aitaren etxea.
– 2020 Pello Lizarralderen Argiantza.
– 2021 Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala.
– 2022 Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea.
– 2023 Eneko Bidegainen Bichta éder.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments