Xabier Altzibar irakasle etxebarritarrak Julene Azpeitiaren bizitza eta obrari buruzko ikerketa sakona argitaratu berri du aurten (Askatasun eguzkia baino beharrago, Manuel Larramendi Kultur Bazkuna), hainbat urtez ikertu ondoren. 900dik gora orrialdeko liburuan idazle zumaiarraren bizitzaren berri emateaz gain, bere obra xehe-xehe aztertu du, hein batean orain arte nahikoa ezagun genuena –bere ipuinak, esate baterako–, baina aztertu dituena baita ere gerra aurreko bere iritzi artikuluak eta idazlan pedagogikoak. Gainera, liburuari amaiera emanez, euskal literaturan idazle gisa ibilbiderik luzeenetakoa izan duenaren antologia eskaini digu.
Urtetan Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean euskara eta euskal literatura irakasle gisa jardun ondoren, iaz erretiroa hartu zuen Xabier Altzibarrek eta bete-betean jarri da azken urteetan esku artean izan duen gaia aztertu eta hausnartzera: Gerra zibilaren ondorioz bazterturik eta ezkutaturik gelditu ziren euskal kazetari eta idazleen berri izatea. Horietakoak dira, esate baterako, 16 gipuzkoar, une honetan aztertzen ari dena; lehentasuna eman di bere ikerketan emakumeei eta, haien artean, landu eta argitara eman duen aurrenekoa Julene Azpeitia idazle zumaiarra izan da.
Zer jarri du zure begiradapean Julene Azpeitia orain, hil zela 42 urte bete direnean?
Francoren diktadurak II. Errepublikako kultura emaitzak eta, kasu honetan, euskal Pizkundea odoletan ito eta 40 urtez lurpean ehortzi eta ahantzarazi zuenez, belaunaldi gazteek oro har arreta gutxi jarri zieten tragediak erasandako belaunaldi zaharrei eta ez zuten haien gerra aurreko lana ezagutu ez aintzat hartu. Hain zuzen, gerra ostean idazten eta euskararen aldeko ekimenetan jardun zuten belaunaldi zaharreko idazle batzuei esker, katea ez zen eten. Belaunaldi zahar horietako partaidea izan zen J. Azpeitia, eta horregatik, hilda zortzi urtera, hura ezagutu zuten zenbait ikertzailek haren lana aintzat hartu zuten (‘Julene Azpeitia ehun urte mugan (1888-1988)’, Zumaiako Udala, 1988). Azken urteetan, Memoria Historikoa berreskuratzearen aldeko ekimenek bultzatuta, gera aurreko belaunaldietako idazlea ahazturatik ateratzeko gogoa eta aukera sortu da, eta, bestalde, emakumearen aldeko mugimenduak ere Pizkundeko emakumeen presentzia eta lana aitortzeko joera hartu du.
Ni neu, euskarazko lehen egunkariko (Eguna, 1937) artikuluak aztertzen niharduela, ohartu nintzen Julene Azpeitiak euskara naturala, argia eta aldi berean landua zerabilela, eta haur eta gaztetxoen hezkuntzako gaiak sentiberatasunez adierazten zituela. Beraz, haren idazkerak erakarrita, eta idazle alderdia gutxi aztertua izan delakoan, idazlanak biltzeari ekin nion, obra bere osotasunean aztertzeko asmoz. Uste dut idazle bikaina dela eta euskal literaturan eman ohi zaion baino toki goragoa dagokiola. Bestalde, obra idatzia alderdi biografikoekin lotu nahi izan nuen (bizitza, irakasle eta pedagogo ibilbidea, erakundeetan eginiko lana, nortasuna), eta, berak bere bizitzako berri gutxi kontatzen duenez, hutsune hori idazlanetako oroipenekin eta bilobek niri kontaturikoekin osatzen saiatu naiz, orain arteko ikerlanak ere kontuan hartuta.
Pizkunde garaia bete-betean bizi izan zuen, eta zuk bere idazle hasierak bere ogibidearekin lotzen dituzu nolabait ere… Nolakoa izan zen hasiera hura eta zer izan zuen idazgai?
Julene Azpeitia maistra izan zen, umeak biziro maite zituen eta haren asmo nagusia, bizitza osoan, umeen hezkuntza izan zen, eta, maila apalagoan bada ere, gurasoena eta emakumeena. Hala ere, maistra ikasketak egiten ari zela, Bilboko Aberri astekari abertzalean argitaratzen hasi zen (1906-1907), bertan Euskadi aberriaren ezagutza nola egin zuen eta nolako Euskadi nahi zuen adieraziz. Beraz, pedagogia eta ideologia elkarrekin lotu zituen hasieratik. 1922an sukalde liburu bat argitara zuen (‘Osasuna, merketza ta yanaritzaz’), emakumeei irakasteko nola prestatu jateko osasungarriak, etxeko ekonomia zainduta; gehienbat sukaldaritza-errezetez osatutako pedagogia liburua hori ere.
Gerra aurrean, Juleneren argitalpen gehienak Pizkunde garaikoak dira (1931-1936). Pedagogia artikulu ugari eta umeentzako ipuinen itzulpenak argitaratu zituen Bilboko Euzkadi egunkari abertzalean “Euzkotar umien aldez” sailpean. Artikulu gehienak pedagogia gaiezkoak dira, batzuk umeei eta beste batzuk gurasoei edo irakasleei zuzenduak. Honako gai hauek dituzte hizpide: Euskal Herriko geografia eta Historia, zientzia dibulgazioa, gizabidea, lan egitea eta dirua aurreztea, jan-urriak izatea, etxe-abereak, txoriak eta natura errespetatzea, familia, jokabide morala eta erlijiosoa. Irakurtzen ikasteko metodo moderno aurreratu bat aldeztu zuen (Decrolyren metodo ideo-bisuala), eta Bizkaiko auzo-eskoletarako irakurgai liburuska bat argitaratu, euskaraz eta gaztelaniaz (‘Irakurri, matte. Irakurgayak’, 1932).
Beste pedagogia artikulu batzuk ikuspegi ideologiko-politikoarekin lotuak dira eta tonu kritiko-polemikoan idatziak. Honako ideiak azaltzen dituzte, besteak beste: umeei ama-hizkuntzan eta herri bakoitzaren izaerari egokituta irakatsi behar zaie, pentsatzeko gaitasuna ama hizkuntzarekin batera doa, kanpotar irakasleek ez dituzte hemengo haurrak ez gurasoak ezagutzen, ezta euskara ez arraza ez historia ez legerik, eta gainera umeei tratu txarrak ematen dizkiete, etab. Julene zorrotz mintzatzen da euskararen atzerakadaz eta egiten dioten gerraz, eta fraide eta mojak salatzen ditu atzerakada horretan izandako erantzukizunagatik eta herriari eginiko kalteagatik.
Gutxiago dira ideologia eta politika esparruko artikuluak. Honako gai edo ideiak dituzte mintzagai: eusko arrazaren nortasuna eta berezitasuna, herrialde eredugarriak hizkuntzaren erabileran, umeei eskotartasuna, herri jakintza (folklorea) eta abendaren historia irakatsi beharra, euskara hiltzeko arriskua, emakumearen rola edo jokabidea, eskola laikoaren aurka erlijio katolikoa irakastea, etab. Politika artikuluetan, berriz, emakumeen botoa, Estatutoaren plebiszitoa, 1936ko hauteskundeak eta gerra. Politika edo ideologiazko zenbait artikulu gaztelaniaz argitaratu ziren Euzkadi egunkariaren lehen orri eta tokian. Esandako idazlan guztiak gerra aurrekoak dira, jakina.
Ekimen gartsuko emakumea azaltzen diguzu, ogibideaz gain politika eta ideologia oso hurbiletik bizi izan zituena. Zer dela-eta eman diozu liburuari ‘Askatasun eguzkia baino beharrago’ izenburua?
Maistratza eta idazletza erakunde-lanarekin uztartu zuen Julenek. Euzko-Irakasle-Bazkunakoa (EIB) izan zen, hau da, irakasle abertzaleen sindikatokoa. Baita Euzko-Ikastola-Batzakoa (EIB) ere, eskola euskotar eta katolikoen elkartea berau, euskotar hezkuntza sistema berezia sortzeko asmoa zuena. Emakume Abertzale Batzakoa (EAB) ere bazen, eta hor aholkulari gisa jardun zuen, bereziki prentsa artikuluen bidez. Jakina denez, EAJ alderdiaren bultzadaz sortu ziren EAB eta EIB, eta, era berean, EABren ekimenez EIB. Hitzaldiak ere eman zituen Julenek Bilboko zentro abertzaleetan euskaldun umeen hezkuntzaz edo aberriaren eta euskararen arteko harremanez. Baita Eusko-Ikaskuntzan lan egin, hitzaldi eta prentsa-artikuluen bidez, edo Bizkaiko Aldundiari eskatzeko berma zezan auzo-eskoletan ume euskaldunek bere hizkuntzan irakurtzen eta idazten ikasiko zutela. Beraz, euskararen aldeko ekintzailea edo militantea eta idazle konprometitua izan zen. Euskara Euskadi edo Euskal Herriaren etorkizunarekin eta eusko gogo edo espirituaren pizkundearekin lotuta ikusten zuen. Haren arabera, herri batek, iraun nahi badu, nazionalitatea (aberritasuna deitzen zuen) gorde behar du, eta nazionalitatea askatasunaren, estatutuaren eta politikaren gainetik dago. Horregatik zioen: “Euzkera degu geure aberritasunaren (nazionalitatearen) ezaugarririk bereziena, euzkera degu aberritasunarentzat azkatasun eguzkia bera baño bearragoa” (1934).
Juleneren esaldi horrek eman dio liburuari izenburua. Beraz, askatasuna, estatutua, politikagintza abertzalea baino beharragotzat jotzen zuen euskara. Zergatik? Beharbada ikusten zuelako Euskal Herrian abertzaletasunak politikagintzan aurrera egiten zuela baina euskarak ez, edota Irlandaren kasua gogoan zuelako, edo euskara galduz gero Euskal Herriak bere izaera eta nortasuna, eta gainerako ezaugarriak (kultura, ohiturak, erlijioa), galtzen zituela pentsatzen zuelako. Euskara gabe aberririk ez dela pentsatzen zuen. “Jo euskara bidetik” esaten zuen. Horretan euskotar eta abertzale gehienen aurka zihoala (doala ere?) esan daiteke. Haren arabera, euskara zen nazionalitatea aldezteko hesia eta aberria askatzeko tresna.
Gerra aurreko urte haietan euskalarien ahotan zebilen “euskararen heriotza”k beldurra ematen zion. Izan ere, euskara aldezteko, indartzeko eta jasotzeko jardun eta idatzi zuen bizitza osoan. Jubilatuta gero ere, 1960 eta 1970eko hamarkadetan, haurrentzako liburuak argitaratu zituen, Arrate irratian ipuinak kontatu, ikastoletako umeen sariketak bultzatu, erakunde euskaltzaleetan (adib. Euskaltzaindian) parte hartu eta prentsan nahiz aldizkarietan idatzi. Euskara kultura bidez jaso eta prestigioa eman nahi zion, batez ere haurrei begira. Horregatik, euskal jaietara bere jantzi eta bitxi dotoreenekin jantzita joaten zen. 1968an Euskaltzaindiaren Arantzazuko Batzarrean parte hartu zuen, beste hiru emakumerekin batera. Baina min handia eman zion euskara batuaren auziak sortutako zatiketak, baita Pizkundeko belaunaldi zaharragoen lana aintzat hartua ez izateak ere.
Kultura maila jasoko idazletzat jo al dezakegu? Munduko hainbat lekutan ibilia zen, ala?
Julene Azpeitia kulturaz jantzia zen; frantsesa, gaztelania eta euskara ondo ezagutzen zituen eta irakurle handia zen. Bere idazlanetan autore asko aipatzen eta haien pasarteak ekartzen ditu: Antzinako Grezia eta Bibliakoak, literatura unibertsalekoak (Shakespeare, Cervantes) eta garaikidekoak, pedagogo eta pentsalariak (Komensky, Montessori, Rousseau, D’Ors, Kurth, Massaryk), eta, Euskal Herrikoen artean, Kanpion, Trueba, S. Arana, Euzkadi egunkaria eta haren zuzendari E. Arantzadi, Unamuno, Lauaxeta eta Lizardi. Haur ipuin klasikoak ere itzuli zituen, adibidez, Wilde, Andersen, Grimm anaienak etab. Ordea, gerra osteko ipuin eta kontakizunetan herri literaturatik hurbilagoko autore edo iturriak edo haien oihartzunak ageri dira, nahiz batzuetan Julenek ez dituen aipatzen (Pernando Amezketarra, Bilintx, Elizanburu, Azkueren kantutegia, Krikiño, Tx. Agirre…).
Bestalde, Juleneren harremanak ere jende ikasiarekikoak izan ziren; kultura harremanak, gehienbat. Oso ezaguna zen euskaltzaleen artean. Munduan hainbat lekutan ibilia ere bazen: Mexikoko San Luis Potosín bizi izan zen 4 urtez, N. York, Habana eta Veracruz ikusiak zituen, udako oporretan Andaluziara joaten zen, Madrilen egonaldiak egiten zituen, iheslari zebilelarik Ipar Euskal Herrian eta Frantziako herri batzuetan aterpetu zen, baita Hegoaldeko beste zenbaitetan ere. Gainera, bere ogibideak behartuta, leku askotan bizi zan zen. Eta bizi izandako edo ezagututako toki horien oroipenak edo bizipenak kontatzen ditu.
Beraz, zumaiarra baina munduan eta Euskal Herrian barrena asko ibili zena. Aurrerazalea zela esango zenuke? Emakumearen eginkizunaz zein ikuspegi zuen? Aurkezpenen batean entzun dizugu bazituela bere kontraesanak eta haiekin bizitzen ikasi zuela…
Pedagogo aurreratutzat ezagutua da Julene Azpeitia, aldi hartako pedagogo aurreratuenen (Montessori, Freinet, Decroly…) jarraibideak irakaskuntzan proposatzen edo aplikatzen saiatu baitzen. Umeekin irudiak, metodo aktiboak eta interakzioa erabiltzen zuen, eta, funtsean, umeen autonomia eta ikaskuntza integrala bilatzen zuen. Aurreratua edo modernoa iruditze zaigu beste alderdi batzuetan ere: inguruneaz arduratuta zegoen eta kritikoki mintzatzen da baserrien iraupenaz, pinua landatzetik zetozen kalteez eta agintarien diru-zalekeriaren ondoriozko baso, ibai edo itsasoaren zikintzeaz. Umeei natura eta abereak (txakurrak, katuak, txoriak) errespetatzen irakasten zien. Eta medikuntzako aurrerapenei (leuzemia edo lepra gaixotasunen arloan) edo euskal literaturako joera berriei (Aresti, Txillardegi etab.) harrera ona egin zien 1960-1970 urteetan.
II. Errepublikan emakumeen balioa aldarrikatu zuen, komunikabideen plaza publikora aterata. Emakumeen eginkizuntzat zeukan umeen heziketa, euskararen transmisioa, euskaraz bizitzea eta abertzaletasunaren aldeko jokabide moral tinkoa. Hain zuzen, jokabide morala garrantzitsuagotzat zeukan jokaera politikoa baino; Julenek pentsatzen zuen emakumeen beregaintasuna edo emantzipazioa aurrerakuntza morala lortzeko borondateari lotuta zegoela eta ez, hainbat, legeei. Emakumeen zeregina Euskadi moralki salbatzea zen, gizonei utziz politikoki salbatzea. Hortik kontraesan batzuk sortu zitzaizkion: batzuetan, emakumeak etxetk kanpoko lanean eta karguetan parte hartzea aldeztu zuen; beste batzuetan, ordea, ez, amatasuna eta umeak heztea garrantzitsuagotzat zeukalako, horretan bere praktikarekin kontraesanean. Konpromisoa eta jarrera kritikoa erakutsi zuen emakumeen botoaren alde jarriz, bortxakeria matxista salatuz eta emakumeen balioa nabarmenduz: “batez beste, emakumeak gizonak baño geyago balio du” esan ohi zuen.
Emakumearen rolari buruz bere pentsamoldean eta jokabidean erakutsitako kontraesana aipatu dugu. Beste kontraesan batzuk ere aipa daitezke: umeen hezkuntzan aldezten zuen autonomiaren eta bere semearen heziketan erakutsi zuen jokabidearen artekoa, bere ideien arabera moldatu eta gehiegi babesteagatik semeak amarekin psikologikoki hautsi baitzuen; baita, nolabait ere, bere izaera gogor eta lehorraren eta irakasten zituen balio batzuen (adibidez, beratasuna) nahiz idaztean erakusten duen sentiberatasunaren artekoa.
“Batez beste, emakumeak gizonak baño geyago balio du” esan ohi zuela diozu… nortasun biziko, aiurri biziko emakumea zela dirudi…
Emakumearen ikuspuntutik idazten du Julenek, emakumeentzat batez ere, askotan emakumeen heziketarako; hortaz, emakumeen presentzia ohargarria da Juleneren idazlanetan. Gizonei zuzendu zitzaien ausardiaz, aurpegira esateko gizonak egin ditzakeen gauza guztiak eta gehiago egin ditzakeela emakumeak, ikasteko aukera dutenetik emakumeak gizonak baino ikastunagoak eta finagoak direla. Horregatik, etxean laguntzeko, eskola amaitu baino lehen utzi behar izaten zuten neskatila askoren egoerak atsekabez betetzen zuen.
Izaeraz ausarta zen Julene, esan beharrekoak esan gabe isilik ez egotekoa, eztabaidazalea, ahoan bilorik gabe mintzatzailea, zorrotza, bere buruari ez ezik ikasleei eta etxekoei ere gogor egiten ziena, jenio bizikoa, zirt-zartekoa, ezkontide harremanetan agintzailea. Baita zintzoa, eraman handikoa, bihotz handikoa eta etxezalea ere (senarra zaindu zuen honen gaixoaldi luzeeetan).
Nola azalduko zenuke Azpeitiaren literatura labur, zein genero eta moldetakoa?
Iritzi-artikuluak, umeek irakurtzen ikasteko liburuak eta emakumeei sukaldatzen irakasteko liburuska alde batera utzita, literatura arloan, ehun ipuin laburren bilduma publikatu zuen 1961ean (‘Amandriaren altzoan’), eta umeentzako irakurgaiak 1974an (‘Zuentzat –Aurrentzako ipui eta irakurgaiak–’). Gertaera erreal edo egiantzekoak nahiz leienda edo munduan zehar zabaldutako ipuin irakaspendunak dira, umeei eta gaztetxoei zuzenduak. Ipuin luze eta originalagoak publikatu zituen Egan aldizkari literarioan (1969-1970), haietako bi tesi-ipuinak (‘Odolak odolari dei’ eta ‘Martxela’), eta hirugarrena, ohitura istorioa (‘Krabeliñ gorriak’). Horietan giroa (lekuak, ohiturak, pertsonaien hizketa) garrantzitsuagoa da istorioaren garapena, arazo sozialak eta ideologia baino. Estilo eta balio literarioko hilberri eta oroipen batzuk ere argitara zituen, adib. Eli Agirre Agarel eta I. Azkoitia Jel-Alde idazleen hilberriak.
Azterlanaren amaiera gisa, bere obraren antologia jaso duzu. Ikerlan honek zenbateraino aldatu du zuregan Julene Azpeitiaz eta bere obraz zenuen iritzia?
Liburuaren ia erdia Juleneren testuek osatzen dute eta, gainera, antologia bat eskaintzen da, hemeretzi idazlanek osatua. Baina antologia hori meharregia da, Julene Azpeitiak osoagoa merezi du, eta horixe ere egin nahi nuke, erakusteko idazle mamiduna dela eta gai askotarikoak darabiltzala, baita euskara natural, gozo eta indartsua ere. Juleneren idazlanek haren garaia hobeto ezagutzeko eta harekin eztabaidatzeko aukera eman didate, eta, nik ere, liburuan Juleneren testuak jaso eta komentatuta, aukera hori eskaintzen diet irakurleei.