111 Akademiaren Saria irabazi du Karmele Jaiok Aitaren etxea (Elkar, 2019) bere azken eleberriarekin. Oraingoan ahalegin berezia egin du arlo teorikotik hainbat elementu esparru konkretura eramaten, emakumezko eta gizonezkoen arteko harremanaren inguruko hausnarketa sakona eskaintzeko.
Denbora pixka bat igaro da liburua argitaratu zenetik. Espero zenuen 111 Akademiaren saria irabaztea eta orokorrean izan duen harrera izatea?
Ez, ez nuen espero, ezta saria ere. Argitaratzean ere ez dakizu ondo dagoen, gaizki dagoen, mila aldiz irakurri duzu, baina erreferentzia galdu duzu. Gero poliki-poliki zoaz ohartzen zer egin duzun, baina liburua bukatu duzunean nik uste ez dakizula zer egin duzun. Jaso nuen lehenengo inpresioa Durangoko Azokan izan zen. Liburua atera eta han bat-batean batzuek jada irakurrita zuten, beste batzuek ez, baina nabaritu nuen interesa eta jende asko inguruan.Gero jaso ditut iritzi asko, beste liburuekin gertatu ez zaidana. Sare sozialek ere eragina dute, jendeak oso erraz kontaktatu dezake zurekin. Ezberdina izan da, jende askok idatzi dit, bakoitzak gauza bat kontatuz, bakoitza liburuaren zati batek hunkitu du. Gizon askok ere idatzi didate, gaiagatik, eta esperientzia ezberdina izan da.
Liburua, besteak beste, “Gizon berri guztiei” eskainita dago.
Bai. Nik uste dut beraiei hitz egiten ari naizela sentitu dutela nolabait, eta askok idatzi didate: batzuek, hunkituta aita eta semearen arteko harremanarekin eta horrekin identifikatuta; beste batzuek, ikusi dituztelako egiten dituzten gauza batzuk edo emakumeak jasaten duen presio hori barrutik ikusi dutelako… Horrekin poz handia hartu dut, irakurlearekin komunikazio hori egon delako. Zikloa ixten dela sentitzen duzu, nolabait, irakurle batek liburua irakurtzean zer sentitu duen kontatzen dizunean. Hori jasotzen duzun unea oso pozgarria da.
Akademiakide batek eleberria familia askoren ispilu izan daitekeela dio, hau da, jende asko sentitu daitekeela pertsonaiekin identifikatuta.Â
Azken finean guztioi gertatzen zaizkigun gauzak ez dira hain ezberdinak. Bakoitzari gertatzen zaizkio gauza batzuk eta bakoitzaren bizitza ezberdina da, baina badaude elementu batzuk gure bizitzetan komunak direnak: garai berdina bizi izan dugu, gizarte berean, eta ondorioz badaude besteen bizitzetan errekonozitzen dituzun gauza asko.
Beste batek dio aurreko liburuekin alderatuta literatura heldutasunera iritsita aurkitu duela edo zure libururik borobilena dela. Zuk pertzepzio hori daukazu?
Denborarekin zure buruarekin gero eta exijenteagoa zara. Nik uste dut hori jende guztiari gertatzen zaiola. Igual ez dituzu onartzen beste momentu batean onartzen zenituen gauzak. Liburu honekin gertatu zait zalantza asko eta asko eduki ditudala. Momentu batean esaten nuen: Nora zoaz? Hau ez doa inora. Ez duzu lortuko esan nahi duzuna esatea. Hau da, zailtasun asko aurkitu ditut bidean eta nik uste horrek, zailtasun horiek gainditu edo batzuk behintzat gainditu izanak eramaten zaituela aurrera. Liburu bakoitzean ikasten duzu zerbait, egunero bizitzan ikasten duzun bezala. Idaztea gehien kostatu zaidan liburua izan da, gaiagatik bereziki.
Nola aukeratu zenuen gaia?
Askotan esaten dut nik ez dudala gaia aukeratzen. Ez dut liburu bat bukatu eta pentsatzen: zer gairi buruz idatziko dut hurrengoa? Badator, hor dago, ez dakit nola esan: zuk daukazun kezka bat izan daiteke, edo ikusten duzun zerbait. Eta zer kontatu nahi dudan jakin gabe hasten naiz idazten, eta agertzen da. Gai hau horrela atera zen: idazten ari nintzela behin eta berriro agertzen zen, emakumeak, maskulinitatea, botere harremanak, emakumeen aurkako indarkeria… eta momentu askotan esaten nuen: ez zaitez hor sartu. Horregatik izan ditut zalantza asko.
Idazle batek ez dakienaz hitz egin behar duela diozu liburuan. Idaztea zuretzat hori da?
Bai, neurri handi batean, baina gauza asko dira idaztea; lehenengo eta behin niretzat da deskubritzea zer esan nahi dudan, edo zer daukadan buruan, edo zer adierazi nahi dudan badakidalako barruan daukadan hori bakarrik agertuko dela idazketa prozesuaren bitartez. eta berbetan edo harremanetan ez dela agertuko zehazki esan nahi dudan bezala. Niretzat idaztea lehenengo eta behin da deskubrimendu hori, nire buruarentzako dena. Baina idaztea, noski, norbaitekin ematen den komunikazioa ere bada, hau da: nik ez dut idazten niretzat, nire gauzak irakurtzeko; idazten dut norbaitek hori irakur dezan eta azkenean nire buruan daukadan hori beste baten burura hel dadin. Badago idazketan eta irakurketan, dena bat baita, gauza oso berezi bat, eta da nola bi intimitate elkartzen diren. Zu idazten ari zara intimitatean bakarrik, zure buruarekin, zure zalantza eta kezka guztiekin, eta irakurtzen duenak ere bere intimitatean irakurtzen du. Eta bat-batean badago bi pertsonen artean konexio bat, urrunean ematen dena, baina oso intimoa dena, zeren kontatzen ari zarena intimoa da eta bera ere jasotzen ari dena horrelakoa da. Idazten duzunean hori ere bilatzen duzu.
Txekhovek esaten zuen pertsonaiak deskribatzeko orduan ezagutzen dituzun pertsonetan oinarritu behar duzula. Liburua irakurtzean sinesgarritasun sentsazio erabatekoa eduki dut.Â
Pertsonaia bat sortzen duzunean ez zara ari ezagutzen duzun pertsona konkretu bat deskribatzen, baina jasotzen dituzu ezagutzen dituzun pertsona batzuen gauza batzuk. Pertsonaia bat sortzen duzu, baina errealitatetik jasotzen duzu. Baina sinesgarritasuna nola lortu? Nik uste dut hori lortzea dela zailena, pertsonaia bat benetakoa sentitzea. Oraingoan egin dut saiakera berezia, batetik, pertsonaien kontradikzioetan sakontzen, denok ditugulako kontradizkio asko, eta ondorioz ez gara bakarrik modu batekoak: denok ditugu aurpegi asko eta konplexutasun hori pertsonaia batean jasotzen saiatu naiz. Eta bestetik, aldi berean irakurleak “hau horrelakoa da” esan zezan ere ahalegindu naiz.
Nola lortzen duzu hori?
Nik uste gauza oso konkretuen bitartez lortzen dela. Idazleak ezin du kontatu nolakoa den pertsonaia bat, erakutsi egin behar du nolakoa den egiten dituen gauzekin edo egiten ez dituenekin, mugitzeko duen moduarekin, esaten dituen gauzen bidez… Zentzu horretan liburu honetan saiatu naiz esan nahi nuen hori leku eta egoera konkretu batera eramaten, eta hori ere zailtasun bat izan da. Gauza oso orokor batzuei buruz ari zara berbetan, harremanei buruz, berdintasunari buruz… Hori guztia teorian badakigu nola kontatu, baina nola eraman zure etxeko sukaldera, leku konkretuetara? Hori izan da beharbada zailena.
Emakumezko eta gizonezkoen arteko harremanaren inguruko hausnarketa sakona dago liburuan. Baina Ismael protagonistak eta baditu maskulinitatearekiko bere zalantzak, ezta?
Azken batean era batera sozializatzen gaituzte eta kaxoi horretan sartzen goaz poliki-poliki, horretara moldatzen. Baina eredu hori izateko gauza asko uzten ditugu alde batera. Denok dauzkagu hainbat gauza txikitatik esan diguten horrekin bat ez datozenak: nolakoa izan behar duzun, nola maitatu behar duzun… Ismaeli hori gertatzen zaio. Berak ez du enkajatzen bere aitaren eredu horretan, baina bizitza osoa pasatzen du horrekin bat etorri nahian, eta azkenean nobelagile bezala arrakasta izatea ere bada modu bat berarentzat aitari erakusteko zerbaitatetan arrakasta daukala. Igual ez naiz ehiztari ona baina honetan ona naiz. Orokorrean sozializatze prozesuan helburu batzuk jarri dizkigute eta norbera hor eroso sentitzea ez da erraza, kontraesanak daude, barne gatazka asko.
Maitasunari buruz Jasonek dio emakumeoi bizitza osoa estali behar dugula erakutsi digutela eta gizonezkoek, berriz, kutxatxo batean aparte sartzen ikasi dutela.Â
Hala da, gure bizitzaren zentzua nolabait maitasunean oinarrituta dago. Emakumezkoei gure bizitzaren helburua maitasuna ematea eta maitatua izatea dela erakutsi digute, eta horrek gure bizitzako atal guztiak zipriztintzen ditu. Gizonen kasuan erakutsi diete maitasuna ondo dagoela, baina bizitza profesionalean arrakasta izatea garrantzitsuagoa dela.
Bikotearen arteko harremanean inkomunikazioa ere nabarmena da. “Metroaren bagoi bat pasatu da gure etxe azpitik eta Ismael ez da enteratu estudio isolatu horren barruan”, esaten du pasarte batean Jasonek.
Inkomunikazioa eta, horrez gain, nola bakoitzak izan dezakeen errealitate beraren oso irudi ezberdina, momentu bera bizi arren. Nondik ari zaren begiratzen, horrek ematen dizu bista. Horregatik pertsonaia bakoitzari bere esparrua eman diot, bakoitzaren barne mundua azaleratu, hau da, nola ikusten ari diren gauza bera baina guztiz ezberdin senarra eta bera. Eta nola zuk nabaritu ditzakezun hainbat gauza eta beste batek ez, edo alderantziz. Non zauden horren arabera errealitatea ezberdin ikus dezakezu, baina garrantzitsuena nire ustez non zauden jakitea da. Kontziente izatea nik hau horrela ikusten dudala baina horrela ikusten dudala hemen nagoelako; errealitateari nondik begiratzen ari zaren jakitea.
Familia harremanetan ere ikusten da ezberdintasun hori: Ismaeli gehiago kostatzen zaio bere familiarekin harreman naturala izatea.
Hor azaltzen da familietan egon den isiltasuna. Liburuko beste protagonista bat da, nola familietan askotan honen bitartez gauza asko transmititzen diren. Askotan ez da zerbait hitzekin esan behar, esan gabe gauza asko transimititzen dira. Badago komunikatzeko ezintasun bat ere, bereziki aitaren eta semearen arteko harremanean. Sozializatuak izan diren moduagatik, eta gizon izateko izan duten haien rolean ez da sartu sentimenduak adieraztea, hori nolabait galarazita eduki dute. Aitaren eta semearen arteko komunikatzeko zailtasun hori, familia guztietan eman daitekeena, gizonetan gehiago ematen dela iruditzen zait.
Gai potoloak direnak eta ez direnak ere aipatzen dituzu gizonezkoen eta emakumezkoen arteko eztabaida horretan. “Nik banekien Ismaelek nire hitzei ez ziela obra handien usaina hartzen, jogurtezko bizkotxoaren eta ezpainetako kakaoaren usaina baizik”.
Kasu honetan, adibidez, idazketari buruz ari garenean hausnarketa bat dago: batetik, gizonak eta idazketa, eta nork erabakitzen duen gai batzuk direla potoloak eta inportanteank, eta beste batzuk ez, etxe barrukoak, esaterako. Nork erabakitzen du hori? Nork ematen dio prestigioa obra bati? Hor agertzen dira modu teorikoan hainbat gauza baina eremu konkretura eramanda, eta idazketari buruzko hasunarketa konkretu hori egiten da. Badago, baita ere, beste hausnarketa bat: idazketa eremu bat da non agertzen diren egiak, liburuan esaten da batzuetan agertzen direla idazleari ere gustatzen ez zaizkion gauzak: berunezko hitzak. Gure eguneroko bisuteriazko hitz horiekin konparatuz, idaztean pisuzko hitzak agertzen dira.
Hitzak batzuetan, Ismaelen kasuan bezala, “bizitzarik gabeko harriak” dira, eta beste batzuetan editoreak Jasoneri esaten dizkion lau hitz gasolina bilakatzen dira.
Hitzak bere barnean daraman egiak ematen dio bizitza edo kendu. Hitzak ez dira ezer, hitzen barruan doan horrek ematen dio hitzari bizitza edo harri bat bihurtzen du.
Zer da orain liburutik gehien gustatzen zaizuna?
Ariketa zaila izan da niretzat, baina lehen esan dudan bezala, nire buruan modu asbtraktuan edo modu teorikoan zeuden hainbat gai eremu konkretura eramaten lagundu dit. Modu teorikoan hausnarketa eginda eduki dezakezu, baina horiei lur harraraztea, eguneroko harremanetara eramatea… Hori zen erronka. Uste dut gerturatu naizela, eta niretzat lagungarria izan da.