Hainbat literatur lanen itzultzaile, Ainhoa Irazustabarrenak (Hernani, 1975) 1990eko Ingeborg Bachman sari entzutetsua irabazi zuen Muskuiluak afaltzeko eleberria itzuli zuen euskarara 2012an Pasazaite argitaletxearen eskutik, eta espero gabeko harrera beroa izan du lan honek euskal irakurleen artean.
Irakurle talde batetik bestera dabil azkenaldian Muskuiluak afaltzeko. Zeri zor zaio, zure ustez, arrakasta hori?
Alde batetik, estiloagatik izan litekeela uste dut, oso irakurterraza baita eta hasi eta buka denbora laburrean egin baitaiteke. Bestalde, ehun orrialde soiletan oso istorio mamitsua kontatzeak ere zerikusirik izan dezakeela uste dut: Birgit Vanderbekek familia baten istorio osoa bildu zuen ehun orrialde horietan, eta horrek irakurlea lotu egiten duela uste dut.
Pasazaite argitaletxea eta zu zeu pozik izango zarete, beraz, euskal irakurleen artean izan duen harrera beroa ikusita…
Oso pozik. Gainera, gaur egun liburuen ibilbidea ez da oso luzea izaten normalean, eta halako taldeetan aukeratua izateak ibilbidea luzatzen eta pixka bat gehiago ezagutarazten laguntzen du; are gehiago, kasu honetan bezala, argitaletxe txiki batek kaleratuak badira. Pasazaitekoek eman zidaten irakurle-taldeetan izaten ari zen harreraren berri eta asko poztu ninduen. Argitaletxearen eta bion artean asmatu dugula dirudi, bai liburuaren hautaketan, baita itzulpenarekin ere.
Bere familiaren istorioa kontatzen du protagonista gazteak, modu gordinean. Zer iruditu zitzaizun liburua lehen irakurraldian? Gazte literatura sailean katalogatuta egoteak baten bat harritu lezake…
Neroni ere bai, ikusi nuen momentuan. Behin liburua irakurrita, ordea, ulergarria egin zitzaidan: gaztea den protagonistak bere familiaren istorioa kontatzen du. Gertatzen dena da gazteentzako liburuetan gai leunagoak ikustera ohituta gaudela, eta hemen kontatzen dena gordina da, modu gordinean kontatua, gainera. Baina uste dut interesgarria izan daitekeela gazteentzat. Pasazaite argitaletxeko Xabier Queirugak egin zidan Vanderbekeren lana euskarara ekartzeko proposamena, eta asko gustatu zitzaidan. Itzultzerako garaian batez ere estiloa zen zaindu beharrekoa, nola lortu euskaraz jatorrizkoak duen jarraikortasun hori ematea. Ahozkoaren oso hurbilekoa den estiloa darabil Vanderbekek lan honetan, eta euskaraz horra nola hurbildu asmatzea zen gakoa. Liburuan etengabeko tentsioa dago, gainera, hasieran hainbeste sumatzen ez dena baina pixkanaka areagotzen doana. Istorio gogorra da, lehen orrialdeetan printza batzuk agertzen dira, pixka bat geroago gertatuko dena aurrera dezaketenak, baina nik uste hasieran irakurleak ez duela imajinatzen zeren aurrean dagoen. Pixkanaka istorioaren mamian barneratzen doa eta, lehen esan bezala, mami hori oso gordina da. Tentsioa mantendu beharra zegoen, beraz.
Paragrafo amaigabeak ditu liburuak, batere elkarrizketarik gabekoak, baina irakurketa ez da batere astuna egiten…
Badirudi protagonista aurrean daukazula, orain zu eta ni gauden bezalaxe, kafe bat hartzen ari garela eta istorioa kontatzen ari zaizula. Hori euskaraz bere horretan mantendu beharra zegoen, euskal irakurleak ere horixe sentitu behar zuen. Larritasun puntu bat ere sortzen du eleberriak, alde batetik istorioak berak eragiten duena eta, bestetik, edozein momentutan aita etxean agertzen bada zer gerta daitekeen pentsatzeak dakarrena. Hori ondo kontatzean zegoen itzulpenaren gakoa.
1990ean kaleratu zuen Birgit Vanderbekek Muskuiluak afaltzeko (Das Muschelessen), 2009an argitaratu zen gaztelaniazko itzulpena eta hiru urte geroago, euskarazkoa. Kasu honetan garbi dago itzulpena ez dela beranduegi iritsi, euskal irakurleen artean harrera bikaina izan baitu, lehen aipatu bezala. Baina, orokorrean euskarazko itzulpenak ez ote dira gehiegi atzeratzen?
Uste dut zentzu horretan gero eta ahalegin gehiago egiten dela, best-sellerren arloan batez ere, gaztelaniazko eta euskarazko itzulpenak aldi berean argitaratzeko, eta hori ona dela uste dut, euskal irakurleek bi aukerak izan ditzaten. Dolores Redondoren trilogiarena dugu horren adibide gertuenetako bat. Gero eta aukera zabalagoa dago, eta hori da garrantzitsuena: euskaraz irakurri nahi duenak izan dezala horretarako aukera, ez dezala esan gaztelaniaz irakurri behar izan duela euskarazko itzulpenik ez zeukalako. Itzulpen lanak gero eta hobeak direla esango nuke, gainera. Azken hamar urteotan jauzi nabarmena eman da, kuantitatiboki zein kualitatiboki: gero eta aukera gehiago dago euskaraz irakurtzeko eta gero eta itzulpen lan hobeak egiten dira.
Eta ba al dago apusturik itzultzaileen lana sustatzeko?
Baietz esango nuke. Pasazaite argitaletxea horren adibide garbia da. Autore ezagunen eta hain ezagunak ez direnen itzulpen lan politak kaleratzeko apustua egin du, lan bakoitzeko itzultzaile batekin, errepikatu gabe. Horrek aukerak ematen dizkio itzultzaileari. Pasazaiterena gure lana nabarmentzeko apustu garbia dela iruditzen zait. Bestalde, itzultzaileari liburuetan gero eta presentzia gehiago ematen zaiola uste dut.
Irakurri berri dut “Muskuiluak afaltzeko” eta bikaina iruditu zait. Uste dut itzultzailearen lana ere bikaina izan dela. Testuak abiaduran eraman nau eta, askotan, neure burua galgatu behar izan dut detailerik ez galtzeko. Mila esker Pasazaite argitaletxeari eta Ainhoa Irazustabarrena itzultzaileari.