X. Mendiguren: “1981ean gertatutakoek izandako eraginari buruz gogoeta egin nahi nuen”

0

Kaleratu berri den Alsina liburuan joan-etorriko bidaia da nagusi: joanekoa, Alsinaren amak eta aiton-amonek gerratik ihesi itsasontzian Ameriketara egindakoa eta, itzulerakoa, Alsinak 40 urte geroago hegazkinez Euskal Herrira egindakoa. Bi bidaien kontakizunean tartekatzen dira A eta B politikarien arteko elkarrizketa zatiak ere. Kontaketa soila egiteaz gain, idazketaren barruko mekanismoak ere erakutsi nahi izan ditu Xabier Mendigurenek (Beasain, 1964).

Zergatik uztartu nahi izan dituzu bi bidaiak?
Nik uste horren jatorrian dagoela bi garaiek sortzen duten lilura, duten indarragatik, esanahiagatik eta gertakarien pilaketagatik. 36ko gerran eta Bigarren Mundu Gerran protagonista izan ziren hainbat lagun izan ziren hemen, gerra galdu eta ihes egin zutenak. Gero, Europan gerra hasi zenean, batzuk gelditu egin ziren eta besteek ihes egin zuten. Euskaldun batzuk horrela ibili ziren eta haien egoera kontatzeko modukoa iruditzen zitzaidan. Casablancafilmean agertzen den giro berezi hori euskaldunekin lotzeko aukera ematen zidan. Eta beste garai baten indarra zen 1981eko urte hasierako hori, gertatu zen guztiagatik. Nobelan ez da gehiegi agertzen azkenean baina garai horrek ere erakarri egiten ninduen eta biak kontatu nahi nituen.

Zergatik erakartzen zaituzte bereziki?
Hemengo gerrak, 36koak, eta Bigarren Mundu Gerrak milaka istorio eman dituzte. Gerra batean ateratzen da gizakiaren alde onena eta txarrena, eta mila istorio daude hor tartean. Horrek jokoa ematen zuen. Bestetik, Espainiako trantsizioa Euskal Herrian nola gertatu zen kontatzeko modukoa dela iruditzen zait. 1981eko hasiera gaztetxoa nintzela egokitu zitzaidan, 16 urte nituela. Norberak nerabezaroko gauzak beti intentsitate bereziz bizi ditu. Lehenengoa lilura orokorra da eta bigarrengoa nire munduaren aurkikuntzarekin lotutakoa.

Bi garraiobidek ere badute protagonismoa: itsasontzia eta hegazkina…
Bi garaiena aldez aurretik hartutako erabakia da baina ibilgailuak hainbesteko pisua hartzea ez zen erabaki kontzientea izan, baizik eta harian -harian etorri zena. Biek egiten dute nolabaiteko jokoa, bi istorioak lotuta kontatzen diren bezala, bi ibilgailuak ere lotuta daude. Hegazkinean datorren pertsona gogoratzen dabil bere amak itsasontzian egin zuen bidaia. Orduan, nolabait ere, txirikordatuta doaz bi istorioak, bi ibilgailuak eta bi garaiak.

Bidaian joate horrek ere badu bere sinbologia: ez hemengoa, ez hangoa…
Bidaia parentesia da, ez zaude ez leku batean ez bestean. Irakurketaren metafora ere izan daiteke, irakurketa aldian zauden bitartean momentu batean zure eguneroko eginkizunetatik apartatzen zara eta beste errealitate batean sartzen zara, fikzioaren munduan. Badago paralelismo bat, kontzientea izan den ez dakidan arren.

Ama-alaben loturaren indarra eta aberriarena ere agerikoak dira…
Azken batean, lehen istorioan pertsonaiak gerratik ihesi joan dira arrazoi politikoengatik. Zure herria galtzen duzu eta herrimina geratzen zaizu. 80ko istorioan Ameriketatik hona etortzen den pertsonaiak ez du Euskal Herria ezagutzen, amaren kontakizunaren bidez soilik, eta, neurri batean, bere buruari nor den galdezka dabil. Ez daki oso ondo zer galdu duen baina zerbaiten bila dabil, nahiz eta ez dakien ziur zer topatu nahi duen.

Historiak bere pisua duen arren, gehiago zentratu zara istorioetan…
Ez naiz liburu historikoen idazlea, errespetatzen ditut hori ondo egiten dutenak baina nik ez dut horretarako ez dohainik ez zaletasun berezirik. Normalean gaur egun girotutako istorioak kontatzen ditut eta dokumentazio beharrik ez dutenak. Kasu honetan apur bat atzerago jo dut baina narratzaileak ez du kontatzen zuzenean gerrako historia, baizik eta pertsonaia batek kontatzen du berari kontatu diotena eta berak nola gogoratzen duen.

Bi bidaia horien artean zubi-lana egiteko A eta Bren arteko elkarrizketa sortu duzu...
A eta Brena 2009-10ean idatzi nuen eta gainerakoa aurretik, 1997-98an. Elkarrizketak aukera ematen zidan hainbat gauza egiteko. Batetik, beste tonu bat erabiltzeko. Liburuaren tonu nagusia da oso esaldi luze eta korapilatsuena, narratzailearen gogoetaz beteak…Hortaz, solasaldi biluzi bat sortu nuen, beste tonu bat ematen diona. Bigarrenik, beste garai bat agertzen da, modernoagoa. Hirugarrenik, ematen zidan aukera nobelan aipatu gabe utzitako zenbait gauzari buruz hausnartzeko; adibidez, 1981ean gertatu ziren gauzek izandako eraginari buruzko gogoeta egiteko. Antzerkiaren tankeran dago idatzia baina pertsonaiek hitz egiteaz aparte, beste zerbait egin behar zuten eta zerbait egite hori bazkaria da. Bazkari horrek aukera ematen dit A eta B nor diren adierazteko. Hain zuzen ere, Patxi Lopezek gobernua hartu zuen garaian dago kokatua eta bi pertsonaiek zerikusia dute gobernu aldaketa horrekin.

Euskal Herria zerk izorratu zuen aztertu nahian ari dira biak…
Bai, gauzak okertzen noiz hasi ziren asmatu nahian. Nik banuen hipotesi bat, aspalditik libururen batean sartu nahi nuena. 1980an paradigma aldaketa bat dago mundu osoan. Geroztik soziologian landu dela uste dut baina kezka hau nuenean ez zen aipatzen edo nik ez nuen ezagutzen. Esan daiteke Estatu Batuetan Ronald Reagan eta Erresuma Batuan Margaret Thatcher agintera iristen diren momentuan eta Aita Santu Joan Paulo I.a jartzen dutenean, munduaren norabide aldaketa hasten dela. Lehenago, azkeneko 35 urteetan, progresismoranzko bide batean joan ginen mendebaldean eta hor hasten da kontserbadurismoranzko atzera buelta bat. Euskal Herrian garai hartan ez genekien trantsizioa finkatuko zen ala ez, zer gertatuko zen autonomiarekin, borroka armatuak jarraituko zuen ala ez…Nire hipotesia zen 81eko otsailean egon ziren gertakari kate horiek egonkortu egin zutela egoera bat; batetik, Espainian trantsizioak aurrera jarraitzea, Euskal Herrian autonomia finkatzea baina baita ere erreforma hori onartu ez zuen sektoreak ikustea bere bidea zuzena zela eta borroka gogorra zela baina egonkorra izan zitekeela eta, hortaz, borroka armatuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten. Hor gertatu ziren gauzek eskema bat finkatu zuten eta eskema horrek indartsu iraun zuen beste 10 urtez eta gero zonbi baten moduan beste 20 urtez.

Errentetatik bizi garela aipatzen da askotan…
Garai hartan ETA militarrak borroka oso gogorra eraman zuen Lemoizen kontra eta ondo atera zitzaion. Borroka gogorra, gordina eta krudela izan zen. Iberdrolako ingeniari bat, Lemoizko zentral nuklearraren buru izan behar zuena, bahitu zuten eta esan zuten 24 orduan zentrala eraisten ez bazen hil egingo zutela eta hala egin zuten. Esan daiteke jende askok ulertu egin zuela eta ikusi zuela indar armatua efektiboa izan zitekeela, helburuak lortzeko balio zuela. Alde horretatik gol bat izan zen, Lemoiz gelditu egin zuen. Eskema horrekin jarraitu zuen ETAk baina geroztik halako beste golik ez zuen sartu. Adibidez, eskema berbera erabili zuen Miguel Angel Blancoren bahiketan eta helburu zuzen baten alde: sakabanaketa amaitzea. Baina kasu hartan jendeari ez zitzaion bidezkoa iruditu, baizik eta guztiz kontrakoa. Bitarte horretan zer gertatu da? Jendea aldatu egin dela, erakundea eta erakundearen ikuspuntuak eta aritzeko moldeak ez baina gizartea bai. Hor finkatu zen luzaroan jarraitu zuen eskema, hasieran indarrez eta gero inertziaz.

Narratzailearen papera garrantzitsua da nobelan: irakurlea barrura sartzen du eta nahiko modu jolastian, gainera…
Antzerki bat ikusten duzunean, dekoratua ikusten duzu. Dekoratuaren atzean badaude hainbat tresna, lanean ari diren tramankuluak eta abar. Ikusleak ez ditu ikusten, eragindako efektua bakarrik. Hori da gauzak kontatzeko modu normala. Narratzaile batek ere hainbat teknika erabil ditzake: hirugarren pertsonatik lehenengora aldatzea, bi garai desberdin nahastea… Idazleak gehienetan kontzienteki egiten dituen aukerak dira, zerbaitegatik egiten ditugu, efektu bat lortzeko. Nire jolasa izan zen liburua idazten nuen bitartean idazleari sortzen zaizkion zalantzak esplizitu agertzea. Ez zait iruditzen horrelako literatura egin behar denik, liburu guztiak horrelakoak balira guztiz aspergarria eta baztergarria izango litzateke; baina behin egiteko gogoa nuen. Irakurlea istorioan sartu nahi nuen eta jolas egin, tonu umoretsuan.

Idazteko estilo ezberdinak daude: bidaiaren zatian esaldi luzeak eta lexiko zaindua erabili dituzu eta elkarrizketarenean hizkera arruntagoa…
Iruditzen zitzaidan bidaiarenak eskatzen zuela sintaxi aberatsa, konplexua eta lexikoa ere ñabarduraz betea, esan nahi nuena zehatz-mehatz esateko hitzak hautatuta. Antzerki estiloko zati horiek erantsi nituenean, ezinbestekoa zen ahozkoagoa izatea, esaldiak laburragoak, hizkera eta hiztegia ere egunerokoagoa…

Dokumentazio lanik egin al duzu Alsina itsasontziari buruz?
Apur bat, bai. Ez gehiegi, ez naizelako historialaria eta ez nuelako guztiz fidela zen nobela historikoa egin nahi. Garaia interesatzen zitzaidanez, Alsinari buruz topatu ahal izan nuen informazio apurra irakurri nuen. Bigarren Mundu Gerraren hasierako kronologiak irakurtzen ere aritu nintzen liburuan sartu ahal izateko.

Nestor Basterretxearekin ere bildu zinen, ezta?
Bai, oso bisita atsegina izan zen. Deitu egin nion banekielako barkuan joandakoa zela eta bere etxera joateko esan zidan. Gustura egon nintzen, oso hiztun atsegina zen, berritsua, eta kontu-kontari aritu zitzaidan. Ez dakit zerbait erabili nuen berak kontatutakotik, xehetasunen bat beharbada. Kontatu zidan interesatzen zitzaiola ni hara joatea memoriak idazten ari zelako; ez dakit memoria horiek aterako diren, bukatu zituen ala ez…

Lehorraldi bat izan zenuen idazten, pare bat urtekoa. Uste dut hasia zarela berriz idazten…
Bizpahiru urtetan ez dut gauza handirik idatzi, umeentzako liburuxka batzuk bai baina helduentzat ez. Aurtengo udan ipuin batzuk atera zaizkit eta pozik nago aspaldiko partez berriz idazten hasi naizelako. Orain idazten ari naizena liburu izatera iristen bada, datorren urtean edo bi urte barru izango da.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments