Irati Goikoetxea: “Ez digute erakutsi gure min propioak nola bideratu, zer egin gure burua min horrekin ez suntsitzeko”

0

Pisu handiegia dute nire begiek. Gauean lotarakoan harriak mugitu egiten diren irudipena dut”. ‘Herriak ez du barkatuko‘ eleberrian (Elkar, 2021) Irati Goikoetxeak (Beasain, 1984) minaren inguruko istorioa trazatu du. Bere lehenengo nobela da, Igartza Bekari esker idatzitakoa, baina aurretik Goikoetxeak, liburu kolektiboetan parte hartzeaz gain, bi liburu argitaratu ditu bakarka: ‘Arraroa’ album ilustratua (Elkar, 2010) eta ‘Andraizea’ ipuin-bilduma (Erein, 2014).

Zer izan zen lehenago zure buruan: minari buruz idazteko asmoa edo herriari eta biktimei buruz idaztekoa?  Nire lehenengo asmoa biktimak agerian jartzea zen. Biktima horiek min eta sufrimendu bat pairatu dute gertaera jakin batek baldintzatu dituelako, eta min eta sufrimendu hori pairatzen eta sufritzen jarraitu dute gizarte bezala, herri bezala eta, noski, erakunde bezala; ez baitugu jakin urtetan eta urtetan horri guztiari aitortza egin eta erantzuten. Hori agerian jartzeko asmoa zen lehenengoa, hau da, biktimak agerian jartzekoa.

Aspalditik zeneukan buruan ideia hori?  Ez, esango nuke nahiko modu inkontzientean barneratuta nuen gai bat dela, buelta askorik eman gabe, eta barruan nituen hausnarketa, sentipen eta bizipen horiek eleberri forma har zezaketenik pentsatu gabe. Igartza Bekaren aukera suertatu zen, eta konturatu nintzen niretzat azken aukera zela eta horri heldu nahi banion apustu indartsua egin behar nuela. Eta hortxe elkartu ziren bi nahi horiek: inkontzientean neukan horrek berehala hartu zuen kontzientzia forma, berehala konturatu nintzen zerbait esan nahi banuen ahalegin edo apustu serio hark gai horri buruzkoa izan behar zuela. Kanporatze moduko bat izan zen, “nire idazle ibilbidean lehenengo eleberri baten aldeko apustua egin behar badut honi buruz idatzi nahiko nuke”, esan nion nire buruari; izan ere, irakurle gisa hutsuneak sumatu izan ditut gai honi dagokionean, bereziki biktimak erdigunean jartzeko ahalegin horretan. Behar hori zen papereratu nahi nuena.

Zure lehenengo eleberri luzea da, beka irabazi ondoren urtebetean idatzia. Nola baldintzatu du horrek zure idazteko modua? Nire buruari diziplina bat ezarri behar izan diot. Orain arte asko idatzi izan dut, baina astia nuenean, edo barruak behar zuenetan. Kasu honetan, ordea, behartuta nengoen denboran mugatzera, nire buruari eskatzera eta erabat murgiltzera. Gainera, eleberri bat trazatu behar nuen lehenengo aldia zen niretzat, horrek esan nahi duenarekin: pertsonaia batean murgildu, istorioaren harian, eta ahal zela horri eguneroko jarraipen bat eman. Hori da nire buruari ezarri behar izan diodana, ez garelako idaztetik bizi eta beste mila kontu ere egiten ditugulako. Esango nuke horixe izan dela gakoa: egunero-egunero eskaini eta saiatu paperaren aurrean jartzen nintzenean gozatzen. Izan ere, asko gozatu dut, sentitzen nuelako oso modu errazean eta aldi berean neure buruarekiko era fidelean ari nintzela barrukoak paperera eramaten.

Pertsonaia berarekin hainbeste denbora pasatzea gogorra izan al da emozionalki? Ongi eraman duzu? Ez zait bereziki gogorra egin, alderantziz: lasaitze prozesu bat izan da. Nik etxean bereziki jaso dudan heziketa tarteko oso kontziente izan naiz biktimen egoeraz eta bat egin dut beraien errealitate gogor horrekin. Bat egite prozesua oso ebolutiboa izan da nire bizitzan, eta hori pixka bat areagotu da azkeneko urteetan Nafarroako Gobernuan egiten ari naizen lanarekin, lan horrek bideratu nauelako orotariko biktimen errealitatera hurbiltzera. Alde horretatik Oihana protagonistari eskua emanda bidea egitea gogorra baino lasaigarria egin zait; zor bat kitatzen ariko banintz bezala. Berarengana hurbiltze hori ederra izan da, berarekin bat egitea. Hori diot eleberriaren zatirik handiena bere ondoan egin dudalako; baina neurri berean, agerikotasun horiek laburragoak izan badira ere, berdin-berdin gertatu zait Soroa doktorearekin edo Edurnerekin edo Jurgirekin… Espazioak ez du dimentsionatzen biktima horiekin bat egitea. Oihanarekin nengoenean ere beste guztiak oso presente nituen eta Edurnerekin nengoenean ere Oihana oso presente nuen; bereziki nabarmendu nahiko nituzke beraien arteko interakzioak.

Minaren adiera eta bizipen asko topa ditzakegu liburuan: Oihanaren eskutik bereziki, baina baita beste pertsonaiengandik ere. Mina bakoitzarena da, eta unibertsala da bakoitzak mina bizitzeko, transmititzeko eta ezkutatzeko daukagun modua. Pertsonaia bakoitzak hori bizitzeko eta agerian jartzeko bere moduak ditu eta uste dut aniztasun hori tratatzea  oso interesgarria dela: batetik, pertsonak berak bere min propioak bizitzeko dituen moduak eta, bestetik, bakoitzak bere inguruarengandik espero dituenak, norberaren inguruak min horrekiko jokatzeko duen moduak. Mina liburuan askotan asko errepikatzen den kontua izan arren, ni neroni idazterakoan ez naiz aspertu, eta irakurleek ere mezu bera helarazi didate eta ari zaizkit helarazten, alegia, ez dela aspertzen duen zerbait. Behin eta berriro azpimarratu dut liburuaren zentralitatea mina dela, saiatu naiz minaren adierazle ezberdinak papereratzen, hausnarketa ezberdinetatik egiten eta astuntasun hori arintzen.

“Bera zen aipatzen ari ziren biktima hori eta bera zen aipatzen ari zen herri hori”, dio narratzaileak momentu batean. Hori da liburuaren gakoa? Bai, eta kasu horretan besteak ari dira Oihanaz hizketan, besteak ari dira herriaz hizketan, Oihana horrengana eta herri horrengana hurbildu gabe. Beti ari gara kanpotik ari bagina bezala eta epaitzen, barrura joan gabe, hurbildu gabe, hurbilketa horretan egon daitekeena ulertzen saiatu gabe, hor dagoenarekin busti gabe, hor dagoena sentitu gabe, kanpotik eta modu deseraikitzailean. Eraikitzen hasteko uste dut ezinbestekoa dela hurbiltzea, ezagutzea.

Ama eta bikotea ondoan dauzka Oihanak. Badauzka heldulekuak bere inguru hurbilean: bat bere ama da eta bestea Jorge, bere bikotea. Hurbiltasun horrek askotan laguntzen du edo ez du laguntzen, konfiantzak batzuetan hori dauka. Nabari da liburuan badagoela inkomunikazio bat ere: borondatea badago, baina baita ezintasunak ere, bizitzen ari diren egoera oso zaila eta gogorra delako. Santi kanporago dagoen inguru batetik dator: hor ere badago konfiantzaren eta deskonfiantzaren arteko joko bat eta horretan Santi tiraka ari zaio bere nahi, bere gogo eta bere beharretatik. Izan ere, Santik ere baditu bere bizipenak, eta tira egiten dio, zuzenean zein zeharka. Oihanak badu zerbaiten beharra bestela denbora badoalako, denbora horretan bere mina kontzienteki edo inkontzienteki areagotuz doalako, eta badu zerbaiti heltzeko beharra. Zentzu horretan nik uste dut Santik laguntzen diola, batez ere kanporatze espazio bat eskainiz eta bide berriak proposatuz, inoiz Oihanak bere buruari planteatu ez dizkion egoerak eskura jarriz: adibidez, beste min batzuk gertutik ezagutuz edo bere minetik ekarpenak eginez.

Santi EHUko irakaslea da eta ikerlan bat egiten ari da biktimen inguruan. Berarekin elkartzea lagungarria izango da Oihanarentzat min horretan aurrera egiteko. Santirekin izaten dituen elkartzeetan azken 22 urte horietako ibilbide kontzientea egiten du, ihesean ibili delako, edo inork ez diolako erakutsi bere minaren kudeaketa nola egin behar duen, eta batzuetan presenteago izan duelako eta beste batzuetan ez. Santik lagundu dio, nolabait esatearren, memoria propioa egiten, 22 urte horietan bizitu izan duen infernua berriro bizitzen, horrek esan nahi duen guztiarekin. Baina uste dut onerako dela, batetik Santik eta bestetik seme-alabek kokatzen dutelako bere min propio horretan, edo bere min propioari erantzun behar horretan.

“Nire mina herentzia gaiztoa da”, pentsatzen du Oihanak. Amatasunak ere min horri aurre egitera bultzatzen du. Batetik, ez dugu ikasten edo ez digute irakasten ondoan hautematen ditugun sufrimendu horietara hurbiltzen eta min eta sufrimendu hori bizitzen ari diren pertsona horiei laguntzen. Uste dut hor ikasgai oso interesgarria dagoela txiki-txikitatik lantzeko, eta beharrezkoa. Bestetik, ez digute erakutsi gure min propioak nola bideratu ere, zer egin horrekin, zer egin gure pertsona min eta sufrimendu horren bidez ez suntsitzeko. Hor dago gorrotoaren arriskua, bizitza erabat deusezta diezagukeena, eta Oihana hor dabil: behe-laino horretan kontzientzia hartzen du konturatuz badatozkiola seme-alabak, badatozkiola belaunaldi berriak ikasleen bidez, galdetuz nola egiten den hori, nola kontatzen diren hain mingarriak diren kontuak modu eraikitzailean, gorrotorik gabe eta suntsiketarik gabe. Hori da bere kezka. Ondo egitea horixe litzateke: transmisio hori eraikitzailea izatea, indarkeriarik gabeko etorkizun bat eraikitzeko.

Mina azaltzeko orduan hitzek ere alde egin diotela iruditzen zaio, eta horrelakoetan amari eskatuko dio laguntza. Bai. Izan ere, nola egin transmisio hori mina hain barneratuta duzunean? Non daude hori kontatzeko hitzak? Oihanak badu hanka sartzeko beldurra eta hor ere ihes egiten du: amari uzten dio ardura hori, uste duelako hobeto egin dezakeela eta bera ez dagoela prest hori egiteko. Bere minetako bat da hori ere,  Lukasekin, seme zaharrenarekin ez duelako egin, eta orain bat-batean Katti alaba txikia datorkio. Eta Lukasekin egin duen ibilbideaz harro ez dagoenez, horren kontzientzia hartzen ari da. Orain bigarren aukera bat datorkio: barruak nahasten zaizkio baina zezenari adarretatik heldu behar diola konturatzen hasten da, bai bere buruarekiko bai seme-alabekiko.

Zure eguneroko lana biktimei lotua dago; baina zer da zehatz-mehatz egiten duzuna? Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zerbitzu nagusiak baditu bi zerbitzu: batetik, Nafarroako Memoriaren Institutua dago eta bestetik, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzua. Ni azken horretan ari naiz lanean, Bizikidetza atalean. Batez ere hezkuntza programetan eta sentsibilizazio programetan buru-belarri nabil, giza eskubideak oinarri dituzten programa ezberdinak martxan jarriz. Horietako bat da biktimekin bat egiten duena, eskoletan biktimen testigantzak lanketa prozesu sakon baten bidez bideratuz, gatazkak modu eraikitzaile eta positiboan bideratzeko tailerrak eginez ikastetxeetan eta liburutegietan, eta giza eskubideen ikuspegi zabal bat lantzen duten tailerrak bideratuz. Gizarte mailan apustua egin behar dugula uste dugu, ez belaunaldi berriekin bakarrik, eta hortik eragin behar dugula gizartearen konpromisoan.

Txikitatik bat egin duzu orotariko biktimen minarekin.  Bai, bereizketa ideologikoak erabat alde batera utzita eta erabateko irekitasunarekin. Txiki-txikitatik lehenengo lerroan jartzen zaituztenean asko ikusten da, eta hor ez dago tarterik bizkarra emateko edo indiferentziarako. Lehen lerro horretatik pauso eskas batera bat egiten duzu sufrimendu horrekin. Zentzu horretan oso prozesu naturala eta aldi berean oso aberatsa izan da bai indarkeria politikoari, terrorismoari, torturei, mehatxuei, zapalketari dagokionean, bai orokorrean minari dagokionean. Konpromiso sozial bat da, mina eta sufrimendua bizi duen edozein pertsonarekin bat egitekoa, ahal den neurrian hor ondoan egotekoa: ari naiz etorkinez, etxegabeez, LGTBI kolektiboaz… Liburuaren hasierako Ekaitzen bertso zati horiek transexualitatearen inguruan egindako bertso sorta bateko bi bertsoren zati dira. Lanketa edo heziketa bat da, minari erantzuteko modu bat. Kontua da zer jarrera hartzen dugun inguruan gaudenok min horren aurrean.

 

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments