Juan Luis Zabala: “Bizikletaren gainean jartzen naizenean erraldoia sentitzen naiz. Idaztean ere gauza bera gertatzen zait”

0

Juan Luis Zabalak (Azkoitia, 1963) argitaratu berri duen ‘Mina hartzeko ere’ (Susa) poema liburua, ‘Txistu eta biok’ (Algaida, 2016) eta ‘Agur, Euzkadi’ (Susa, 2000) liburuen “eranskin poetiko” bezala ikus daitekeela dio autoreak berak. ‘Galdu arte’ (Susa, 1996) nobela “after punk bat” bezala har daitekeen gisan eta ‘Hautsia natza’ (Euskaltzaindia BBK, 2000), horren eranskin poetikoa. Hor, gaztetasuna, errebeldia, gizartean kabitu ezina agertzen bada, ‘Agur, Euzkadi’ eta ‘Txistu eta biok’ liburuetan eta, hortaz, baita azken poema liburu honetan ere, prozesu hori pasatu duen pertsona bat da protagonista.

‘Mina hartzeko ere’ poema liburua ‘Txistu eta biok’ eta ‘Agur, Euzkadi’ liburuen “eranskin poetiko” bezala ikus daitekeela erran izan duzu. Zer erran nahi duzu horrekin?
Giro bera dago, neurri batean. Ikuspegi bera dago. ‘Agur, Euzkadi’ eta ‘Txistu eta biok’ liburuetako kontalaria eta ‘Mina hartzeko ere’ liburuko ni poetikoa nahiko antzekoak dira. Azkenean, nire antzekoak. Batzuetan kontrakoa egiten siatu naizen arren, beti idazten dut oso barrutik eta oso neure kezketatik. Eta pertsonaiak, eta ni poetikoak ere, ateratzen zaizkit neure antzekoak. Nik nahiko nukeena baino antzekoagoak. Baina horrela izan da beti. Neuri horrela idaztea ateratzen zait. Oso barrutik eta oso neuretik. Gizartean bere lekua egiten ari dena edo egin duena dago hor. Bere kritikekin eta bere kezkekin gizarte horren barruan bat gehiago da. Horko kide sentitzen da. Neurri batean, besteak bezalakoa. Normaltasun baten barruan. Horrela atera ziren liburu hauek.

Erran izan duzu, baita ere, mundua aldatzen ari dela eta egokitzeko gero eta zailagoa zaizuela zure belaunaldikoei, eta hortik ere edaten duela poema liburu honek.
Normala da nerabezaroan gizartean zure lekua ez bilatzea, lekuz kanpo edo zure lekuaren bila ibiltzea, eta abar. Halako kabitu ezina izatea. Beharbada gure belaunaldian, edo behintzat gure belaunaldiko gazte batzuen artean, punkaren garaian, lehen gaztetxeen garaian, horrek indar handiagoa izan zuen beste belaunaldi batzuetan baino. Nire kasuan, bai. Sentitu nintzen, neurri batean, gizartetik aparte, ezin kabiturik gizartean. Gizartearen normaltasunetik kanpo. Eta horrek iraun zuen urte batzuk. Baina azkenean poliki-poliki joaten zara zure lekua egiten. Eta nik ere egin nuen. Bitxikeria moduan, ‘Inon izatekotan’ liburuan, azken esaldiak esaten du: “Traba nintzen baina kabitu naiz”. 2006koa da liburua eta esaldi horrek markatzen du pauso hori. Gizartearen etsai, edo gutxienez gizartearen adiskide ez izatetik, gizartearen barruan leku bat egin eta lasaitasun baten barruan bizitzen hasteko pausoa hor eman nuela uste dut. Seguru asko nire belaunaldiko jende askoren kronologia antzekoa izango da.

Hala ere, ‘Mina hartzeko ere’ liburuan haurtzaroak beste liburuetan baino leku gehiago du, ezta?
Bai, adin kontua ere bada. Urte batzuk pasa dira ‘Mina hartzeko ere’ idatzi artean. Orain, erretiroan pentsatzen hasteko adinetik gertu nagoen honetan, haurtzaroa presenteago dago nire oroitzapenetan. Eta bai, beharbada horretan da ezberdina besteekin konparatzen bada. Eta baita ere izan daiteke guraso izatearena. ‘Agur, Euzkadi’n ez nintzen guraso, eta ‘Txistu eta biok’ idazterakoan bai, baina agian oraindik asimilatu gabe, kar-kar.

Hizkuntzaren arrangura aurki daiteke lan berri honetan.
Literaturaren parte inportante bat da hizkuntza eta hori ez da galdu behar. Iruditzen zait gaur egun, agian gure egoera diglosikoaren ondorioz, gero eta gehiago jotzen dela, hizkuntzaren aldetik, sinple jokatzera. Hori, berez, ez da txarra. Normala da, gainera, gaur egun beharbada normalago, literaturan birtuosismoak eta barrokismoak alde batera uztea. Hizkuntzari funtzionaltasun zuzen bat ematea. Baina horrek ez luke kendu behar idazterakoan hizkuntzari buruzko kezka. Nik beti ikasi dut literatura dela hizkuntzaren jokalekurik distiratsuena, aberatsena. Edo izan beharko lukeela. Eta bereziki poesia horretarako leku bat da. Ni saiatu naiz horrelako esamoldeak sartzerakoan birtuosismorik ez izaten, behar dudanaren arabera erabiltzen. Adibide bat jartzearren, behin eskatu zidaten komunikabide batetik bi liburu gomendatzeko. Iñigo Aranbarriren ‘Munduko tokirik ederrena’ eta Miren Amurizaren ‘Basa’ etorri zitzaizkidan neuri. Etorri zitzaizkidan burura, hain zuzen ere, bi liburu horietan hizkuntza obraren parte inportante bat delako. Tresna bat baino gehiago delako. Ia ia pertsonaia bat da, edo ia ia traba bat da. Seguru asko, gainera, itzultzea zaila da. Itzulpenean galdu egiten da. Eta iruditzen zait euskal literaturan hori gutxiegitan gertatzen ari dela.

Ez da nostalgia kontu bat ere, ezta? Esamolde horien gaur egungotasuna ere aldarrikatu nahi duzula esango nuke.
Kezka handiak dauzkat euskararen bizitasunarekin, bai. Niretzat garrantzitsua da zuzentasunaz harago hizkuntzak bizitasun adierazgarri bat izatea. Oso zaila da euskara entzutea eguneroko bizitzan. Zure ingurutik aparteko euskara. Horrek gure euskara isolatzen du. Eta horrekin ari da sortzen, gainera, batuaren aurkako sentimendu hori batua artifiziala dela… Baina nola ez da izango batua artifiziala euskaldun gehienok euskara batua inon entzuten ez badugu? Ez daukagu euskara batua non entzunik Euskadi Irratitik aparte. Ari gara bakoitza bere euskarara murrizten ahozkoan, eta idatzian euskara pobre batera lerratzen ez dagoelako konexiorik ahozkoaren eta idatziaren artean.

Euskara batuaren gaia askotan aipatu izan duzu.
Bai, batuari buruz dagoen iritziaz kezka banuen lehendik ere. Batez ere gazteen artean ikusten dudalako orain dela 50 urteko zahar integrista eta atzerakoienek esaten zuten hori esaten edo erakusten dutela. Ikusten dut, batetik, euskara bera egoera txarrean dagoela. Erdaldunen artean garai batean oso cool zen euskaraz ikastea –orain dela 40 urteko garaiaz ari naiz hizketan–; orduan, Francoren kontrako jarrera horretan puntu asko ematen zituen erdaldun batek euskara ikasteko ahaleginak egiteak baina baita euskaldunak alfabetizatzeak ere. Eta bigarren parte hori galdu egin da. Erdaldunak euskaratzearena ere atzeraka egiten ari da. Sarrionandiak esaten zuen lehengokoan: lehenago euskara ikasteaz harrotzen zen jendea orain euskara ez jakiteaz harrotzen ari da. Eta gero eta gehiago. Lehen euskaldunak alfabetizatzeaz harrotzen ginen eta orain gazte asko, iruditzen zait, alfabetatu gabe egoteaz harrotzen hasi direla, beren euskara jator hori edukitzeaz. Saizarbitoriak ere horretaz hitz egin berri du… Gai horrek kezkatu egiten nau. Iruditzen zait bide horretatik egiten duguna dela euskara lagunarterako eta etxerako gorde, baina gero, maila batetik gorako kontuetara ez gauza bihurtu.

Poema batean aipatzen duzu “aproposko poeta” zarela. Elkarrizketa batean aipatu izan duzu ez zarela “idazle-idazlea” ere. Alta, liburuak argitaratu dituzu, eta ez gutxi.
Beharbada, besterik gabe, nire konplexuak dira. Lehen aipatu dut muga bat: ‘Inon izatekotan’ liburua eta azken esaldi hori: “Traba nintzen baina kabitu naiz”. Iruditzen zait 2006an esaldi hori idatzi nuen arte nik lehentasun handia ematen niola idazteari, literaturari eta idazle izateari. Poema batean esan nuen bezala, inon izatekotan ni hor nengoela, literaturan. Baina 2006tik aurrera, iruditzen zait ikuspegia aldatu egin nuela eta lehentasuna eman niela beste kontu batzuei. Idazle izatearena ez zela bihurtu nire bizitzako lehentasun edo ahalegin nagusia. Eta neurri batean horrek lasaitasuna eman zidan. Hori esanda, pentsatzen dut: orduan ni idazlea naiz? Batzuetan esan izan dut, Saizarbitoriak ere dudak izan zituen bere burua idazletzat jo aurretik. Orduan, Saizarbitoriak kezka horiek baldin badauzka, zer esango dut nik? Egia da batzuetan ikusten ditudala nolakoak diren idazle batzuk eta konturatzen naizela nire bizitzan literatura ez dela idazle horien bizitzan bezain inportantean, edo omnipresentea. Eta orduan, nahiago dut neurri batean esatea idazlea naizela baina ez naizela idazle-idazle. Behintzat ez naiz idazle batzuen erako idazlea. Beste era bateko idazlea naiz.

Hots, “aproposko” idazlea poema batean dion bezala, “aproposko poeta”?
Bai, nik aproposko esaten diot. Gezurrezko ere esaten genuen guk.

Nor da guk hori?
Guk txikitan. Hori da beste hitz bat ez dena erabiltzen; adibidez, jostailuak dira aproposko kamioiak. Jostailuzko, aproposko, gezurretako… Ni askoz erosoago sentitzen naiz aproposko idazlea izaten; jostailuzkoa edo gezurretakoa izanez.

Presioa kentzeko?
Bai, neure buruari erantzukizuna kentzeko. Baina horrek ez du kentzen… Adibidez, behin esan nuen Mursegoren kantu batzuk ere iruditzen zaizkidala aproposko kantuak. Gezurretako kantuak, jostailuzko kantuak. Baina horrek ez die ez meriturik, ez indarrik kentzen. Baina bada hitz bat ez dena erabiltzen eta oso oso aproposa dena, kar-kar. Eta nahiko nuke pentsatu neure aproposko literatura horretan ere badagoela indar hori. Baina hori beste kontu bat da…

“Baina poeta izatera jolas naiteke” diozu poema horretan.
Bai, hori da. Nire kasuan, jada ez da betebehar bat, jolas ba baizik. Gainera, iruditzen zait nire liburuetan nire esperientziatik, nire ahalmenetik konta nezakeena, garrantzitsuena behintzat, esana daukadala. Eta hemendik aurrera idatziko dudala ateratzen dena. Baina funtsezkoena idatzita daukadala.

‘Mina hartzeko ere’ liburuan senti daiteke bizia hartzeko modu bat, ironiari lotua edo. ‘Bizi-bizi-bizi’ olerkian, adibidez, aipatzen duzu: “Ezta zoriona txorizo panplonaren mailatik gorako zerbait balitz ere”… Eguneroko biziari biziki lotu dirudiak aurki daitezke, lirismotik urrun nolabait erraiteko, ezta?
Poesian askotan aipatzen da zoriontasuna gauza txikietan dagoela. Literaturan askotan agertzen den gaia da eta neuri kontraste hori gustatzen zait. Beharbada ideia handiek denborarekin galtzen dute indarra norberaren hizitzan eta gauza txikiek hartzen dute nagusitasuna. Poesia bada horretaz hitz egiteko lekua.

Poesia ziklismoarekin ere lotzen duzu…
Konturatu naiz batzuetan paralelismo handiak ikusten ditudala nire ziklismoarekiko zaletasunaren eta literaturarekiko zaletasunaren artean. Bizikleta gainean jartzen naizenean ziklistaz jantzita buelta bat egin eta kirol saio bat egiteko asmoz, erraldoia sentitzen naiz. Sentitzen naiz indartsua. Badakit ni baino hobeak direla milaka. Baina hori egiterakoan idartsuago sentitzen naiz bizitzako beste edozein egoeretan baino. Idaztean ere gauza bera gertatzen zait. Idaztean eroso sentitzen naiz, indartsu sentitzen naiz. Urrutira jo eta itzuli, eta gora igo eta jaitsi, mugitzeko kapaza sentitzen naiz. Abila sentitzen naiz. Erraldoia sentitzen naiz, batzuetan behintzat. Hori ez zait gertatzen, adibidez, futbolean jokatzen, parranda egiten edo lan normal batean. Nire bi zaletasun horien bizikidetzak zer pentsatua ematen dit. Berez, teorian, inportanteagoa da literaturarekiko zaletasuna. Batetik, horrek nire kasuan, oihartzun gehiago dauka. Emaitza handiagoak dauzka. Gero, bestetik, neurri batean beharbada aberatsagoa da kirol bat baino. Baina batuetan nahiko parean ikusten ditut biak.

Horrek ere erantzukizuna erlatibizatzen laguntzen dizu agian?
Azkenean bizitzan hori ikasten duzu. Gauza txikietan dago poza, bizipoza, alaitasuna, ilusioa. Eta literaturan ere neurri batean horretara etorri naiz. Beharbada gaztetan asmoa banuen dena emateko literaturari. Ez neukan helburu jakin bat, baina bai literaturari buruzko ikuspegi transzendenteago bat. Goi-asmo bat bezala zen literatura. Orain, berriz, badakit zer leku daukan nire literaturak munduan, Euskal Herrian, eta euskal literaturaren munduan. Eta hori modu lasaiagoan bizi dut.

Eta agian kazetaritzatik pasatu izanak ere laguntzen du erlatibizatzen? ‘Mina hartzeko ere’ ‘Agur, Euzkadi’ren eranskin poetiko bat bezala aurkeztu duzula eta, liburu horretan kazetari protagonistak horrelako betekada bat bizi du kultur munduari begira: “Bizi izan ez duenak ez daki: eguna joan eta eguna etorri, urteetan eta urteetan, hainbeste liburu eta aldizkari, hainbeste margo, eskultura, instalakuntza eta performance, hainbeste kanta, disko eta sinfonia, hainbeste aktore, pailazo eta txotxongilo, hainbeste aurreskulari, zamaltzain eta koreografo, hainbeste kopla, bertso, bertsopaper eta txapelketa, hainbeste sariketa, antologia, izendapen, omenaldi, hileta eta urteurren… Zertarako baina? Inori gera dakiokeen zaletasun eta interes hondarra zapaldu eta itotzeko baino ez!”.
Gogoratzen naiz kazetari izan aurretik idazle gutxi ezagutzen nuela, eta artistak, eta musikariak. Eta horren gose nintzen. Jakin nahi nuen nolakoak ziren. Zer pentsatzen zuten. Eta ez bakarrik hori. Jakin nahi nuen nola hitz egiten zuten. Atxagaren hitzaldietara joaten nintzen, eta ez nintzen berarekin hitz egiten gelditzen lotsagatik, baina ezagutu nahi nuen. Gero, ordea, hasi nintzen Egunkarian lanean eta urteekin, azkenean, ehunka edo milaka elkarrizketa egin nituen. Liburu aurkezpenak ere mordo bat. Kontu interesgarri asko entzun, irakurri eta ikasi nituen garai horretan. Baina azkenean egia da ‘Agur, Euzkadi’ idatzi nuenerako betekada pixka bat banuela. Orain, aldiz, ez daukat hori. Kazetaritzaren nostalgiarik ere ez daukat. Ez dut faltan sentitzen. Baina hori seinale ona da. Gose bat neukan eta ase nuen. Izatekotan egingo nuke kazetaritza bat gauza txiki eta ezezagunei.

Eta betekada izanik ere, Lauaxeta agertzen da ‘Agur, Euzkadi’n… ez duzula erabat kulturari amore eman seinale edo? Ez dela botatzekoa edo…
Ez, ez. Interesak segitzen du bizirik. Beste tenple batekin. Beste lasaitasun batekin. Bai, oraindik ere, noski, kulturaren mundua jarraitzen dut. Euskal literaturaren mundua jarraitzen dut. Irakurtzen ditut elkarrizketak ere. Baina agian beste distantzia batekin. Gainera, gaur egun hainbeste sortzaile dago, hainbeste mugimendu dago, zaila baita dena segitzea. Ezin da jarraitu. Pena hori daukat.

Eta zuk, gainera, liburu bat gehiago gehitu duzu jadanik beteak diren apal horietan?
Kar-kar. Eta, gainera, ez hain berria. Sorpresaren faktorea galdua dut. Idazle berriek sorpresaren aukera hori badute.

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments