Hamar urteko lanaren emaitza izan da Aingeru Epaltzaren (Iruñea, 1960) Erresuma eta Fedeatrilogia, Nafarroako Erresumaren konkistaren ondorengo urteetan kokatutako fikziozko saga. 2013an aurkeztu zuen azken liburua eta, distantziak ematen duen ikuspegiarekin, luze eta zabal hitz egin digu orain arte egin duen mendi ibilbide gogorrenari buruz.
Zer iruditu zaizu egindako lanak utzitako emaitza?
Lehenbizikoak oihartzuna izan zuen eta hainbat kritika egin zitzaizkion. Bigarrenaren kritika kopurua txikiagoa izan zen eta oihartzuna ere apalagoa, eta hirugarrenarekin sentsazio bitxia izan dut uste dudalako erabat oharkabean pasatu dela.
Lehenengoa beti nobedadea izaten da…
Bai, hori da. Beharbada adierazi nahi du ederki aspertu ditudala bazterrak eta guztira mila orrialde erabili beharrean agian istorio bera kontatzea bazegoela erdiarekin. Edo ez zirela nik uste bezain liburu onak edo ez zirela euskal irakurlea harrapatzeko modukoak.
Irakurleak lehengo liburuan geratu diren susmorik ba al duzu? Alegia, ez dituztela beste biak irakurri?
Bidaiari segitu dioten gehienek esan didate istorioa haziz joaten dela,bigarren liburua lehena baino gehiago gustatu zaiela eta hirugarrena bigarrena baino gehiago. Irakurleari hiru mendiko ibilbidea proposatzen nion eta hurrengoa beti aurrekoa baino altuagoa zen, nekezagoa. Batzuk lehenbiziko mendian geratu dira, beste batzuk bigarrenera ailegatu dira eta badira ibilbide guztia egin dutenak ere, eta azken horiek hartu dute gozamenik handiena. Mendian bezala, literaturan ere ibilbide luzeenak izaten direlako ederrenak. Alde batetik, pena pixka bat sumatzen dut egin dudan proposamena ez delako hain erraza: hizkera dela, errelitate historikoa dela…Horrez gain, euskal irakurlea, eta erdal irakurlea ere bai ziur aski, ohitua dago bere iritziak eta aurreiritziak nolabait ere sendotu edo berrestuko dizkioten liburuak irakurtzen. Lehenbiziko liburuan irakurle batzuk hurbildu ziren beraiek zituzten iritzi edo aurreiritzi batzuk sendotuko zitzaizkielakoan, eta ez zaie halakorik gertatu. Iban Zalduak esan izan duen bezala, idazleok beti suminduta ibiltzen gara gure inguruarekin, pentsatzen dugulako gure lanak ez duela merezi duen aitorpena izan. Ez naiz horretan sartuko. Badakit norentzat eta zergatik idazten dudan eta badakit idazten dudana ez dela irakurle guztientzat. Idazle bakoitzak egiten du bere hautua eta nik nirea egin dut.
Istorioa pisu handiagoa hartzen doa aurrera egin ahala…
Lehen liburuan sobera sumatzen zitzaidan irakurleari une historikoa azaltzeko obsesioa, irakurlea kokatzekoa. Historia istorioari gailentzen zaio. Beste bietan istorioa gailentzen da, nik kontatu nahi nuena.
Historiak traba egin al dizu zenbait unetan?
Nik uste dut lagungarria izan zaidala, harrobia. Batzuetan eskian badira pista arruntak lau-lauak, ez dute koskarik izaten eta aise pasatzen zara. Baina badira beste pista batzuk gorabeheraz beterikoak eta hasten zara jauzika eta erortzeko arrisku handia duzu, baina goiti-beheiti horiek probestu ditzakezu hortik pasatzeko. Nik horixe egin dut historiarekin. Gertatu izan zait gertakari batzuk eta pertsonaia batzuen egitate historikoak nahita baztertu izana liburua gehiegi ez korapilatzeko, gauza batzuk sinesgarri gertatzeko. Beste alde batetik, agian malguago joka nezakeen. Egia da egitate historikoari fidel izateak zailtasunak ekarri dizkidala idazterakoan, batez ere denborak, hau da, orduan gertatu ahal izan ez zenik ez agertzeko obsesioa. Eta horrek eraman izan nau neure buruari etengabe galderak egitera: hau posible ote zen XVI-XVII. mendean? Pertsonaia batek horrelakorik pentsa ote zezakeen? Horrek estutu egiten zaitu eta erritmoa ere galarazten dizu baina bere abantailak ere baditu, irudimenari ematen diozu. Historiatzaile bat etorriko da agian eta esango du hau eta hori ezinezkoa zela, baina ni saiatu naiz alde horretatik fidela izaten, horrek lanari dakarkion gainkargarekin.
Henrikeren biografia eta Nafarroako Erresumaren inguruko bertsio kontrajarriak irakurri eta gero, erantzunak topatu nahi zenituen trilogiarekin. Balio izan al dizu horretarako?
Nik neure buruari galderak egiteko balio izan dit, ez dakit erantzunik badagoen. Nik irakurleari proposamena egin diot. Banuen aspaldi Henrike IV.ari buruzko bibliografia eta liluragarria iruditu zitzaidan, baita zentzu negatiboan ere. Une historiko horrek nobela bat merezi zuela iruditzen zitzaidan. Garai batean bazegoen klasikoekiko eta lapurterazko literaturarekiko lilura, baina linguistikoa zen bereziki. Orokorrean, gauza astunak idazten zituzten eta linguistikoki interesa zitzaizkidakeen baina gaiak ez zitzaizkidan sobera interesatzen. Garaiko beste zenbait kulturetan literatura pikareskoa dago: istorio entretenigarriak,botereari desafio egiten dietenak, grazia handikoak… XVII. mendeko gure literatura, berriz, ebanjelioaren interpretazioa da. Axularrek hizkuntza nola menperatzen zuen ikusita, maisutasun hori beste istorio, beste gai batzuen zerbitzuan jarri izan balu… Idazleok zer egiten dugu? Irakurri nahi duguna eta aurkitzen ez duguna idatzi. Nik harrikada hori nuen eta XVII. mendeko literaturan irakurri ez nuen istorio hori idatzi dut, XXI.mendeko baten begietatik.
Liburuan agertzen den Axular ere fikziozkoa da…
Erabat fikziozkoa. Oso Axular aspergarria iruditu zitzaidan betiko erretore onbera, meza ematetik idaztera pasatzen zena. Nik ez dakit historiak zer Axular islatu duen baina anitzek buruan zeukatenarekin ez du deus ikustekorik. Probokazio puntu bat izan da nire aldetik baina, beti ere, nik idatzi nahi nuen istorioaren mesederako. Bat egiten du Axularrez herrian geratu den irudiarekin, gaizkiarekin lotutako pertsonaia, bere itzala berreskuratzen duena hiltzeko momentuan. Honek ere arima saldu dio deabruari, Espainiako koroari. Iradokita uzten dut Geroliburua Espainiako koroari zerbitzu eginez idatzi zuela eta benetan uste dut historikoki egiatik hurbil dagoen zerbait dela. Baten batek esan izan dit fikzionatu dudan Axular sinestera iritsi naizela. Gauzak ziur aski ez ziren horrela gertatu baina pertsonaia hori Espainiako zerbitzu sekretuen zerbitzura zegoen, hortaz seguru nago.
Joanes Mailu sortu zenuen istorioko protagonistatzat, hain fidela dena hain aldakorrak diren beste pertsonaien artean…
Aginduak ematen dizkiote eta bete egiten ditu beti, nahiz eta jakin agindu okerra dela eta, gainera, ondorio txarrak ekarriko dituela. Beti fidel, kasurik makurrenean ere, eta fideltasun horrek bere burua galtzera darama. Nolabait ere bizia hondatzen dio, momentu batean baino gehiagotan aukera baitu bide horretatik ez jarraitzeko eta, hala ere, berarengandik espero dena egiten du. Fideltasun horrek miresmena eta arbuioa sortzen dizkit.
Gaurko ikuspegitik, hausnarketarako sortutako pertsonaia da, ezta?
Oraingoz errazagoa da gai hori XVI. mendeko pertsonaia batekin mahai gainean jartzea XXI.mendeko batekin baino. Sufritzen duenarekin kasu handia eman behar da. Batzuek esan didate ez dudala gupidarik pertsonaiarekin eta neurri batean egia da, arrunt sufritzen baitu bere bizitza osoan. Errazagoa da gauzak horrela planteatzea, nahiz eta gure literaturan ikusten ari garen azken 30-40 urteetako balantzea egiten ari diren liburuak. Eta etorriko direnak! Gai hori ez da agortua.
Aipatu izan duzu Nafarroako Erresumarena nahi eta ezinaren istorioa dela, eta Joanes Mailu horren ispilu argia da…
Nahia eta ezina, ez gara ailegatzen. Dena den, Nafarroako Erresumaren porrotaz gaur egun egiten dugun irakurketa ez dakit zenbateraino den egiazkoa. Nafarroakoa ikuspegi abertzaleneoabertzaletik begiratuta, gure porrot nazionala da. Baina neure buruari egiten diodan galdera da: benetan gure aitzindaria izan al zen? Ni ez nago hain seguru. Zergatik da erabakigarriagoa gure orainerako XVI-XVII. mendean gertatu zena XVIII. mendean gertatutakoa baino? XVIII. mendean gertatutakoak ez al du gurekin zerikusirik? Iraganarekin badugu eztabaida bitxi bat eta nik uste dut gehiago begiratu behar diogula etorkizunari. Iraganak irakatsi egiten digu, arrastoak ematen dizkigulako, baina pentsatzen dut etorkizuneko Euskal Herriak deus ikustekorik ez duela izango, edo arrunt gutxi, XVI-XVII. mendeko Nafarroa horrekin. Paralelismo historikoak erabil daitezke ala ez, historiarekin nahi dena egin daiteke. Historiarekin munta dezakezu ideologia bat, etorkizunerako proposamen bat edo trilogia bat.
Eleberri historiko batek adieraz ote dezake zenbait gauza dibulgazio lan batek baino egokiago?
Xedeak ezberdinak dira. Dibulgazio lan batek irakurleari gauza batzuk irakatsi nahi dizkio eta literatur lan batek, beharbada, eduki dezake asmo didaktiko bat, baina batez ere irakurlea liluratu nahi du, harrapatu, bereganatu; istorioaren edo testuaren indarragatik halako plazer literarioa sorrarazi, oso zaila dena lortzen. Irakurtzen orduak pasatu eta pena ematen dizunean liburua amaitu delako eta zuk jarraitu nahi zenuke irakurtzen… Hori oso gutxiren esku dago. Momentu batzuetan pixka bat hortara hurbiltzea, horixe da helburua.
Tentsio hori topatzea, irakurlearen arreta nola mantendu asmatzea kostatu al zaizu?
Tarteka tentsioari eusten dioten kolpeak daude… Hamar urtetan gauza asko gertatzen da, baita idazlearen bizitzan ere. Tentsioa mantendu behar duzu zeure buruarekin, lan egin ahal izateko, eta liburuak ere tentsio hori izan behar du. Idazten ari naizela konturatzen naiz tentsioa behar duela eta orduan etortzen dira kolpe horiek. Ohartzen naiz gaurko idazkerak zenbat zor dion zineari,oso egoera bisualak izaten dira maiz.
Hain zuzen ere, atalkako telesail bat irudika daiteke…
Horregatik dira hain ezberdinak XVIII.mendeko eleberriak eta XXI.ekoak. Zineak eta telebistak desberdin hezi gaitu eta halako baliabideak erabiltzen ditugu. Ez dakigu idazten XIX.mendean idazten zen bezala, baina ezta beharrik ere. Tentsio hori oso garrantzitsua da baina zuk sumatu behar duzu. Mendian nabaritzen duzu pausua aldatu behar duzula, pausua luzatu edo alderantziz, gorputzak hala eskatzen dizulako; batzuetan, ez gorputz guztiak, zangozolak berak eskatzen dizu. Liburua idaztean horixe gertatzen da, senak esaten dizu. Zu zeu aspertzen hasten bazara, egoera horri bukaera eman behar diozu eta irakurlea jarraitzeko gogoz utzi.
Fase hau amaituta, narrazio liburua idazten ari zara…
Horretan ari naiz, patxada handiz. Tentsio hori galdu dut eta gauza fisikoagoak interesatzen zaizkit orain. Trilogiarekin neure buruari diziplina espartarra ezarri nion: egunero pare bat orduz idatzi eta asteburuetan, gauez, hiruzpalau orduz. Hori ez da posible, bizitza konplikatuagoa delako eta idazle izateaz gain, beste gauza asko ere banaizelako. Nik uste kostako zaidala horrelako proiektu handi eta luzean sartzea. Momentuz narrazio liburu hori amaituko dut. Badaukat nobela bat buruan, aspaldian, baina ibilaldi franko egin beharko dut mendian, horrekin bueltaka, ekin aurretik. Batez ere aldartea beharko dut, momentua. Astroak elkartutakoan jarriko naiz, lehenago ez.