Oihane Amantegi: “Heriotzaz mintzatzea gogorra izan arren, umearen ahotsak lagundu zidan amaiera gozoa ematen”

0

FORMAZIOZ ANTROPOLOGOA DA OIHANE AMANTEGI (AMOREBIETA-ETXEANO, 1985) ETA IKERLARI ETA ITZULTZAILEA BEZALA IBILI DA URTETAN LANEAN. ‘IBAIERTZEKO IPUINA’ IZENEKO BERE LEHENENGO LIBURU HONETAN (ELKAR, 2020) HERIOTZA ETA MINA DITU HIZPIDE UME BATEN XALOTASUNAK ESKAINITAKO UNIBERTSO ONIRIKO EDER BATETIK.

Sarreran azaltzen diren aipuetan jada, baita izenburuan ere, ibaiaren garrantzia ikusten da. Zergatik aukeratu zenituen Fernández Malloren eta Saramagoren aipu horiek?
Liburua idatzi ahala agertu ziren. Bi aipuekin horixe gertatu zitzaidan: idazten ari zarenean ere irakurtzen jarraitzen duzu eta horrela azaldu ziren. Liburuan esan nahi nuena jasotzen dutela ikusi nuen. Bi esaldi horietan arimaren eta ibaiaren arteko loturaren ideia azaltzen da sintetizatuta, baina modu eder batean.

Publizitatea

Minari buruzko eleberria da, ume baten minarena. Ikuspuntu xalo eta garbi hori mantentzea erraza egin zaizu?
Ume baten minari, doluari edo ume baten galerari buruzko liburua da, bai. Baina momentu batzuetan txertatzen da helduagoa den ahots hori ere, eta uste dut joko horrek ematen didala aukera umearen ahotsa mantentzeko baina gero aurrerago salto egiteko. Bi ahots horiek tartekatzeko aukera, nahiz eta niretzat umearena izan liburuan garrantzitsuena, aberasgarria izan da, nolabait ahots bakar hori gainditzeko modua ere izan baita.

Zergatik kokatu duzu istorioa Georgian?
Ibai bat behar nuelako. Liburua idazten hasi nintzenean konturatu nintzen ibaia garrantzia hartzen ari zela eta ibaiaren inguruan kokatutako kontaketa bat izango zela. Ibaiarekin batera beste elementu batzuek ere garrantzia hartu zuten: harmonikak, eztiak… Azken elementu honen kasuan, ezti klase konkretu bat aipatzen dut liburuan, oso leku zehatz batean ekoizten dena, Georgian, eta ibai hau aukeratu nuen: Ochlockonee.

Istorioa atenporalitate batean kokatua dago; kontatuta dagoen bezala XVIII. mendean ere gerta zitekeen. Nola lortu duzu hori?
Hori lortzeak lana eskatu dit, bai. Egon dira pasarte batzuk beste hurrenkera batean zeudenak, ez dut idatzi linealtasun zorrotz batekin; tira, orokorrean bai, baina gero mugitu egin ditut batzuk. Azaltzen diren elementu horiek mantenduz (eztia, ibaia, txanpona, harmonika…) trinkotasun hori lortzeak lanak eman dizkit.

Minaren hainbat alderdi jorratzen dituzu: hasieran dolua protagonistaren sehaska kantua dela esanez, edo aurrerago aipatuz minaren filtrotik gogoratzen direla paisaiak, edo minari ez diogula aurrez aurre begiratzen… Baina zergatik erabaki zenuen heriotza eta minari buruz idaztea?
Heriotzari buruz hitz egin nahi nuen, edo doluari buruz. Hori izan zen aukeraketa. Eta haur baten ikuspuntua aukeratu nuen.

Asko kostatu al zaizu, heriotza gai gris eta astuna izanik, liburu arina idaztea?
Ez. Heriotza beti izan da gai potoloa, eta hala izaten jarraituko du. Asko kostatzen zaigu heriotzari buruz hitz egitea, baina hautua egiterakoan eta haurraren ahotsa hautatzerakoan nire buruari aukera hori eman nion, gehiago jolastekoa, alegia. Idaztea jolasa da berez, eta ume baten ikuspuntua hartzen duzunean jolasteko aukera horrek gozatu edo leundu egiten du kontaera. Heriotza denontzat gogorra da, baina berak egiten duen jolas horrek, ibaiarekin, bere ahizparekin, txaluparekin, eztiarekin… istorioa gozatu egin du. Bere mundua ulertzeko tresnak dira.

Ibaia hasiera-hasieran azaltzen da, lehenengo paragrafoan, eta aipatu dituzun beste elementu horiekin batera bizitzaren eta heriotzaren arteko bidaia egiten dute; hau da, bilakaera bat nozitzen duten elementuak dira.
Liburuko protagonistaren bidaia burutzeko tresnak edo bideak dira elementu horiek guztiak.

Harmonika bera ere bizitzaren beste aldetik entzuten du protagonistak une batean: hilda dagoen ahizpak nola jotzen duen entzun dezake. Ibaia bera ere liburu osoan zehar beste zubi bat bilakatzen da.
Ibaiarena oso argia zen, bizitzaren eta heriotzaren arteko igarotze hori irudikatu nahi nuelako.

Negua “bere altzairuzko ukabilarekin” igaro ostean, “minaren erditik” gauzak ere goza daitezkeela aipatzen du protagonistak, eguzkiak jotzen duen harri zapal batean, eztia ogi zati batekin jaten ari den bitartean.
Bai, badaude gauza asko bizitzara lotzen gaituztenak, eta umearen kasuan eztia da. Bizitza azkenean horixe da: zartada bat derrepentean eta gero bake momentu bat eztiz igurtzitako ogi zati batekin.

Minari irtenbide positiboa eman diozu. Nola iritsi zinen puntu horretara?
Nik garbi nuen liburua ondo amaitu nahi nuela, bukaera polita eman nahi niola, gozoa, eta nahi nuen ziklo hori itxi, ez nuen irekita utzi nahi. Argi neukan ederra izatea nahi nuela. Hori horrela izanik eta heriotzaren inguruan mintzatzea gogorra izan arren, umearen ahotsa aukeratu izanak lagundu zidan amaiera gozoa ematen.

Amaiera baino lehen beste elementu berri bat azaltzen da bat-batean: izotza. Bere presentziak ere bukaerako gozotasuna areagotu egiten du, ezta?
Bai, azkenean ipuinaren zati horretan ikusten da haustura bat egongo dela, ibaia desagertuko dela forma horretan, edo ez dela egongo beste aldetik etortzeko aukerarik. Intro antzeko bat egiten du amaiera horretan, ibaia bukatu dela azpimarratuz.

Eta horren ondoren mezua ere argi gelditzen da: finean heriotzari buruzko liburua da, baina bizitzaren aldeko mezua zabaltzen duena.
Bai, amaieran argi ikusten da aurrera jarraitzeko gauza batzuei agur esan behar zaiela, protagonistak behar duela ziklo bat itxi, eta horretarako modu polita iruditu zitzaidan, polita eta sinplea. Hor azaltzen dena agur bat da, eta ondoren beste gauza batzuk etorriko dira.

Kapitulu bakoitza oso bisuala iruditu zait, film bat bezalakoa, eta soseguz idatzia.
Hori Xabier Mendiguren editoreari eskertu behar diot, azken unean berarekin egindako lana baita. Pasarteak aurretik ere laburrak ziren, baina azken egituraketa edo zuk diozun azken fotografia hori Xabierren eta bion artean adostu dugun zerbait izan da. Uste dut horrela lortu dugula argazki bidezko kontaketa hori.

Tonu onirikoa oso argia da liburu osoan zehar.
Horregatik defendatzen dut ipuintasun hori, tituluan bertan agertzen dena; gero ipuin luzea izan daiteke edo nobela laburra, baina ipuintasunak elementu oniriko asko jasotzen ditu.

Idazten duzun lehenengo liburua da. Amaitu zenuenean esan nahi zenuen hori adieraztea lortu zenuela iruditu zitzaizun?
Bai, eta gainera ia ehuneko ehunean. Uste dut lortu nuela ehun orri hauetan esatea nik nahi nuena eta nahi nuen moduan, eta hori niretzat, nire lehenengo liburua izanik, gauza handia da; hau da, nire buruan zegoen borobiltasun horretatik oso-oso hurbil gelditu naizela ikustea. Elkar argitaletxeak eta Xabierrek zerikusirik izan dute horretan ere.

Zenbat denboran idatzi duzu?
Oso tempo ezberdinak izan ditut. Duela sei urte inguru hasi nintzen, orduan idatzi nituen lehenengo berbak. Gero, sasoi batzuetan asko idatzi dut, beste zenbaitetan erabat geldirik egon da proiektu moduan… Halakoa izan da prozesua. Ez dut segidan idatzi.

Idazle berrientzat beti da zaila liburu bat argitaratzea. Zure kasuan, ostera, erraza izan da, edo hala dirudi behintzat.
Egia esan, erraza edo zaila den erantzuten ez nuke jakingo. Zure lanak literatura sarietara aurkezteko aukera hor izaten duzu beti. Lan hau sariketa pare batera aurkeztu nuen eta, nahiz eta ez irabazi, hortik zabaldu zitzaidan liburua argitaratzeko aukera.

Irakurle bezala, zein idazle dituzu gustukoen?
Galdera horren aurrean zer erantzun ez dakidala gelditzen naiz askotan, nire erreferentziak zein diren galdetzen didatenean alegia. Esan diezazuket zer irakurri dudan azkenaldian… Esate baterako, irakurle-talde batean Italiako emakume baten lanak irakurri genituen; ia amaieran Lorenza Manzettiren ‘Zerua gainbehera dator’ irakurri genuen eta flipatuta gelditu nintzen, nire liburuan hautatutako haurraren ahots horrekin lotu nuelako. Natalia Ginzburg zalea naiz, Alice Munro betidanik gustatu zait, eta Julio Cortázar nire kuttunetarikoen artean dagoela garbi dut. Oraintxe bertan horiek datozkit burura. Eta gero sasoiak dauzkat. Orain, adibidez, album ilustratuak oso gustura ari naiz irakurtzen.

Beti izan duzu buruan liburu bat argitaratu eta ondoren hasitako ibilbideari segida ematea?
Bai, eta orain bigarren proiektu bat darabilt esku artean. Badaukat zeozer idatzita, pixkanaka bere forma hartzen ari da. Orain behar dut apur bat ‘Ibaiertzeko ipuina’ itxi, atzean utzi, joan dadila bere bidea egiten. Bide berri bat zabaltzen hasia naiz. Asmoa da bigarren proiektu honi ahalik eta kalitatezko denbora gehien eman ahal izatea.

Harpidetu
Jakinarazi
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments