Milaka pusketatan apurtzen diren jaioberriak, “haragia xehatzeko makinatik pasatuta bezala”; inoiz gertatu ez diren gauzen formula matematikoak; sudur berria duen senar ohia; jende ilara luze bat, denak emakume bati aholkuak emateko zain; bikotekide desleialaren gorputza poseitu duen mamua… Surrealismoaren, umorearen eta groteskoaren geruzetan bilduta ageri da errealitatea, Irene Pujadas (Sant Just Desvern, 1900) idazle katalanaren lehen liburuan. 21 narrazio. 21 mokadu –liburuaren aurkezpenean Amaia Apalauza itzultzaileak deskribatu zituen legez–, aho barruan zapore eztanda eragiten dutenak: garratzak, gazi-gozoak edo minak. Harrigarriak, denak.
Liburuaren jatorrizko bertsioa [‘Els desperfectes’, L’Altra editorial] 2021ean argitaratu zenuen, eta urtebeteren buruan heldu da euskarazko itzulpena.
Ezusteko ederra izan da. Katalanezko bertsioa atera eta hilabetera heldu zen gaztelaniazko itzulpena, eta orain euskarazkoa. Proiektuari ekin nionean, ez nuen halakorik buruan, inondik inora: nire asmo bakarra zen ipuin batzuk idaztea, garai hartan denbora libre gehiago nuela aprobetxatuz. Izan ere, aspalditik dudan arazoa da ez dudala ezer bukatzen. Proiektuak idazten hasi bai, hasten nintzen, baina nekez bukatzen nuen ezer. Hortaz, eszedentzia bat baliatuta, helburu inozo samarra jarri nion neure buruari: astean ipuin bat idatziko nuela. Banekien batzuek funtzionatuko zutela eta beste askok ez, baina helburua idaztea zen. Bukatzea.
Documenta saria irabazi zenuen bilduma horrekin.
Bai, zenbait ipuin idatzita nituenean, konturatu nintzen Documenta sarian izena emateko epea agortzear zela, eta neukana bidali nuen. 35 urtetik beherako idazle katalanentzako saria da Documenta, eta oso ongi funtzionatzen du, hauspoa ematen dizulako. Niretzat balio izan zuen ipuinak are gehiago fintzeko, bildumaren gai nagusiak indartzeko eta, ideia hori buruan nuela, horrekin bat eginen zuten ipuin gehiago idazteko. Ipuinetako batzuk hautatu eta beste asko tiraderan gordeta utzi nituen, ez zutelako ongi funtzionatzen edo zerbait falta zutela iruditzen zitzaidalako.
Kezkatzen zintuen liburuaren barne-koherentziak?
Tira, saiatu nintzen ideia nagusi batzuen inguruan lan egiten, baina ez nuke esanen koherentziarena zenik kezka handi bat edo ezinbesteko baldintza bat. Are: liburuaren ideia nagusiez hitz egiten dudanean, ipuinak idatzi osteko burutazioak izan ohi dira. Nolabait aurkeztu behar duzu proiektua, eta orduan hasten zara liburua deskribatuko duen hari bat bilatzen. Gauza bat da idaztea eta bor-borka ateratzen denari forma ematea, eta oso bestelako gauza da idatzitako hori besteei azaltzea, ipuinen arteko loturak topatzea… Hori askoz geroago gertatzen da. Nire kasuan, ipuin bilduma hartu eta, argitaratzeko aste gutxi falta zirela, konturatu nintzen zenbait ideia errepikatzen zirela: heriotza, umore beltza, elementu groteskoak… baina badira horrekin zerikusirik ez duten ipuinak ere. Bada turismoari buruzko ipuin bat, adibidez, gainerakoekin inongo lotura tematikorik ez duena. Berez, liburuaren diskurtsoa ez da uniformea.
Gaiez gain, estiloa ere berezia da: ipuin laburrak dira, zuzenak. Kolpe baten gisakoak eta irakurri ostean ere arrastoa uzten dutenak…
Nik askotan eszena baten gisara irudikatzen nituen. Eszena hori bukatuta, akabo ipuina ere. Laburrak dira, ez dudalako bigarren mailako tramarik edo bestelako pasarte luzerik tartekatu. Bestalde, saiatu naiz anbiguotasunarekin jolasten: ipuin batzuk ez dakizu alaiak edo tristeak diren, hor tarteko espazio batean daudelako. Eta irakurlearengan arrastoa uzteari dagokionez, niretzat hori ipuingintzaren generoaren ezaugarrietako bat da, nahiz eta zaila den ipuina genero gisa definitzea edo klasifikatzea.
Ipuinez hitz egitean, zaku berean sartu ohi dira elkarren artean oso ezberdinak diren lanak, ezta?
Bai, hori da. Alice Munro ipuingilea da, baita Lydia Davis ere, baina nekez izanen dira genero berekoak batek eta besteak idazten dutena. Ipuinaren mugak oso lausoak dira. Agian ipuina definitzen duen ezaugarrietako bat izan daiteke irakurlea uzten dutela bakarrik. Zuk eleberri bat hartzen duzunean, pertsonaiek eta gaiek laguntzen dizute irakurketa prozesuan denbora luzez, gauzak luzeago azaltzen dizkizute… Ipuin batek, aldiz, irudi bat edo ideia bat botako dizu, eta horrekin utziko zaitu, gogoetan egin dezazun.
Irakurle bakoitzaren esperientzia eta interpretazioa ere ezberdinak izan daitezke.
Bai, noski. Irakurle batzuek egundoko interpretazioak egin izan dituzte nire ipuinen inguruan, niri sekula bururatuko ez zitzaizkidanak, edo nik liburua idazterakoan izan nitzakeen asmoez harago. Eta kontrara: zenbait kontakizunetan, nik zerbait esan nahi nuen argi eta garbi, baina gaizki atera zitzaidan eta jendeak beste zerbait ulertu zuen. Ariketa hermeneutiko bitxia da: idazleak zerbait idazten duenean, ideiak botatzen ditu harrikadak bailiran, eta gero irakurleek beren erara jasoko dituzte ideia horiek.
Liburua aurkezteko ekitaldian, poesiarekin alderatu zenuen ipuingintza. Horregatik zenioen?
Argi utzi nahi dut ni ez nintzatekeela gai izanen, inongo mundu edo errealitatetan, poesia idazteko. Ez nuke nire burua poeta batekin alderatuko. Baina bai ipuingintzak bai poesiak badituzte ezaugarri komun batzuk: gauzak labur idazteko beharra, esaten duzun hori ongi aukeratzeko ahalegin bat… Aldeak alde, hori litzateke antzekotasun nabarmenena: bietan ala bietan galbahe lan bat egiten duela idazleak, testuak ahal bezainbeste garbitzeko.
Edizio lan handia egin zenuen ipuinok idaztean?
Bai. Ipuin bat idazten hasten nintzen bakoitzean, hezurdura moduko bat egiten nuen, eta gero, pixkanaka-pixkanaka, elementuak kentzen, moldatzen edo orrazten nituen. Garai hartan lantokira joateko beharrik ez nuenez, denbora hori baliatu nuen idatzitakoa editatzeko. Ipuin batzuk goitik behera aldatu nituen pare bat aldiz. Oso interesgarria izan zen ipuin bakoitzarekin aukera ezberdinak probatzea, hobekien funtzionatzen zuena aurkitu arte.
Ipuin bat zer den eta zer formatu izan behar duen, hori guztia ere auzitan jarri duzu liburuan: ipuin batzuk kontatu dituzu era desordenatuan, beste batzuk egunkari baten albisteak bailiran, edo zerrenda baten erara…
Irakurle gisa gustuko dut hori: gauza berriak probatzea eta ipuinen definizioa bera muturreraino eramatea. Neure buruari galderak egin nizkion etengabe: zergatik izan behar da ipuin honen protagonista gizaki bat? Zergatik ez probatu beste zerbaitekin? Badago ildo literario bat AEBetan, zenbait emakumezko idazlek osatua, eta agian eragin hori nabari da nire ipuinetan ere: izugarri gustuko ditut Amy Hempel eta A. M. Homes, adibidez. Gauza oso zoroak egiten dituzte. Beren ipuinek nahasita uzten zaituzte, baina shock hutsetik harago doaz. Badute mamia. Hortik egin nahi izan dut nik ere bidea.
Ipuin gehienak girotuta daude gure eguneroko errealitatearen oso antzekoa den mundu batean, baina elementu fantastiko edo, are, grotesko batzuk txertatu dituzu han-hemenka. Irakurle bezala gozatzen duzu halakoekin?
Erabat, bai! Izugarri maite dut zerbait irakurtzen ari eta, bat-batean, zur eta lur utziko nauen elementu estrainio bat topatzea. Ongi idatzia dagoen bitartean, edozein genero edo estilo interesatzen zait, baina aitortu behar dut gehiago gozatzen dudala errealitatera beste era batera hurbiltzen den literatura horrekin: irakurtzen hasi eta uste duzu ezagutzen duzula istorioa, eroso senitzen zara eta, bat-batean, elementu arrotz bat agertzen zaizu eta dena aldrebesten du, ipuina bera beste maila batean kokatzeraino. Ikaragarri gustatzen zait hori.
Emakume bati aholkuak emateko ilara egiten duen jendearen ipuinean bezala?
Hori da. Inori ez zaio halakorik inoiz gertatu, egoera absurdoa delako, tortura bat. Baina era berean, jende askok islatuta ikus dezake bere burua hor; emakumeek, batez ere. Azken finean, denok ari gara, modu batera edo bestera, geure kezkak, beldurrak edo errealitatea irudikatu nahian. Errealitate horretara hurbildu zaitezke bide zuzenetik, adibidez, zeure bizitzari edo ezaguna duzunari buruzko fikzio errealista bat idatziz; edo irudimena erabiliz eta bestelako bideak asmatuz. Nik neuk maiteago ditut imajinazio handiko kontakizunak, sentitzen dudalako literatura horrek barrenak zabaltzen dizkidala. Literatura errealista, aldiz, ezin da iritsi errealitatea imitatzera, errealitatea bera edozein fikzio baino askoz kaotikoagoa delako, ez da lineala. Honek ez dut literatura errealista gutxietsi nahi. Autofikzio liluragarriak daude, Annie Ernauxenak, esate baterako.
Irakurleari ahalegin handiagoa eskatzen diote halako kontakizunek, idazleak esan nahi duena interpretatzeko?
Ez dakit. Askotan pentsatu dut autodefentsa mekanismo bat ere izan litekeela, beldurra edo ezinegona eragiten digun errealitate baten aurrean. Ahalik eta forma arraroena edo fantastikoena ematen diogu gugandik urruntzeko, eta horri buruz lasaiago hitz egin ahal izateko. Orain burura datorkit Ottessa Moshfeghen ‘My Year Of Rest And Relaxation’ [Nire atseden eta erlaxazio urtea, 2018]: liburu horretan, emakume aberats batek erabakitzen du urtebete eman nahi duela lota, bere etxean itxi eta pilula mordoa hartzen du horretarako. Iruditzen zait idazleak hitz egin nahi izan duela ezinegon edo arrangura oso zehatz batetaz, baina trama zoro eta erradikal bat erabili duela horretarako.
Nolakoa izan da ‘Puskak’ euskarara itzultzeko prozesua?
Esperientzia ederrak izan dira bi itzulpenak, bai gaztelaniazkoa bai euskarazkoa. Inga Pellisak itzuli zuen ipuin bilduma gaztelaniara. Harentzat, lehen aldia zen katalanezko liburu bat gaztelaniara itzultzen zuena, hortaz, biontzako berritasun bat izan zen. Nik ere gaztelaniaz badakit, hortaz, luze eta zabal hitz egin genuen itzulpenaren elementu guztiez. Oso interesgarria izan zen, nik katalanezko esamolde eta esaera zahar asko sartu nituelako jatorrizkoan. Ipuinek asko dute ahozkotasunetik, eta erronka handia izan zen horiek itzultzea; are handiagoa, liburua euskarara ekartzeko prozesuan. Amaia Apalauza itzultzaileak eta biok ere solasaldi ugari izan genituen, asmatzeko nola eraman genezakeen lengoaia muturrera, nola bihurritu hitzak eta aditzak… Konnotazio groteskoena izan zezaketen hitzak bilatzen zituen Amaiak, liburuaren tonuari nolabait eusteko. Lehen ipuinean, adibidez, ahalegin handia egin zuen, kontakizunari tonu exajeratuagoa emateko, errealitatetik aldentze aldera. Helburutzat jo genuen ipuinen tonua ez leuntzea, eta niri ederra iruditzen zait itzultzaileek ere aukera izatea jostatzeko, hizkuntza hankaz gora jartzeko eta zorakeriak egiteko.
Nabari da askatasun hori. ‘Els desperfectes’ izenburua, adibidez, ‘Puskak’ bezala itzuli du Apalauzak.
Bai, euskaraz esanahi asko dituelako hitz horrek. Amaiak azaldu zidanez, erreferentzia egin diezaieke zerbaiten piezei, zatiei, hondakinei, baina, aldi berean, adjektibo eta izen batzuk indartzeko ere balio dezake, ezta? On puska, liburu puska… Niretzat, maisulan bat da hori, izenburua ez ezik, liburuaren atzean dagoen ideia bere ere itzuli zuelako Amaiak, hitz bakar batekin. Oso pozik nago liburuaren bi itzulpenekin, eta oso aberasgarria izan da niretzat, asko ikasi baitut itzulpengintzaz: hitzen baliokideak bilatzeaz harago, esanahiak, konnotazioak eta tonuak bilatzea da. Itzultzea da berriz idaztea.