Daniel Landart: “Errefuxiatuak eskertu behar ditugu, euskal kontzientziaren hartzen lagundu gintuztelako”

0

Umetan, otoitzen artean gora-gora irakurtzen zizkion liburuak amatxik, eta hari esker euskara landuaren musika sartu zitzaion buruan. Jean Hiriart Urrutyk irakatsi zion euskaraz idazten, eta bere ustetan Juan San Martini zor dio euskaltzain urgazle izendatu izana. Zalantzarik ez du: “Euskara batuak salbatu gaitu”

1946ko abenduaren 11n sortua Donoztiriko (Baxenabarre) Harrigainbordan. Sakon bertan errotua sortetxea gazte utzi bazuen ere. Osasun ahula indar bilakarazi zuen idazle eta kultur eragile profesional bihurtuz. Herabetzat du bere burua, laudorioak entzun orduko agertzen zaion irri lotsatia horren salatari. Jario aberatsa. Antzerkiak, kantuen hitzak, eleberriak… bizi, ikusi eta jasotakotik sortuak. Istorioak kontatuz gure herriaren Historia argazkien bidez ikusarazten asmatzen du. Gertatu zirenak orainaren zola. Hitz jario zuzena, ahozkotik oso hurbila. Irakur erraza bilakatzen da bere obra eta ezohiko hitz askoren topaleku ere bai.

Harrigainborda etxaldea, sortetxea: 14 urterekin utzi baina beti sustraiei ongi lotua. Donoztiritarra sentitzen naiz, bai. Aita-amak bizi zireno, maiz nindoan sorterrira. Nik amatxi biziki maite nuen. Bronkitis kronikoak ematen zidan sukarragatik ez nindoalarik herriko frantses eskolara, amatxiren ondoan egoten nintzen. Otoitzen artean, liburuak gora-gora irakurtzen zizkidan eta hari esker euskara landuaren musika sartu zait buruan. Lanbidez, aitak absolutuki nahi zuen laborantzako eginbeharretan parte har nezan, gero etxaldearen segida eni uzteko, baina nik ez nuen gusturik, ez eta osasunik.

Eta halabeharrez joan zinen Donoztiriko Harrigainbordatik Baionara inprimerian lanean aritzera. Amak, lehenik, bidali ninduen Hazparneko ikastetxe batera, eta han ere, beti sukarrarekin, ikasketak ezin segi. Aita Charritton zuzendariak erran zidan Baionako inprimeria batek aprendiz euskaldun bat bilatzen zuela. Aurkeztu nintzen eta nagusiak hartu ninduen. Han, bai, arrotz herrian gertatu nintzela. Inprimerian erdal itsasoa zen, denak frantximentak ziren. Xantza ukan nuen halere, inprimeriako bi bezero euskaldun ezagutu nituela: Pierre Narbaitz jaun kalonjea eta Jean Hiriart Urruty apeza. Azken honek euskaraz idazten irakatsi zidan eta hola hasi nintzen 17 urtetan ene lehen artikuluak argitaratzen, Gazte, Herria eta Etxea kazetetan.

Zure osasun ahula etsai eta konplize, beraz? Ez nintzen laborantzan aritzen ahal, ez pilotan, ez rugbyan, ez bainuen izerditu behar. Denbora pasa beraz, irakurtzen hasi nintzen. Azken finean, irakurtzeak “salbatu” nau, baita lau urtez, kasik astero, pneumologo batek eman arta bereziek on egin zidaten.

Linotipista ofizioa izan zenuen luzaz, gaur egun desagertua, zer zen ezagutzeko balio izan digu: garrantzi handiko lana. Kazetak inprimatzen ziren tokietan linotipiak baziren. Lehenik bost urtez tipografia ikasi nuen eta ondotik linotipista gisa segitu nuen. Ordu bakoitz 5000 karaktere jo behar genituen klabier edo teklatu batean. Kontzentrazio handia galdatzen zuen ofizioa zen. Lerro batean huts bakar bat eginez gero, lerro osoa berriz jo behar genuen. Linotipia makinak aspaldian desagertuak dira, ordenagailuek ordezkatu zituzten, 1980ko hamarkadan.

Nork esan eskulangile bat Euskal Herriko kultura munduko erreferenteetako bat bilakatuko zenik?  [Irriz…] Hitz handia da hori. Neure buruari euskal kulturaren aldeko apostua bota nion eta nire bidean aurkitu ditudan jende batzuk ez ditut inoiz aski eskertuko. Naizen autodidaktarentzat egiazko maisuak izan baitziren. Hasi nintzelarik euskaraz pixka bat izkiriatzen, Belloc beneditarren fraidetxera joan nintzen bisitaz. Aita Marzel Etxehandy etorri zitzaidan mintzatzera, eta hark zidan kontseilatu Baionako Euskal Idazkaritzara joatea (euskarazko lehen liburutegi-denda zen) eta han gurutzatu jendeei esker (Xabier Elosegi, Julen Madariaga, Mikel Urteaga iheslariak, baita Jean Louis Davant eta Jakes Abeberry, halaber Monzon, Aita Larzabal…) eta horrelaxe beraz Enbata mugimenduan eta euskal kulturan sartu nintzen, militantziaz eta plazerez. 18 urte nituen. Eta bereziki antzerkigintzan saiatu nintzen.

Zure jario egokiari esker euskaltzain urgazle egiteraino. Hori uste dut Juan San Martin euskaltzainari zor diodala. Irakurrarazi nion ‘Hogoi urte’ eskuizkribua. Garai hartan, Herria astekarian eta beste kazetetan barra-barra idazten nuen. Antzerkiak ere bai. 1965tik 85era asko idatzi nuen, bai. Bertsolariak ere miresten nituen.

Zer emari! Poesiarekin hasia 1968an. 11 liburu argitaratuak: narrazioak, kontakizunak, elaberriak. 12 antzerki obra. Itzulpen batzuk: Bertolt Brecht, Garcia Lorca. 30 kantuen hitzak, bertso saioen antolatzaile eta gai jartzaile…Bai, denetarik pixka bat. Teatroan behar ziren obra berriak, kantuan ere hala gertatu zen memento hartan, langileen problematikak, euskal kontzientziaren hartzea, turismoa, telebista, amodiozko gorabeherak, eta..

Hitz egiten duzun bezala idazten duzula esango genuke. Argazkiak erakusten arituko bazina bezala. Tokiak, pertsonak ikusi egiten ditugu. Maite dut gauzak sinpleki erraitea, beti umore pixka batekin. Niretzat umorea izigarri inportantea da. Ez da denetaz irri egiten ahal, ez, biziki zaila da umorearen puntu hori. Lehenago errazago zen irri eginaraztea. Ideia “bortitzak” ere aiseago pasarazten ahal ziren irriaren bidez.

Hurbiletik, bizitakotik eta autobiografikotik asko, horretarako ere behar da ausardia. Bai, egia da. Lehen, idazle gehienak apezak ziren eta beren bizi pertsonalak ez zituzten aipatzen. Aldiz, asko irakurleek beren burua ikusi zuten ‘Aihen ahula’ liburuan, haurtzaroko anitz istorio zehazki kondatzen bainituen. Etnografia lana, uste gabean.

Antzerkia. Antzerkilarien Biltzarra elkartea sortu zenuen. Eta idatzitako 12 lanetatik 11 taularatuak. “Zuzendari hoberena” Sariaren irabazlea izan zinen 1983an Azpeitiako Antzerki Topaketetan. Behin idazle bati entzun nion frustantea zela antzerkiak idatzi eta inork taula gainera ez eramatea. Horretan ere xantza handia, zuk. Bai, biziki. Nik idatzitakoa beste batzuen ahotik entzutea, izigarria da! Kosta egin zait, talde baten muntatzeko beti bata edo bestea falta zelako, edo ez zutelako testua ikasten, edo beti berantarekin etortzen zirelako… Baina sekulako plazera ukan dudala, dudarik ez.

Taularatu gabe gelditu zen obra… ‘Etxegabeak’, Lazkaoko gazte batzuentzat idatzi nuena. ‘Noiz’ antzerkia eman genuen 1971n Lazkaon. Lehen aldikoz talde bat joaten zela Iparraldetik Hegoaldera eta animaleko arrakasta izan genuen, antolatzaileek ongietorri zoragarria egin ziguten. Eskertzeko antzerki bat idatzi nien baina osoki zentsuratua izan zen. Lastima!

‘Hogoi Urte’,  1968. Idazten hasia justu eta zuhaurek zure haurra bailitz hastetik buru zaindua, lehen hizkitik saltzeraino. Aita bezala, herabea naiz. Baina orduan, zinez ausarta agertu nintzen. Lehenik, linotipian nihaurek testua jo nuen, eta liburutxoa 1000 aleetan inprimatu ondoan, eliza atarietan ibili nintzen haren saltzen, 300 liburu saldu behar bainituen inprimeriako gastuen estaltzeko. Eta finkatu helburua lortu nuen.

‘Aihen ahula’, oso irakurria. Iparraldeko euskaldun gehienek, irakurzale ez direnek ere irakurri dutena. 1978an, 1982an eta 1989an hiru aldiz argitaratua. Bada zerbait. Bai. Pozgarria, bai. Izan dira beste liburu batzuk ere baina uste dut ikastolako irakasle batzuei esker gertatu zela hori, eta orain ere Hezkuntzako hiru sareetan baliatua da. Maite Barnetxek, 1981ean, irratian irakurtzea proposatu zidan eta 42 astez egin nuen. Gizon batek erran zidan “Behien deizteko ordua aldatu diat hiri entzuteko” eta plazer hartu nuen. Nire idazlanetarik ‘Aihen ahula’ da jendeen gogoan geldituko den obra bakarra. Nire haurtzaroko “balentriñoak” [Irriz].

‘Battita Handia’ Irun hiria literatur saria izan zen 1993an. Erreferentzi historikoak xume eta askoren bizitzan utzi duten marka sakonen isla. Ene lehen fikziozko nobela izan zen, nik ezagutzen nuen baserri munduan oinarritua. Tabu gisa kontsideratuak diren gai batzuk aipatzen nituen, asko onomatopeia sartuz.

‘Enbataren zirimolan’: bereziki Nafarroa Behereko eta Lapurdiko  abertzaletasunaren eta euskalgintzaren kronika (1962-2013) aberatsa eta irakur erraza, zuzena, metaforarik gabe, bide lagunen oroitzapenak ere bai. Hegoaldekoek iparraldeko berri izateko liburu aproposa, irakurri dutela uste duzu? Zenbait lagunek esan didate baietz, baina biziki gutxi saltzen da. Erraza dela irakurtzeko, bai. Abertzale gisa, erakutsi nahi izan dut Euskaldunak populu bakar bat garela. Baina gure historia, hemen eta bestaldean, erabat desberdina da. Gure aitatxi lau urte egon zen Gerla Handian Frantziaren alde, aita bost urte presoner Alemanian. Nik, adibidez, fitxik ez nekien Foruez, 1936ko Gerla zibilaz. Eta etortzen ziren errefuxiatu gehienek ez zuten ezagutzen Iparraldea, batere. Hegoaldeko espirituan bizi ziren. Sinisten zuten, eta guk ere bai, Franco hil bezain laster, Hegoaldeak independentzia lortuko zuela. Dena dela, errefuxiatuak eskertu behar ditugu, euskal kontzientziaren hartzen lagundu gintuztelako. Gaur egun harreman gehiago badela uste dut baina oraindik ez gara aski gurutzatzen.

Oso momentu markatuak bizi izatea tokatu zaizu, bai Iparraldean Enbata mugimenduaren ingurukoak, euskara batuaren lehen urratsak, Elkar argitaletxearen abiatzea 1972an, Idazleen Elkartea, Euskal Kultur Erakundea eta beste asko. Horiek oro zirimola luze batean iragan ziren. 1960ko hamarkadan, politikan eta kulturan, egiazko pizkundea izan zen. Eta pizkunde hartan, errotik parte hartu nuen. Abertzaletasunak argiturik.

Gure historian marka utzi duten pertsona asko izan dituzu inguruan:  Monzon, Txillardegi, Gabriel Aresti, Artze anaiak, Piarres Larzabal, Piarres Xarriton, Jean Louis Davant, Andolin Eguzkitza… Egia da zoriontsu naizela, harro, hainbeste jende gurutzaturik, ezaguturik, lagun bilakaturik, batzuekin adiskide.

Eta zenbait aldarrikapenen lekuko ere izan zara… Ez da gaurkoa Euskal Departamentuaren eskaria, ia 1967an hor zen. Departamendua, Enbataren hastapeneko xedeetan zen, eta Mitterrand hautagaiak, 1981ean, bere proposamenetan sartu zuen. Baina frantses presidenteak hitza jan zuen. Halere aitzinamenduak izan dira: Euskal Kultur Erakundea, Euskararen Erakunde Publikoa eta azkenik Euskal Hirigune Elkargoa. Aldarrikapen guzietan eta egituratze batzuetan zuzenki parte hartu dut. Orain hobeki ohartzen naiz ibilbide hori niretzat aberasgarria izan dela. Diru aldetik ez naiz aberastu [irriz] baina nire bizitza, eskolarik gabe eta egunero sukarraren beldurrean, azken finean, aberatsa izan da.

Hegoaldeko zure lehen ibilerak. Hango euskaldunak ezagutzean gaztetatik zimiko berezia sentitzen zenuen, diferentziak diferentzi euskara lokarri? Beti atzeman ditut euskaraz ari zirenak Hegoaldean. Errealitatea, hain segur ere, besterik zen baina iruditzen zitzaidan denak euskaraz ari zirela. Hasieran, batzuk ez nituen ulertzen eta behin baino gehiagotan izan naiz Lazkaoko komentuan sermoiak entzuten “belarriaren egiteko”. Beti berogarri zitzaidan Hegoaldekoekin harremanetan sartzea. Sekula ez ditut ahantziko Deban, Oihartzunen, Altzon, Azpeitian, Donostian iragan egunak eta gauak. Nolako ongietorri zoragarria egiten zidaten. Eta erran dezaket Euskara Batuak “salbatu” gaituela. Gora Txillardegi!

Zuk idatzitako 30 bat kantu musikatuak izan dira, Mikel Laboa, Anje Duhalde, Errobi… Gai sozialak  bereziki,  aitzindari orduan. Gehienak sozialak, abertzaleak, baita amodiozko zenbait. Hala gertatu zen, bai. Nihaurek inprimerian eta Enbatan eta… Ezagutu egoerak kantu hitz bilakarazi nituen. Suerte handia ukan nuen Mikel Laboak onartu baitzidan ‘Zure begiek ene maitia’ musikatzea eta kantatzea. Hura izan zen lehena. Gero Gorka Knör, Anje Duhalde, Mixel Ducau ezagutu nituen. Azken urte hauetan, Pantxoa Carrere eta Mattin Lerissa izan dira ene kantuen musikatzaile eta kantari. Orotara zortzi musikatu dizkidate. Mattin Lerissa gazteak noiztenka deitzen nau: “Baduzu besterik?” Erantzuten diot ezetz. Zorigaitzez. Iaz, hilzorian egon nintzen. Baina ez dut esperantza galtzen. Ez ditut oraino idatziak… ene azken hitzak!

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments