Blas de Otero – Bilbo Uria poesia lehiaketa irabazi zuen 2020an Jokin Erkorekak (Bermeo, 1991) ‘Banda’ olerki bildumarekin. Bere lehenengo liburua da eta Erein argitaletxearen eskutik argitaratu du urtebete geroago.
‘Banda’ bide pertsonal baten ondorioa da. Haxotzmusika taldearekin 5 musika bilduma argitaratu zenituen, liburu hau idatzi aurretik. Sormen aldetik zein ezberdintasun dago bi proiektu hauen artean? Baditu bere desberdintasunak. Niretzat musikaren sormen prozesua ez da bakarrik letrak egitea. Nik musika ere egiten dut. Hau normalean lehenengo joaten da: gitarra-jotzaile batek eta biok musika konposatzen dugu eta gero nik letrak jartzen dizkiot, behin kantak bideratuta daudenean. Kasu honetan letrentzako geratzen den zatia ez da izaten agian hain zabala. Poesiaren kasuan, gauza zehatz batzuk esateko edo figura zehatz batzuk erabiltzeko gogotik dator poesia idazteko grina. Nik ez nuke esango poesia liburu bat idatzi dudanik: idatzi ditut poema asko eta gero saiatu naiz hauek antolatzen zentzua duten era batean.
Zergatik idazten duzu poesia, hain genero minoritarioa izanik? Duela 6 bat urte Deustuko unibertsitateko literatura tailer batera joaten hasi nintzen, eta niretzat oso garrantzitsua izan zen hori. Bertan hainbat poeta ezagutu nituen. Poeta berriak deskubritzeko modua izan zen, poesiak zeukan indarra transmititzeko era zehatz bat deskubritzekoa eta letra-egile bezala nituen gaitasun horiek beste gauza apur bat literarioago edo garundunago batera ekartzeko gai nintzen edo ez ikustekoa. Poesia gauza minoritarioa da, baina ez nuke esango idazten dudanik publiko handi bat egongo den kontzientziarekin, gauzak era konkretu batean esan ditzakedalako baizik, era baliagarri edo eder batean.
Poesia irakurlea zara? Bai, nahikotxo. Poesia kuriositate handiz irakurtzen dut. Kanpotarrekin hasi nintzen. Lehenengo Bukowskirekin, hori bide erraza delako mundu horretan sartzeko. Egia da Bukowski egile bezala orain zaharkituta gelditu dela, batez ere gizonok egin behar dugun hausnarketa horren barruan, Bukowski bezalako idazleakpasatu direlako heroiak izatetik apur bat gaiztaginak izatera; baina iruditzen zait bazuela poesian, batez ere, gauza batzuk transmititzeko indar oso handi bat, eta poesiarekiko kuriositatea piztu zidan egileetako bat izan zen. Oso gustuko dut Charles Simic ere. Bertakoen artean Igor Estankona, Iñigo Astiz, Irati Iturritza –nire gogoenetariko bat– eta Jose Luis Otamendi aipa ditzaket. Horiez gain, asko begiratzen diet XX. mendean zehar AEBetan garatu diren mugimenduei, iruditzen zaidalako badaudela mugimendu puru asko eta 100 urtetan gauza asko gertatu zirela han. William Carlos Williams asko gustatzen zait, eta Eliot eta Ginsberg. Hauek Arestiren bitartez irakurri ditut. Aresti da niretzat erreferenterik argiena, niri euskaraz idazteko konbentzimendua eman zidana. Hartu nuen aitak etxean daukan liburu bat, nahiko akademikoa den sarrera batekin, non azaltzen duen pixka bat Arestiren sinbolismoa nondik zetorren, nora zihoan… eta aukera izan nuen horrela irakurketa gutxi gorabehera akademiko bat egitekoa. Niretzat Aresti da 60ko hamarkadan euskarara poesia modernoa ekartzen duena.
Zuretzako poesia zer da? Poeta bakoitzak azalduko lizuke era ezberdin batean, azken finean ikuspegi ugari baitaude. Baina egia da poesiak baduela katarsi txikiago eta kontrolatuagoak ateratzeko gaitasuna. Nik uste dut nobelagileak edo narratiba idazten duenak daukala agian gogo antolatuago bat, edo egon behar zarela aldarte antolatuago batean horrelako gauzak idazteko; baina poesiak uzten dizu edozein momentutan esertzen eta zure barrutik aterarazten ez dakit zikinkeria den edo arazo bat, kezka bat… gainean daukazun edozein gauza. Egiatik ahalik eta gertuen azaltzeko era bat da. Botere hori sormenaren ikuspuntutik daukala esango nuke. Irakurle bezala beste gauza batzuk bilatzen dira poesian. Baina egia da sormenak ematen digula aukera esertzeko eta akaso ordu erdian poema bat idazteko guztiz baliozkoa dena, eta gutxi gorabehera lau edo bost esaldirekin sintetizatu dezakegula esan nahi genuen hori.
Poesiak zauriak sendatzen ditu? Niretzat justu kontrakoa da, zarakarrak arraskatzea bezala. Bakoitzak izan dezake poesia sortzean ikuspegi desberdin bat, baina niretzat bada batzuetan itxitzat utzi ditudan gauzak momenturen batean berriz zabaltzeko modua eta haien barruan azalpen bat bilatzen saiatzekoa, edo kezkatu ez nazaten alde batera utzi ditudanak. Poesia trauma esploratzeko tresna bat da.
Eta trauma arintzekoa? Arindu, ez dakit… areagotu, inoiz ez. Niretzat poesiaren prozesua beti izaten da apur bat katartikoa eta gogorra egiteko momentuan, baina egin eta gero beti sentitzen naiz gusturago, askeago.
Poesiak egia den horretatik gertu egon behar du, edo gizaki egiten gaituen horretatik? Nik esango nuke baietz. Niretzat egiarekiko gerturapen bat da, baina hau da pixka bat Santiago Berruete filosofoak esaten zuena. Orain dela gutxi irakurri nuen bere elkarrizketa bat, eta esaten zuena zen: egia gauza partikularra da, zenbat eta kolektiboago garen orduan eta gehiago difuminatzen da. Niretzat galdera horretan aipatzen diren bi gauzak berberak dira. Zenbat eta gehiago gerturatu egiara, orduan eta gehiago hurbiltzen zara gizaki egiten zaituen hartara. Egia ez da inoiz osoa, ez da inoiz garbia, egia existitzen da beti kontraesanean. Horregatik da egia, kontrakoa ere badaukalako.
Eskaintzan diozu: “Etxea norbera da eta maite ditugunak barneko maizterrak”. Nik liburua dedikatzen diet nire aitaren lehengusu bati eta nire lagun min bati. Biak minbiziak eraman zituen azkeneko urteetan, eta iruditzen zitzaidan gauza polit bat esan behar nuela edo gutxienez gauza egiazko bat. Heriotzari buruz esan ditut gauzak, liburu honetan bertan badago poema bat heriotzari buruzkoa eta, zentzu horretan, eskaintzan ez nuen jarri nahi obituario bat. Maitasun kantu bat izan zedin nahi nuen. Gauzei begiratzeko era bat ere bada. Gure burua askotan erdigunean ikusten dugunez eta hori askotan ekidinezina denez, baliagarri izaten da batzuetan haien zatitxo bat guregan bizi dela esatea.
Igor Estankonak kontrazalean liburuari buruz idatzi du: “Hemen ez dago lehenaldirik ez etorkizunik, oraina baino ez”. Egia da badagoela nostalgiaren erabilera bat, baina iraganaren existentzia onartzen duen pertsona batena izan arren, egungo arazoek kezkatzen duten pertsona batena da, batez ere. Azken finean guk bakarrik daukagu orainaldian aritzeko aukera, iraganekoari askotan egiten diogu so, eta askotan ibiltzen gara: hau egingo banu… eta etorkizunari ere askotan antsietatez begiratzen diogu, baina egiteko aukera daukagu bakarrik orainaldian. Orainaldian diodanean ez da bihar, ez da bi ordu barru: da oraintxe bertan.
‘Banda’ poeman “hitzak ez deusak dira” esaten duzu, baina hitzekin eraikitzen da poesia. Flaubertek esaten zuen bere garaian hitz zehatza bilatu behar zela. Zenbat eta zehatzago, orduan eta hobeto gauzak komunikatzeko. Baina nik kasu honetan diodana da, ez hainbeste hitzak ez direla erabilgarriak, baizik eta ez dutela lortzen nahi duten efektua. Hau da onartu behar den gauza bat. Hitza deskubritzen da eta bere boterea ere bai, baina aldi berean hitza era zehatz batean erabili nahi dugunean ez da mundu guztia entzuten ari nahi dugun arretarekin. Zentzu hori eman nahi nion.
Liburua lau zatitan banatuta dago eta zati bakoitzari idazle baten zita batek ematen dio sarrera. Zati bakoitzaren hasieran zitak erabili ditudanean babesleen figura ere erabili dut, niretzat idazle horien ideiak izan direlako liburuko poemak konfiguratzeko momentuan pisu handiena izan dutenak; bizitzaren aldeko kantua, baina baita ere sufrimenduaren ezagutza duten idazleak baitira. Lehenengo atala izango litzateke poema bilduma hau motibatzen duena edo poema bilduma honen bihotza den zatia, pixka bat sozialagoa delako. Hori idazteko momentuan nire burua sentitzen nuen ate baten erdibidean, eta tolesteko gaitasunarekin, baina aldi berean apur bat ikusezin, eta hobekuntza posible baten mezua jendeari ematen saiatzen. Hor gogo hori dago. Bigarren atala izango litzateke naturaren ingurukoa.
Zati horretan diozu: dena zen ederra, eta ezerk ez zuen minik ematen. Hori Kurt Vonnegut-en zita bat da. Gauzak diren bezala onartzeari buruzkoa da zita hori niretzat. Zati horretan ere badago luzuriaren kontzeptua, iruditzen zaidana nahiko sendoa, denok daukagulako naturarekiko lotura nahitaezko hori. Hirugarren zatiak, aldiz, etxearen ideia lantzen du. Nik poema hauen gehiengoa idatzi nuen etxean sartuta geundenean pasa den urteko udaberrian. Garai horretan asko idatzi nuen eta hor sortu ziren irudi batzuk, etxearen ideiaren ingurukoak: zer den etxea. Ez esplorazio sakon bat etxearen eta pertenentzien ingurukoa, baizik eta etxea gordeleku bezala, hau da, non gauden oraintxe bertan eta nondik ikusten ditugun gauzak. Eta azkeneko zatian jarri nituen klasifikatzeko zailagoak diren poemak, bakoitzak bere kabuz pisu gehiago daukalako eta ulertzen delako irakurketa sakabanatuago bat egiteko moduko atal bat dela.
Sylvia Plath ere aipatzen duzu poema batean. Metasormenarekin zerikusia duen guztia asko gustatzen zait. Irati Iturritzarekin askotan hitz egiten dut gai honi buruz, nola berak oso gustuko duen idazleari buruz idaztea. Ez bakarrik idazleari buruz, fikzioari buruz hitz egitea ere orokorrean asko gustatzen zait, lotura bat sortzeko modu bat da ikus dezan irakurleak ni ere irakurle bat naizela, nik ez dudala nire burua Sylvia Plath-tzat, baizik eta Sylvia Plath irakurtzen ari nintzela eta ikasten ari nintzela. Kasu honetan Plath-en ‘Ariel’ irakurri nuen eta hain mingarria iruditu zitzaidan… Lady Lazarus poema oso sendoa da eta horretan inspiratu naiz, baina gero ez dut jarraitzen poema horren gaia. Bilatzen dudana da legenda batengan apoiatzeko modu bat.
“Hau ura da” dira liburuaren azken hitzak. Wallace izeneko idazle batek badauka ‘La broma infinita‘ izeneko liburu bat. Gaixotasun mentalei buruz asko hitz egiten zuen, baita suizidioari buruz ere, eta azkenean bere buruaz beste egin zuen 44 urterekin. Baina arraroa da, ordura arte berak esaten zituen gauzak ez baitziren suizidioaren aldekoak, baizik eta guztiz kontrakoak. Berak izan zuen erlazio handi bat existenzialismoarekin. Wallacek egin zuen bere garaian hitzaldi bat unibertsitate batean, Danele Sarriugartek oso ederki itzuli zuena euskarara, eta hor parabola bat kontatzen zuen, bi arrain gazte eta zahar baten ingurukoa. Zaharrak galdetzen zien: zelan dago ura? Eta gazteek elkarri: zer da ura? Azken finean ura da inguratzen gaituen hori guztia eta ez gara horretaz kontziente momentu oro, baina urak egiten du bizitza bizitza. Oso esaldi ederra da.
Liburua argia edo iluna dela esango zenuke? Bata bestea gabe ez dira existitzen. Ez dut anbiguoa izan nahi, baina niretzat liburuaren mezua kondentsatzen da justu amaiera horretan. Hau ura da, eta justu aurretik dagoen poemaren azken hitzak hauek dira: hemen nago. Liburuaren mezua hori da, positiboa da, esperantza mezua beti dago amaieran. Mina egongo da, ezinegona… baina azken finean bizitzaren gainean ere aukerak hartzeko aukera dago eta hauek hartzeko momentuan aldartea positiboa izan beharko litzateke. Niretzat, oro har, liburuaren mezua argia da, baina agian liburua bera zati batean iluna izan daiteke.