Lehen beti topatzen genuen Zarautzen, lanerako aitzakian. Azken aldian, ordea, Donostian elkartzen gara Gorka Arreserekin, laneko larritasunetik urrun. Erretiroa hartuta dago-eta. Kontuz, 53 urte baino ez ditu, egingo ditu beste gauza batzuk. Beste gauza asko, seguruen. Baina ia ezinezkoa zirudiena iritsi da: Gorka Arrese jada ez da Susa argitaletxeko editorea. Otsaileko egun eguzkitsu batean harrapatu dugu elkarrizketa hau egiteko, eta, bide batez, hemen agertuko ez ditugun kontuez jarduteko. Zer da, izan ere, editore-idazle harremana, sekretuz betetako zerbait ez bada?
Arraroa egiten zait elkarrizketa hau zurekin egitea, Gorka; orain arte idazlea eta editorea izan gara, orain ordea kazetaria eta elkarrizketatua.
Zu eta biok lagunak gara. Literaturaz solas egin izan dugu ia beti, baina baita ere liburuen azalei buruz. Susarako azal mordoa egin duzu zuk, hogei bat bai. Asko gustatu zait zurekin lan egitea, ondo pasatu dugu. Beraz, mesedez, ez egin gaur galdera zailik.
Ados!… Argia-n ibili zara, Egunkaria-n, Susan… euskararekin lotutako saltsa askotan alegia: edo euskara oso txikia da, edo zu oso handia zara.
Zorte handia izan dut. Gure kulturako une historiko txiki batzuk bizitzea tokatu zait 1985etik hona, adiskide onak izan ditudalako bidean. Ez naiz euskaltzale porrokatua, literaturzalea naiz funtsean. Eta nik ez dut gauza handirik egin, idazleei lagundu besterik ez. Konstantzia eta doitasuna, hori eskaintzen saiatu naiz.
Euskaltzaindia bakarrik falta zaizu.
Aukeran, nahiago ez; hor ezingo nuke lagundu. Traketsa naiz euskaraz, beti ikasten! Baina badut amets bat: euskalduntze masibo baten ahalegin politiko eta sozial bat ezagutzea laster. Ez dut ulertzen nolatan ez dugun halakorik abiatu oraindik.
Dagoeneko kontatu duzu zergatik utzi duzun, baina uste dut merezi duzula aitor dezadan, publikoki aitortu ere, azken momentuan zenuen idazleen kartera akaso inoiz inolako euskal editorek izan duen onena izan dela: Harkaitz Cano, Koldo Izagirre, Uxue Alberdi, Kirmen Uribe, Eider Rodriguez, Iñigo Aranbarri, Jose Luis Otamendi, Mikel Peruarena… Oso argi eduki behar da hartu duzun erabakia, hori guztia uzteko.
Aizu, uste dut pixka bat… nola esango nuke… oldarkor etorri zarela, ezta? Edo bihotza hunkitu nahi didazu. Ba, bai, sekulako pena daukat; pena ez, inbidia daukat, ez naizelako gehiago editorea izango. Horixe da egin dudana urte luzetan. Asko disfrutatu dut, asko ikasi dut, poz handiak izan ditut, itxaropena daukat idazle horiek beren lan onenak hurrengo urteetan emango dizkigutela. Gure literaturaren historia osoko urte onenak azken hamabostak izan dira nire ustez, baina ez dugu ahaztu behar onenak etortzeko daudela, eta editorialki urte horiek landu behar dira indar dinamiko berri eta biziago batzuekin. Aurten beteko ditut 53 urte; zazpi berehala igarotzen dira, eta sartuko naiz 60etan. Tokia egin behar zaie editore gazteei, gauza berriak gerta ahal daitezen, ausartak izan gaitezen 20etako hamarraldian, aurrerapen garrantzitsuak egin behar dira-eta datozen hamabost urteetan.
Esaten dute, eta esperientziaz dakit hala dela, zure sekretua dela lana, liburuarekiko konpromisoa, zorroztasuna eta exijentzia; baina duela gutxi irakurri dizut esaldi bat asko gustatu zaidana: kontakizun batean, bizitzan bezala, garrantzitsuena jendea dela.
Nobelak eta ipuinak idazten dituztenak, sarritan, gehiegi arduratzen dira narratzaileaz, ikuspuntuaz, egituraz, eszenez eta irudiez, kontu teknologikoez: artefaktu literarioaren dispositiboez. Baina garrantzitsuak pertsonaiak dira!, jendea.
Esango nuke, gure literatura ez dela pertsonaiari (jendeari) lotutakoa, baizik eta tramari lotutakoa, eta hori dela gure gaitzetako bat.
Trama inportantea da. Baina pertsonaiak askoz gehiago. Zer egiten duten edo nola portatzen diren, zer eta noiz eta nola esaten duten, zer ezkutatzen duten edo nola seduzitzen duten, nola jokatzen duten batzuetan benetan eta bestetan gezurretan, zer desitxuratzen duten, zer sentitzen duten, zein diren beren ametsak eta desioak, nola borrokatzen diren askatasunaren alde edo nola zanpatzen duten hurkoa. Hamlet, Gatsby, Bovary, Samsa, Meursault, Karenina, Tom Sawyer, Long John Silver, Holly Golightly eta abar, aspaldiko heroiak. Gure nobeletan ere nahi ditugu halakoak. Diego Lazkano, Nagore Vargas, Metxa Agirre, Jean Etxegoien, Amaia Ezpeldoi, Lanbas Ramirez, zure Xabi Ugarte… Ari al zara Xabi Ugarteren bigarren nobelarekin?
Ari naiz, baina editorea falta.
Ez niri adarrik jo. Xabi Ugarte hori deika ari zaizu, baina agian zuk beldur pixka bat hartu diozu.
Zein zaila den pertsonaia bat hezurmamitzea…
Idaztea bera da zaila. Eta ondo idaztea, ezinezkoa. Gutxi dira munduan. Deabru bat izan beharra dago aingeruak bezala idazteko. Astiro, baina bagoaz aurrera. Gure literaturaren historia laburra da oraindik. Tradizio eskasekoa. Normalena da, idazlea trama bat garatzen ahalegintzea, erloju baten mekanikak bezala funtziona dezan, eta horrela salbatzea kontakizuna. Pixkanaka ari gara, ordea, pertsonaia eder batzuk ezagutzen. Ez duzu presatu behar, ez behintzat premiazkoa baino gehiago. Gero eta hobeto dialogatzen dute gure idazle adiskideek; horrek esan nahi du, dialektika maila biziagotzen den neurrian, jendeen ahotsetan sakondu ahala, pertsonaia bikainak etorriko direla, uste duzun baino azkarrago.
Pertsonaia ez ezik, nik uste geure literaturak galdu duela pixka bat jendetasuna, denak bilakatu garela pittin bat egozentriko.
Bueno, kapitalismo basati batean bizi gara; eta krisi ekonomikoak muntatzen dituzte geure artean etsaitu gaitezen, ez gaitezen borrokatu berdintasunaren eta elkartasunaren alde. Ez dezagun aurrera egin askatasun modu berrietan zehar. Baina jendea kooperatiboa da, betidanik. Jendeak kooperatiboa izatea beste erremediorik ez dauka. Egoismoa eta egolatria eta halakoak bizkortu egin dira denbora gutxian? Baliteke. Horixe bera ere material literario eder askoa duzu: mesfidantza, gezurra, esplotazioa, injustizia, lukurreria, estortsioa, lapurreta, azpikeria, errepresioa… betiko gaiak. Hori guztia azaldu behar dugu pertsonaia gogoangarrien bidez.
Hala esanda, zein sinplea dirudien!
Baina zein zaila den!
Beste gauza polit bat esan izan duzu, editorearen zeregina dela idazleari aperitibo zenbait ordaindu eta hari entzutea. Nik uste, ordea, zuk egiten zenuela idazlearekin ateak zabaldu, ate bat aurrena, gero bestea, eta bestea ondoren, eta hark susmatu ere egin ezin zuen bidea aurkitzen zuela idazleak.
Zeinen atsegina zaren nirekin! Hori egiten nuen, bai; konturatu zinen orduan. Izan ere, dena batera ezin zaio esan idazleari. Bestela irudituko zaio esaten ari natzaiola dena daukala gaizki, bere istorioak eta pertsonaiak ez zaizkidala zipitzik gustatu. Eta ez da hori kontua. Kontua da: lagunak egitea, ondo pasatzea, ahalik eta gehien hobetzea, gustura geratzea egindako lanarekin, denon artean pixka bat ikastea, eta… aperitiboa hartuz ospatzea. Idazleak nahikoa sufritzen du gutxi lo egiten eta idazten. Eta miseria bat kobratzen!
Hori ere egia da… Liburu baten ibilbidean ederrena, beharbada, hura inprimategitik ateratzen den unea izango da: liburua den objektua jaso, zabaldu, usaindu, eta zabaltzen hasi… Ilusio hori inoiz galtzen al da?
Ez, ez da inoiz galtzen. Liburu berri batean inbertitzen den entusiasmoa handia da. Baina gauza bat esan behar dizut: izututa egoten nintzen inprimategitik liburuak nola iritsiko ote ziren, egoki inprimatuta edo ez, orrien joskera… Hartu nuen erabaki onena izan zen Sabon letra mota aukeratzea 2002an.
Tipografia ederra, bai horixe!… Zurekin ditudan oroitzapen ederrenak liburu aurkezpen egunetakoak dira, dudarik gabe.
Festa moduko bat antolatzen ahalegintzen nintzen. Gonbidatu berezirik ekarrik beharrik ez zegoen. Idazlearen lagunak etorriz gero, nahikoa. Denei liburu bana oparitu, Txepetxa tabernan antxoak jan eta ardo batzuk edan, eta bazkaltzera ondoren. Tertuliak sortzen ziren, ezagun berriak egin, besteen kontuak aditu. Idazleari berotasuna eskaini behar zaio aurkezpen egunean, handik aurrera promozio lanak bakarrik egin behar izaten ditu-eta.
Hizkuntza zapaldu bat, egoera soziolinguistiko gogor bat… geure literaturak joko-zelai arrotzean jokatzen du beti; niri iruditzen zait, ordea, oso autokonplazienteak bilakatu gaituela horrek.
Ez da exajeratu behar. Batzuetan erraz egiten dira gauzak? Ez dut ezetz esango. Batzuetan presaka egin beharrarengatik ez gara aski exijenteak izaten? Hori ere gertatuko da. Ohituraz eta egitura mekaniko samarrez ekoizteko antolamenduak ere badaude akaso? Makina ezin da moteldu. Esan nahi dudana da, bikaintasunaren bila aritzea edo autokritika zorrotzegia itogarriak ere izan litezkeela. Eta bestetik, hilero eta urtero editoreak idazleekin maila gorenean jarduteko, osasun mental atletikoa behar du.
Alegia, beti daukagula aitzakia bat jendeak gure literaturaz paso egiten duela esaten digutenean.
Beti daukagu aitzakiaren bat, bai, Errepublika ez aldarrikatzeko. Amorragarria da, ezta? Baina jendeak ez du paso egiten gure literaturaz. Minoritarioa da, hori bai. Oso gutxirena izateak, ordea, ez du esan nahi interesik pizten ez duenik, ez gaitezen tronpa. Euskaldun guztiak elebidunak gara, eta erdaren bidez munduko gaurko literatura irakurtzera ere iritsi nahi dugu. Ez da erraza, konpai.
Honekin esan nahi nizuna zen akaso joko-zelai arrotzean ari garela, baiki, baina nonbait bide okerra hautatu genuela, eta ez garela literatura interesgarria egiten ari, eta hori ikusten da erreleboan, errelebo ezan hain zuzen; pentsa, geu (nire belaunaldia) gara gazteenak, gero ez dago belaunaldirik, pieza solteak baizik…
Et, et, et… zuk 29 urterekin argitaratu zenuen lehen liburua, ipuinak; bigarrena, nobela, 35 urterekin. Denbora pixka bat eman beharko diezu gazteenei ere, kontzientzia izan dezaten belaunaldi bat osatzen ari direla. Adibidez, Lekore literatur aldizkarian igartzen ahal duzu belaunaldi bat, 90etan jaiotakoa.
Zutaz hitz egiten hasi eta ohartu naiz apenas dakidala ezer zure haurtzaroaz, eta, esaterako, zure lehen liburuez… zeintzuk izan ziren?
Zeharka bada ere, lehen zeozer aitortu dizut pertsonaia literarioez ari nintzenean, baina esango dizkizut nire gaztaroko liburuak, gogoangarriak. Stevensonen Dr. Jekyll eta Mr. Hyde, Poeren Rue Morgueko hilketak, Dostoievskiren Jokalaria, Kafkaren Metamorfosia, Camusen Arrotza, Becketten Molloy, Capoteren Gosaria Tiffanys-en, eta halakoak, tipikoak, laburrak denak, ohartzen zarenez. Denak espainolez irakurriak. Hamlet ere bai, Fernandez de Moratinen itzulpen batekin (liluragarria zen erdara mota hura). Eta handik gutxira… Scott Fitzgeralden Gatsby Handia; sekulako idazlea, beti aipatzen dut, askotan errepasatzen ditut haren nobelak eta ipuinak eta oharrak. Eta euskaraz: Lizardiren Bihotz-begietan (liluragarria zen euskara mota hura); eta Saizarbitoriaren 100 metro, gurasoen lagun batek oparitu zidana; artean ez nuen Harri eta herri ezagutzen, poema solteak bakarrik ikastolan. Oraindik ere berriz irakurtzen ditut liburu hauek noizean behin.
Zure etxean bazen halako giro bat edo? Gurasoek irakurtzen zuten?
Zarauztarra naiz. Lizardi eta Anjel Lertxundiren Goiko kale zeuzkaten etxean. Baina munduko klasiko batzuk ere bai, gutxi baina niretzat nahikoa. Futbola eta futbola, ez genuen gaztetan beste ezer buruan (aita futbolaria izandakoa zen gainera). Solfeoa osorik eta piano pixka bat ikasi genituen hiru anaia-arrebek. Monitor izeneko entziklopedia handi bat bagenuen etxean, Salvat argitaletxeak egina; han pintura erreprodukzio onak zeuden, eta pintoreei buruzko sarrera guzti-guztiak irakurri nituen. Ondoren musikarienak. Azkenik idazleenak.
Segituan harrapatu zintuen literaturak?
Ez naiz gogoratzen, baina Txiliku irakasleak inoiz aipatu dit ondo idazten nuela txikitan. Ikastolan pixka bat irakurtzen genuen, eta idatzi, eta margotu. Behin batean, larunbat goiz batez, Nestor Basterretxearen etxera eraman gintuen andereño tolosar batek. Ordurako, gurasoekin Arantzazura egindako txango batean, Oteizaren apostoluekin txundituta nengoen.
Ezin zaitut institutu garaian irudikatu… ikasle zintzoa ikusten dut, enpolloia, baina baita kalamidadea ere, pasillotan erretzen ibiltzen zen horietakoa; nolakoa zinen?
Tortilla pintxoak jan eta musean jokatu, hori zen piper egiteko aitzakia nagusia. Institutuan deskubritu nuen Susa literatur aldizkaria. D titulua bagenuenoi, Karlos Otegi irakasleak liburuak eta aldizkariak ekartzen zizkigun. Eskola ordurik gabe uzten gintuen irakurtzen. Filosofia eta historia irakasle erdaldun bi oso on izan genituen, eta hori ere oinarrizkoa izan zen niretzat. Grebak antolatzea gustatzen zitzaigun, eskubideak aldarrikatzea eta torturak salatzea, geure nortasuna markatzea.
Nola gertatu zen Susako jendearekin lehen harremana?
Poema batzuk bidali nizkien 1983ko abenduan, eta 1984ko martxoko lehen alean plazaratu zituzten. Gero Zarautzera etorri ziren bilera bat egitera, eta han atrapatu ninduten; noizean behin Argiako erredakziora joaten nintzen, Susa aldizkarirako iristen ziren ipuin eta poemak pikatzera. Susan eta Argian lanean 1985eko irailean hasi nintzen. Nire lehen editore lana 1986an egin nuen.
Sentimendua zeneukaten, hasiera haietan, literatura hankaz gora jartzen ari zinetela, edo hori gerora ikusten da?
Susako haiek bereziak ziren. Hasieratik antzeman zitzaien. Josu Landa, Mikel Antza, Xabier Montoia, Eneko Olasagasti, Iñaki Uria, Joserra Utretx, Pablo Sastre, Edorta Jimenez… Liburuak ere argitaratzen hasi ziren 1983an: Anfetamiña, Ipurtargi beltza, Hotel majikoa, Basilika… Ni ez nintzen haietako bat, ni baino bost urte edo gehiago zituzten.
Beharbada garai hartan literatura ganberroagoa zen, idazleak alkoholikoagoak ziren gutxi zeukaten galtzeko, dena zen espontaneoagoa. Gero normalizazioa etorri zen eta lokartu egin ginen (barka berriz ezkor jartzea).
Gazteak ziren. Ausartak ziren. Musika zaleak ziren. Eta aktoreak ere bai batzuk. Kazetari lanak egiten zituzten Argian, baina denean sartuta zeuden: literatura, musika, antzerkia, irratia. Punk garaia, rock garaia, kantagintza. Letrak idazten zituzten Hertzainak, Kortatu, M-ak taldeentzat. Kontzientzia politiko berezia zeukaten eta kultuak ziren. Elkarrizketak egiten zizkieten Federiko Krutwigi, Bernardo Atxagari, Koldo Izagirreri, Joxe Azurmendiri, Joan Mari Irigoieni.
Ni naiz, edo gaurkoa baino garai interesgarriagoa deskribatzen ari zara?
Mitologia egiten ari naizela ematen du? Ez zen nire asmoa. Garai bateko kontuek horixe daukate, abenturazkoak diruditela. Baina ez dut ezer faltsutu. Orain ere ezagutzen dut jendea gauza asko eta onak egiten dituena, diziplina ezberdinetan diharduena; eta zuei buruz ere 25 urte barru hitz egingo dute era distiratsu batean, eta edertasun suerte bat ikusiko dute kontakizunean. Batzuetan ez dugu konturatu nahi egundoko lanak eskaintzen ari dela jende mordoa gaur bertan: zineman, dantzan, antzerkian, bertsotan, musikan, literaturan, artean… denean. Baina kexu gara, prekarioa delako egoera.
Gaur egun oso gutxi aipatzen den gaia da geure literaturan izan diren bando politikoena… garai batean literatura hala zegoen antolatuta, baina jadanik ez, ezta? Edo akaso bai…
Sasoi hartan sortu ziren aldizkari eta argitaletxe berriak. Susa, Maiatz, Idatz & Mintz, Pamiela, Txistu y Tamboliñ, Kandela, Korrok, Ttu-ttua, Txortan, Porrot, Plazara, Literatur Gazeta… denak garrantzitsuak. Aldizkari haietako lagun batzuek besteekin harremanak bazituzten, beste batzuekin ez hainbeste. Joan den mendearen amaieran bukatu ziren dinamika haiek Zantzoa eta Vladimir aldizkariekin. Baina orduko erreka ezberdinen jarioak igartzen dira oraindik ere, bakoitza bere bidetik.
Ez dizut galdetuko zeintzuk diren zure planak, etengabe galdetu dizute; bai nahiko nuke jakin, ordea, zein aholku emango zeniekeen euskal idazleei, baldin eta (ez nago seguru baina) haien buruan balego geure literatura plazaren erdira ekartzeko asmoa.
Irakurtzeak ahalegin berezi bat eskatzen du: nork bere begiekin, memoriarekin, gogoarekin (eta ia gorputz osoarekin) egin behar du, testu literarioarekin elkarrizketa moduko bat abiatu, nork bere burua eskaini testuaren alde. Partitura bat hartu, piano aurrean eseri eta soinuaren ederra ateratzen hastea bezalako ekintza aparteko bat da. Horregatik, literatura kulturaren eta plazaren erdira ekartzea ez da erraza izango sekula. Balentria moduko bat da akto literarioa, gero betetasun edo poz antzeko bat emango dizuna saritzat. Idazleak, hala ere, egoera eta posizio zail (eta prekarioaren) gainetik, plazaren erdian paratu behar du bere burua harrotasunez, denok behar dugu-eta idazle bat, gaur bertan ez baldin bada bihar: gidoia egiteko, albistea, iragarkia, kantua, hitzaldia, botiken azalpena, aldarrikapena, proiektua, iritzia, ikasmateriala, txostena, diskurtsoa, araudia, slogana, argibideen panela, aurkikuntza zientifikoa, kronika, itzulpen egokia, gutuna, hil-oharra. Nire lagun batek esan ohi du. “idazle aerodinamiko batek mirariak egingo dizkizu”.