Ana Malagonek (Donostia, 1978) udaberrian argitaratu zuen bere bigarren liburua, Gelditu zaitezte gurekin (Elkar). Bertan hamalau ipuin bildu ditu, eta zaintza abiapuntutzat hartuta fideltasuna jorratu du modu zabalean. Diseinu estudio batean egiten du lan, proiektu eta zerbitzu digitalak sortzen. Idatzi, aldiz, igande arratsaldetan idazten du, eta horrela sortu ditu argitaratu dituen bi liburuak.
Gelditu zaitezte gurekin liburuaren ardatza zaintza da. Zergatik aukeratu zenuen gai hori?
Beharrezkoa dugulako bizirauteko. Zaintzaren kontzeptua gure bizitzan presente dago modu ezberdinetan:Â txikiak garenean zainduak gara; nerabeak izatean pasatzen gara lagunak zaintzera; ondoren, bikotea duenarentzat garrantzitsuena zaintza hori bilakatzen da; aurrerago seme-alabak datoz, baina gero ohartzen gara harrapatuak gaudela horretan… Hori baztertu nahi dugu, eta gure burua zaindu. Gurasoak ere zaindu behar ditugu adinean aurrera joan ahala, baina hasieran beraiek ez dute zainduak izan nahi. Zaintzaren kontuan fase ezberdinetatik pasatzen gara eta liburuak gai hori ikuspegi ezberdinetatik aztertzeko aukera eman dit.
Fideltasuna ere jorratu duzu.
Bai, fideltasuna ere azaltzen da. Norberarekiko fideltasuna, hasteko: nik zer nahi nuen bizitzan, nire helburuak bete ditudan edo nire kontraesanetan erori naizen…Â Baita besteekiko fideltasuna ere, besteekin dudan harremanean hori mantendu edo traizionatu dudan. Ez soilik, beraz, bikotearen ikuspegitik. Zaintza, fideltasuna… Hori guztia esploratzea zen asmoa.
Pertsonaiak nahiko mikatzak dira.
Bi liburuak berdintsuak dira horretan. Pertsonaiak ez dira ezeren eredu, beraien kontraesanak dituzte. Ez dira erabat gorrotagarriak eta ez dira erabat maitagarriak. Nik uste pertsona guztiak diren bezalakoak direla.
Errealitatean inspiratzen zara, beraz. Literatura zer da zuretzat? Zer bilatzen duzu idazten duzunean?
Hain azkar bizi gara, eta hainbeste gauza ditugu… Igande arratsaldetan idazten dut eta arratsalde horiek, niretzat, pentsatzeko dira: ezaugarri batzuk dituen pertsonaia bat eszena batean jarri, zerbait gertatzen zaion edo ezer gertatzen ez zaion pertsonaia bat, eta horren inguruan pentsatu. Hori egiten dut. Idazten dudanean pentsatzen jartzea bilatzen dut: zer pasatzen da pertsonaia horren burutik? Zer barne logika dauka? Zergatik egiten du egiten duena? Nola heldu daiteke zerbait egitera eta esatera? Idazteak nire ikuspegia zabaltzen laguntzen dit, gauzak ulertzeko idazten dut.
Beste pentsaera batean kokatzen laguntzen dizu, beraz?
Bai, nire testuingurutik kanpo salto egiten eta esaten: badaude beste bizitza batzuk, beste pentsaera batekin, oso kritikagarriak izan daitezkeenak, baina zergatik jokatzen dute horrela? Idaztea, niretzat, giza espeziea hobeto ulertzeko modua da.
Eta irakurle bezala?
Antzeko zerbait gertatzen zait. Pertsona gorrotagarriena ere ulertzen saiatzen naiz, eta ikusten baduela gorrotagarria den zerbait baina aldi berean erakartzen nauena. Baliteke toleranteagoa bihurtu nahi izatea, baina ez dut beti lortzen.
Espazioari dagokionez liburu honetan leku publikoak azaltzen dira: igogailua, aireportua…
Ipuinak lehenengo pertsonan idatzita daude, eta espazio publiko horiekin bilatu nahi izan dudana da pertsonaiak besteen aldamenean nola jokatzen duen jakitea, horrekin zer pentsatzen duen ikusten baitugu, eta besteekin nola erlazionatzen den. Igogailua, aireportua… leku publikoek hori aztertzeko aukera ematen dute.
Zure lehenengo liburuan, aldiz, munduan aterperik edo babesik ez dagoen sentsazioa nabarmenagoa da.
Lehenengo liburuan badago, beharbada, isolamendu sentsazio handiago bat. Bigarrengoan gehiago jorratu ditut harremanak. Bakardadea, beraz, ez dagoela hain presente esango nuke. Liburu hau gehiago da konexio saiakera bat, nahiz eta batzuetan funtzionatzen ez duen.
Zaintza, beraz, daukagun sostengua izango litzateke?
Bai, gizaki egiten gaituelako. Gizakiak animalia sozialak gara, nahiz eta mendi puntara joaten saiatu. Liburuan badago pertsonaia bat hori egiten duena, baina azkenean puntu sozial bat ere bilatzen du. Kontaktu hori behar dugu. Horretara kondenatuak gaudela uste dut.
Literatura hiritarra idazten duzu. Naturak zer leku dauka zuretzat?
Naturak badauka puntu bat utopikoa dena. Jendearekin nazkatuta nagoenean askotan gustatuko litzaidake mendi puntara joatea eta modu autarkiko batean nire kabuz bizitzea, oso irreala den arren, ez baitaukat ezta gida-baimenik ere. Modu metaforikoan hartuta uste dut harremanak ere natura direla. Nire ipuinetan naturak presentzia berezirik ez daukan arren, badago asfaltoko beste natura bat, hiritartasunaren ekosistema. Ez da natura bere horretan, baina badaude gauza batzuk naturatik gertu daudenak. Horrez gain, nire ipuinetan badaude pare bat etxe hiritik kanpo, baina gero dena etxe barruan gertatzen da. Pertsonaiak naturaren barruan egon daitezke baina istorioaren muina ez dago horrekin lotuta. Ez naiz bereziki natura zalea.
Zure estiloa zuzena da. Beti idatzi duzu horrela edo horretara iristea kostatu zaizu?
Horrela idazten saiatzen naiz. Beharbada lanak ere zerikusia du. Gure lanean espazioa oso garrantzitsua da eta mezuetan eta esan nahi duzun horretan oso zehatza izan behar duzu. Nabaritzen da, nolabait, nire burua horretara behartzen dudala. Filmekin ere gertatzen zait. Beldur handia diot gauza estiratuak egiteari. Filmen kasuan, badaude batzuk film labur estiratuak direnak.
Orain igande arratsaldetan idazten duzula esan duzu astean zehar lan egiten duzulako, baina noiz hasi zinen idazten?
Txikitan, ikastolan nengoenean. Bazeuden Donostia mailan zenbait sari eta ikastolatik beti bultzatzen gintuzten euskaraz idaztera. Gero urte batzuk egon nintzen fikziorik idatzi gabe, karrera garaian, adibidez, eta Internetekin hasi nintzenean itzuli nintzen, blogarekin. Autoekoizpenerako eremu bat ikusi nuen eta horrekin berriro martxa hartzen hasi nintzen. Bloga 2004an estreinatu nuen eta mikro-ipuinen liburua 2014an atera zen. Egun nire lana da nire bizitzaren %90a eta literaturari igande arratsaldeak eskaintzen dizkiot.
Bi liburuak horrela idatzi dituzu?
Bai. Inportantea egiten zait errutina eta diziplina bat edukitzea eta igande arratsaldeak horretarako uztea. Daukadan tarte bakarrenetakoa da. Astean zehar lanetik etxera joaten zarenean ez zaude idazteko.
Eleberriren bat idaztea noizbait buruan izan duzu?
Nire burua ipuinetan erosoago ikusten dut, formatu txikiagoan. Beharbada idazkera motarengatik ere izan daiteke. Oso idazkera zuzena daukat, muinera doana. Baina badaude oso muinera joaten diren eleberriak ere.
Irakurtzean ere ipuinak nahiago dituzu?
Denetarik irakurtzen dut. Duela gutxi Mitterranden biografia bat irakurri dut eta, oso biografia zalea ez naizen arren, zoragarria iruditu zait. Idazle kutunenen artean ipuin idazlea badaude, Flannery O’Connor, esaterako, eta hemen inguruan aipatuko nituzke Iban Zaldua, Eider Rodriguez, Uxue Apaolazaren lehenengo liburua… Nik uste hemen zer irakurria badagoela. Eleberriekin ere disfrutatzen dut. Istorio on bat badago, ongi kontatua dagoena, berdin zait formatua.
Eta ipuingintzatik kanpo zein idazle dituzu gustuko?
Boladak izan ditut. Shakespeareren garaia izan nuen, antzerkia asko gustatzen zitzaidalako, nahiz eta orain zoritxarrez ez dudan jarraitzen. Thomas Mannen fasetik ere pasa naiz, eta egun nago gehiago idazle amerikarrekin. Halere, idazten dudan horretan gero ez da islatzen irakurtzen dudan hori. Thomas Mannek eleberri luzeak idazten zituen eta nik egiten dudana oso ezberdina da. Ez dut ispilu horretan begiratzen. Beharbada, Mannen kasuan gauza bati erreparatzen diot bereziki: oso ongi islatzen zituen familien harremanak, eta mundu konplexu hori oso erakargarria egiten zait. Nire helburua ez da nobeloi bat idaztea. Gainera, ez dut uste gai naizenik.
Gidoilaria izan nahi zenuen. Telesailak, beraz, atsegin dituzu.
Oso mitomanoa izan naiz, baina ikus-entzunezkoa ikasi nuenez tranpak ikusi nituen. Inozentzia galtzen duzu, nolabait. Gidoilariak zerbait lortzeko zer egin duen badakizu. Xalotasun hori, halere, berreskuratzen ari naiz eta badaude telesail batzuk asko gustatzen zaizkidanak: adibidez, azken urteetako boomarekin etorritako The wire, The Sopranos, El ala oste de la Casa Blanca, Breaking Bad…, jende gehienak ezagutzen dituenak. Scandal ere oso gustukoa dut. Zenbait gauzetan kulebroi kutsu handia dauka, baina baditu gauza batzuk nortasun politikoaren inguruan, baita afroamerikarren eta feminismoaren kontuan ere, oso interesgarriak direnak. Ez da kalitate handiko telesaila baina sutsuki jarraitzen dut.
Pop kultura zalea ere bazara.
Mundu horrekin lotuta dagoena gustuko dut. Adibidez, egungo mundua kontatzeko Interneten sortu diren zenbait adierazpen ironiko atsegin ditut, nire ustez gure mundua ulertzen eta hobeto eramaten laguntzen baitigute: Gif animatuak edo Memeak, esaterako.
Musikak ere garrantzia du zure bizitzan.
Bai, oso musika zalea naiz. Angel Errori behin irakurri nion 30 urte betetzen dituzunean musika berria entzuteari uzten diozula, eta egia da. Azkenaldian gehiago entzuten dut 60ko hamarkadako musika egungoa baino: The Kings, The Who…, musika anglosaxoia gehienbat. Garai batean frantsesez kantatutako musika ere gustatzen zitzaidan, hamarkada berekoa. Nire bizitzan musika garrantzitsua da. Noizean behin musika klasikoa entzuten ere saiatzen naiz, baina gehiago ulertzea gustatuko litzaidake. Bach gustatzen zait, baina uste dut Bach ulertu egin behar dela. Pop eta rock musikarekin ere gauza bere gerta daiteke, baina beste maila batean. Gainera, musika hori betidanik ezagutu dut, harreman handiagoa izan dut estilo horrekin.
Orain beste zerbait idazteko asmoa duzu?
Ez. Momentuz irakurtzen ari naiz. Urtarrilean amaitu nuen liburua bere berridazketekin eta denbora bat hartu nahi dut. Orain jasotzeko momentua da eta gero ikusiko dugu zer gertatzen den.