Hainbat taldetan aritu ostean (Deabruak Teiltatuetan, Bide Ertzean, Peiremans+), bakarkako ibilbideari ekin dio Imanol Ubedak. Don Inorrez proiektuan dabil orain musikari tolosarra. Lehenengo bi diskoetan powerpopa zen nagusi. ‘Sastraka/Maleza’ egitasmoan lau artistarekin elkartu da eta hainbat diziplina uztartu dituzte: literatura, pintura, musika eta argazkilaritza.
A aldea. Ubeda anaien abentura akustikoa izan zen hura. Deabruak Teilatuetan taldearen geldialdiaz baliatu ziren Imanol eta Joni Ubeda 90eko hamarkadaren bukaeran. Eskaintza luzatu zioten Jonik eta Imanolek Karlos Arancegui bateria-jotzaileari, eta hortik sortu zen, 1998ko udan, Bide Ertzean. “Aupa, Karlos! Kafe bat hartuko dugu? Imak eta biok proposamen bat egin nahi dizugu”. Poesiaren eta musika samurraren arteko zubi moduan ekin zioten proiektuari. Gerora Fran Iturbe (gitarra) eta Joserra Senperena (teklatuak) batu zitzaizkien. Popari zurrutada goxoa eman zion ia 20 urtez Gipuzkoako taldeak. Jose Luis Otamendi poetaren olerkiak bildu zituzten, ez zioten uko egin politikari: ‘Non dira’ albumak Espainiako Gerra Zibilari eta memoria historikoari heltzen dio eta ’77’ dikoa, aldiz, trantsizioko gertakarietara lerratzen da. Guztira hamar disko eta EP bat argitaratu ditu Bide Ertzeanek.
2017aren hasieran, zera idatzi zuten haien webgunean: “2016a amaitzearekin batera eten egin da Bide Ertzean taldearen martxa. Udazkenaren hasieran ‘Zutaz Kantatzeko’ disko-liburua aurkeztu genuen Jon Eskisabel kazetariarekin batera, eta abenduan lau emanaldi egin ditugu Plateruenan Durangoko Azokan, Bilboko Kafe Antzokiaren XXI. urteurrenean, Donostiako Antzoki Zaharrean eta Iruñeko Civivox Iturrama aretoan. Eskertuta gaude, hunkituta ere bai, emanaldiz emanaldi zaletu gehiago hurbildu delako eta txalo gogoz egin dutelako. Azken emanaldietako amaierako txalo zaparradak ez ditugu berehalakoan ahaztuko. Eskerrik asko!”.
B aldea. Imanol Ubedaren (Tolosa, 1973) bakarkako proiektuak Don Inorrez du izena. Bide Ertzeanen garaiko abestia da, baita disko baten izenburua ere. Karlos Aranceguik bere alboan jarraitzen du eta Lutxo Neira (baxua) eta Ruben Caballero (gitarra) dira zuzeneko taldea osatzen duten gainontzeko musikariak. Ez da mundu paralelo eta berrietara hurbiltzen den lehen aldia. 2005ean Berri Txarrakeko Gorka Urbizurekin eta Haritz Beristainekin (Kashbad) sortu zuen Peiremans+, norbere taldetik aparte elkartzeko eta ondo pasatzeko.
Abeslariak ez du denborarik galdu. 2018an estreinatu zuen Don Inorrezen lehen diskoa. Paco Loco ekoizle ospetsua izan du bidelagun eta konplize. Berarekin grabatu zituen ‘Mugiro bila’ lehendabizi eta ondoren ‘Esku hutsik’ lan ahaltsu eta gitarreroak. The Lemonheads, Teeenage Fanclub, Big Star edo Courtney Barnett bakarlariaren doinuak igarri daitezke. Powerpoparen elektrizitatea sartzen da tarteka. Amodioa. Abesti argitsuak eta errepika itsaskorrak egin zituen.
Berri potoloa eta erabat ezustekoa, 2022an. Askotariko arte diziplinak uztartzen ditu ‘Sastraka/Maleza’ egitasmoak: literatura, pintura, musika eta argazkilaritza. Lau lagunen lanaren emaitza da: Pello Lizarraldek 12 testu idatzi ditu, Jose Ignacio Agorretak 25 olio margotu ditu, Imanol Ubedak berak 12 kantu musikatu ditu eta Imanol Rayok 36 argazki egin ditu. Denak elkarren osagarri dira. Erakusketa maiatzaren 6tik 29ra bitartean Gasteizko Ur Biltegi Zaharrean egon da ikusgai. Iruñeko Ziutadelan ere bai. ‘Sastraka/Maleza’ren birarekin Donostian eta Bilbon jarraitzeko asmoa dute lau sortzaileek datozen hilabeteetan. Hori aski ez, eta Erein argitaletxeak liburu batean jaso du egindako lan guztia: testua, margolanak, diskoa eta argazkiak.
“Don Inorrez deitzen didate / eta ni sasi artean iratzarritako / izurde bat naiz / arnasa har nezake / baina ito egiten naiz”. Identifikatzen zara Jose Luis Otamendiren letrarekin edo hura Bide Ertzeanen garaiko kajoi batean sartu duzu?
Garai bateko aldartea datorkit gogora; 2010ean Bide Ertzeanekin ari ginenekoa. Hausnarketa jakin bati lotuta dago, ‘Zutaz kantatzeko’ (Gaztelupeko Hotsak, 2016) argitalpenean zehatz samar azaldu genuena. Oraindik orain, abesti horretan esaten denarekin identifikatuta sentitzen naiz. Urteak igaro arren, gure garaiaren eta gure kantetan esandakoen gatibu gara.
Inoiz baino erosoago ikusten zaitut orain. ‘Izan liteke’ abestian zera diozu: “Izan liteke ezkerrekoa edo eskuinekoa edo izan liteke erdikoa. Edo hiruretakoa”.
Peiremans+ taldearentzat egin nituen kantetan topatuko dituzu zantzu horiek. Beraz, ironiaren erabilera eta zirikatzeko joera ez dira berriak nire errepertorioan. Don Inorrezen bi disko luzeetan akaso modu nabarmenagoan azalerazi da, hori hala da.
Barkatuko didazu atrebentzia: nire ustez jantziagoa, konplexuagoa eta interesgarriagoa da Don Inorrez Bide Ertzean baino.Â
Ez dago ezer barkatzekorik.
‘Mugiro Bila’ (2018) eta ‘Esku Hutsik’ (2021) diskoak Paco Loco musikari eta ekoizlearekin batera grabatu zenituen Puerto de Santa MarÃan, Cadizen. Fama handiko estudioa da, indie unibertsoan ezinbesteko etxe bilakatu dena. Zure ustez zerk ematen dio izaera berezia? Kokapenak? Paco Locok berak? Bere kidearen kutixi gastronomikoak?
Paco Locoren dohain artistikoak. Argi eta garbi. Kokapena ederra da baina ia ez gara estudiotik ateratzen. Gure grabazio egunak goizeko 9:00etan hasi eta gaueko 21:30ak aldera amaitzen ziren. Tarteka herrira hurbiltzen ginen garagardoren bat hartzera, baina ez beti. Eta hondartza eg genuen ukitu ere egin. Ekoizle artistiko gisa, ideia asko izaten ditu eta oso langilea da. Ekoizle batek eduki dezakeen ezaugarririk aipagarrienetakoa du, gainera: taldekideek dute azken hitza. Ideia bat lantzen denbora emango du baina taldekideek gustuko ez badute, ideia baztertzeko inolako arazorik ez du. Kiroltasun handiarekin egiten du, gainera. Umila den seinale.
Ez dakit ‘Paco Loco. viva el noise’ dokumentala ikusi duzun. Tipo hurbila, autentikoa eta bitxia dirudi. Seguru anekdota ugari izango dituzula…
Ez dut ikusi baina jakin badakit gure bateria-jotzailea (Karlos Arancegui) agertzen dela bertan. Hurbila izateaz gain, oso umoretsua da. Eta ezaguarri horrek asko balio du grabaketa prozesu batean sor daitezkeen tentsioak arintzeko garaian. Azken hamarkadetan egindako lanari esker asko nabarmendu da ekoizle gisa. Arrazoi hori medio, oso ezaguna egin da zirkuitu independentean baina, hala ere, ez da batere harroputza. Alderantziz: hankak lurrean ditu, umila da eta bere maila berean zaudela sentiarazten zaitu uneoro.
Hainbatetan azpimarratu duzu Karlos Aranceguiren rola. Berebiziko garrantzia duela uste duzu edo lotsati eta umilegia delako eskua luzatu nahi diozu?
Bide Ertzean taldearen garaitik hona, ahoberoak eta lotsagabeak anaia eta biok izan gara baina Karlos Arancegui da interesanteena musikalki eta artistikoki. Gehien esateko duena. Ideia sinple bat abesti bihurtzeko prozesuan ezinbestekoa zait bere ekarpena. Kantaren ikuskera poliedrikoa du eta hori dohain handia da. Gainera, ez du ikasteko gosea galdu eta jakinmin handia du. Adi dago beti, han hemenka egiten denari so. Pasioz bizi du ogibidea. Gorka Urbizu ere halakoxea dela esango nuke.
“Dena da posible zure ondoan” abesten diozu zure alabari. Kursiegia izateko tentazioa handiegia da pop musikan? Nola saihestu daiteke?
“Hegalik gabe hegan, aireplano batean / bidelagunak dira txoriak. / Hegalik gabe hegan, etxeko epelean / den-dena da posible zure ondoan”. Pandemiako soinu banda izan zen gure etxean. Kursiegia ote den, nola saihestu daitekeen… Ideiarik ere ez. Ez da kezkatzen nauen zerbait.
‘Sastraka’ albumaren tonu intimista eta akustikoak apurtu du Don Inorrezen rock inertzia. Egitasmoak hala eskatzen duelako da edo Wilco eta Dylanen pausoen atzetik eraman nahi dituzu entzuleak?
Sastrakak badu aurrekari moduko bat: ‘Dardara hura’ (2019), 7 hatzbeteko single-a, biniloan argitara emana. Letrak Pello Lizarralderenak dira eta azala, José Ignacio Agorretarena. ‘Mugiro bila’ argitaratu berritan, powerpoperako apustu argia egin genuen. Pelloren bi letra horiek, ordea, beste aldarte bateko doinuen premia zuten. New americana edo folk kutsukoak, labur esatearren. Bere txikian, ‘Dardara hura’ single-a lan ederra izan zen hirurontzat. Maitasun berezia diogu binilo horri eta, hein handi batean, horri esker gonbidatu ninduten Sastrakan parte hartzera.
Nola jartzen dira ados margolari bat, zinema zuzendari bat, idazle bat eta musikari bat? Herri honetan elkarrekin ados jartzea ez da erraza izaten…
Lagunen lanak mirestea bezalakorik ez dago. Kontu estetikoetan bat gatoz askotan eta horrek ere asko errazten ditu gauzak. Handiusterik ez da gure artean eta horrelako ezaugarriak dituen jendearekin lan egitea gauza atsegina izan ohi da ia beti. Erein argitaletxearen konplizitatea ere nabarmentzekoa da. Haien inplikazioa ezinbestekoa izan da. Argitalpen txukun bat egin nahi genuen eta bidelagun egokia topatu dugu.
Arrotz samarra egin zait emakumerik ez egotea. Agian oker nabil eta baten batek parte hartu du prozesuan…
Sormen prozesuan laurok baino ez dugu parte hartu.
‘Sastraka/Maleza’ ez da erakusketa hutsa, liburu bat ere bada. Lan guztia jasotzen duen testigantza utzi nahi zenuten?
Hori da. Pello Lizarralderen idatzitik abiatu gara gainontzekoak eta sortzaile bakoitzak bere interpretazio librea egin du. Ereinek plazaratu duen argitalpenak denon lanaren lekukotza izan nahi du.
Testuan ezinezko bidaia bat dago, heriotzaren kontzientzia… Hitz potoloak dira horiek.
Iraganera ezin da itzuli; hortik, ezinezko bidaiaren aipamena. Carlos Pujol idazlearen esaldi batek Sastrakaren muinera joaten lagun dezake: “Inoiz ez dago inora itzultzerik, baina itzuli beharra dago horretaz ohartzeko”. Pello Lizarralderen narrazioak kutsu existentzialista duela esango nuke. Nostalgiatik urruti, beti ere.
Iban Zaldua idazleak Twitterren goraipatu du proiektua eta, bide batez, belarritik tira egin die euskal kulturaren ekarpenak “gutxiesten” dituztenei. Uste duzu euskararen eta euskal kulturaren inguruan oraindik estigmarik badagoela?
Irakurri nuen txio hori. Iban Zalduaren eskutik horrelako loreak jasotzea gauza handia da guretzat. Estigmarik ote dagoen ez dakit, baina gutxiespenarena begi-bistakoa da. Hainbat girotan hala dela esango nuke. Aspalditik datorren zerbait da.
Zer izango da hurrengoa? Peiremans+en berpizkundea? Puerto de Santa MarÃara itzultzea? Sastrakaren bigarren partea?
Sastrakarekin harat honat ibiliko gara bolada batean. Iruñeko Ziutadelan eta Gasteizko Ur Biltegi Zaharrean izan berri gara erakusketaren aitzakian. Udazkenean Donostiako Ernest Lluch-en izango gara eta 2023 urtearen hasieran Bilboko Bizkaia Aretora hurbiltzekoak gara. Epe laburrerako planak horiek dira. Gero gerokoak.