Elena Odriozola: “Urteekin estetika alda daiteke, baina estiloa ez; estiloa da zu zaren hori”

0

Haur eta Gazte Liburuaren Espainiako Elkarteak eta Galtzagorri elkartea Elena Odriozola ilustratzailea (Donostia, 1967) aukeratu zuten, iaz, IBBY International Board on Books for Young People elkarteak banatu berri dituen Hans Christian Andersen sarietarako hautagai izateko. Maiatzaren 4an jakinarazi berri dute Albertine suitzarrak jasoko duela 2020ko saria baina, koronabirusaren krisia dela eta, irailean Moskun ospatzekoa zen sari-banaketa 2021era atzeratu dute. Isabelle Arsenault (Kanada), Seizo Tashima (Japonia) eta Iwona Chmielewska (Polonia) izan dira Albertinerekin eta Odriozolarekin batera 2020ko bost hautagaiak.

Espero al zenuen Andersen sarietarako finalista izatea? Nola hartu zenuen berria?
Poza ematen dizu. Sariak ez ditut inoiz espero. Harritu egin ninduen hautagaitzak, baina baita asko poztu ere. Azkenean irabazle izan den Albertine zoriondu nahiko nuke lerro hauen bidez.

Publizitatea

Andersen sariketan, hain zuzen, ilustratzaileen ibilbide artistiko osoa da saritzen dena. Nola hasi zinen zu lanbide honetan?
1997. urtean izan zen. Publizitateko agentzia batean egiten nuen lan eta, ez dakit nola esan, baina, nolabait, banekien egunen batean honetan arituko nintzela. Uste nuen, egunen batean, berez etorriko zela nire aukera. Eta etorri zen. Agentzia itxi zuten, ordurako nik zenbait lan eginak nituen enkarguz, eta ez nuen beste lanik bilatu. “Hau egingo dut”, pentsatu nuen.

Erabaki ausarta…
Ez, ez… Nik ez dut nire burua ausartzat hartzen, eta hura ere ez zen ausardiaz hartutako erabaki bat izan. Ez nuen esan “lana utzi eta nire kabuz hasiko naiz”. Hori baino sinpleagoa izan zen. Urrats natural bat. Agentzia itxi zutenean, oso argi izan nuen. Amak ere galdetzen zidan: “Ez al zara lan bila hasiko?”, baina ez nuen egin. Ez dakit zergatik, banekien aukera helduko zela. Konfiantza hori neukan. Gero eta jende gehiagok deitu zidan enkarguak egiteko, eta horrelaxe hasi nintzen.

Garai hartan, nola zegoen irudigintzaren sektorea?
Gaur egun baino ilustratzaile gutxiago ginen orduan. Internet ere ia ez zen existitzen; ez, behintzat, gaur ezagutzen dugun bezala, eta sare sozialak ere ez, noski. Lan egiteko modua oso ezberdina zen, eta ez dut esaten hori hobea ala okerragoa denik. Garai bakoitzak baditu bere abantailak eta desabantailak. 1990eko hamarkadan, sektorean jende gutxiago egonik, errazagoa zen enkarguak jasotzea; bestetik, gaur egun, askoz errazagoa da edonoren lana ezagutzera ematea, zabaltzea… Halaber, ilustratzaileok errazago dugu edonorekin lan egitea, bertokoa nahiz kanpokoa, gure lanak mundu osoan ikus daitezkeelako.

Sektorearen prekarietatea, baina, ez da asko aldatu urte hauetan guztietan, ezta?
Ez, hori ez da gehiegi aldatu. Are: zerbait esatekotan, okerrera egin duela esango nuke. Gurea ez da inoiz izan oso ongi ordaindutako sektorea, baina, une jakin batean igotzeari utzi zion eta hortxe gelditu ginen.

Zeintzuk dira zure erreferenteak ilustrazioaren munduan?
Askotan galdetu didate hori, eta zaila da erantzun bat ematea, denborarekin aldatu egiten direlako erreferente horiek. Momentu batean gustatzen ahal zait ilustratzaile baten lana, baina, handik urte batzuetara, ez dit ezertxo ere transmititzen. Aukera hain da zabala: hainbeste artista, hainbeste lan, ezinezkoa baitzait zerrenda bat osatzea. Asko maite dut, adibidez, Natalie Parain artista poloniarraren lana. Eta ez da gaztetxo bat, e! 1930eko hamarkadako ilustratzaile bat da. Hemen ez dut hari buruzko libururik ikusi, eta etxean dauzkadanak Frantzian erosiak dira. Horrez gain, izugarri gustatzen zaidan beste klasiko bat da Sempé. Azkenik, Wolf Elbruch ere oso gustuko dut. Dena dela, izen asko utzi ditut aipatu gabe, eta seguru naiz damutuko naizela elkarrizketa irakurtzen dudanean.

Erreferenteak aldatzen diren neurri beren aldatzen da artistaren estiloa ere. Nolakoa izan da zure eboluzioa?
Nire ustez, estetika da urteekin aldatzen dena, baina estiloa ez. Estiloa da zu zaren hori. Nahiz eta estetika edo marrazteko modua aldatu, zu hor zaude, ilustrazio horretan. Estetika berez aldatzen da: bat-batean, ordura arte funtzionatzen zuen zerbaitek jada ez dizu balio, eta konturatzen zara, ui!, elementu zehatz bat ezberdin egiten duzula. Hori da aldatzen dena. Eta eskerrak.

Zergatik?
Nik ezingo nuke beti berdin marraztu. Agian beste batek bai, eta ez dut arazorik horrekin, denok baikara garen bezalakoak, baina nik ezingo nuke. Iristen da momentu bat zeinean konturatzen bainaiz marrazten ari naizena egin izan dudala beste noizbait. “Hau egin dut jada”, pentsaten dut. Eta ezin dut berriro egin. Aldaketak, dena den, txikiak dira, pixkanaka gertatzen dira eta, batez ere, ez dira aurrez planfikatuak. Ez dut pentsatzen: “Aurrerantzean, hau horrela egingo dut”. Berez etortzen dira aldaketak. Askotan, krisi txiki baten ondorioz.

Krisiak?
Bai, askotan gertatu izan zait. Gelditzen zara ez aurrera ez atzera, ez dakizula zerbait nola egin. Buruari eragin arren, ez zaizu ateratzen, eta pentatzen duzu: “Akabo, ez dakit marrazten”. Eta gero, gehiegi pentsatu gabe… pam! Lortu duzu. Egin duzu, beste era batera. Jendeak agian ez du igarriko zer aldatu duzun, baina zuk bai. Badakizu aurrera urrats bat egin duzula.

Egin al dizute inoiz ilustratu ezin zenuen enkargurik?
Bai. Batzuetan, testua zoragarria izanda ere. sentitzen dut ezin diodala ezer erantsi. Agian ez daukat ezer irudien bidez kontatzeko, eta halakoetan, ez dakit zentzurik duen lan hori egiteak. Gerta daiteke ere testua ez gustatzea. Badira, irakurri ostean, hotz utzi nauten testuak. Halako proiektu batzuei ezetz esan izan diet, ez zitzaizkidalako interesatzen, edo ez nuelako nire burua gai ikusten. Dena den, kasuan-kasuan aztertu behar dira gauzak: batzuetan, enkargua hartzen duzu, gehiegi ez gustatuta ere. Hori egitea erabakitzen baduzu, saiatu behar duzu den-dena ematen. Ahalik eta hobekien egin, eta testuaren egilearen ikuspuntua ulertzen saiatu. Ea zer ateratzen ahal duzun hortik.

Lanerako errutina zorrotza ezartzen diozu zeure buruari?
Ez oso zorrotza, ez. Proiektu bakoitza ezberdina da, baina, funtsean, prozedura bertsua izan ohi da beti: testua irakurri, eta buruari eragin. Pentsatu eta pentsatu. Ez ditut zirriborro asko egiten, nik lan guztia buruan egiten dudalako hasieran. Eta buruan argi dudan momentuan, hori paperera eramaten dut. Dena den, ez dago pauta zehatz bat, eta gauzak ez dira beti horrela gertatzen. Batzuetan, beste era batera heldu behar izan diet proiektuei, baina, oro har, ezer marrazu aurretik, gustuko dut ideiei bueltak ematea, buruari eragitea eta pentsatzea zer kontatu nahi dudan. Hori argi dudanean, erabakitzen dut nola kontatuko dudan eta zer teknika erabiliko dudan. Baditut teknika batzuk gehienetan erabiltzen ditudanak, baina, beste batzuetan, ohikoak ez dit balio kontatu nahi dudanerako, eta beste teknika bati heldu behar diot.

Inoiz trabarik jarri al dizute proiektu bat zuk nahi duzun bezala egiteko, edo estiloren bat inposatu nahi izan dizute?
Gutxitan esan didate “hau honela egin behar duzu”, eta gaur egun, seguruenik, halakorik esango balidate, ez nuke egingo. “Hemen hau jarri eta beste hau egin”? Hori ez da nire lana. Lan txarra egingo nuke, gainera. Beste gauza bat da nik lan bat egitea eta horren gainean eztabaidatzea, edo hobetzeko ideiak proposatzea. Hori da editore baten zeregina: ilustratzailearen lana hobetzea. Batzuetan, proiektuan barruraino murgilduta baldin bazaude, ez duzu perspektiba nahikorik, eta ez dituzu zenbait gauza ikusten, baina kanpoko norbaitek bai. Hortik etor daitezke aholku eta proposamen interesgarriak. Baina zein kolore erabili behar dudan esaten ibiltzea? Zure ekarpena hori bada, nahiago dut ezer ez esatea. Honekin ez dut esan nahi beti egin behar denik ilustratzaileak dioena, ezta gutxiagorik ere, baina beste norbaiten lana zuzentzen eta hobetzen ere jakin behar da.

Argitaletxe eta editoreekin izan dituzu ahalko eztabaidak?
Editoreekin bainoago, idazleren batekin. Gidoi moduko bat pasa izan didate, dena zehatz-mehatz deskribatuta: neskak eta mutilak honelakoxeak izan behar dute, eta ikusi behar ditugu beste hau egiten… Bada, ez. Nik ez dut horrela lan egiten, nahieran. Nire lana pentsatzea da, eta hori kentzen badidazu, ez dut lan on bat egingo. Ez zait interesatzen. Aurreko guztia esanda, nire ibilbidean ez dut arazo larririk izan. Halako desadostasunak lasaitazunez hitz eginda konpontzen dira kasu gehienetan.

Sentimientos Encontrados argitaletxea martxan jarri duzu berriki. Nola animatu zinen argitaletxeen mundura jauzi egitera?
Joan den urtean martxan jarritako proiektua da. Hiru pertsonak osatzen dugu argitaletxea: Gustavo Puertak, Marta Ansonek eta nik neuk. Ordurako, Gustavok eta biok hamaika tailer, ikastaro eta lan eginak genituen elkarrekin, eta Martak, haren emazteak, esan zuen pena bat zela horiek tiraderan gordeta uztea. Horretarako sortu genuen argitaletxea: gustatzen zaizkigun proiektuak gauzatu eta argitara emateko. Bizitzak eman didan beste aukeretako bat izan da. Agian, proposamena beste norbaitek egin izan balit, ezetz erantzungo niokeen, baina Gustavo eta Martarekin gustura sentitzen naiz, eta berehala eman nien baiezkoa. Oraingoz, pixkanak ari gara: lau liburu argitaratu ditugu, eta esperientzia polita izaten ari da. Une honetan, badugu kezka, denok bezala, ez baitakigu nola eragingo digun koronabirusaren krisi honek, baina gogotsu heldu diogu lanari. Pozik eta ilusioz ari gara.

Egin dituzun ilustrazioen eta proiektuen artean, izanen duzu begiko duzun bat, maitasunez gogoratzen duzuna…
Bat baino gehiago, beste norbaitek proposatutakoak zein neure kabuz eginak. Hala ere, oso kritikoa naiz neure buruarekin, eta aitortuko dizut nire lan asko ez zaizkidala gustatzen jada. Baina badira kutun ditudan beste batzuk. Adibidez, oso gustuko dut Gustavo Puertarekin batera argitaratutako Etxean barrena (Sentimientos Encontrados, 2019). Horrez gain, izugarri maite ditut Eguberria. 24 ohitura, kantu eta istorio (Nerea, 2012), Juan Kruz Igerabidek idatzitakoa, eta baita Frankenstein ere (Nórdica, 2013).

 

Harpidetu
Jakinarazi
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments