Amaia Apalauza: “Gaur egungo arazo eta dilema moral askoren aurrean, beste ikuspegi bat emateko aukera eskaintzen du zientzia-fikzioak”

0

XX. mendeko zientzia-fikzioaren maistretako bat da Ursula K. Le Guin. Hogeitik gora eleberri, ehun bat istorio labur, poesia, literatur kritika, itzulpena eta haur literatura ondu zituen 60 urteko ibilbide jorian. Igela argitaletxeak ‘Oihan hitzean mundua’ eleberria argitaratu du berriki, euskarara ekarritako lehena. Amaia Apalauza Ollo itzultzailea (Iruñea, 1979) arduratu da Le Guinen prosa “musikala eta jostalaria” euskaratzeaz. Aitortu du zientzia-fikzioari buruz zituen aurreiritziak birrindu dizkiola eleberriak.

Liburuak zenbait aste daramatza liburu dendetan. Denbora izan duzu distantzia apur bat hartu eta lanari beste perspektiba batekin begiratzeko? Bai. Beste liburu baten aurkezpenean murgilduko naiz aurki, eta jada hasia naiz beste itzulpen bat prestatzen. Hortaz, orria pasatu dut dagoeneko. Eleberriarekin distantzia handi samarra hartu dut, zenbait hilabete unibertso horretan erabat murgilduta eman ostean. Hala ere, ez naiz gehiegi aldenduko: hemendik gutxira Ursula K. Le Guinen mundura bueltatuko naiz, ‘Iluntasunaren ezker eskua’ eleberria itzuliko baitut Igela argitaletxearentzat.

Zaletu zara, beraz… Zaletu naiz pila bat, bai. Aurretik ez nuen Le Guinen lana gehiegi ezagutzen, eta unibertso izugarri aberatsa topatu dut. Entzuna nuen haren izena, noski, eta banuen irakurtzeko gogoa, baina bere obra eta zientzia-fikzioa, oro har, ezezagunak ziren niretzat. Orain, berriz, harrapatuta nauka. Ate berriak zabaldu dizkit.

Zerk erakarri zaitu, zehazki? Zientzia-fikzioaz nuen irudia pelikuletatik hartua zen, hein handi batean: espazioko abenturak, fantasia, irudimen handia, robotak, teknologia… Ez zitzaidan bereziki erakargarria suertatzen. Entretenimendu edo denbora-pasa hutsaz harago, beste asmorik ez zuen literatur generoa iruditzen zitzaidan. Orain, deskubritu dut askoz gehiago ere badela. Entretenimendua bai, noski. 1950eko hamarkadan idatzitako zientzia-fikziozko nobela asko, adibidez, horixe dira, entretenimendu hutsa, baina badute meritua eta oso ongi idatzita daude. Gerora, ordea, bestelako ikuspegiak txertatu zituzten zientzia-fikzioan. Generoak eskaintzen dituen baliabideak erabili zituzten zenbait egilek (unibertso berriak, urruneko zibilizazioak, teknologia…), oso gertuko gaiez hitz egiteko eta gogoeta berriak planteatzeko ikuspuntu ekonomikotik, politikotik, soziologikotik, filosofikotik… Gaur egungo arazo eta dilema moral askoren aurrean, beste ikuspegi bat emateko aukera eskaintzen du zientzia-fikzioak.

Iban Zalduak ere antzeko zerbait esan zuen aldizkari honen orrialdeetan (111 aldizkaria, 9. zenbakia, 2018ko iraila): “Zientzia-fizkioa oso tresna eraginkorra iruditzen zait gaur egungo gizarteaz hitz egiteko. Gauzak hain doaz bizkor, ezen zientzia-fikzioa baita presentismoa edo literatura garaikidea egiteko modu onena”. Horixe da, bai. Ursula K. Le Guinen istorioak ere etorkizunean kokatuta daude, fikziozko kontakizunak dira, espekulatiboak, baina idazleak hori guztia baliatzen du, agertoki bat bailitzan, gaur egungo arazoez hitz egiteko. Gogoeta egiten du puri-purian dauden auziez, eta joko hori oso interesgarria da. ‘Oihan hitzean mundua’, esate baterako, gaurkotasun handiko eleberria da: ekologia, natura, klimari lotutako hondamendiak, beste izakien esplotazio eta ustiatzea… Hori guztia orain ari da gertatzen! Ematen du egungo arazoez bakarrik hitz egin daitekeela errealismotik, beti egiaren bila… Bada, ez. Badira bestelako jokalekuak ere.

Estiloari dagokionez, nolakoa izan da Le Guin euskarara ekartzeko ahalegina?  Horrek ere harritu ninduen. Aurreiritzi guztiak birrindu zizkidan. Beste askok bezala, pentsatzen nuen zientzia-fikzioa dela gaztetxoentzako literatura, erraza, arina… Ez dela goi mailako literatura, alegia. Ideia horiek barneratuak nituen aspalditik, oso hedatuta daudelako. Horregatik, uste nuen Le Guin itzultzea lan erraza izanen zela… baina ez. Ez zen batere erraza izan. Ursula K. Le Guinek oso estilo landua zeukan, eta asko teorizatu zuen horren inguruan, gainera. Asko irakurri zuen bere bizitza osoan, eta xehe-xehe aztertu zituen irakurtzen zituen lan guztiak. Adibidez, askotan aipatu zituen J.R.R. Tolkien, Virginia Woolf, Charles Dickens… Beren testuak aztertu zituen esaldiz esaldi, erritmoari nola eusten dioten jakiteko. Garrantzia handia ematen zion horri. Esaten zuen, adibidez, Tolkienen liburuak direla ahots goran eta ozenki irakurtzeko lanak. Hori bilatzen zuen hark ere. Eta lortu zuen.

Nola definituko zenuke LeGuinen prosa? Oso aberatsa eta erritmo handikoa. Ez da bereziki konplikatua, ez da apaingarri eta adjektibo amaigabeetan galtzen, baina oso poetikoa da. Badu lirikotasun berezi bat. ‘Oihan hitzean mundua’-n, adibidez, garrantzia handia du naturak, eta horri buruzko deskribapenak oso-oso bereziak dira. Erregistro asko darabiltza, unean-unean hitz egiten ari den pertsonaiaren arabera, eta joko ugari erabiltzen ditu: errimak, errepikapenak… Halakoak oso jostagarriak dira itzultzaileontzat, aukera ematen digutelako gauza berriak probatzeko, baina, era berean, erronka bat dira. Badute zailtasuna. Horrez gain, unibertso eta mundu berriak sortzeko prozesuan, kontzeptuak ere asmatu zituen Le Guinek. Ingelesezko hitz bat hartu, desitxuratu, eta hori erabiltzen zuen berak asmatutako kontzeptu berri hori izendatzeko.

Nola heldu zenion erronka horri? Beste hizkuntza eta itzulpenetara jo nuen. Jakin nahi nuen, ataka horien aurrean, beste itzultzaile batzuek zer bide hartu zuten. Konturatu nintzen bi joera daudela, nagusiki: batzuek eusten diote jatorrizko formari, hitza kurtsibaz markatuz eta oin-oharren bidez kontzeptua azalduz; beste batzuek, ausardia handiagoz, antzeko kontzeptu bat sortu zuten, nork bere hizkuntzan. Nik zalantza egin nuen hasieran, baina, azkenerako, bigarren bidearen alde egin nuen. Dibertitzeko aukera ematen du, baina ardura ere handiagoa da. Izanki hitza, adibidez. Irakurlea apur bat galduta sentitu daiteke hasieran, baina egia da, jatorrizkoan ere, Ursula K. Le Guinek inongo azalpenik eman gabe erabiltzen zituela halako kontzeptu berriak eta hitz itxuraldatuak.

Irakurlearengan konfiantza izateko modu bat da hori, ezta? Bai, hori da, hain zuzen. Finean, niretzat errazena izanen litzateke kontzeptu asmatuak ingelesezko bertsioan uztea, eta ohartxo bat gehitzea. Hori eginda, baina, beldur nintzen ez ote nuen irakurlea tontotzat hartuko. Erabaki nuen hobe zela irakurlea Le Guinen jolasera gonbidatzea, eta gozatzea.

Eleberriaren izenburua bera ere lirikotasun eta musikaltasun horren adibide da, ezta? Ez zenuen hitzez hitz itzuli… Zelako buruhausteak eman zizkidan izenburu horrek, kar, kar! Jatorrizkoa ‘The Word For World Is Forest’ da, eta badu errima-joko bat ‘word’ eta ‘world’ hitzen artean. Hitzez-hitzezko itzulpena izanen litzateke ‘Mundurako hitza oihana da’, edo halako zerbait, baina horrek ez du ongi jasotzen jatorrizkoaren poetikotasuna. Beste hizkuntza batzuetan ere tranpatxo txikiak erabili izan dituzte, izenburua egokitzeko. Gaztelaniaz, adibidez, ‘El nombre del mundo es bosque’ jarri zioten (Munduaren izena oihana da), ‘word’ hitzaren ordez ‘nombre’ edo ‘izena’ jarrita. Beste hizkuntza batzuetan, aldiz, erabat aldendu ziren jatorrizkotik, eta izenburu erabat irudimentsuak erabili zituzten. Nik buelta asko eman nizkion aferari, eta erabili gabeko hogeita hamar bat izenburuko zerrenda izanen dut hor nonbait apuntatuta. Inguruko lagun, kontalari eta itzultzaile guztiak katramilatu nituen, denon artean izenburu posibleak aukeratzeko. Eta, azkenean, ‘Oihan hitzean mundua’ aukeratu genuen, hori baitzen jatorrizko izenburuaren poetikotasunari hobekien eusten zion aukera eta, era berean, liburuaren ikuskera bereziarekin bat egiten duelako.

Argitaletxeak ere izanen du zer esanik halako kontuetan, ezta? Iradokizunak egin dizkizute? Iradokizunak egin dizkidate eta asko lagundu naute prozesu osoan. Oso ongi konpondu naiz Lander Majuelo Igela argitaletxeko editorearekin, eta, horrez gain, aurreko editorea ere, Xabier Olarra, eztabaidara ekarri nuen. Asko eskertu nuen eurek ere prozesuan parte hartu izana, ideiak proposatzen eta iritzia ematen. Gozamena izan da haiekin izanki, mezukari eta halako kontzeptu berrien inguruan eztabaidatzea. Burugogorrak izan gara, e! Hori ere aitortu behar da, kar, kar, kar! Baina uste dut emaitzarekin oso pozik gelditu garela denok.

Ursula K. Le Guin izen handiko egilea da zientzia-fikzioaren generoan, baina, orain arte, haren eleberririk ez zegoen euskarara itzulita. Hutsune handia bete du liburu honek, beraz… Baziren aurretik Ursula K. Le Guinen beste lan batzuk euskarara ekarriak: Jasone Larrinagak ‘Legez kanpokoa’ ipuina itzuli zuen, eta ‘Zergatik dira estatubatuarrak herensugeen beldur’ hitzaldia ere itzulita dago. Xerezade artxiboan daude biak ala biak. Eta Hedoi Etxartek, azkenik, zenbait poema itzuli zituen, eta Armiarma atarian daude irakurgai. Baina, bai: oro har, Le Guinen lan gutxi euskaratu dira. Hortaz, alde batetik pozgarria da ‘Oihan hitzean mundua’ euskaraz irakurri ahal izatea; baina, bestetik, aintzat hartu behar dugu Ursula K. Le Guinek hogeitik gora eleberri idatzi zituela, eta bakarra dugula euskaraz, oraingoz. Hutsune handia da.

Zergatik ez da orain arte gehiago euskaratu? Faktore askorengatik izan daiteke: batetik, zientzia-fikzioa bigarren mailako generotzat hartzen dugula; bestetik, euskaraz gutxi argitaratzen dela oro har, eta itzulpenak, are gutxiago; eta gainera, emakumezko autore bat izateak ere badu eraginik. Halako lanak gelditzen dira bigarren mailan, lehentasuna ematen zaielako beste batzuei. Dena den, ez zait gustatzen sobera negar egitea. Egia da Le Guinen lan gutxi ditugula euskaraz, baina zer gertatzen da beste genero edo herrialde batzuetako lanekin? Poloniar literatura, esate baterako. Zer dugu euskaraz? Deus gutxi. Afrikako literaturaz zer esanik ez. Hori da gure sistemaren txikitasunak dituen ajeetako bat.

Zer beste proiektu duzu esku artean? Bada, labetik atera berria da Slavenka Drakulicen ‘Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko’ (Txalaparta). Ia aldi berean itzuli nituen Ursula K. Le Guinena eta hau, baina ezin diferenteagoak dira: hau saiakera literario bat da Balkanetako gerraren inguruan, gogoeta egiten du indarkeriari buruz… Hortaz, itzulpena ere beste era batekoa izan zen, baina berdin-berdin izan zen gustagarria. Horrez gain, esku artean dut idazle poloniar baten beste eleberri bat, eta gero etorriko da Ursula K. Le Guinen bigarrena.

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments