Alaine Agirre: “Datorrena datorren moduan hartzen laguntzen dit haurrentzako idazteak”

0

Haur literaturako Xabier Lizardi Saria irabazi berri du aurten Alaine Agirrek (Bermeo, 1990) Hau ez da zoo bat! ipuinarekin (Elkar, 2015). Etxeko txikienei eskainiriko bosgarren lana du honakoa. Iaz kaleratu zuen, bestalde, helduei zuzenduriko lehena, Odol mamituak (Elkar, 2014) eta bigarrena bidea omen du.

 

Zeure amak egindako enkargu bat omen dago Hau ez da zoo bat! ipuinaren abiapuntuan…

Publizitatea

Haurrentzako idazten eta argitaratzen hasi nintzenean, amak behin eta berriz esaten zidan gure etxeko animaliei buruz idatzi beharko nukeela; haiei omenaldi bat egitearren-edo. Ez nion kasurik egiten, nire amak gauza arraroak eskatzen dizkidalako sarri: Donostiako Kontxaren aurrean flauta jotzeko, esaterako. Eta pentsatzen nuen nire etxeko animaliei buruz idazteak ez zidala emango ipuin baterako; ez nion ikusten ez hanka, ez buru proiektu hari. Baina urte bat pasatu zen, eta, idazteko gogoa nuela-eta, zer idatzi bilatzen nenbilen, han eta hemen; kalean gehienbat, idazteko ideiak hartzeko erabiltzen ditudan betaurrekoak jantzita. Zoratu egin nintzen, ordea; ez bainuen ezer aurkitzen. Eta egun hartan, idatzi egin behar nuen: beharra neukan. Gainera, banekien haurrentzat izan behar zuela idatzitako hura, parentesi bat behar nuelako (hori baita, niretzat, haurrentzat idaztea: parentesi bat egitea eta gertatzen zaizkidan gauzei eta bizitzari beste modu batean begiratzeko aukera ematea neure buruari). Erdi erotuta nengoen jada, ideia baten bila: eta, halako batean, gogora etorri zitzaidan, urtebete lehenagotik, amak egindako eskaera. Beste ezertan pentsatu gabe, jakin gabe zer idatziko nuen, zertan bukatuko zen (bukatuko bazen) istorio hura, idazten hasi nintzen. Egia esan, zoo baten falta sumatzen nuelako idatzi nuen istorio hori. Sentimendu horretatik tiraka, hari bat balitz bezala, tiraka eta tiraka, animaliekin txikitan izandako abentura batzuk (ze, liburuan ez daude guztiak) eta asmatutako beste batzuk (ze, liburuko guztiak ez dira benetan gertatutakoak) idazten hasi nintzen. Uste dut ez dudala pasatu hain ondo sekula haurrentzako ipuin bat idazten. Alde batera utzi nuen esaldi ederrak bilatzeko daukadan mania hori, eta barrezka ari nintzela idatzi nuen istorioa.

Zeure etxea zoo bihurtu zela ere aipatu zenuen aurkezpenean. Malenena bezalako etxe batean irudikatu behar al zaitugu orain urte batzuk?

Neurri batean zoratzeko modukoa ere izango zela pentsatuko du batek baino gehiagok! Pozez zoratzekoa izan zen txikitan izan nituen animalia guztien konpainia, bai. Pentsa zenezake zoramena zela, eta ez dizut gezurrik esango: batzuetan, izaten zen: katuak botaka egin duela ohean, txakurrak txixa egin duela egongelako gortinetan, arrain potolo batek beste txikiago bat jan duela, katua dortokekin olgetan ibili eta gero dortoka bat etxean galdu dela (eta haren bila orduak pasatu behar izan nituela)… Oroitzen naiz egun batean, katuak arrain bat arrantzatu arrain-ontzitik, hil, eta nire aitaren zapataren barruan utzi zuela (trofeo gisan, nik uste): bada, goizean goiz, aita esnatzean, arropak jantzi eta zapatak jartzerakoan, zerekin, eta nire arrain batekin egin zuen topo: orduan, oihuka, lo geunden etxeko beste guztiak esnatu gintuen, hau esanez: “Hau ez da zoo bat!”. Ez dizut gezurrik esan, hori hala da. Baina egia da, zoo hari esker, gauzak aldatu egin zirela gure etxean; eta aitona-amonenean, eta izekorenean: lehengusina nagusiak, inbidiaz, katu bat erreskatatu zuen baserri batetik, eta etxera eraman zuen: izekoren etxean ere, iraultza txiki (eta begi urdindun zein ile askodun) bat. Bestalde, txakurra etxera eraman nuenetik, nire aitona-amona guztien artean zaintza partekatua antolatu behar izan nuen, denek nahi baitzuten txakurra eduki. Baina, zoo bat edukitzearen konturik ederrena, agian, nire gurasoengan gertatutako aldaketa (erreboluzioa ote?) izan zen: aitak, inork ikusten edo entzuten ez zuela uste zuen bakoitzean, berba egiten zion katuari, nahiz eta gero, gure aurrean, animaliei hitz egitea tontakeria bat dela esan. Amaren kasua desberdina da: ez zuen inoiz, eta ez du oraindik ere, lotsarik izaten, katua beso batean eta txakurra bestean hartuta, goizero, dantzan eta kantuan aritzeko ordu erdiz. Goizeroko bere terapia propioa dela esaten du amak. Hortaz, zoramena bai; baina gehiago izan da zoramen zoragarria, zoramen erogarria baino.

Akaso gurasoren bat haserretuko zaizu, semea edo alaba Malenena bezalako etxea/zooa nahi duela esanez joaten bazaio…

Abisatu nuen liburuaren aurkezpenean, badaezpada! Egia esan, ederra litzateke haurren batek etxera animaliaren bat ekartzea lortzea nire liburu honi esker. Hori bai, jakinda zer suposatzen duen animalia bat etxean edukitzeak.

Hain zuzen ere, animaliak arduraz zaindu behar direla ikasiko du liburu hau irakurtzen duen umeak. Lan honek barnean daraman mezuetako bat izan liteke hori, ezta?

Normalean ez naiz ipuinen bidez mezu moralak nahita ematekoa (edo hori uste dut, behintzat). Baina, kasu honetan, salbuespen bat egin behar nuela sentitzen nuen: hau da, oso ondo dago kontatu dudanarekin irakurleek barre egitea, eta esatea animaliak nahi dituztela etxean. Baina ezin izan dut ekidin haurrei animaliak zaindu behar direlako mezua bidaltzea. Izan ere, eta istorio dibertigarri bat idatzi nahi nuen arren, esan egin nahi nuen animaliak ez direla, inondik inora ere, pelutxe batzuk. Nik animalia asko izan ditut txikitatik, baina haien ardura guztia (edo ia guztia) neuk hartzen nuen. Bide batez esanda, horrek lagundu egin zidan ardurak hartzen ikasten.

Zer aipatuko zenuke Iratxe Lopez de Munainen ilustrazioei buruz?

Asmatu duela nik idatzitako berbak nola jantzi, eta, ez dut uste hori gauza erraza denik.

Haur literaturaren atalean bosgarren lana duzu hau, oker ez bagaude. Etxeko txikienentzat idazten eroso sentitzen zarela esan liteke…

Bai, eroso sentitzen naiz: helduentzako idazten dudanean baino gehiago, egia esan. Ze, helduentzako idazten dudanean, edo idatzi dudanetan behintzat, intentsitate askorekin idatzi izan dut, nire burua, bihotza, tripak eta arima idazten ari nintzen istorio horretan jarriz: beharragatik, beharrizanagatik. Haurrentzako idaztea, niretzat, gehiago da zaletasuna: parentesi moduko bat: arnasa hartzeko, eta, neure buruari emandako aukera bat, munduari eta gertatzen zaizkidan gauzei beste begirada batez begiratzeko: ume baten begirada batekin. Bizitzari samurtasunez eta inozentziaz begiratzeko aukera ematen dit haurrentzat idazteak. Gauzak diren moduan onartzen laguntzen dit, datorrena datorren moduan hartzen. Helduentzat idazterakoan, aldiz, beti galdetzen dut zergatik: eta une oro galdera hori buruan edukitzeak nekatu egiten nau.

Helduei zuzenduriko lehen lana iaz kaleratu zenuen, Odol mamituak. Hona, zer zioen akademiakide batek nobelari buruz: “Oso argumentu berezia eta zaila harilkatu du Alainek eta irabazle atera da erronka horretatik”. Hala dela esango al zenuke?

Ez dakit, eta gainera, ni ez naiz inor hori hala den esateko: irakurlea, bai ordea: bera da nik idatzitako liburuaz berba egin dezakeen bakarra. Askotan esan dut intuizioz idazten dudala, gehiegi pentsatu gabe. Badira zer idatzi nahi dudan jakin gabe idazten hasten naizen egunak. Galduta nagoen sentsazioa izaten dut, horregatik, askotan. Baina ezingo nuke beste modu batera egin, idatzi.

Amaia Alvarez Uriak, Argian, Odol mamituak lanari buruz: “Aldez aurretik irakurri nola erabili sendagai-eleberri hau eta galdetu botikan -–Miren Agur Meaberen hitzaurrea irakurri–, abisatu dizugu”. Zerekin egingo du, bada, topo irakurleak orriotan?

Minarekin egingo du topo irakurleak eleberri honetan. Eta posible da, agian, beraren (irakurlearen) zauri ezkutaturen bat agerian gelditzea. Horregatik dio Amaiak, akaso, galdetzeko botikan nola erabili liburu hau. Horregatik, eta irakurleren batek zein bestek esan didan moduan, baduelako sendatzeko gaitasuna ere; gehiago ala gutxiago, irakurlearen arabera. Asko gustatu zitzaidan, bide batez esanda, Amaia Alvarezen kritika.

Helduentzako eleberri baten zuzenketekin zabiltzala ere irakurri dugu. Ezer aurreratzerik?

X hil da izango du titulua, eta, egia esan, berrirakurketak egiten nabil; ze, eleberri berri horretan, ez dut zuzenketa handirik egin nahi izan. Testuan bertan aipatzen dut zergatik: testu hori horrela idatzi dudalako, atzera begiratu gabe, aurrean zer idatziko nuen pentsatu gabe, esaldi batean perfekzioa ukitzeko edo marruskatzeko saiakera antzua albo batera utzita, parrastada batean, Odol mamituetan baino arinago, deskuidatuago, zoroago. Testua irakurtzen duenak ulertuko du arrazoia. Orain arte, nire editoreek eta lagun pare batek bakarrik irakurri dute. Tartean, Iraitzek (Iraitz Urkulok), eta asko pozten naiz testua berari pasatu izanaz; izan ere, bultzadatxo bat eman dit bizkarrean, ausardiarantz aurrerapauso bat emateko. Eskertuta nago, beraz, bai berak, bai beste gutxi batzuek testua irakurri dutelako, eta beraien uste zintzoa eman didatelako.

Harpidetu
Jakinarazi
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments