Garazi Albizuak (Santurtzi, 1985) emakumearen aurkako indarkeria matxistaren inguruko eleberria kaleratu berri du gazte eta helduentzat. Hamaisei urteko gaztea da Egunen akabera (Erein, 2024) nobelako protagonista, eta etxean nozitutako egoera horren aurrean borroka egitea egokituko zaio. Horretarako, lagun minak ondoan izango ditu. Irudiz eta metaforaz jositako familiaren zama eta laguntasuna ardatz dituen eleberri honetan, halere, itxaropena posible dela erakutsiko digu Albizuak.
“Egunen akaberan, bandera beltza izango da. Eta denok itxarongo dugu, itsasoan sartuta”. Eleberria hasi baino lehen irakur ditzakegun hitzak dira horiek.
Nire alabarenak dira. Lau urte ditu eta iazko udan esan zituen, hiru urterekin. Harrituta gelditu nintzen. Berak esaten dizkidan hainbat gauza koaderno batean apuntatzen ditut, eta alabak esandako hitz horiek piztu zuten nolabait eleberri hau idazteko txinparta; alegia, istorioaren arima edo nortasuna hitz horien emoziotik iritsi zitzaidan.
Zein testuingurutan esan zituen?
Hondartzan ginen, banderen inguruan mintzatzen: bandera gorriarekin ezin zela itsasoan sartu, horiarekin kontuz ibili beharra zegoela eta berdearekin, aldiz, sar zintezkeela. Egunen akabera aipatu zuen berak, eta nik honela ulertu nuen: egunaren akaberan jada dena beltza izango zela eta orduan sartu ahal izango ginela itsasora. Pentsatzen dut horregatik esango zuela, baina berak esan zuen bezala idatzi dut, hitzez hitz. Izenburua ere hortik hartu nuen: “Egunen akaberan” esan zuen Beltzanek. Gainera, beti dago hor amamaren mezu apokaliptiko hori: gure egunak zenbatuta daude… “Egunaren akaberan zer gertatuko da, itsasoaren madarikazioak azkenean gailentzen badu guztia?”.
Nola hasi zinen eleberria idazten?
Alde batetik, emozio hori neukan, neurri batean magikoa baina aldi berean iluna ere bazena; beste alde batetik, emakumearen aurkako biolentziaren inguruko hainbat albiste ere banituen inguruan, batere magikoak ez direnak, guztiz ilunak baizik. Garai horretan, gainera, telesail bat ikusi nuen, In my skin, arazoak dituen familia bat duen nerabe baten bizitzaren ingurukoa; eta irakurrita nuen Miren Mindegiak Sara Mesaren Un amor eleberriari buruz idatzitako kronika ere. Biolentzia ez esplizitu horren inguruko keinuak ziren guztiak, baina finean biolentzia zen. Batzuetan, idazterakoan oso forma esplizituetara joan naiz, gauzak oso zehatz esatera, hori izan delako nire hautua askotan, biolentzia desegiteko hura erakustea, nolabait; baina kasu honetan, ez. Nire buruari horretarako gai nintzela esan nion, eta atmosfera horri heldu eta neurri batean bide magikoari jarraituz idatzi dut eleberria. Emakumearen kontrako biolentziaren gaiari heldu nahi izan diot errespetu eta maitasun osoz, baina baita iluntasun handiz ere.
Genero indarkeriaren inguruan idazteko laguntzarik izan zenuen?
Garrantzitsua iruditu zitzaidan garbi izatea zelan hel niezaiokeen gai horri inor mindu barik. Ane Lekandarekin jarri nintzen harremanetan horretarako: psikologoa eta kriminologoa da, baita EKUAren sortzailea ere. EKUA 2021ean sortu zuten Bizkaian, eta kriminologia feminista hainbat esparrutara eramatea du helburu. Lekanda biktimen arreta zerbitzuan aritu da lanean eta orain GAKOA programan dabil; genero indarkeriagatik zigortuta egon diren gizonezkoen berreziketa du helburu proiketu horrek. Anerekin hitz egin nahi nuen errealitatea zein den jakiteko eta fikzioaren bidetik fikzio handiegia ez egiteko. Bide horri jarraituz, Ertzaintzarekin ere hitz egin nuen. Salaketa prozesuaren inguruan galdetu nien eta ezagutzen ez nituen alderdiak pixka bat argitzen lagundu zidaten; haiek hitz egin zidaten hurbiltzailearen figuraren inguruan. Beharbada jendeak ez daki existitzen denik ere, eta akaso Ertzaintzak duen biderik gertukoena izango da: herritarren eta Ertzaintzaren artean komunikazio bideak sortzeko polizia-figura da hurbiltzailea.
Nola prestatu zinen idazten hasi aurretik?
Asko irakurri nuen biktimizazioaren inguruan, baita adiskidetasunaren inguruan ere, nerabezaroan zein garrantzitsua den; beti da inportantea, baina nerabezaroan ezinbestekoa dela esango nuke. Eleberria idazterakoan aurretik nekizkienak edo aurreiritziak apur bat baztertzen saiatu naiz eta ikerlana mimatu egin dut, erreala izango zen fikzioa zelan egin ikusteko. Zuk ezin duzu esan: “Eta orduan ez dakit zein gizonek emakumearen kontrako indarkeria burutzen du eta ez dakit nork hori salatu eta gizona kartzelan sartzen dute”. Hori ezin da esan, ez baita horrela. Gauza horien inguruan informatzen saiatu naiz idatzi aurretik.
Indarkeria eleberrian azaltzen da, baina gai nagusia dela esango zenuke?
Ez. Gai nagusia adiskidetasuna dela esango nuke. Hor badira hiru gazte bakoitza bere zurrunbilo propioarekin eta arazo ezberdinekin, eta izugarri ona den gauza bat egiten dute: ez dute elkar epaitzen. Zirikatu bai, elkarri txantxak egin eta haserretu ere bai, baina bestea ez epaitzen saiatzen dira. Oso irmoak eta sendoak dira horretan. Adiskidetasunarekin batera familiaren gaia ere agertzen da, hain zuzen ere, familiaren barruan gertatzen diren maitasunezko eta beldurrezko istorioak. Laguntasuna eta familiaren malgutasuna aipatuko nituzke, beraz, gai nagusi bezala. Batzuetan badirudi familiak izan behar duela zerbait fisikoa eta oinak lasai jartzeko moduko lurra, baina baliteke zure oinen azpian apurtzea. Hori ere bada familia.
Zein helbururekin idatzi duzu: irakurleari laguntzeko edo katarsi moduan?
Ez dut helburu zehatzik ipini, gehiago izan da idatzi nahi nuen zerbait, helburu jakin bat buruan izan gabe. Garrantzitsua iruditu zait idazten hasi aurretik zenbait gauza jakitea, adibidez, salaketa ez dela biderik onena indarkeriaren kasuan. Horrez gain, uste dut aurreiritzi asko ditugula gazteekiko. Aurreiritzi horiek ezabatzen saiatzea bada nire lanen helburuetako bat, eta nireak propioak hor agertzea.
Egiturari dagokionez, kapituluei erreparatuz gero, Salaketa kapitulua ardatz hartzen badugu simetria bat dagoela ohartuko gara.
Bai. Saiatu naiz azaltzen zelakoa den egunerokoa salaketa jarri aurretik eta zelakoa den salaketa jarri ostean, horrek duen eragina azaltzeko. Erakutsi nahi nuen zelan aldatzen diren zure etxea, familia argazkia, zure ostiral gauak edo zure bizitzako gauzarik normalenak behin salaketa jarri ostean, nondik heltzen diezun gauza horiei guztiei: beldurretik, antsietatetik, urduritasunetik, lasaitasunetik…
Zer izan da gehien kostatu zaizuna?
Zenbait eszena idaztea, lehenengo irudikatu egin behar nituelako. Badira batzuk tentsio handia dutenak eta horiek idazteko, ufa, lasai hartu eta pixkanaka-pixkanaka joan behar izan nuen. Lehen esan dudan bezala, ez nuen biolentzia espliziturik erakutsi nahi, baina tentsioa eta biolentzia ager zitezen nahi nuen.
Eleberriaren amaieran irakurlearentzat lagungarria izan daitekeen testu bat jarri duzue, salaketaren ingurukoa.
Hain fatalista izan gabe, irtenbide bat eskaintzea gustatzen zait. Irtenbideak badaude: ez dira arrosa kolorekoak, baina badaude. Horregatik, liburuaren bukaerarako testu bat idatzi nuen Ane Lekandarekin batera, biktima izatea ez baita sententzia bat: ez duzu zertan biktima izan, biktima izateari uztea eskubide bat da.
Birbiktimizazioa aipatzen duzu.
Birbiktimizazioak oso ondorio kaltegarriak ditu, epeak ez baitira berdinak indarkeria jaso duenarentzat eta bere inguruko beste guztientzat. Zuk ez duzu zertan salaketarik ipini, horrek ere baldintzatzen baitzaitu ez dakit zenbat urrats jarraitzera. Salaketa ipintzen baduzu, demagun epaiketa espress horietako bat badagoela, baina gero urtebetez itxaron behar duzula epaiketa iritsi arte eta epe horretan ez duzula lortzen zuk espero zenuen urruntze agindua. Epe horiek guztiak kudeatzea, behin eta berriro errepikatu beharra zer gertatu zaizun, jende ezberdinari eta zuk kontrolatzen ez dituzun espazioetan, gainera… Badirudi sistema judizialak duen ondorio kaltegarri bat horixe dela, berriro zarela biktima, eta hori oso zaila eta gogorra da. Horretan jarri zuen indarra Ane Lekandak eta orduan erabaki genuen testu hori idatziko genuela.
Informazioa izatea garrantzitsua da?
Niri iruditzen zait askotan baditugula esaldi oso ederrak, “ezin da inor jo”, “ezin da ez dakit zer egin”, eta horretan babesten garela, gure burua babestu behar baitugu; baina sufritzen ari denaren lekuan jartzen zarenean, esaldi irmo hori, lagundu dizuna, babestu zaituena eta neurri batean zure burbuilan salbu egoten laga dizuna, agian ez da hain euskarri, eta une horretan hainbat gauza zalantzan jartzen dituzu. Horretarako oso inportantea da informazioa jasotzea eta hitz egitea, baita erreferente edota adibide asko izatea ere.
Estiloari dagokionez, errealismo magikora jo duzula esango zenuke?
Beharbada, bai. Eleberrian munstroekin sartzen naiz, eta ez dakigu existitzen diren edo pertsonaia batek bakarrik erabiltzen dituen errekurtso gisa, bestela ez dakielako gertatzen zaiona zelan azaldu. Nik horrela pentsatu dut, baina egia da hortxe bertan baleude bezala hitz egiten dudala munstroez. Horrekin jolasten dut. Bestetik, errekonozitzeko errazakdiren irudiak erabili ditut, baina abstrakziora ere jo dut: lirikatik asko edan dut. Umore beltza ere asko erabili dut.