Luis Mari Zaldua: “Duen tokia baino hobea dagokio Iztuetari euskal kulturaren historian”

0

Luis Mari Zaldua izan da (Urnieta, 1965) Zuria, gure erara ikuskizunaren gidoia egiteko ekarpen nagusia egin duena, berak landu eta osatu zuen lehen ideia, nolabait esateko. Filologo eta etnografo aski ezaguna, berarengana jo dugu jakiteko zein diren ahanzturatik Juan Ignazio Iztueta argitara atera eta hari buruzko dantza ikuskizuna osatu izanaren arrazoiak.

 

Juan Ignazio Iztuetari eta bere obrari buruz Zuria, gure erara ikuskizuna aurkeztu duzue. Zergatik orain Iztueta? Zer izan dezake erakargarri egungo euskaldunentzat?

Galderak balizko bi erantzun ditu: bata dantzaren arlokoa, orokorragoa bestea.

Dantzaren arloari doakionean, paradoxa edo kontraesan batekin jolasean ibili gara, alegia, Iztueta bera eta, noski, haren lanen izpiritua, zurrunak izan ez arren, zenbaitzuk 1824ko bilduma “biblia” ukiezintzat erabili dute, zintzoak (bildumaren testuak dioenari dagoen dagoenean eutsi diotenak) eta maltzurrak (hura abiapuntutzat hartuta, euskal dantzak berritu dituztenak) alde bitara banatuz. Jakina, ez gara gu izan euskal dantzak berritu dituztenak, bide horretan ibiliak baitira beste batzuk aspalditxotik, Edu Muruamendiaraz kasurako. Berrikuntza horren goratzarrea egin nahi izan dugu Iztuetaren eskutik, zaldibiarrak begi onez ikusiko zukeelakoan baikaude.

Dabilen harriari ez omen zaio goroldiorik ateratzen, eta euskal dantzak ez dira salbuespena. Bizirik iraun behar badute, erabili egin behar dira, sorkuntzan…, ez erromeria giroan bakarrik. Gazteei begia euskal dantzez hautatzea nahi badugu, gaurkotu egin beharko ditugu. Helburu horretan, euskal dantzen “biblia” idatzi zuena nor zen aurkezten saiatu gara, haren lana galga moduan erabiliagatik, gaurko gazteek (dantzari ala ez) Iztueta gizaseme modernoa izan zela jakin dezaten, modernoa ez ezik, bihurri samarra ere esango genuke.

Baina dantza kontuez gain izan zuen bestelako kezkarik…

Bai, bai; besterik da, dantza alde batera utziz gero, Iztuetaren ekarpena euskal kulturara.

Askok, esan moduan, dantzen bildumarengatik ezagutzen dute eta beste batzuek, 1847an (hil zenetik bi urtera) argitaratu zen Gipuzkoako Probintziaren Kondairarengatik, zehazki esan, azken liburu horretan biltzen diren arlo askotako datuengatik (geografia, foklorea, hiztegia…). Alabaina, 1847ko Kondairan, oraingoz, behar moduan nabarmendu ez diren hainbat ekarpen daude, dantza bertsolaritzarekin edota eskubide historiak euskararekin lotzen dituztenak, adibidez. Bestalde, ez bedi ahantz liburua euskaraz dagoela idatzia, batasun asmoa duen hizkuntza batean gainera… Elizgizona ez den idazle euskaldun bakarretakoa dugu zaldibiarra. Azkenik, bizitza oparo bezain erakargarria izan zuen, ez zen, haren garairako bederik, kristau “eredugarria” izan. Horrek halako erakargarritasun berezi batekin janzten du Iztueta. Norbaitek pentsa badeza behinola euskaldun guztiak elizkoiak, zintzo-zintzoak eta atzerakoiak zirela, oker dabil; begiratzea asko dio Iztuetaren bizitzari. Azkenik, azpimarra dezagun pedagogia eta onomastika saileko lanak ere idatzi zituela, besteak beste. Asko al dira, bada, hainbeste erpin edo aurpegi dituzten idazleak Euskal Herrian?

Badu, beraz, gaurkotasunik Juan Ignazio Iztuetak?

Duen tokia baino hobea dagokio Iztuetari euskal kulturaren historian, baina, dena delakoagatik, oraindik ez zaio aitortu, eta horretan gure aletxoa jarri nahi genuke. “Dena delakoa” diogunean dantzen bildumaren itzalaz eta biografia gorabeheratsuaz ari gara. Berebat, politikan-eta nahiko eklektikoa zenez, ez da erraz sailkatzen den pertsona horietakoa eta, hemen, Euskal Herrian, politika arloan, alde batean edo bestean sailka ezin daitekeena, behin baino gehiagotan, baztertu eta ezkutatu ere egiten da.

Iztuetak bere Gipuzkoako Probintziaren Kondairan azaldutako bi lotura aipatu dituzu: batetik, dantza eta bertsolaritzarena eta, bestetik, eskubide historiak eta euskararena. Zertan dautza lotura horiek? Zer harreman dute bikote horiek elkarrekiko?

Iztueta, sasoi hartako (eta gaurko) asko bezala, chauvinista samarra zen, nolabait esateko; euskaldunen ondarea goraipatzeko beste toki batzuetakoarekin alderatzen zuen hura, eta, espero izatekoa zenez, bertakotzat zeukana gailentzen zuen arrunki. Horrelako alderaketak egiten zituenean, sinesgarriak gerta zitezen, hemengoaren nagusitasunaren arrazoiak aurkitzen saiatzen zen. Ingurumari horretan, hemengo eta kanpoko dantzarien gaitasuna zein dantzen zailtasuna erkatzen ari delarik, ahozko literaturan baliaturiko doinuen oinarri den metrika ezagutu gabe euskal dantzak ikastea zaila diruditzen zaiola idazten du, baina ez alderantziz; horretan ere euskaldun izateak abantailak lituzke, beraz, Zaldibiakoaren irudiko. Dantzen oinarri diren doinuek letra dutela azpimarratzen du eta hor legoke, zehazki, bi arloen bateragunea, hortik letorkieke abantaila euskal dantzariei: ahozko literaturan erabilitako metrika eta dantzaturiko doinuen metrika bat etortzetik, ahozko literaturan erabilitako oinarri metrikoa barneratuta izatetik, horrek dantza ezberdinen pausoak ikastea erraztuko bailuke.

Bestalde, ahozko literaturaz, eta bereziki bertsolaritzaz ari garelarik, behar bezain ezagunak ez diren berriak irakur daitezke 1847ko Kondairan; niri, apustuei buruzkoek eman didate atentzioa gehien.

Eta foruen eta euskararen arteko lotura sutsu hori?

Eskubide historikoak, foruak hitz batean, orduko eztabaida politikoaren erdi-erdian zeuden. Oroit bedi Iztuetak Kondaira idatzi zuenean lehen gudu karlistako su-garren euskal gizartea berotzen jarraitzen zutela artean. Bergarako besarkada gertatu zenetik urte gutxi igaro ziren oso… Inor gutxik jartzen zuen zalantzan foruen garrantzia, onerako edo txarrerako, hala karlisten nola liberalen artean. Eta hemen dator gure Iztueta hausnarketa “berezi” batekin: foruen iraupenaren gakoa ez dago Jaungoikoarengan (fedean) ezta erregerengan (legitimismoan) ere, euskararen iraupenean, erabilpenean eta indartzean baizik. Labur esanda, eskubide historikoak euskaratik darite. Euskara da, horrenbestez, euskal subjektu politikoaren heldulekua eta oinarria, eta ez besterik. Baina zaldibiarra ez da hor geratzen; euskararen garapena eta eskubide historikoen aldarrikapena uztartu egiten ditu; zenbat eta euskaldunago orduan eta foruen zaleago, hori da mahai gainean jartzen duen ekuazioa. Gure iritzirako, ikuspegi horrek badu gaurkotasunik, esan nahi baita politika arloko egungo zenbait gertakari aztertzerakoan erabilgarria izan daitekeela ikuspegi hori. Azkenik, euskara ez du nekazal gizartearekin hertsiki lotzen, hobe esan, hizkuntzaren erabilpena ez du landa eremura edota, adibidea jartzearren, familiara edo etxera mugatzen. Euskaldunek, gauza guzti-guztiak, eremu eta sail guztietakoak, gainerako euskaldunei euskaraz adierazi behar dizkietela azpimarratzen du. Soziolinguistikaren esparruko egungo adituei inoiz entzun diegun zerbait, ezta?

 

Iztuetaren mendea

Juan Ignazio Iztueta Etxeberria (Zuria) Zaldibian jaio zen 1767ko azaroaren 27an. Hamabi anai-arrebetatik bosgarrena, abeltzain eta nekazari herri batean jaioagatik, familia onekoa zen; aita udaleko diruzaina eta herri-diputatua zen. Goi-mailako ikasketarik ez zuen burutu, berak aitortzen duen moduan.

Hogeita hiru urte zituela (1790ean) ezkondu zen lehen aldiz Zuria, hemeretzi urte zeuzkan Joakina Linzoain urnietarrarekin. Lehen ezkontza hartatik bost seme-alaba izan zituen; hain zuzen, semeetariko bat (Jose Ignazio) dantzaria izan zen eta aurrerago aitarekin bizi izan zen Donostian. 1801 arte jaioterrian jarraitu zuen Juan Ignaziok eta, irakaskuntzan ez ezik, hornitzaile edo saltzaile lanetan aritu zen. Errotaria ere izan zen eta artaldea eduki zuen. Gaztetatik dantzarekiko grina eta jokoarekiko nahiz bertsolaritzarekiko zaletasuna erakutsi zuen (bertsotan ere, sarritan, apustuan ibiltzen ziren garai hartan). Salaketa bat baino gehiago izan zituen, orduko erlijioari eta moralari men ez egiteagatik.

1801-1807 bitartean arazo larriak izan zituen Justiziarekin. Aurrena giltzapean eta ondoren espetxean egon behar izan zuen (Ordizian, Tolosan, Azpeitian eta Logroñon). Halere, inork ez du argitu erabat oraindik zergatik atxilotu zuten. Juan Ignaziok beti ukatu zuen lapurretagatik izan zela (anaia gazteak, Frantzisko Ignaziok, fama hori zuen…). Garbi dagoena da Zaldibiako erretoreak salatu eta Inkisizioak epaitu zuela (sexu eta pentsaera kontuetan askea izateagatik, arrastotik ateratzeagatik alegia). Espetxean zegoela (1802an) emaztea hil zitzaion (31 urterekin). Umeak amonak (Maria Ignaziak) zaindu behar izan zizkion.

Logroñoko espetxean zegoenean entzute handia lortu duten Kontxesiri bertso sorta idatzi zuen. Azpeitian zigorraldia betetzen ari zenean ezagutu zuen Juan Ignaziok Kontxesi Bengoetxea (agidanean, haur hilketa batengatik kondenatuta zegoena). 1808an ezkondu ziren eta hiru seme-alabaren guraso izan ziren. Azpeitian bizi ziren.

Urte hartan, Napoleonen gudarosteak Bidasoa ibaia gurutzatzen duenean, Iztuetak frantsesen alde egiten du (frantsestutzat agertzen da). 1810ean Donostiara doa bizitzera familiarekin, baina 1813an, Ingelesek eta Portugaldarrek Napoleonen armada Donostian inguratuta duten unean, Iztueta Iparraldean zebilen. Guztiarekin, gudaroste frantziarrari zenbait hornidura saldu zizkion eta, gerra amaitzean, sumarioa ireki zioten horregatik; espetxean sartu zuten berriz ere.

1814an denda baten jabe zen hiriburuan eta, urtebete beranduago, 1815ean, Kontxesi Bengoetxea, bigarren emaztea, hil zitzaion (29 urterekin). Donostian biziagatik, gauza jakina da Zaldibiara ere joaten zela.

1824an (Fernando VII.a errege absolutistak agintea berreskuratu eta gutxira) Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia bere soñu zar, eta itz neurtu edo versoaquin liburua plazaratu zuen, Donostiako udaletxeak ahal zituen dantza eta dantzarako musika gehienak bil zitzala agindu baitzion, artxiboetan gordetzeko eta gazteei erakusteko. Lehen liburu hori argitaratzean sekulako laudorioak jasotzen ditu Iztuetak eta politika nahiz kultura arloko zenbait handikirekin hartu-emanak ditu.

1828an, hirurogei urte zituelarik, hirugarrenez ezkondu zen, berrogei urte gutxiago zeuzkan Asución Urruzola zizurkildarrarekin. Bi seme-alaba izan zituzten elkarrekin. Lanbidez, Donostiako lur-ateko (Puerta de Tierra) zaindaria izan zen aurrena garai hartan eta ondoren, polizia sailean hamar urte eman ostean, kartzelako alkaide (Alcaide del Tribunal de Corregimiento de Guipúzcoa) izendatu zuten 1834ean. Zuria idazle lanetan buru-belarri zebilen; dantzen aurka zeuden apaizekin ika-mikan sartuta, idatzitako lanetan euskara eta dantzak sutsuki defendatu zituen.

1837an Zaldibiako bizilagun bezala agertzen da. Gazteei dantzak irakasten eta plazaratutako lanik garrantzitsuenetarikoa izan zen Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia (hil ondoren, 1847an, argitaratua) idazten eman zituen bizitzako azken urteak. 1845eko urriaren 18an hil zen jaioterrian, hirurogeita hamazazpi urterekin.

Lau gerrate

Juan Ignazio jaio zenean Carlos III.a Borboikoak agintzen zuen Espainian. Frantziatik zetozen ideia ilustratuak gogoko zituen errege despotak, eta hil zenean, berriz, Isabel II.ak, hamabost urte zituen Fernando VII.aren alaba “liberalak”.

Lau gerrate ezagutu izan zituen Zuriak: Konbentzioko frantsestearena (1794-1796), Napoleonena (1808-1813), Errealisten gerra zibila (1820-1822) eta lehen Karlistada (1833-1839).

Hitz bitan esanda, “ardi beltza” izan zen Iztueta bere garaian: frantsesen ideia berritzaileen aldekoa, Zumalakarregiren mreslea baina liberala, apaiza ez zen idazle euskalduna…

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments