Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984) Euskadi Saria jaso zuen joan den urtean Haur eta Gazte literatura arloan Maite Gurrutxagarekin elkarlanean egindako Besarkada album ilustratuarekin. Haurrentzako hainbat liburu idatzi ditu, eta narratiban hiru liburu argitaratu ondoren (eleberri bat eta bi ipuin liburu), bere bigarren nobela idazten ari da. Bertsogintzarekin ere harreman estua mantentzen du.
Saria jasotzea ezustekoa izan al zen?
Bai, pentsatzen dut inor ez dela egoten horrelako sari baten zain edo oso jende gutxik espero dezakeela horrelako sari bat, baina are gutxiago Besarkada bezalako lan batekin, oso barrura egindakoa izan baita, eta idatzi nuenetik argitaratu zen arte bost urte pasatu ziren. Lau urte etxean pasatu zituen, tiradera batean. Sorpresa izan zen, inondik inora espero gabe etorri da.
Liburu bat baino gehiago zenituen izendatuta…
Bai, hiru liburu, hirurak haur literaturan. Saria irabazi nuela esateko deitu zidatenean sorpresa handia hartu nuen, “hartu eta aprobetxatu egin behar dut”, pentsatu nuen. Gainera, orain idazten ari naiz nobela bat eta saria jaso baino lehen ari nintzen pentsatzen nola moldatu diruz, bekaren batera aurkeztea edo, eta izan zen oso momentu egokia, praktiko jarrita. Loteria tokatu balitzait bezala hartu nuen.
Sariei zer garrantzi ematen diezu?
Ez diet garrantzi handirik ematen. Saria irabazi nuela jakin nuenean, hurrengo egunean nire problema zen ezin nuela nobelako kapitulu bat erresolbitu. Gainera, garbi dago ez dugula hau diruagatik egiten.
Nola sortu zen Besarkada?
Nire lehenengo erditzea baino hamar bat egun lehenago idatzitako koplak izan ziren. Gero Eñauti koplak musikatzeko esan nion eta egun batean egin genuen. Audio hori erabiltzen genuen lagunei bidaltzeko. Oso gauza intimoa zen, kariñoa nion, eta lagun bat egoera txarra pasatzen ari bazen edo, besterik gabe, besarkada bat bidali nahi banion, orduan erabiltzen nuen. Kontua da merkaturatzen den momentuan sailkatu egiten dutela, baina testu hori idatzi nuenean nire erronka izan zen besarkada bat hitzez jartzea. Kontatzen dena da keinu bat, besarkada bat izan daitekeena, 5-10 segundoko zerbait. Istoriorik ez dago, dago lotze bat eta askatze bat. Orduan, daude lotze eta askatze horretako irudiak, sentsazioak, koloreak, testurak… Dago haizea, soinuak, sentsazio horiek eta naturako elementuak.
Beraz, umeentzako zein helduentzako liburua dela pentsa liteke…
Bai, baina iruditzen zait testu aldetik badaudela irudi batzuk eta esateko modu batzuk ez direnak propio umeentzat egindakoak. Umeengan pentsatzen egongo banintz segur aski beste besarkada bat aterako litzateke, baina horrek ez du esan nahi umeek ulertu ez dezaketenik. Bakoitzak geruza bat ulertzen du. Ilustrazioei dagokienez, egia da hauek ikusi eta umeak datozkigula burura, baina gero umeak buruan dauzkagunean ilustrazio mota batean pentsatzen dugu. Badirudi umeentzako izan behar dela dena xehea, biguna, borobila, alaia, kolore biziekin. Eta umeek beste emozio batzuk ulertzen dituzten bezala, beste testura batzuk, beste psikologia bat ere jasotzen dute, ez igual guk bezala, baina jasotzen dute.
Nola sortu zen Maite Gurrutxaga eta zure arteko elkarlana?
Daukazun denboraren arabera sortzen duzu. Momentu batean denbora gehiagorekin aurkitu nintzen eta hasi nintzen pentsatzen polita gelditu zitekeela ilustratuta. Eta segituan burura etorri zitzaidan Maite. Ilustratzaile batzuk ezagutzen nituen aurretik, baina Maiteren lana beti asko gustatu zait. Eta iruditu zitzaidan berak oso ongi egingo zuela. Nik idatzi nuen atera zitzaidan besarkada eta Maitek marraztu zuen berari atera zitzaion besarkada. Niretzat album ilustratu batek horrela funtzionatu behar du; izan behar da gehigarri bat, testuak esan behar dizu gauza bat, irudiak beste bat eta elkarrekin esaten dute hirugarren gauza zabalago bat.
Animazio pieza bat ere sortu duzue…
Nik beti Besarkada kantatua imajinatu dut, bertso doinuan sortu nituen kopla horiek eta iruditzen zait kanta bezala ere funtzionatzen duela. Beti buruan nuen polita izan zitekeela marrazkiak eta testuak izanda animazio bat sortzea.
Sentitzeko liburu baten aurrean gaudela esan duzu…
Askotan irakurle taldeetan hitz egiten dugunean poema liburu bati buruz beti esaten diet ezin dugula irakurri poesia nobela liburu bat bezala. Are gehiago, ipuin batek zerikusi handiagoa dauka poema batekin nobela batekin baino, ez dago narrazio bat dena kontatzen diguna, ez dauka garapen argi bat edo ikusten den bat. Daude irudi batzuk, daude sentsazio batzuk, daude eszena batzuk…, baina kontatu baino askotan erakutsi egiten da, eta erakusten denean ere iradoki egiten da, ez da dena erakusten. Gauza horietara ez gaude hain entrenatuta, literaturan behintzat, gaur egun ikusten ditugun marrazki bizidunak, serieak, pelikulak eta abar elipsiz beteak baitaude, flashbackez beteak, eta horretara ohituta gaude. Askotan ez duzu ulertu behar. Zer irudi daude? Niri irudi horiek zer iradokitzen didate? Zer gorputzaldi utzi dit? Zer emozio? Lanketa hori egiteko ohiturarik ez daukagu.
Bizkaiko kopla zaharren egituran idatzi zenuen…
Asko pentsatu gabe atera zitzaidan horrela. Bizkaiko kopla zaharretan beti daude lehenengo bi lerroetan bi natur irudi eta ondoren irudi horiekin batera emandako ideia bat, elkartutakoan zentzu bat hartzen duena.
Kopla gustuko duzun formatua al da?
Bai. Enaz banaz liburuan Xabier Amurizak aipatzen du bertsogintzaren bekatu handietako bat izan dela koplak kantatzea bertsoak balira bezala. Koplak elipsia behar du, derrigorrez, eta izan behar du inpresio bat, hemendik bat, hemendik bestea, eta leherketa txiki bat bezala. Sentsazio hori bilatzea.
Nola deskribatuko zenuke hitzarekin duzun lotura?
Txikitatik gauzak kontatu ditut, hori da nire bizitzeko modua eta egoteko modua. Gauzak kontatzea hitzen bitartez. Eta txikitatik izan dira hitza eta kantua; barrua espresatzeko eta mundua jasotzeko eta ulertzeko modua bezala.
Bi jarduera horiek, bertsolaritza eta idaztea, parean al daude zuretzat?
Parean baino, nire baitan daude biak. Askotan esan izan dut elkar orekatzen dutela. Nik dauzkat bi parte: batetik badaukat barne mundu bat kostatzen zaidana besteekin konpartitzea. Igual denok daukagu barne mundu ilunago bat, bakarrik gaudenean edo oso intimitatean edo oso ahul gaudenetan azaltzen dena, erabat guk ere onartzen ez dugun mundu bat, eta literaturarako oso aberasgarria dena. Ezer gertatzen ez zaien pertsonaiek eta dena erresolbituta daukatenek ez dute ezertarako balio ziur asko gezurra direlako, ez dagoelako horrelako humanorik. Baina egia da eskertzen dudala gelditze hori, pixka bat istorioei, nire buruari, errealitateari bakardade horretatik, mediokritate horretatik, ahulezia horretatik, amorrutik publikoki permititzen ez diezun tokietatik begiratzea, bakarrik jardutea, eta zure buruarekin zintzoa izatea, “istorio hau kontatzea interesatzen zait eta beste hau ez” aitortzea. Idazten ari naizenean ezin dut gezurrik esan, nahi gabe joaten naizelako interesatzen zaidan horretara. Joaten naiz gizakien arteko harremanetara, joaten naiz emozioetara. Eta idazteak bai ematen dit hor arakatzeko aukera.
Literaturak zer ematen dizu?
Nik beti bakarrik lan egin dut, eta asko disfrutatzen dut. Ez dut inoiz taldean lan egin eta gustatu egiten zait. Konturatzen naiz indibidualista naizela lanerako orduan, eta sozialki nahiz eta naizen oso pertsona soziala eta gustatzen zaidan jende artean egotea, badakit arazoak dauzkadala taldean lan egiteko, adibidez, edo errazago moldatzen naizela nire buruarekin bakarrik. Eta hori literaturak ematen dit.
Eta bertsoak?
Bertsoak ematen didana da kontrakoa, irekitzea, irekitze bat jendartera. Asko laguntzen dit kantuak, on egiten dit kantatzeak, eta umorera joateak. Adibidez, bertso saioetan fribolitateak asko betetzen nau. Literaturan dena da oso serioa, oso sakona, dena pentsatzen dugu asko, eta inprobisazioa da jolastea, eta niretzat hori da neurri handi batean bertsoa. Ama izan eta kantatu gabe egon naizenean bota dut faltan pila bat…
Nobela bat idazten ari zarela esan duzu…
Bai, egunero hiru ordu ematen ditut idazten. 9:00etan umeak utzi eta 12:00ak arte lanean jartzen naiz. Egun batzuetan nago blokeatuta eta ez zait ezer ateratzen, baina sorkuntza prozesuko problema horiek gustatzen zaizkit, problema horiekin ongi sentitzen naiz. Nire arazo bat bada ezin dudala ipuin bat erresolbitu, amorratuko nau baina hurrengo batean beste alde batetik ekingo diot. Beste guztia dira azalpenak, esplikazioak, baina nik egin nahi dudana erabakita daukat eta jaikitzen naiz horretara eta egiten dudanean saiatzen naiz egiten ahalik eta ondoen. Ez dauka beste misteriorik. Nire liburu bat ez bada hobea da momentu horretan ezin nuelako hobea egin, horraino iristen naizelako. Buelta asko ematen dizkiot nire buruari, asko zuzentzen dut.
Liburu bakoitza esperientza bat bezala bizi al duzu?
Bai, azkenean denbora pila bat pasatu duzu liburu bat idazten. Da esperientzia bat idaztea, da esperientzia bat editatzea eta argitaratzea, eta argitaratu ondoren zer emango dizun liburu horrek, zein pertsonak irakurriko duten, zer iritsiko zaizun zuri, zer ibilbide egingo duen. Liburu bakoitzak egiten du bere bidea. Gainera, bestetik, niretzat liburu bakoitza argazki bat bezala da. Nik Aulki bat elurretan ikusten dut eta ia-ia instant batan etortzen zait ni nor nintzen hori idatzi nuenean, non nengoen, nolakoa nintzen, zertan nenbilen. Euli-giro ikusten dut eta gauza bera. Badakit zein momentutan idatzi nuen, nola idatzi nuen, nola nengoen, zer kezka neuzkan, zein pasarte kostatu zitzaizkidan, zein ez.
Zein dira zure inspirazio iturriak?
Inspirazio modu ezberdinak daude. Badaude idazle batzuk idazteko gogoa pizten dizutenak, eta niretzat hori da, akaso, liburu batek lor dezakeen gauza politenetako bat. Niri Harkaitz Canorekin pasatu zitzaidan hori, 22 urte neuzkala Neguko zirkua irakurri nuenean, “nik hau egin nahi dut”, esan nuen, edo Julio Cortazar irakurri nuenean, edo Euli-giro idatzi nuenean hor zeuden eta liburuaren barruan daude Alice Munro, Samanta Schweblin, Eider Rodriguez… Horiek irakurri eta pentsatzen nuen: hau nola egin du, nola lortu du? Pertsona batzuek ere inspiratzen naute. Edo istorio konkretu batzuek. Edo irudi batzuek. Eta barne egoera batzuek. Baina nik uste dut hau dela jarrera bat, edo izateko eta egoteko modu bat txikitatik eta segur aski bizirauteko garatu nuena hasiera batean. Eider Rodriguezek esaten du, txikitan gustatzen zitzaiola minarekin jolastea. Pintzak jartzen zituela behatz guztietan eta aguantatu ezin zuen arte egoten zela horrela, eta gero askatzen zituela eta egoten zela mina nola baretzen zen begira, eta esaten zuen: “Gero sofistikatu nuen eta literatura egiten hasi nintzen”. Nik uste horrelako zerbait dela minarekin, baina ez bakarrik minarekin; gauza bera izan daiteke zirrararekin, edo hunkidurarekin. Emozioei kanpotik begiratu eta nola idatz daitezkeen galdetzen diot nire buruari.
Nolakoa zara idazteko orduan? Lasaia edo konpultsiboagoa?
Amatasunak bihurtu nau oso idazle praktiko. Nik idazten dut ahal dudanean eta ahal dudan bezala. Lehen, niretzat egun guztia nire kasa antola nezakeenean idaztea zen zerbait oso erromantikoa. Bilbon bizi nintzenean ateratzen nintzen nire koadernoarekin, joango nintzen taberna batera edo gauean jarriko nintzen ez dakit zer ordutan. Baina Euli-giro idatzi nuen arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara, eta ordurik txarrena da niretzat behintzat, logale handia izaten bainuen. Umea momentu horretan hartzen zuen zaintzaileak eta egunero bi orduz jartzen nintzen idaztera. Orain ere goizetan hiru ordu dauzkat idazteko. Ipurdiarekin idazten dut, eseri eta lanean jartzen naiz, eta gaur ateratzen da eta bihar ez. Eta atera ez bada ere lanaren parte dela badakit, hau da, atera dena da emaitza bat atera ez den guztiarena. Idazten dut nagoen tokitik eta nire bizitzatik, eta nire bizitza momentu honetan da bost urte t’erdiko ume bat daukadala, urtebeteko beste bat eta lo gutxi egiten dudala. Beraz, dagoen materialarekin idazten dut.