Oskar Arana: “Nobelak ikara sortzen du kontatzen duena benetan gerta litekeen zerbait delako”

0

2007AN ARGITARATU ZUEN TXALAPARTAK ‘1984’ FIKZIO-POLITIKOKO ELEBERRI DISTOPIKOA EUSKARAZ LEHENENGOZ. ELEBERRIAK AZKEN URTEOTAN IZAN DUEN OIHARTZUNA DELA ETA, AURTEN BERRARGITARATZEA ERABAKI DUTE. AITZAKIA PAREGABEA, DUDARIK GABE, OSKAR ARANA (ARAMAIO, 1969) ITZULTZAILEAREKIN BOTEREAZ, ASKATASUNAZ ETA LITERATUR ITZULPENGINTZAZ ARITZEKO.

2007aren bueltan hartu zenuen, Txalapartaren eskutik, ‘1984’ euskaratzeko enkargua. Ez du erronka makala ematen. Nola hartu zenuen proposamena?
Pozik, gogoz, eta lanik txukunena egiteko asmoarekin, jakinik esku artea literaturako klasiko handietako bat neukala. Agian ez horrenbeste balio literarioagatik, baizik eta dakarren bestelako esanahiagatik.

XX. mendeko eleberri gutxi egongo da 1984k adineko eragin edo sonarik izan duenik…
Ez dakit neurtzen zenbateko eragina edo sona izan duen, baina irakurri eta gero irakurleari, eta itzultzaileari ere bai, itzultzeak irakurketa analitikoago bat eskatzen duen heinean, zirrara handia geratzen zaio, benetan ikaragarria delako. Ikara sortzen du. Eta ikara horren elementurik garrantzitsuenetako bat da kontatzen duena sinesgarria izatea; hor agertzen dena gertatu litekeen zerbait izatea. Ikarazko filmen artean ere ikara gehien sortzen dutenak fantasia gutxien dutenak izaten dira, nire ustean behintzat, eta 1984 gertatu litekeen zerbait da.

Azken hamarkadan, gainera, asko piztu da eleberriaren oihartzuna, AMAZONen liburu salduenen artean lehen postuetan kokatzeraino. Gizarte orwelliar baten aurrean gaudela uste du jende askok…
Hori da ikaratzen duena, Orwell nolabait profetikoa dela. Duela mende erdi baino gehiago igarri egin zuen boterearen gehiegikeriak zertara eraman dezakeen botereduna, eta horren ildo batzuk erakusten ditu kontakizunean. Niri burura etortzen zaidan lehenengo gauza Trump agintean egon den bitartean egon den kontzeptu bat: post-truth, post-egia, egiaren manipulazioa. Badakigu agintariak espezialistak direla gezurrak esaten, baina lehen lotsa edo nolabaiteko beldurra bazuten gezurra esatearen gainean. Azkenaldian gezurra esatea ia-ia arau bihurtu da zenbait agintarirengan edo zenbait aginte estilotan. Hori, adibidez, 1984an deskribatzen da zelanbait. Edo denboan atzerago joanda, Irakeko gerrarekin gertatu zena: gezur bat asmatu zuten, suntsipen masiboko armen ingurukoa, gerra bat abiarazteko. Milioika jenderen haserreari eta manifestazioei ezikusia eginez.

Izan ere, historiaren manipulazio sistematikoa egiten du Alderdiak eleberrian, eta iragana etengabe eguneratu, gertaerak Alderdiaren interesen aldekoak izan daitezen beti, benetakoak ala gezurrezkoak izan…
Hori da. Gerrak eurak ere ez dira benetakoak. Kontakizunean momentu batean misil bat jausten da auzo batean, eta ez dakit nork jaurti duen ere, baina horren inguruan boterearen tresnek eta hedabideek nolabaiteko errelato bat sortzen dute, errealitate birtual bat, jendeari horren pean bizi eragiteko. Hori da kontakizunean ni gehien ikaratzen nauena. Izan ere, egiarako eskubidea kentzen badizute, kontzientzia kritiko bat edukitzeko eskubidea ere kentzen dizute. Eta hori baino gauza ikaragarriagoak ere agertzen dira kontakizunean: hizkuntzaren manipulazioa, pentsatzeko askatasunaren jazarpena, zigorra, tortura, telepantaila bidezko kontrol erabatekoa… Askatasun kolektibo eta indibidualekiko mespretxu handia.

Hizkuntzaren manipulazioa aipatu duzu. Teoria linguistiko oso bat eraikitzen du Orwellek eleberrian, hizketaberria, Alderdiaren beharrizan ideologikoei erantzuteko tresna gisa. 
Harrigarria da eleberriak hizkuntzari buruz deskribatzen duena. Hizkuntza pentsatzeko tresna den heinean, hizkuntza murrizten baduzu pentsatzeko gaitasuna bera ere murriztu ahal duzula erakutsi nahi du Orwellek. Eta kontakizunean esperimentu harrigarri bat deskribatzen da: hizkuntza mehasten edo kamusten duen agentzia moduko bat dago, hizkuntza bera murrizten duena jendeak pentsatzeko gaitasunik eduki ez dezan. Hizkuntza murriztu, jendearen pentsatzeko gaitasuna murrizteko.

Gaitasun hori are gehiago murrizteko, Alderdiak inmobilismoan hezten ditu proleak, eta etengabe entretenitu, boterearen aurka altxatzeko aukeraz jabetu ere ez daitezen egin, “Jabetu artean ez dira inoiz matxinatuko, eta matxinatu artean ez dira inoiz jabetuko”. Bizi dugun egoeraz jabetzeko ezinbestekoa da aurretik nolabaiteko matxinada?
Bai. Harrigarria da, baina kontakizunean ikusten den lehenengo matxinatze ekitaldia da Winston Smithek ekitaldi komunitario bat huts egiten duela, hirian paseatzera joateko. Paseatzera joaten da bere kontzientzia elikatzeko. Ematen du kolektiboaren eta indibidualaren arteko tenka horretan Orwellek bigarrenari ematen diola lehentasuna. Hau da, egoera bat aldatzeko edo zerbait eraikitzeko egiten den ekintza bat ez baldin bada askatasunetik egiten, ez baldin bada kontzientzien arteko adostasun batetik egiten, baizik eta goitik behera ezarrita, ekintza horrek ze balio du?

Sozialismo demokratikoa defendatzen omen zuen berak, irakurri dudanez, ezinbesteko ezaugarritzat pentsatzeko askatasuna eta eta kazetaritza librea behar zituena.
Bai, gakoak dira horiek biak kontakizunean. Orwellen pentsamendua oso koherentea da, eta oso ausarta. Kontzientzia indibidualaren aldarrikapen bat da kontakizuna zelanbait. Erakusten digu sistema totalitario batek apurka-apurka desegiten duen pertsona bat, Winston Smith. Kontakizunaren amaieran guztiz hezita agertzen zaigu Winston, zeukan kontzientzia indibidual hori guztiz galduta. Latzena hori da, ikustea zelan totalitarismo horrek lortzen duen pertsona baten kontzientzia bera guztiz desegitea. Hori historian gertatu diren zenbait prozesurekin parteka dezakegu… Socrates, adibidez, pertsona bakar bat izan zen, gizarte oso baten hipokresia edo moralik eza salatu zuena, eta bere buruaz beste egitera behartu zuten. Ba Socratesek egin zuena gauza bera izan zen: kontzientzia indibidualaren aldarrikapena. Orwellek onartzen du gizartea hor dagoela, kolektiboa hor dagoela, sistema hor dagoela. Baina erakutsi nahi diguna da nola, banako batzuen kontzientzia indibiduala boterearentzako arriskutsua denean, boterearen erantzuna beti izango den kontzientzia indibidual horiek desegiten saiatzea, boterea mantendu ahal izateko. Pentsatzeko askatasuna eta kontzientzia kritikoa murriztea beti izan da boterearentzat tentazio bat.

Botere hori, gainera, botere hutsa da eleberrian, inolako bestelako asmorik gabekoa…
Hori da ikaragarriena. Diskurtso ideologikoa, azkenean, aitzakia bat bihurtzen da, boterea bera erabiltzeko, eta dena instrumentalizatzen da boterea edukitzeko. Baina, esan duzun bezala, botere horrek ez dauka edukirik; da menperatze, azpiratze edo oinperatze nahi hutsa. Boterea botereagatik, egon litekeen eta totalitarismorik okerrenaren deskribapen bat Errealitate birtualak sortu, kontakizun birtualak sortu, jendea kontakizun horien pean bizi eragiteko, botereak eta eliteak euren arteko jolas horretan jarraitzen duten bitartean. Eta badago urrats are etsigarriago bat boterea atxikitzeko lehia horretan, aitzakia baino ez diren argudio ideologikoak zeharo sinestea, edo norberaren menpekoei sinetsaraztea, errealitateak behin eta berriro ezeztatzen dituenean argudio horiek. Badago pasarte lazgarri bat liburuan: umeak euren gurasoak salatzen nolabaiteko desbideratze ideologikoaz… Demagun inkisizioa ekartzen dugula XX. edo XXI. mendera, oraingo baliabide tekonologiko guztiekin, eta erlijioaren ordez, erlijio moduan ari den ideologia bat kokatzen dugula jendartearen ardatz, eta ez jendearen eskubideak eta askatasunak, eta guztientzako ongizate material bat…

Maitasun istorio bat ere bada, maitasuna bera ere Alderdiaren kontrako ekintza politiko gisa ulertuta…
Bigarren matxinatze ekintza izango litzateke hori, Julia izeneko neska batekin, eta guztiz kontrolatuta dagoen eremu batean, ezkutuan. Gero biak jazartzen dituzte hori askatasun baten mugan ikusten duelako botere horrek. Maitasun hori torturaren bidez eta kontzientziaren kontrolaren bidez desegiten dute. Noski, maitasuna estimulu bat da…

Erotismoaren kontrol zorrotza ere egiten da.
Bai, sexualitatearen erabilpen edo instrumentalizazio handi bat dago jendea zelanbait hezita edukitzeko. Kuriosoa da, sistema totalitarioetan beti egiten da horren kontrol handia. Seguru asko hori ere norberaren askatasunaren eremuan funtsezko, muineko gai bat delako, eta totalitarismoaren nahia beti izaten da askatasun indibiduala zapaltzea.

Telepantalla bidezko kontrola aipatu duzu lehen. Horren isla ere badugu gaur egun…
Bai, zibernetika eta datuen inguruan gaur egun dabilen eztabaida hori da hain zuzen. Gure intimitatea korporazio handiei saltzen diegu, eta ez dakigu nori saltzen diogun, edo datu horiekin zer egiten duten. Niri etortzen zait burura Snowdenekin gertatu zena (big data salatu  zuelarik), edo WikiLeaks kasuan gertatzen ari dena. Zer da tipo horiek salatu dutena? Ba hain zuzen ere, gizateriaren erabateko kontrolerako tresnak egon badaudela, eta agentzia batzuk tresna horiek erabiltzen ari direla. Winston Smith txikiak dira horiek ere azkenean.

Ari gara, hortaz, Orwellek erregimen totalitarioen baitako ezaugarritzat zituenak ustezko demokrazietan ere bere horretan ikusten?
Bai, gertatzen dira eleberrian agertzen diren bezalako fenomenoak, kontua  da neurrian ez direla hain handiak. Baina Orwell biziko balitz, esango nioke azken hori, esate baterako, lortu dela: giza kontzientzia indibiduala momentuoro, uneoro kontrolatuta izateko gailuak egon badaude. Eta ondokoaren intimitatea eta kontzientzia zibernetika bidez kontrolatzeko gauza izatea izugarrizko tresna da boterearentzat. Gertatzen ari dira horrelakoak, bai, baina  ezkutuan egiten dira zelanbait, kontzientzia indibidual asko horren kontra altxatuko liratekeelako bestela. Oraindik ere,  seguru asko, duintasunaren sentimenduren bat bizirik edukiko duelako edozeinek munduan. Hori da esperantza. 1984an esperantza hori ere hil egiten da. Winston Smith kontakizunaren amaieran jada ez da pertsona, botereak kontzientzia desegin diolako, eta kontzientzia desgiten den unetik ez dago inolako esperantzarik. Orwellek sortzen duen pertsonaia horren ardura, Winston Smithena, zera da (beste belaunaldi batzuetako edadetuei galdeketa egiten dienean ematen du aditzera, esate baterako): ba al zegoen erregimen hau (Ingsoc, english socialism…) ezarri aurreko Britainia Handian askatasun handiagorik, bazegoen ongizate material handiagorik, bazegoen askatasun espiritual handiagorik, orain baino? Winston Smithek uste osoa du baietz, baina bera bizi den jendartean ez dago hori ikertzerik: iragana ere ezabatua dute. Iraganak ere elika dezake kontzientzia kritiko bat, jendarteak hobera edo txarrera egin ote duen…Orwell-en ildoan kokatuko nuke, hortaz, Noam Chomsky moduko pentsalari bat, gaur egun; beti kezkatuta askatasunen eta eskubideen aitzinatzeaz edo gibelatzeaz, …

Duela 20 urte hasi zinen administrazioan itzultzaile. Literatur itzulpengintzan are geroago, eta, irakurri dudanez, ez enkarguz, baizik eta zuk zeuk horrela erabakita…
Erabaki edo… nik plan tentagarriren bat-edo ikusten badut saiatu egiten naiz, askotan nire aukerak ondo neurtu barik, edo ahalaegina ondo neurtu barik, eta batzuetan basoetan sartu.

Ausarta zara, hortaz…
Bai, edo inkontzientea, ez dakit. Arrasateko AED elkarteak badauka Jokin Zaitegi Sariketa,  Literatura Nobel Sariak euskaratzeko beka, eta 2003an itzuli beharreko nobel sariduna J.M. Coetzee izan zen. Aurkeztu egin nintzen eta beka eskuratu. Lan hori (‘Lotsaizuna’, Elkar, 2004) itzuli eta, itxura denez, hemengo argitaletxeetako jendeari gustatu egin zitzaion zelan geratu zen itzulpena.

Nolakoa izan zen literatur itzulpengintzarekin lehen esperientzia hura? Inkontzientziatik, jabetu barik horrek ze oihartzun izan zezakeen gizartean. Ni erakartzen nauena da testu onak egiten saiatzea. Beti topatu izan dut euskarazko testugintza atsegingarri. Badago zer edo zer nigan plazer handia lortzen duena hizkuntzaren, testuen eta kontakizunen edertasunarekin. Lehen aipatu dugun hizketaberriaren eta hizkuntza murriztearen fenomeno horretaz bestera….

Eleberrian filologo bat ere ageri zaigu, Syme, hiztegitik hitzak erauztea beste lanik ez duena. Irudikatu ahal duzu zuk inolako ñabardura edo adierazkortasunik gabeko hizkuntza bat?
Nik itzultzaile moduan lortu dut zelanbait idazle izateko gaztetxotako amets haren ordaina edo. Azken batean idazle baten lekuan jartzen zara, zure hizkuntzara ekartzen duzu idazle horren kontakizuna, eta momentu batez idazle sentitzen zara idazle izan barik.

Eta bazara, neurri batean, izan ere literatur itzultzaileak itzultzaile baino gehiago zarete…
Ez da protagonismoa bilatu nahi izatea, edo norbera nabarmendu nahi izatea, ez da idazlearen lekua hartu nahi izatea, testuarekiko leialtasuna beti eduki behar dugu, baina egia da testua zure hizkuntzara ekartzen zabiltzala zenbat eta hobeto ezagutu zure hizkuntza orduan eta aukera gehiago ikusten dituzula; eta aukerak egin behar dituzun une horretan bakoitzak bere joera daukala.

Itzultzaileoi ere nolabaiteko estiloa nabari zaizue askotan…
Hala da. Dena dela, nik esan behar dut norbaitengatik ikasi dudala beti, administrazioan itzultzen hasi nintzenean baziren lehendik itzultzen jarritakoak. Eta literaturan hasi naizenean ere  argitaletxeak beti izan du zuzentzaileren bat. Beti egon da testugintza nik baino askoz hobeto menperatzen duen norbait nire lanaren zuzenketa egiteko. Hori da saririk handiena niretzat, dirua bera baino gehiago, prozesu horretan ikasi egiten duzulako. Batzuetan idazleak izan dira zuzentzaileak, 1984rako Txalapartak zuzentzailetzat Harkaitz Cano hartu zuen, adibidez, eta beste argitaletxeekin ere beti egon da baten bat. Nik asko ikasi dut prozesu horretan; eta eskerrak, jende askok egindako lan teoriko eta praktikoari esker euskaraz testuak zoragarri geratzen ari baitira urte batzuetatik hona, jatorrizkoak bezainbeste gozatzeko, edo gehiago, euskalduna izanik.

 

 

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments