Etorkizun hurbil bat. Errealitate birtuala eta mundu digitalak. Betaurrekoak janzteko keinu soilaz, edonon egoteko eta edonor izateko gaitasuna. Eta, horren erdian, iraganeko presentzia oso erreal bat. Hasiera batean oso ezberdinak diruditen osagaiekin ondu du bere hirugarren eleberria Katixa Agirrek (Gasteiz, 1981), baina, goi mailako errezeta batean edo milimetrikoki neurtutako puzzle batean bezala, pieza guztiek “klik” egiten dute. Izan ere, “nahasketa” du osagai nagusi ‘Berriz zentauro‘ nobelak (Elkar, 2022): mundu digitalen eta errealen artekoa, etorkizunaren eta iraganaren artekoa eta baita genero literarioen artekoa ere.
‘Amek ez dute’ eleberriak izandako arrakastaren ostean, oso lan ezberdina argitaratu duzu: etorkizunean girotua, zientzia-fikzioa oinarritzat hartuta… Nahita eginiko urratsa izan da, ala berez gertatu da horrela?
Ez dakit… bigarren hori dela esango nuke. Egia da, idazteko prozesuan, erabaki arrazionalak hartzen ditugula une oro, baina uste dut prozesua nahiko naturala izan zela. Nire buruan ez zen inoiz egon ‘Amek ez dute 2’ egiteko asmorik. Tira, ez asmoa ezta pentsamendu txikiena ere… Halakorik ez zitzaidan burutik pasa ere. Nik istorio bakoitzari ekiten diot hutsetik. Momentuan sortzen zaidan apeta edo ideia bati tiraka hasten naiz, eta hortik jotzen dut, aurretik egin dudanari gehiegi erreparatu gabe. Hortaz, ez dakit kanpotik nola ikusi den, baina niretzat, behintzat, naturala izan da liburu batetik besterako urratsa.
Hala ere, zure aurreko eleberria jamaika hizkuntzatara itzulia izateak eta ‘New York Times’-en ere agertu izanak ez al zizun urduritasun edo presio puntu bat sentiarazi? Nora jo, horren ostean?
Ez, egia esan ez. Agian izango da honek guztiak harrapatu nauelako adin batekin… baina ez dut presiorik sentitu. Bestalde, arrakasta gisa deskribatu duzun hori ez zait bat-batean iritsi, tantaka baizik, eta ez dit bizitza aldatu. Tarteka iritsi dira itzulpenak eta bestelako ezusteko txiki horiek, eta pozik hartu ditut denak, baina era naturalean gertatu da. Nire bidean jarraitzen dudala sentitzen dut.
‘Berriz zentauro’ izenburua aukeratu zenuen eta azaletik beretik igartzen da elementuak nahasteko grina: figurak, generoak, garaiak…
Bai, uste dut nahasketa dela nobelaren ideia zentrala: gauzak nahasita daudela. Mugak ikusten ditugu toki guztietan, baina ez dira guk uste bezain zurrunak. Zer den fantasia eta zer errealitatea, zer den birtuala eta zer benetakoa… Horregatik jorratu nahi izan ditut generoen arteko mugak edo, are, garai historikoen artekoak. Iragana bera ere oso gauza zurruna dela pentsatu ohi dugu, zigilatua dagoen zerbait. Baina, agian, ez da hain zurruna: gugan eragina du eta gauza bizia da, organikoa.
Generoen arteko nahasketa ere jorratu duzu, bai genero literarioen artekoa, baita giza generoei dagokienean ere. Protagonista bera, Paula Pagaldai, emakumea da, baina gizon baten abatarra edo alter egoa erabiltzen du mundu birtualean. Queer izaera dauka nobela honek?
Bai, hala da orokorrean, eta aipatu duzun kasu zehatz horretan, are gehiago. Funtsean, hor planteatzen dena da bizitza digitalak, gure bizitzaren digitalizazio totalak, ekar dezakeen berrikuntzetako bat: gure gorputzek garrantzia galtzea. Errealitate birtuala edo identitate digital bat erabiltzean, aparkatu egiten dugu gorputza. Eta gorputza aparkatuta geratzen bada, generoa ere bai, elkarri lotuta agertzen zaizkigulako biak ala biak. Besteek gorputza irakurri egiten digute era batera edo bestera, eta horren arabera eraikitzen gaituzte. Mundu digitalean, ordea, ez du zertan horrela gertatu: zuk zeuk eraiki dezakezu zure gorputz birtuala, eta erabaki non eta nola kokatzen zaren unibertso horretan.
Zein izan zen liburuaren hazia? Gogoa zenuen zientzia fikziozko eleberri bat idazteko?
Banuen gogoa, bai. Kutxa hori zabaldua nuen jada, ‘Zirriborroak eta gero’ proiektuaren barruan idatzi nuen ipuin baten bitartez. Enkarguz idatzitako kontakizuna izan zen hura, eta bi baldintza jarri zizkidaten aldez aurretik: batetik, ipuinak egon behar zuen etorkizunean girotuta, eta bestetik, zerbait positiboa irudikatu behar zuen.
Positiboa?
Bai, gaur egun utopiatzat jotzen den elementuren bat hartu, eta erakutsi behar nuen hori nola garatuko den eta nolako arrakasta izango duen etorkizunean. Hori zezn proiekturako eman zidaten premisa. Ipuin horrek, hala ere, ez zuen ikustekorik ‘Berriz zentauro’-n kontatzen dudan istorioarekin, baina ate bat zabaldu zidan. Eta gero ezin izan nuen itxi, kar-kar! Gero eta gehiago pentsatzen nuen etorkizun horretan.
Eleberria etorkizunean girotua dago, baina tarteka Mary Wollstonecraft XVIII. mendeko idazle eta filosofo ingelesa ere ageri da. Garaien arteko nahaste hori indartu nahi izan duzu?
Hala da, bai. Protagonista jartzen da iraganari begira denok egingo genukeen moduan: liburuek diotena kontuan hartuta. Baina eleberriaren hasieran, iraganeko pertsonaia hori, Mary Wollstonecraft, bere bizitzan sartu egiten da. Sartu, zentzu literalean. Ez dakigu haluzinazio bat den ala protagonistaren gehiegizko imajinazioak sortutako ispilatzeren bat, baina eragiten dio. Mary Wollstonecraftek zuzenean hitz egiten dio protagonistari, hari zuzentzen zaio eta bere bizitzan eragiten du. Benetako interakzio bat dago bien artean, eta, era berean, baita orainaldiaren eta iraganaren artean ere.
Zergatik Wollstonecraft?
Banuen gogoa Mary Wollstonecraften pertsonaiari heltzeko. Oso pertsonaia literarioa iruditu zait beti. Nobeleskoa. Bere biografia irakurri nuenetik, piztua zitzaidan harekin zerbait egiteko grina, baina ez nuen nobela historiko bat idatzi nahi. ‘Berriz zentauro’-ren proiektuari heldu eta etorkizuneko mundu hori irudikatzen hasi nintzenean, modu bat topatu nuen Wollstonecraft ere hor sasrtu eta bi bulkada horiek batzeko.
Liburuan, Mary Wollstonecraften inguruko dokumentazio lan itzela egiten du Paula Pagaldai protagonistak. Era berean, ia paraleloki, igartzen da zuk zeuk ere asko ikasi duzula eta luze dokumentatu zarela figura horren inguruan, ezta?
Bai, nahikotxo dokumentatu naiz, baina gustura egindako lana izan da. Oso historia interesgarria da emakume horrena, eta gustu handiz murgildu naiz bertan.
Zientzia fikziozko mundu bat aurkeztu diozu irakurleari, baina ez zara urrunegi joan: etorkizun posible eta hurbil bat aurkezten du ‘Berriz zentauro’ nobelak.
Niretzat, aukera hori oso interesgarria da. Hemendk 40 edo 50 urtera gertatuko den etorkizun bat irudikatzean, pentsa dezakezu: “Nik neuk ere hau guztia biziko dut; bzirik izango naiz gauza hauek ikusteko”. Gerta daitekeen fantasia bat da. Aldiz, nobela girotzen baduzu hemendik mila urtera, oso-oso urruti sentituko duzu. Zientzia-fikzioa bazterrean utzi eta fantasia erabatekoaren esparruan sartzen zara. Funtsean, ‘Star Wars’ ari zara egiten. Nik ez nuen halakorik nahi.
Etorkizun horri begiratzeko manera ere oso berezia da eleberrian: ez duzu distopiarik planteatu, ezta apokalipsirik ere. Gaur egungo arazoak eta egoerak islatu dituzu, era nahiko optimista batean: turismoaren fenomenoa, errealitate birtuala…
Hori da etorkizun hurbil bat irudikatzearen beste abantailetako bat: gaur egungo joerei begira, hortik tiraka osa dezakezula kontakizuna. Ikuspegia positiboagoa ala negatiboagoa izan daiteke, noski, baina zenbait elementu saihestu ezinak izango dira beti. Adibidez: gaur egun badakigu petrolioa amaitzen ari dela, ez dela infinitua, eta horrek sekulako aldaketa ekarriko duela. Ez dakigu zein izango den zehazki, baina aldaketa saihestezina izango dela, hori bai. Hori jakinda, izan zaitezke optimistagoa edo pesimistagoa, eta ni, berez, optimista naiz. Gainera, gizateriaren historiari begira, badakigu gizakiei gauza terribleak gertatu izan zaizkiela, baina oztopo horiek gainditu dituzte. Aurrera egin dute. Esango nuke, oro har, hobera egin dugula. Hortaz, zergatik ez pentsatu joera horri eutsiko diogula? Agian errealistagoa da hori pentsatzea, kontrakoa baino.
Liburuan, han-hemenka, ilustrazio txiki batzuk txertatu dituzu. Zergatik?
Errealitate areagotuari eta errealitate birtualari eginiko keinua da. Eleberrian planteatzen da jendeak nola erabiltzen dituen teknologia horiek, eta horrek esan nahi du askoz estimulu gehiago dituztela. Guk geuk ere nahikotxo ditugu gaur egun, pantailez eta irudiz inguratuta bizi baikara. Bada, hau izango litzateke hurrengo urratsa: une oro aparteko estimuluak eta irudiak ikustea gure inguruan, noranahi begiratzen dugula ere. Hori irudikatzen da liburuan. Era berean, literaturaren etorkizunean pentsatzen ari nintzen: paperean eta letretan geratuko den ala beste forma bat hartuko duen.
Orain ere badira literatura kontsumitzeko beste formatu batzuk. Audioliburuak, esate baterako. Nola ikusten duzu etorkizun hori?
Bai, badaude formatu berriak, eta horiei ere ongietorria egin behar zaie. Nik uste dut, dena den, irakurketa ez dela galdu behar. Irakurketak ematen duena ez du besteak ematen: barnera begiratzeko bide hori, zeure baitara bilduta egoteko era… Hori ez da lortzen pantailekin. Eutsi behar zaio irakurketari.