Frankenstein mutantea

0

Ana Galarraga Aiestaran (Zarautz, 1970) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Fundazioarentzat lan egiten du. Azken urteotan oso rol aktiboa izan du euskal kulturaren inguruan eta proiektu ugari bultzatu ditu diziplina eta eremu ezberdinetatik. Aspalditik dauka begiz jota Petti (Bera, 1972) kantautorea. Rock musika, Frankenstein, munstroak, feminismoa eta XIX. mendeko kezkak berreskuratu eta gaur egunera ekarri ditu errezitaldi musikatu baten bidez. Ezinezkoa eta eroa zirudien arren, konfinamenduak piztu zuen Galarragaren ideia.

“Pettik ‘Manipulazio estrategiak’ diskoa aurkeztu behar zuen, baina etxera bidali gintuzten eta lan hori oso barneratuta geneukan. Nik askotan entzuna nuen eta berak, zer esanik ez. Beti ibili izan ditut munstroen gaiak buruan eta etxean genituen liburuak berrirakurtzera jo nuen, ezin baitzen askoz ere gehiago egin. Mary Shelleyren ‘Frankenstein’ berrirakurri nuen. Eta Pettiren diskoa buruan nuenez, erabat lotuta agertzen da gero etorri zirenekin, eta inoiz baino zentzu gehiago hartzen nion irakurtzen ari nintzenari, gogoratu du Galarragak Irungo Mosku plazako Eskina tabernako terrazan eserita. Petti bere ondoan dago eta kafesena eskatu du. Musikari beratarra Balerdi Balerdi taldearen disko berriaren grabaketan murgilduta dabil orain, estudioan sartuta buru-belarri. Orain dela urte batzuk Iruñeko talde beteranoan sartu zen bigarren gitarra-jotzaile gisa. Elkarrizketaren argazki saioa bi astez atzeratu da, azken momentuan. Tamalez, Pettik ezin izango du hitzordura joan.

Biak elkarlanean aritu dira aurten. Ana Galarragak sortu duen testua gutun bat da; beraz, eleberriaren formatu bera du. Gutunaren pasarteak oso garaikideak dira. Bere kezkak diren arren, unbertsalak ere badira: zeintzuk diren zientziaren mugak, gai etikoak, beldurrak, damuak, feminismoa, justizia, munstroaren esanahi polisemikoa… Gitarraren laguntza soilik duela, Pettik bere bakarkako ibilbideko hainbat kanta berreskuratu ditu saioa borobiltzeko. ‘Frankenstein agurgarria’ izenarekin, Euskal Herriko hainbat aretotan eskaini dituzte emanaldiak. Frankenstein musikatu, mutante eta modernoaren errezitaldiak ordubete inguru irauten du. Bikotearen bidaia oraindik ere ez da amaitu: datorren abenduaren 16an Ana Galarraga eta Petti Donostiako Ernest Lluck Kultur Etxeko oholtzara igoko dira. Inoiz baino biziago dago Frankenstein.

Zein da Frankenstein aukeratu izanaren arrazoia? Zein zen asmoa?
Ana Galarraga: Hasierako asmoa gutun baten forma duen errezitaldi musikatua egitea zen, hain zuzen ere, liburua gutun bat delako. Helburu hori ere badauka. Batetik, edukiak gaurkotzea eta benetan erakustea zein ondo erantzuten dien gaurko kezkei edo, hobeto esanda, nola gure betiko kezkak, seguru asko giza espeziearenak direnak, ez diren aldatzen. Gure buruarekiko epaia eta errua erabat txertatuta ditugun kontzeptuak dira kultura judeokristauan. Egin duzun horrekiko erantzukizuna, ulertzen ez dudunarekiko beldurra, batez ere desberdina den pertsona horrekiko distantzia eta, funtsean, denok nahi ditugula besteen onarpena eta maitasuna. Horri buruz hitz egiten du liburuak. Nor den munstroa, horixe da egiten dudan galderarik handiena.

Eta nor da munstroa?
Ana: Hori, nor da munstroa?
Petti: Gu geu gara munstrorik handienak.
Ana: Desberdina den hori da munstroa edo gu gara mustroak desberdina izateagatik baztertu egiten dugulako? Migrazioarekin asko gertatzen da. Gure ekintzak ezkutatu nahi izaten ditugu baina arrastoa hor geratzen da. Hori gertatzen zaio Victor Frankensteini eta hori bera lotzen dut Gerra Zibileko pasarte batekin. Arantzadikoek usteldu gabeko 45 garun eta bihotz bat topatu zituzten, hilobi komun bateko gorpuak desobiratu zituztenean. Eta hori da munduan kontserbatu den bihotz bakarra, desegiten baita. Zientzia, filosofia, etika eta feminismoa dira hariak.

Victor Frankenstein zientzialaria zen, medikua ala asmatzaile bitxi bat?
Ana: Ez zen bitxia. Baina hori da gaur egun gertatzen dena. Zientzian etengabe gabiltza etikaren mugan. Azken finean, gizakiok egiteko gai garen guztia egiten dugu eta ondoren jartzen ditugu mugak. Oraintxe bertan, adibidez, esperimentu bat egin dute non lortu baituten sagu enbrioi bat garatzea 8,5. egunera arte, gutxi gora-behera haurdunaldiaren erdiraino. Ernaldia 20 egunekoa izaten da. Eta lortu dute hori egitea espermatozoiderik, obulurik eta uterorik gabe. Dena laborategian egin dute, artifizialki.

Beldurra ematen du.
Ana: Enbrioi horrek garatu ditu garuna, bihotza bere taupadekin eta tubo neurala. Hori egin dute. Genetikako umeak ere jaio dira. Txinan editatu zituzten hiesarekiko immuneak izateko. Egin dezakegun guztia egiten dugu. Etika esperimentuen atzetik doa beti. Aurrena, esperimentatzeko grina dago. Gizakiak behin eta berriro erakutsi du, ondorioak gehiegi mugatu gabe eta muga etiko horiek izan baino lehenago, probatzen duela probatzeko duen guztia. Frankenstein idatzi zen garaian lilura handia zuten elektrizitatearekin, orduan ari ziren esperimentatzen nola kontrola zezaketen elektrizitatea. Bestetik, bizitzaren eta heriotzaren muga kolokan zegoen, gaur egun bezala. Esperimentu asko egiten ziren hilerrietatik lapurtutako gorpuekin. Giro horretan sortu zen istorioa.

Feminismoaren aldeko aldarrikapen zehatza dago zure gutunean?
Ana: Victor Frankensteinek bizitzara ekarri nahi du izaki berri bat. Batzuek irakurketa feminista eta psikoanalitiko bat egiten dute eta esaten dute horren atzean Mary Shelleyren nahia dagoela, alegia, izan zituen abortuetan galdutako ume horiek bizitzara ekartzeko gogoa. Aldarrikapen bat egin nahi dut Mary Shelleyrekiko eta, oro har, emakume sortzaile guztiekiko, beti izan direlako historikoki gutxietsiak. Eta hori, tamalez, gaur egun ere gertatzen da.

Zer moduzko erantzuna izan duzue orain arte?
Ana: Emanaldi guztietan oso harrera ona izan dugu. Jendea harrituta atera da.
Petti: Dena jarraian egiten dugu eta jendeak ez du txalorik egiten. Anak oso ondo egiten du, kanta bukatu bezain laster segituan hasten da testuarekin. Badakigu noiz bukatu behar dudan bera hasteko eta ez dugu aukerarik ematen txalo egiteko, Horrela, emanaldia ez da mozten eta ez da haria galtzen.
Ana: Oñatiko irakurle-taldean ‘Frankenstein’ irakurri zuten eta errezitaldia ikustera etorri ziren. Harritu egin zituen liburuan irakurritako gaiek gaurkotasun betea dutela ikusteak. Eta hori da bilatzen duguna, gogoeta eragitea eta, batez ere, interpelatzea bestea baztertzen dugunean. Azken finean, protagonistak maitatua sentitu nahi du. Victor Frankensteinek bere sorkaria baztertzen du lehenengo momentutik.

Zein da bere arrazoia?
Ana: Itsusia dela. Bere itxuragatik. Desberdina delako fisikoki. Guk ere berdina egiten dugu, azalaren kolorearengatik baztertzen dugu jendea. Munstroaren ekintzak gero datoz eta ekintzak askotan behartutakoak dira, lehen esan dizudana, gizarteak albo batean utzi duelako.
Petti: Gizarteak baztertu ez balu, seguru asko ez zituzkeen ekintza horiek egingo.

Pettiren abestiek eteten dute zure gutuna. Bere kantuen helburua kontakizuna apaintzea da?
Ana: Jantzi baino gehiago, pieza bat osatzen dute. Liburuan agertzen diren gaiak unibertsalak dira eta bere kantetan ere badaude. Batzuetan lotura oso ebidentea da, eta besteetan begirada aldatzen duzulako topatzen duzu, hori askotan gertatzen da. Oso eskuzabala izan da Petti. Denbora pasatzen denean hitz eta melodia horiek beste zerbait esaten dizute, beste esanahi bat daukate.
Petti: Zuk interpretatzen duzuna ez da askotan entzuleak interpretatzen duen gauza bera.
Ana: Hori da, testuinguruaren arabera aldatzen da.
Petti: Askotan galdetzen didate: letra hau honengatik egin duzu? Bada, ez. Baina orain komentatzen didazunarekin beste zentzu bat harrapatzen diot. Batzuetan flipatu egiten duzu: zuk gai bat egin duzu zentzu batekin eta entzuleak ulertu duena guztiz ezberdina da.
Ana: Horregatik esan dut Petti oso eskuzabala izan dela. Gainera, nik ere kantatzen dut eta berak trukean errezitatzen du. Puzlearen piezak osatu egiten ditugu. Kantuen letrak testuekin batera doaz, eta testua mutatu egiten da, emanaldi batetik hurrengora aldatu egiten da. Aldatzen doa.
Petti: Nik ere testua irakurri nuenean konturatu nintzen kantekin bat egiten zuela!

Nola egin duzu kanten aukeraketa?
Petti: Aspaldi jo ez nituenak dira. ‘Arrazoiak’ diskoko bat (2001ekoa), Anarirekin grabatutako beste bat (2003an), ‘Ziztak irauli’ (‘Etxeko uzta’ diskokoa, 2022koa…).
Ana: Bera ere nahiko mutantea da. Abestiak ez dira aldatzen; interpretazioa, bai.

Hasi zarete konspiratzen kolaborazio berri baterako?
Ana: Mutatzen duen bitartean, fosildu arte, Frankenstein bizirik dago. Bilakaera bat izaten ari da. Aldatzen doa.

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments