Susa argitaletxeak eman du argitara Uxue Alberdiren liburu berria, Hetero izeneko ipuin bilduma, eta urriaren 7rako iragarri dute aurkezpen ekitaldia Donostian. Hirugarren ipuin liburua du honakoa Elgoibarko idazleak: aurretik argitaratuak ditu Euli-giro (Susa, 2013) eta Aulki bat elurretan (Elkar, 2007).
Liburuari buruz
Araua eta arrakala. Bien arteko tentsioan ageri zaizkigu ipuin hauetako protagonistak. Emakumezkoak dira ia denak, eta gizonez ari dira, nagusiki. Haiek euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoez. Gizonekiko espektatibez eta dezepzioez: unean bertan egin eta esan ez ziren horiez.
Aitak –odolekoak, kulturalak, politikoak–, maitaleak, adiskideak ageri dira kontakizunotan. Tesi zuzendari, editore eta militante “idealizatuak”; hiru laguneko gorputz bakar bat frenorik gabe aldapan behera; Zarautz, Elgoibar, Kuba –”desira aplastante bat”–; whatsapp bidezko literatura lezioak; ezin bete diren promesak urpean eta naufragatzen utzitako bizi-puskak; hiltzen jarraitzen duen aita bat, alargun igerilari bat. Tarteko jendearen presentzia aztoragarria eta hizkuntzaren dardara bizia.
Zortzi istorio askotariko eta hurbileko bildu ditu Uxue Alberdik bere hirugarren narrazio liburuan.
Egileari buruz
Bertsolaria eta idazlea. Hainbat literatur esparru landu ditu, hala nola narrazioa, nobela, kronika, saiakera eta haur eta gazte literatura. Aulki bat elurretan (Elkar, 2007) ipuin bilduma izan zen bere estreinako liburua, eta, narratiban, Aulki-jokoa (Elkar, 2009), Euli-giro (Susa 2013), Jenisjoplin (Susa, 2017), Dendaostekoak (Susa, 2020) eta Belarriko kilkerra (Susa, 2023) lanak argitaratu ditu ondotik. Kontrako eztarritik (Susa, 2019; Euskadi Saria) saiakeran hainbat emakume bertsolariren testigantzak bildu zituen eta, haur eta gazte literaturan Besarkada (Elkar, 2015; Euskadi Saria), Hili (Elkar, 2021) eta Surflaria (Ikastolen Elkartea, 2023) eman ditu, besteak beste, Maite Gurrutxaga, Araiz Mesanza eta Susanna Martin ilustratzaileekin batera, hurrenez hurren.