Haur literaturako hamaika liburu ilustratu du, haurrentzako albumak sortzeko Etxepare Saria eman zion Alex nire laguna, tartean. Joseba Sarrionandiaren gau ilunekoei ere jarri zizkien irudiak 2008an Maite Gurrutxagak (Amezketa, 1983) eta 2014an Ilustrazioaren arloko Euskadi Saria irabazi du Habiak komikiarekin.
“Bat-batean, familiako bazkarietan handien mahaira deitzen zaituztenean bezala sentitu naiz”, Euskadi Saria jasotakoan zuri entzuna. Zer moduz sentitu zinen handiekin bazkaltzen?
Ondo. Gehien baloratzen dudana saria bera da, epaimahaiaren balioespena, baina gero zeure burua hor ikustea ere kuriosoa da. Handien mahaira deitzen zaituztenekoa aipatu nuen, txikia zarenean itzelezko ilusioa egiten baitu horrek, handi sentitzen hasten zarelako. Ni oraindik txikia bainaiz zentzu horretan, iruditzen baitzait ikaragarri daukadala ikasteko. Eta handiekin bazkaltzearen kontu hori inguruan nituenengatik ere banioen, ibilbide luzeko jendea delako. Gauza asko ziren esaldi horren bidez esan nahi nituenak.
Krisia dela eta, hainbat sariketa bertan behera geratu da azken urteetan. Ilustrazioaren alorrean ere bai?
Gurean haurrentzako albumak sortzeko Etxepare Saria da garrantzitsuenetako bat. Hori mantentzen da. Gainera, lanak beste hizkuntza batzuetan ere argitaratzen dituztela uste dut orain; azken irabazleetako bat estatutik kanpoko beste hizkuntzaren batera eramanda ere badagoela esango nuke. Lehiaketa horrek jarraitzen du, beraz, bere ibilbidearekin. Peru Abarka ere hortxe daukagu, helduentzako album ilustratuekin. Eta estatu mailan, Lazarillo Saria edo Kalandraka argitaletxeak antolatzen duena, Compostela Saria, aipa genitzake, besteak beste.
Mantentzen direla esan liteke, beraz…
Bai, eta oso garrantzitsua da hori gure lanerako, sari batek asko ematen baitu. Batetik, zure lana saritua da eta askotan publikatu egingo zaizu. Bestetik, arnasa ematen dizu, diru bat jasotzen baituzu, eta gaur egungo egoeraren zailtasuna kontuan izanda, halako arnasbideak oso garrantzitsuak dira zure lanarekin jarraitu ahal izateko. Askotan pentsatzen dut halako sari bat jasotzeak denbora erosteko aukera ematen duela. Habiak egiteko, adibidez, ez nuen aukera hori eduki, denbora erosteko aukera alegia, nola edo hala atera nuen aurrera. Sariak denbora erosteko aukera ematen duen neurrian, zeurean jarraitzeko bidea irekitzen dizu.
Komiki batek eman dizu zuri Euskadi Saria. Komiki irakurleak badu friki famarik oraindik…
Bai, badugu fama apur bat. Baina uste dut gaur egun mila gai desberdin jorratzen direla komikietan, badaude komikietan kronikak egiten dituzten kazetariak, lan autobiografikoak egiten dituzten autoreak, nobelak edo beste diziplina batzuk oinarri dituzten lanak… Autore desberdin adina lan daudela esango nuke. Komikia ez da bakarrik superheroien inguruan ari den zerbait eta, beraz, komikizaleak gauza oso desberdinak kontsumi ditzake. Egia esan, frikiaren kontu horrek ez nau batere molestatzen. Dena dela, uste dut komikia jendearengana iristen ari den zerbait dela, agian jada ez dela hain frikia.
Iban Zalduak honakoa zioen horren inguruan: “Zorionez, gaur egun ez dago hain gaizki ikusita heldu batek komikiak irakurtzea Euskal Herrian. Nobela grafikoaren kategoriaren asmakuntzak, iruzurti samarra den arren, izan du zerikusirik honetan, ziur aski: derrepente plazer kulpaduna izateari utzi ahal izan dio komikiak, batzuentzat”…
Erabat ados. Nobela grafikoarena ez da nik jarriko niokeen izena ere, ematen baitu beste guztia gutxietsi egiten duela, eta hori ez zait gustatzen. Lengoaia kontu bat da dena, sekuentzia bidezko narrazio bat, lengoaia horren barruan mila gauza sartzen da, eta bineta bidez kontatzen den guztia komikia da, berdin da zer kontatzen den bertan. Frantzian masen zaletasuna da komikia, izugarri kontsumitzen da. Nik uste dut hori dela falta zaiguna, komikia umeen gauza dela burutik kentzea eta, kontsumituko ez badugu ere, noiz edo noiz begiratu bat botatzea, merkatuan zer dagoen ikusteko. Horretan hastean konturatuko gara zenbat lan desberdin egiten den.
Izan ere, lan asko egiten da, sarri babesik gabe, gainera…
Nik ulertzen dut komikia ez dela gehien kontsumitzen den produktua eta edizio zaindu horiek dirua balio dutela. Baina aldi berean iruditzen zait kontsumitzaileak edizio zaindu hori ikusten duenean badakiela produktu horri dagokion balioa aitortzen. Orduan, norbaitek hasi beharra dauka hemen apustu egiten. Nik uste dut sortzaileek badaukatela arriskatu eta liburu ezberdinetan sartzeko gogoa, dela komikia, dela album ilustratua… Gogo hori badago. Beraz, pausoak ematen hasi beharra dago. Eta uste dut denon gauza dela, denok eman behar ditugula pausoak aurrera, sortzaileak gehiago ausartu beharra dauka, argitaletxeak ere bai eta, beharbada, irakurleak ere marrazkiak ikusten dituenean ez du zertan liburua baztertu, ausartu baizik. Denon lana dela uste dut.
Txalaparta ausartu da zuen kasuan…
Bai, eta beste horrenbeste egin zuen Munduko bandarik txarrena argitalpenarekin ere. Kasu hartan bazegoen beste zailtasun bat, gainera, autorea ez baita euskalduna, horrek komunikazio arloan sor ditzakeen oztopoekin. Baina orduan ere ikusiko zioten aukeraren bat lizentzia pare bat hartzeko. Liburu hauek argitaratzeko erabakia hautu pertsonala izan zen, ez zuten erabakia merkatu-ikerketa batean oinarritu, halako batek ez baitzukeen emaitza baikorrik emango. Baina horregatik egiten dute egiten dutena ere. Zeure buruari noizean behin lizentziaren bat hartzeko aukerarik ematen ez badiozu eta erabat merkatuari begira ari bazara lanean, betikora joko duzu eta identitatea galduko duzu. Denek hori egingo balute argitaletxe guztiak berdinak izango lirateke. Gainera, uste dut halako apustuak ez direla beti gaizki ateratzen…
Jon Tornerrek Vera Brosgol eta haren El fantasma de Anya aipatu zituen Argian zure lanari buruz ari zela. “Ez da ohikoa, ez nire kasuan behintzat, elkarren segidan emakumezkoek sinatutako bi komiki (eder) irakurtzea. Agian etorkizunean normalagoa izango da, baina gaur gaurkoz…”. Gutxi zarete, antza, komikigintzan diharduzuen emakumeak…
Ilustratzaileen artean, Euskal Herrian behintzat, ez nuke esango hala denik; komikigintzan akaso, bai, nik hemen ezagutzen ditudan komikigileak gizonezkoak dira gehienak. Beraz, izan liteke, bai, Tornerrek dioena, emakume gutxi egotearen arrazoia zein den ez dakidan arren. Dena den, ez dut ezberdintasun handirik ikusten, azkenean, guztiaren atzean dagoena narratzeko modu bat aurkitzea baita. Niri izugarri gustatu zait komiki bidez kontatzea.
Dejabu panpin laborategiaren Gizona ez da txoria antzezlanaren egokitzapena da Habiak. Nola ekarri duzu komikira?
Asko izan dira hartu ditudan lizentzia poetikoak. Istorioa berdina da, baina beste bitarteko batera eramateko garaian beste tresna narratibo batzuk erabili ditut. Esaterako, txoria behin eta berriz agertzen den elementua da lan honetan, errepresentatzen duen guztiarekin, baina gero formatu desberdinetara eramateko garaian, era desberdinetan jorratu da errepresentazio hori, eta berdin istorioaren beste adar batzuekin ere. Oinarrian istorio bera kontatzen ari gara Dejabukoak eta ni, baina tresna ezberdinak darabiltzagu horretarako, beraz, aldaketak beharrezkoak dira. Nik eskuartean hartu nuen gidoia antzezlan baterako gidoia zen, beraiek sortua ondoren taularatzeko. Hori komikira ekartzeko lan asko zegoen egiteko, lizentzia asko zeuden hartzeko. Komiki baten gidoia askoz zorrotzagoa izan ohi da, baina nik aukeran nahiago dut erabakiak hartzeko aukerarekin lan egin. Proiektu honek nora eramango gintuen ez genekienez, zera eskatu nien, utz ziezadatela lana nire aldera ekartzen, nire tresnak erabiltzen, galga jarrita lan egin beharrik gabe. Ez zidaten inolako trabarik jarri proiektua nire bidetik eramateko, eskuzabalak izan ziren, bakoitzaren sormen prozesuak hala izan behar duela ulertzen baitute beraiek ere. Halako zerbaitetan sartzeko sortzaileari eman behar zaio haize pixka bat.
Koloreek garrantzi nabarmena dute liburuan…
Tresna narratibo bezala erabili ditut koloreak. Denbora erreferentziarik ez zegoen gidoian, baina sentitzen nuen harreman bat sortzeko edo beraien artean komunikazio bat finkatzeko denbora tarte bat egon behar zuela, eta hori koloreen bidez egin nuen. Urtaro bakoitzak bere koloreak ditu eta irakurleak badaki urtaro batzuk pasatu direla, denboraren erreferentzia jasotzen du. Bestela, ez daki harreman hori bi hilabeteko kontua den edo lauzpabost egunekoa… Eta “2005eko urtarrila” esan beharrean, koloreak erabili ditut. Bestetik, irakurterrazagoa ere badela iruditzen zait. Eta niretzat, marrazteko ere, atseginagoa izan da. Dena bitono batean egin izan banu, askoz ere gehiago aspertuko nintzatekeen.
Elkarrizketa laburren bat edo beste badu komikiak, baina marrazkiekin kontatu duzu Dejabukoek taulagainetik transmititu zutena…
Marrazkiekin sortutako narratibak hartzen du garrantzia komiki honetan, eta uste dut horregatik disfrutatu dudala hainbeste, ia dena irudi bidez kontatzen delako. Zortzi orrialdeko gidoia zen antzezlanarena eta ehun orrialdetik gorako komikia atera da. Aukera izan dut espazioa emateko, denbora emateko, arnasa emateko. Lasai marraztu dut, nire buruari inolako mugarik jarri gabe. Ez zen enkarguzko lan bat, eta horrek denbora gehiago hartuz eta gehiago hausnartuz lan egiteko aukera eman dit.
Alderik alde argitaratu zenuen 2013an, EDO! argitaletxearen eskutik. Esan liteke hor ere nahi bezala aritzeko aukera izan zenuela…
Lan hori egin ahal izatea luxua da, opari bat egin izan balidate bezala. Ibilbide handia duen egilea zarenean, norbaitek beharbada nahiko du zure bozetoen bilduma kaleratu, argitaletxeren batek bere buruari emandako kapritxo bati esker argitaratuko lizuke beharbada… Baina bestela… Horregatik, ez nuen sekula pentsatuko une honetan halakorik proposatuko zidatenik. Bartzelonan irakasle izan nuen Ignasi Blanch Artelekura etorri zen ikastaro bat ematera, bisita egin nion eta bozetoen koadernoa eraman nuen bisita hartara. Idoia Beratarbide ere han zebilen, bozetoak ikusi zituen eta EDO! argitaletxearen Begikoak atalerako egokiak izan zitezkeela esan zidan. Allande Arnaiz eta Idoiarekin begiratu nituen irudi guztiak, inprentara eraman, frogak ikusi… Proiektu osoaren parte izateko aukera eduki nuen. Beharbada, kanpotik ikusita ez du hainbesterako kontua ematen, baina nik asko eskertzen dudan zerbait da hori. Goxoki bat izan zen lan hura argitaratzea. Nik nireari estimu berezia diot, noski, baina EDO! argitaletxeak kaleratzen dituen beste lanak ere goxoki bezala jasotzen ditut etxean, sorpresaz hartzen ditut. Beraiek galdetzen dizute zure ustez liburuak nolakoa izan behar lukeen eta, posible duten neurrian, halaxe egiten dute. Hori luxua da.
“Uste dut lan handia ilustratzaileok egin behar dugula, gure lana duin bihurtzen jarraitu, gure lanean sinesten jarraitu, eta elkarrekin handiagoa den zerbaiten aldeko apustua egin”. Zeuk esana orain sei urte. Berdin pentsatzen jarraitzen al duzu?
Bai, oraindik ere egoera horretan baikaude. Gauza asko daude aldatzeko eta hobetzeko. Jende askok ilustrazioa bere irudimenaren kalterako izan litekeen zerbait dela pentsatzen duela uste dut. Ilustratzaile naizen aldetik, zer esango dut ba… Baina, besteek egindako lanen hartzaile ere banaizen aldetik, niretzat ez dira muga, aurkakoa baizik, ikuspegi berri bat ematen dizutelako eta beste pentsamendu baterako abiapuntu izan daitezkeelako. Gaur egun etengabe ari gara irudiak jaten. Orain mundu guztiak dauka interneten bere plataforma irudiak erakusteko. Irudiak ikaragarrizko indarra duela dirudien garai honetan, ez al da arraroa lan grafikoak, ilustrazioak, gutxiestea?