Fernando Rey: “Ferranteren jatorrizkoak duen musikaltasuna mantentzea lortu dugu”

0

Elena Ferrantek –edo, zehatzago, izengoiti horren atzean ezkutatzen den idazle italiarrak–, 2014. urtean argitaratu zuen Napoliko tetralogiaren laugarren eta azken liburukia. Arrakasta itzela lortu zuen, sorterrian ez ezik, baita Erresuma Batuan, Frantzian eta Amerikako Estatu Batuetan ere. Hurrengo urtean, Igela argitaletxeak euskarara ekarri zuen tetralogia horren lehen atala (Adiskide paregabea), Fernando Rey itzultzaile iruindarraren eskutik. Tantaka-tantaka, gainontzekoak ere argitaratu dituzte ordutik: Abizen berriaren historia, Ihesi doana eta gelditzen dena eta Ume galduaren historia.
Liburuan bi neskaren bizitza kontatzen da, haien bizitza, haien adiskidetasuna eta adiskidetasunaren beraren bilakaera. Lenu eta Lila dira bi neska hauek, eta haien haurtzaroa eta nerabezaroa kontatzen dira liburuan, nola irekitzen zaizkien begiak bizitzaren aurrean Napoliko auzo pobre batean. Tetralogia hori, baina, bizipen pertsonalez harago doa; eta Italiako historiaren erretratu hunkigarria ere bada, bi emakume protagonisten ikuspuntutik. Narrazioaren izaera bizia eta “zinematografikoa” nabarmendu ditu Reyk.

Zein izan zen proiektuaren abiapuntua? Zuk proposatu zenuen tetralogia itzultzea, ala argitaletxearen ekimenez egin zenuen?
Igela argitaletxeko editore Xabier Olarrak proposatu zidan. Lagun mina dut, eta azken urteetan eginak nituen zenbait itzulpen harentzat, italieratik euskarara. Egiaren aitortzeko, gutxi dakit nik literaturaz eta ez nuen liburua ezagutzen, baina Xabierrek esan zidan oso kalitate oneko literatur lana zela, arrakasta handia lortua zuela Italian nahiz beste hainbat herrialdetan eta, “best seller” gisa etiketatua egonagatik, balio literario handiko eleberria zela. Liburu ona zela, alegia. Hasiera batean, lehen eleberria itzultzeko asmoa genuen, besterik ez. Hori irakurri ostean, ordea, katigatuta geratu zen jende asko, eta hurrengo atalak ere euskaratzeko eskatzen ziguten etengabe. Durangoko Azokan, adibidez, irakurle ugari hurbildu zitzaizkigun, “tira, eta hurrengoa, noizko?” galdetzera. Askok esaten ziguten lehen liburukia euskaraz irakurrita, besteak ere halaxe irakurri nahi zituztela. Azkenean, Olarrak erabaki zuen laurak itzuli behar genituela.

Liburua irakurtzean, zerk erakarri zintuen? Nola harrapatu zintuen tetralogia honek?
Nire ustez, lan luze honek (lau liburukiak obra mardulago baten atal gisa hartuta) bi elementu ditu bereziki aipagarriak eta nabarmentzekoak: alde batetik, nola aztertzen dituen bi adiskideren arteko harremanak, eta harreman horiek zer nolako eragina duten euren bizitzan; eta bestetik, oso interesgarria iruditzen zait nola islatzen duen 1950eko eta 1960ko hamarkadetako gizarte italiarra. Ferrantek xehetasun osoz marrazten du garai hartako gizartea, zinematografikoki kasik: nolakoak ziren familia barruko harremanak, gizartearen alor guztiak blaitzen zituen indarkeria, emakumeei egokitutako rola eta haren bilakaera historikoa… Italiako gizartea erretratatzen duten argazkien erakusketa batean bazina bezala sentiarazten zaitu liburuak, hain dago ongi landua eta marraztua.

Estilo propioa du Elena Ferrantek. Italiako gizartea deskribatzeko duen modu hori euskarara ekartzea zaila izan al da?
Nik ez nuke esanen zaila izan zenik, honakoak ez baitira liburu bereziki barrokoak. Zailtasunekin topo egin dugu, batez ere, gogoeta batzuk ahalik eta modu zehatzenean euskaratzeko garaian, baina, oro har, ez dut uste itzulpen hau konplikatua zenik. Liburuen tonua errespetatzea izan ohi da gakoa. Liburu bat itzultzean, saiatzen gara jatorrizko testuaren sinesgarritasuna mantentzen. Formula egokiak bilatzen ditugu, testuak euskaraz ere funtzionatu behar duelako, naturaltasunez. Hori da gure erronka nagusia, bai Ferranteren liburuekin baita gainontzeko guztiekin ere.

Eta Adiskide paregabea tetralogiarekin tonu egoki hori lortu al zenuten?
Harrokeriarik nahiz apaltasun faltsurik gabe, baietz esan dezaket. Jatorrizkoak duen musikaltasun hori mantentzea eta belarrira ongi ematea lortu genuela uste dut. Testua ongi irakurtzen da euskaraz, eta irakurleak ez du gehiegi nabaritzen itzultzailearen eskua.

Itzultzailea ikusezin bihurtzea garrantzitsua da zuretzat?
Zalantzarik gabe. Itzultzailearen helburuak izan behar du itzaletan gelditzea. Bere lana oharkabean pasatzea. Futbolean edo beste edozein kiroletan epailearekin gertatzen den bezala, inork ez badu zutaz hitz egiten, lana ongi egin duzun seinale. Epailea gehiegi nabarmentzen ez den bitartean, ikusleek kirolaz eta ikuskizunaz gozatuko dute, gainontzeko guztiaz ohartu ere egin gabe. Bada, literaturan gauza bera gertatzen da: itzultzaileak bere lana ongi egiten badu, irakurlea oharkabean murgilduko da liburuan, pentsatu gabe jatorrizko bertsioa den, edo itzultzaileak sinonimo hau hala bestea erabili nahi duen.

Oharkabean pasa nahi izateak paralelismo bitxia sortzen du itzultzailearen eta Ferranteren beraren artean. Hark ere ikusezin bihurtu nahi izan zuen, liburuak seudonimopean argitaratuta…
Hala da, bai. Gogoeta huraxe izan nuen tetralogia itzultzen ari ginela, eta polita iruditu zitzaidan. Elena Ferrantek dio itzalean geratu nahi duela, eta liburuak saldu behar duela bere burua. Literaturan jarri nahi du enfasia, eta ez liburuaren atzean dagoen pertsonarengan. Ene ustez, bigarren lerroan gelditzeko hautu pertsonal hori errespetatu beharrekoa da.

Azkenean, baina, azalera atera da Ferranteren benetako nortasuna. Armairutik ateratzera behar du kazeta sentsazionalista batek. Zer iruditu zitzaizun pasadizo hori?
Itsusia, oso itsusia. Idazleak eskubidea du anonimotasuna bilatzeko, eta inork ezin du hori zalantzan jarri. Ferrantek esan badu ez duela irakurlearen eta liburuaren artean agertu nahi eta itzaletan egon nahi duela, zertarako aterarazi? Zertarako urratu haren intimitatea? Zer irabazi dugu jokaldi horrekin? Armairutik irteteak norberaren hautua izan beharko luke.

Adiskide paregabea ez da ohiko best seller bat. Ez da thriller bat, ezta fantasiazko edo zientzia fikziozko liburu bat ere. Eta hala ere, arrakasta itzela izan du. Harritu al zaitu?
Hasieran bai. Ez nuen ulertzen nola lortu zuten sona handi hura. Baina gero, Ferranteren lana gehiago ezagutu ahala, konturatu nintzen fenomenoak logika bazuela. Eta uste dut baduela zer ikustekorik emakumeekiko ikuspegi eta sentsibilitatearekin. Tetralogia honek badu sentsibilitate propio eta berezi bat, emakumeak epizentroan paratzeko modu bat. Gogoeta egiten du emakumeen rolaz, amatasunaz, bikote harremanen bilakaeraz… Ikuspuntu horrek gertukotasun bat eman die liburuei, eta arrakastaren arrazoietako bat horixe izan daitekeelakoan nago.

Eta tetralogiaren arrakastak ez al du erakusten argitaletxe batzuek uste zutena baino argiagoa dela irakurlea?
Izan liteke, bai. Promozio eta sustapen lan berezirik egin gabe, milioika ale saldu dituzte. Batzuek diote hori ere (promoziorik ez egitea, idazlea anonimotasunean geratzea…) liburua publizitatzeko beste modu bat izan zela, baina ni ez nator bat ideia horrekin.

Italierazkoak, ingelesezkoak eta gaztelaniazkoak badakigu baietz, baina euskarazko bertsioak ongi funtzionatu al du, salmentei dagokienez?
Nik ditudan datuen arabera, lehenbiziko liburukia ederki saldu eta irakurri da; betiere, aintzat hartuta euskarazko literatur merkatuaren xumetasuna eta itzulpenek oraindik orain pairatzen duten gutxiespena. Euskaldunon komunitatea txikia da, eta horren barruan, zaila da esatea zenbat irakurle garen, baina hori guztia kontuan izanda, lehen liburukiak oso ongi funtzionatu zuen. Oraindik goizegi da esateko, baina badirudi beste hiru liburukien salmentak mantsoago doazela. Seguraski, gehiago salduko dira datozen hilabeteetan, baina badira zenbait faktore beherakadatxo hori azaltzen dutenak: besteak beste, tetralogiaren edo idazlearen zale amorratuak diren askok ez zuten pazientziarik izan euskarazko bertsioa heldu arte itxaroteko. Askok esan digute lehen liburua euskaraz irakurri eta gero, bigarrena eta hirugarrena, adibidez, gaztelaniaz irakurri zituztela. Dena den, emaitzarekin pozik gaude, nahiko ongi funtzionatzen ari baitira.

Lan osoaren luzerak ere izanen zuen eraginik…
Bai, hori argi dago. Kontuan izan behar dugu, berez, lau liburukitan banatutako eleberri luze bat dela honakoa. 2.500 bat orrialde, guztira. Oso lan mardula.

Mardula irakurlearentzat, baina itzultzaileentzat ere bai, ezta?
Jakina. Horregatik nabarmendu nahi dut tetralogia honen itzulpena talde lana izan dela. Bestela, ezinen genukeen garaiz bukatu. Miren Iriarte eta biok itzuli dugu eleberria, baina Xabier Olarra aldamenean izan dugu une oro, laguntzaile, zuzentzaile eta aholkulari lanetan. Liburukietako hirutan azaldu da nire izena itzultzaile gisa, eta azkenekoan, berriz, Miren Iriarterena. Baina, egiazki, hiruron arteko talde lana izan da. Oso garrantzitsua izan da elkarlan hori, itzulpen erraldoi horri aurre egiteko.

Itzulpenak gutxietsita daudela esan duzu lehen. Zergatik? Itzulpengintzak ez al du euskarazko literatura eta euskara bera aberasten?
Hala uste dut nik ere, eta egia da pixkanaka-pixkanaka aldatzen ari dela jendearen pertzepzioa, baina tamalez, hala da oraindik: askorentzat, jatorrizkoa eta itzulpena ez daude maila berean. Bada jendea esaten dutena: “Nik nahiago du Elena Ferranteren liburua jatorrizko hizkuntzan irakurri, euskaraz baino”. Eta zertaz ari dira, liburua italieraz irakurtzeaz? Ez, gaztelaniazko bertsioaz ari dira, hori iruditzen baitzaie jatorrizkoa. Nire ustez, itzulpenaren bitartez asko aberastu da euskaraz sortutako literatura, baina halako iritziak nahiko orokortuak daude oraindik. Gure itzulpengintza errealitate gazte samarra da, izan ere. Gaur egun, aski itzulpen duina egiten da Euskal Herrian, eta gure bidea ere egin dugu.

Igela argitaletxeak ere badu meritua bide horretan…
Bai, zalantzarik gabe. Argitaletxe txikia da eta baliabide gutxikoa, baina itzelezko lana egin du, ezinbestekoak diren lan asko euskarara ekarrita. Horrez gain, eskola paregabea izan da itzultzaile askorentzat. Aukera eman digu itzultzaile askori itzulpengintza literarioan murgiltzeko. Ekarpen hori azpimarratzeko modukoa dela uste dut.

 

 

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments