Nerea Loiola: “Giza harremanen simetriak eta asimetriak dira, azken finean, ipuinetan jorratu ditudan gaiak”

0

‘Epizentroa’ ipuin bilduman (Erein, 2021) protagonistek beraien egunerokotasunean lurrikara jakin bat bizitzen dute edo beste norbaitek nozitutako lurrikara baten dardarak sentitzen dituzte, eta horren ondorioz beraien bizitzak egonkortasuna galtzen du. Haurrentzako bi liburu idatzi ondoren, hau da Nerea Loiola Pikazaren (Deba, 1985) helduentzako lehen lana.

Nola sortu zitzaizun helduei zuzenduriko lehen liburua idazteko ideia?  Pixkanakako zerbait izan da. Umeentzako liburua idazten ari nintzela konturatu nintzen bazeudela hor beste gai batzuk edo beste istorio batzuk kontatu nahi nituenak, eta ikusi nuen ez zirela haurrentzako modukoak. Poliki-poliki apunte batzuk hartu nituen, ipuin baten aurreneko zirriborro bat egiten hasi nintzen; eta gero ikusi nuen Eusko Jaurlaritzak kultur sorkuntzarako beka batzuk ateratzen zituela. Hala, animatu egin nintzen proiektua bertara aurkeztea. Txosten bat egin, deialdira aurkeztu  eta eman egin zidaten. Lehenengo bertsioa entregatzeko bederatzi hilabeteko epea neukanez, ezinbestean lanari ekin nion.

Zenbat denboran idatzi duzu, beraz?  Beka horiek ona daukatena da erakutsi behar duzun horrek ez duela izan behar nahitaez gero argitaratuko dena. Aurreneko lagin bat egiten duzu, eta nik hori 2020ko martxoan aurkeztu nuen. Gerora pasa dut beste urtebete baino gehiago berridazten, ipuinen bat ere kendu dut, besteren bat osorik berridatzi dut…, hobekuntza lanak egiten. Azken batean, hasi nintzenetik bi urteko bidea izan da.

Zazpi ipuin jaso dituzu liburuan. Ildo nagusi bat badagoela esango zenuke? Ildo nagusi narratiborik ez dago. Ipuin guztiak autonomoak dira eta pertsonaiak aldatu egiten dira. Liburua amaitzen duzunean dagoena da nabaritzen den geruza moduko bat, erabakiei dagokiena, bereziki. Gai asko ikusten dira, baina geruza hori oso nabarmena da. Kontrazalean jartzen duen moduan, “gure buruan errotzen doazen erabakien eta erabaki horiek benetan gauzatzearen artean dagoen amildegian kokatzen dira sarri ipuin hauetako pertsonaiak”.

Zertan inspiratu zara istorio hauek idazteko? Ez daukat erantzun zehatzik. Nahiko bide intuitiboa izan da. Batzuetan izan da irudi bat, beste batzuetan abiapuntuak sentsazioak izan dira. Adibidez, banatzaile migrante horren kasuan abiapuntua ondorengoa izan zen: Guatemalako jende batekin harremana dut, eta ni nire arazo eta ezinetan korapilatuta nengoela, bat-batean gurutzatu zitzaidan haien arazo bat eta pentsatzen duzu zer mundu den hau, nola nagoen ni, nola dauden besteak… Nire arazoak jakina arazoak direla, baina kasu horretan sentsazio horretatik eraiki nuen ipuina. ‘Itsaso zuria’ delakoan, adibidez, emakume baten irudia itsasoan sartzen; hori izan zen ipuin horren abiapuntua.

Liburuan jorratutako gaiak modu kontziente batean aukeratu dituzu? Ez, gai horien inguruko irakurketaren eta lehen aipatutako erabakien azpi geruza horren ondoren etorri da, liburua bere osotasunean aztertu dudanean. Gerora ateratako ondorioak izan dira. Ni aritu naiz idazten nire kezketatik, nire interes eta sentsazioetatik eta gerora konturatu gara badaudela hainbat gai amankomunean: gurasotasuna, maitasuna, harremanak, nahiak, ardurak, ezinak, sexua, desioa… giza harremanen simetriak eta asimetriak dira, azken finean, ipuinetan jorratu ditudan gaiak.

Emakumeen arteko harremanak ere maiz agertzen dira. Bai, ez da nahita egin dudan zerbait. Alde batetik saiatu naiz idazten ari nintzen momentu horretan ateratzen zitzaidan horri askatasuna ematen; bestalde, gai pila bat daude, eta sexua horietako bat da. Narrazioetan ez da asko sartzen, baina egunerokotasunaren parte da, beste gauza asko diren moduan, eta beharbada ohituago gaude desioari buruz irakurtzera. Dena den, gero eta gehiago idazten da honen inguruan. Kasu honetan, emakumezkoen arteko harremanak atera zitzaizkidan eta ez diot frenorik jarri nire buruari alde horretatik.

Ipuin askok nebulosa antzeko bat daukate, hau da, kontatu gabe itzalean gelditzen diren hainbat elementu daudela dirudi.  Bai, tentsio edo intriga moduko bat: badakizu zerbait gertatzen dela, baina ez dakizu oso ongi zer den. Niri asko gustatzen zait era horretako literatura. Gainera, bereziki ipuin zalea naiz eta horrelako ipuinak egiten dituzten idazleak oso gustuko ditut. Ipuinen batean gertatzen da ez dagoela oso argi azkenean zer gertatu den, baina hori ez da garrantzitsua, baizik eta bide horretan egondako elkarrizketak edo horrek guztiak irakurlearengan sortzen duen sentipena. Horrekin jolastu nahi izan dut. Modu honetan, irakurlea irits daiteke guztia azalduko banu iritsiko ez litzatekeen lekuetara.

Idazteko orduan orainaldia asko erabili duzu.  Bai, uste dut ipuin bakarra dagoela lehenaldian. Gertutasuna ematen dio, gaiek ere gaurkotasuna daukate, eta aldi berean oso gertuko sentitzen ditut. Istorioak ere egungo garaian kokatu ditut, ez naiz inora joan eta naturalki horrela atera zait. Orainaldian funtzionatzen zutela erabaki nuen.

Zein da, zure ustez, ipuinik gogorrena? Agian, ‘Itsaso zuria’. Ez da kasualitatea hain zuzen ere ipuin horren narratzailea haur bat izatea. Lehen esan bezala, abiapuntua irudi hori izan zen: emakume bat biluzik udazken hotz batean itsasora sartzen. Baina hasiera batean narratzaileak emakume horrengan jartzen zuen arreta eta konturatu nintzen kontakizuna gordinegia zela. Bikotearen aldetik kontakizuna egiten ere saiatu nintzen, baina iruditzen zitzaidan ez zuela funtzionatzen, dramatikoegia zela. Denbora batean alboratu egin nuen, ez bainuen lortzen eman nahi nion tonua aurkitzea, drama bat izatea nahi ez nuelako. Bat-batean konturatu nintzen haurrak bere xalotasunetik kontatuta, bere irakurketatik, helduok ulertuko genuela zer gertatzen zen, baina pisua kenduko ziola, eta haurrari ahotsa emanez gogortasun horri oreka bat ematen niola. 

‘Egin behar nuena egin nuen’ ipuina gogorrenetarikoa da ‘Itsaso zuria’-rekin batera, baina pisua kendu diozu horri ere. Batean zein bestean benetan interesatzen zitzaidana ez zen akzioa edo gertakizuna: hau da, zer gertatzen zaion amari edo zer gertatu den alaba horrekin hor egoteko, ospitalean. ‘Egin behar nuena egin nuen’ ipuinaren kasuan, planteatu nahi nuen gertatutakoa gertatu ondoren ama bezala zeinen zaila den oreka bilatzea seme-alabei ematen diegun askatasun eta konfiantzan, gertatzen diren gauzen ondorio horietan zenbateraino hartzen dugun zama gure gain, erruaren kontua, maitasuna, haserrea, amorrua eta baldintzarik gabeko maitasuna… Hor mugitu nahi nuen. Beraz, benetan alabari zer gertatu zaion jakitea ez da beharrezkoa. Beste zerbait gertatu izan balitzaio ere egoera berdinean jarriko nituzkeen pertsonaiak. Beharbada morboa eta dramatikotasuna kentzen dio horrek, baina nik nahiago dut horrela.

Epizentroa’ ipuinean diozu: “Diafragma da erraietako emozioen epizentroa”. Zergatik aukeratu duzu ipuin hau liburuari izenburua emateko? Ohikoa izaten da ipuinetako batek narrazio bilduma guztiari izenburua ematea. Epizentro hitza lurrikaren kontuarengatik aukeratu nuen. ‘Epizentroa’ ipuinean protagonistak bere lurrikaratxoa bizi du, bere egunerokotasuna zalantzan jartzen duena. Egia da diafragman sentitzen duela zerbait kateatuta eta hortik abiatzen dela. Baina gero konturatu nintzen esan nezakeela beste ipuinetako protagonistak ere, bakoitzak bere modura, ari zirela lurrikara jakin bat bizitzen edo sentitzen, edo izandako lurrikara baten dardarak sentitzen edo beste batzuen lurrikararen eragina sufritzen. Eta iruditu zitzaidan oso izenburu egokia izan zitekeela osotasun bat emateko.

Betidanik izan zara irakurlea. Bai, baina nire ibilbidea zientzietatik egin nuen. Akademikoki ikasle ona nintzen eta, lehen behintzat, normalean halakoetan zientzietatik bidaltzen zintuzten. Irakurzaletasuna zaletasuna izan dut, betidanik nirea izan den zerbait. Irakurtzen ikasi nuenetik nire burua liburu batekin gogoratzen dut, oporretan, gauetan…. Nire egunerokotasunean beti irakurri dut zerbait. Gerora, 30 urterekin edo, semeak txikiak zirela, gauero zerbait irakurtzen dugunez, tarteka ipuinen bat asmatzeko eskatzen zidaten eta oso istorio polita bururatu zitzaidan. Umeek errepikatzeko eskatu zidaten. Eta bikoteak esan zidan: “Zergatik ez duzu idazten?” Ipuin hori idazten hasi nintzen eta konturatu nintzen asko gustatzen zitzaidala. Sei urte daramatzat idazten.

Zein dira zure idazlerik gustukoenak? Asko ditut. Azkeneko bi urteetan, nire ipuingintzan murgilduta nagoenetik, eleberriak irakurri ditut, baina asko ari naiz ipuinak irakurtzen. Carson McCullers oso gustuko dut, Carver-en literatura ere asko gustatzen zait, Alice Munro, Eider Rodriguez, Harkaitz Cano, Uxue Alberdi… Badaude idazle batzuk zerbait ateratzen dutenean beti irakurtzen ditudanak, bai ala bai. Baina gero beste batzuk ere tantaka jasotzen ditut: Lucia Berlín irakurtzen ari naiz eta zoragarria iruditzen zait, Irene Solà-renak ere gustatu zaizkit, Sara Mesa… 

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments