Joxemari Iturralde: “Lagun minak etsai bihurtzen direneko istorioa interesatzen zitzaidan gehien”

0

Joxemari Iturralderen (Tolosa, 1951) Perlak, kolpeak, musuak, traizioak izeneko azken liburuan, Paulino Uzkudun eta Isidro Gaztañaga Izzy boxeolariak eta euren hastapenetan lagundu zien mediku tolosarra dira pertsonaia nagusiak. Euren inguruan dabiltza liburuaren atalei izena ematen dieten emakumeak ere.

Liburuaren izenburuak berak laburbiltzen ditu elementu nagusiak: perlak edo aberastasuna, kolpe fisikoak zein moralak, amodioa eta traizioa…
Bai, hainbeste ataletan garrantzitsua izango dena biltzen du. Ni saiatu naiz istorio bat osatzen, Tolosan hasten dena eta gero hainbat urtetan zabalduko dena hemendik mundu osora. Pertsonaia nagusienak hemengoak dira eta hemen kokatzen da gehienbat.

Gertutasunak eraman al zaitu hau kontatzera?
Bai, hemen hazi ziren Uzkudun eta Gaztañaga. Tolosako medikuaren istorioa ezagutzen nuen eta bera ere ezagutu nuen hemen paseatzen, zaharra zenean. Tolosakoa izanik, hainbat kontu jaso nituen. Nik ikusten nuen hor istorio bat bazegoela eta urtetan eta urtetan aritu naiz batarekin eta bestearekin hizketan. Garai hartako jendea jada hilda dago baina zertzelada batzuk harrapatzeko zoria izan dut, familiakoei galdetuta eta horrela. Ez nuen ez bataren eta ez bestearen bizitza kontatu nahi, hori ez zitzaidan gehiegi interesatzen. Istorioaren eboluzioa interesatzen zitzaidan: lagun-minak ziren hasieran, elkarri lagundu zioten eta gero nola joan zen hori gaiztotzen eta, azkenean, zer modu petralean amaitu zen.

Tolosan abiatzen da kontakizuna baina mundu osora zabaltzen da…
Mediku hark garai hartan Parisen lan egiten zuen eta bi hauek esku bat aurrean eta bestea atzean joan ziren, ezer gabe. Medikuaren laguntzaz hasi ziren pixkanaka-pixkanaka eta arrakasta handia lortu zuten. Mundu osoan ibili ziren, dirutza lortu zuten, ospea…Uzkudun hona etorri zenean, Europako lehen txapelketa irabazita, Donostian 40.000 pertsona joan ziren harrera egitera. Hori ere interesgarria zen niretzat: ezerezetik hasi eta goraino iritsi zirenak nola bukatu zuten, nola joan ziren goraino eta gero beheraino.

Uzkudunen alderdi iluna erakutsi duzu eta Gaztañaga ezagutarazi…
Uzkudun beti ateratzen zen frankismo garaiko egunkarietan. Propaganda handia egiten zioten. Hortaz, alde bat besterik ez zenuen ezagutzen, bestea estalita zegoen. Gaztañagaren kasuan, galtzailea izan zenez, ezer ez. Saiatu naiz baten alde ezkutua erakusten eta bestea bere mailan jartzen. Kontuan izan behar da, nire ustez behintzat, Uzkudun baino askoz boxeolari hobea izan zela Gaztañaga. Une jakin batean, Uzkudunek ez zuen Gaztañagaren kontra borrokatu nahi bazekielako galdu egingo zuela. Gerra etorri zenean, bat frankistekin goraino joan zen eta bestea Ameriketan galduta geratu zen. Gainera, bukaera tristea izan zuen Gaztañagak. Saiatu naiz biak orekatzen. Irakurle batzuek esan didate: “Ematen du baten alde jarri zarela eta bestearen kontra”. Ez nuke hori esango, saiatu naiz biak paretsu jartzen, irakurleak ikus dezala batek zer egin zuen eta besteak zer, eta eurek aldera dezatela.

Bien gabeziak ikusten dira kontakizunean baina Uzkudun ilunagoa dela esango genuke…
Tolosan bertan ere gauza asko ez dira ausartzen kontatzera. Hemen egon da istorio bat erdi estalita geratu dena, argitara ez dena azaldu baina jendeak badakiena.

Justizia egiteko gogoa zenuen…
Bai, eztabaida sortzeko balio izan du liburu honek. Aurrekoan batek esan zidan: “Aizu, Uzkudun ez zenuen ba liburuan ondo jarriko, hara zer egin zion nire ilobari”. Eta beste aldetik ari naiz entzuten: “Aizu, badakizu Azpeitian ere asko maite zutela eta jende asko lagundu zuela berak gerran”. Bi aldeko erreferentziak ari naiz jasotzen. Niri berdin zait, ni ez nago ez baten alde, ez bestearen kontra. Saiatu naiz biak erakusten eta jendeak parte har dezala. Batzuentzat izango zen kabroi hutsa eta beste batzuentzat jendea lagundu zuen. Biak dira pertsonaia punta-puntakoak eta eleberriko pertsonaiak. Nobela bat egiteko ematen dute biek. Bartzelonako idazle batek esan dit: “Hemen pelikula bateko gidoia jada eginda dago”.

Dena den, gauza asko zuten biek komunean. Lagun handiak izandakoak ziren; San Joanetan elkarrekin ibiltzen ziren zezenetan, parrandan…
Lagun minak izan ziren. Zer gertatu zen gero etsai amorratu bihurtzeko? Bakoitza joaten da arrakasta izaten, gero inbidiak sortzen dira… Gerra Zibila etorri zenean eta politika nahastu zenean, akabo. Batek apustu garbia egin zuen frankisten alde. Kontua gero eta gehiago garatzen joan zen, egunkarietan elkarri kristorenak esaten aritu ziren. Oso gauza itsusia izan zen.

Traizioaren gaia izan da, hain zuzen ere, gehien interesatu zaizuna…
Traizio handiena da Uzkudunek medikuari egiten diona baina badira gehiago. Lagun minak zirenak etsai borrokatu bihurtuta. Noiz izan zen? Ez dakizu. Batek hau esan ziola bazkari batean, besteak hura erantzun ziola… Ez dago arrazoirik. Orduan nik horren gogoeta egin dut hemen; gaurko Euskal Herrian jende asko horrela dago eta jendeak pentsa dezala horri buruz.

Garai bateko istorioak gaurkotasuna du, beraz…
Politikoki gauza asko aztertzen badituzu, ez duzu arrazoi garbi bat ikusten. Orain dela gutxi arte, alderdi politiko bat zen bestearen etsai borrokatua eta gaur elkarrekin doaz. Zergatik da hori? Ez dakizu garbi eta hemen ere horrelako gauzak gertatzen dira. Bizitza horrelakoa da baina ondorioak muturreraino eramanda, oso larriak dira.

Dokumentazio aldetik, lana eskatuko zizun…
Urtetan adineko jendeari entzundakoekin oharrak hartu ditut. Txosten pila bat neuzkan eta artxiboetan ere ibili naiz: hemen, Madrilen, Sevillan…Hiru urte pasa ditut. Une batean erabaki nuen idazten hastea, bestela erotu egiten zara.

Pertsonaia nagusien inguruko edo ondorengoekin egon zara?
Bai, medikuaren familiakoekin egon naiz. Pertsonaia hori zen gehien interesatzen zitzaidana. Boxeolariak aspaldi hil ziren baina ezagutu zituztenekin-eta egon nintzen. Informazio asko pilatu dut.

Gogorrak ziren gertakizunak gozatu egin omen dituzu…
Bai, gauza batzuk, gerra garaikoak bereziki, oso gogorrak dira. Lehen bertsioa idatzi nuenean, nire lagun batzuei utzi nien eta kontuz ibiltzeko esan zidaten, agian arazo juridikoak izango nituela. Gerrako kontu krudelekin zuk badakizu zerbait gertatu dela baina zu ez zara han egon eta ez dago inon dokumentatuta. Ez dago kamara bat grabatzen. Norbaitek galde dezake: hau nola dakizu? Kontatu egin didate. Ez dago inon gauzatuta. Orduan, zeharka jarri ditut horrelakoak. Ezin duzu zuzenean jarri, ezin baituzu frogatu. Gauza batzuk gertatu zirela jakinda ere, modu samurragoan jarri ditut.

Kanpoan ere utzi dituzu beste batzuk…
Bai. Orain telebista pizten duzu eta hor dauzkazu irudiak, grabatuta. Garai hartan, ez zegoen ezer dokumentatzeko. Adineko batek kontatu dizu han egon zen beste batek esan ziola hau gertatu zela. Tentuz ibili naiz.

Izen batzuk aldatu egin dituzu…
Bai, medikuaren izena aldatu dut eta beste batzuk ere bai, familiakoak bizirik daudelako oraindik. Gainera, irakurleari berdin zaio pertsona bat Roberto edo David den. Hildakoak utzi egin ditut baina batzuk aldatu egin ditut, inizialak jarriz.

Liburuko atal bakoitzak emakume baten izena du…
Hogeita bost emakume daude, atal bakoitza emakume bati eskainia. Saiatu naiz erakusten hiru pertsonaia nagusiekin zer nolako harremana eduki zuten, pertsonaia horiek emakumeen ikuspuntutik ematen. Boxeolariak oso jatorrak ziren, herriko semeak, baina astapotroak. Bat-batean, hemendik atera eta Pariseko klub onenetan zebiltzan, dirutzarekin, emakume pila bat…Nola moldatzen ziren emakumeekin? Askotan trapu zaharrak bezala erabiltzen zituzten; hartu, erabili, bota, beste bat hartu eta horrela. Hor ikusten da pixka bat nolako nortasuna zuten.

Emakumezko batzuk asmatu egin dituzu, ezta?
Batzuk asmatu egin ditut baina existitu ziren, ez izen horrekin baina. Esate baterako, kontatzen badut Gaztañaga Habanan joan zela prostituta batekin, prostituta horri jarri diot izen bat. Nik eszena hori badakit hala izan zela, askotan joaten zelako prostitutekin. Beste batzuk historikoak dira; Tina oso famatua izan zen eta oso bukaera txarra izan zuen. Zeharo maitemindu zen Uzkudunekin. Azkenean ez zion kasurik egin eta asko sufritu zuen. Batzuk benetakoak dira eta beste batzuk asmatutakoak, baina existitu zitezkeenak.

Nortasuneko emakumeak dira batzuk baina gizonezkoen bueltan dabiltza…
Sateliteak bezala, bai. Hiru planeta daude, gizonezkoak, eta emakumezkoak horien jiran dabiltza, sateliteak bezala. Beraiekin izandako harremana besterik ez da ageri. Pisu handiagoa har zezaketen eta indar gehiago eduki, batzuk nortasun handikoak baitira. Pertsonaia nagusiekin zuten harremana interesatu zait bakarrik, beraiekin nola portatu ziren ikusteko.

Fikzioa egiterakoan sinesgarria izatea izan duzu helburu…
Irakurle batek liburua irakurtzen jarraitzeko sinetsi egin behar du, istorioan sartu. Agian ez zen horrela gertatu benetan, baizik eta beste modu batean, baina sartzen zara istorioan eta sinesten duzu egiantza duelako. Hori da idazle guztiok kontuan hartu behar duguna. Tentuz ibili behar dugu, irakurleak sinetsi dezala hor kontatzen zaiona, nahiz eta akaso errealitatean beste modu batera izan. Uzkudunen gauza asko ez ditut sartu, apropos. Esate baterako, Ameriketan harreman estua eduki zuen mafiarekin, Al Capone ezagutu zuen eta bere etxean egon zen behin baino gehiagotan. Hori ez dut sartu istorio honetako hiru pertsonaia eta emakumeekin bat ez zetorrelako. Hori egiantzarekin lotu behar da. Mafia kontuekin hasiz gero, nobelak beste norabait alde egingo zidan.

Kezkatzen zaitu irakurleak zerbait ez sinesteak?
Alderdi hori interesatzen zait, esan nahi duelako irakurleak parte hartzen duela. Ariketa moduko bat jartzen diot irakurleari atal guztietan esan dezan: hau egia ote da ala gezurra? Galde dezala, hausnar dezala ea zer iruditzen zaion.

Gaztelaniaz aterako duzu liburu hau…
Udazkenean edo urtarrilaren hasieran. Bartzelonako editorial batean aterako dut ziur asko, interes handia erakutsi dute-eta irakurri orduko.

Eskuartean beste proiekturik?
Bai, nobela batekin nabil bueltaka. Umorezko zerbait izango da, ironikoa, burugabe samarra eta gaur egun gertatua, hemen gertatzen diren gauzak irribarretsu hartzeko. Erregistroz aldatu nahi dut. Orain hasi naiz eta bizpahiru urte joango zaizkit, baina ez dut inolako presarik.

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments