Patxi Zubizarretak euskaratu Zure argitan bizitzea (2022, Alberdania) nobelak aztoratu gintuen eta, ez bat ez bi, liburu horren egilea elkarrizketatzeko gogoa piztu zitzaigun. Zoomaldi baterako geratu ginen, Parisen errotzen den Abdela Taia izeneko idazle marokoarrarekin.
Zure burua aurkezten ahal duzu gure irakurleentzat?
Bai, Marokon bizi izan naiz 25 urteak arte. Bederatzi haurreko familia bateko zortzigarrena naiz. Mohamed V unibertsitatean ikasi dut literatura frantsesa, Genevan gero, eta azkenik, Pariseko Sorbonean. Tarte horretan, zerbait artistiko egin nahi nuen. Erranahi kolektiboaren araberako material autobiografikoetatik hasita, nire borondateak testu literarioak sortzeko gai den idazle bat egin du nitaz.
Zinema ere zeregin horretan sartzen da?
Marokoko telebistan aste oroz pasatzen ziren film egiptoarrei esker hurbildu naiz zinemara. Irudi, historia eta aktore haiek bizitzan zeharreko nire inskripzioan zerbait kanbiatu zuten. Film horiek amarekin eta arrebekin ikusi orduko, errealizatzaile bilakatzeko haur-desio bat banuen. Filmak arabarrez ari zirenez gu bezala, arabar errealitateaz, nik ere behar nituen noizbait gure bizitzak aldatu, nire arrebenak, bizi nintzen Hay Salam auzokideenak, pobreen familienak: gure pobrezia ekonomikoa zen, baina historiez hain aberatsa…
Historia horiek dira kontatzen dituzunak?
Bai, gure inguruan gertatzen ziren historia horiek… nire arrebek, kartierreko prostitutek, ebasleek, pobreek nola badakiten bizitzarekin, politikarekin, aberatsekin konpontzen. Harrigarriak iruditzen zitzaizkidan historia horien barruan nengoen. Gauza bera egin nezakeelako intuizioa neukan. Horrek ninduen idazle egin, errealizadorea beranduago, 2013an Osasun Armada izeneko ene filmarekin.
Zer da zuretzat frantsesez idaztea? Hautu bat? Destino bat?
Ez, frantsesarekiko ene harremana ez da destino arlokoa. Kolonizazioaren mintzaira da, nire buruko erabakia da, ez bihotzekoa. Marokon, zorigaitzez, frantsesak botere asko dauka, Marokoko eliteak erabiltzen du, aberatsek, gainerako jendearen eta beren arteko leizea sakontzeko. Marokon, herriko hizkuntza den arabiera bakarrik ezagutzea ez da aski, bizitzan erreusitzeko, eta hori berez, frantses kolonizazioaren segida bat da. Egun batez ulertu dut nahi nuena egiteko hizkuntza horretara jo beharko nuela…
Zein da harreman horren mamia?
Frantsesarekiko nire harremanean ez dago erromantizismo mikorik, hori guzia gure klase pobrearengandik urrunegi zegoen. Aitortu behar dut, arrebekin, telebistan, frantsesez mintzo ziren marokoar aberatsez trufatzen ginela, erridikuluak ziren, poseak hartzen zituzten, gure irria sustatzen zuen arrogantzia bat bazuten. Frantsesarekiko ene harremana, marokoar jendartearen ulermenetik eta, geroago, hizkuntza bat ongi erabiltzen jakin behar den tresna bat delako kontzientziatik dator.
Zure argitan bizitzea bigarren mundu-gerla ondoko Marokoaren kontakizuna da, Malika boz eramaile daukan jendartearen gainean kolonialismoaren espektroa dabilela.
Kolonizazioaren gaia denetan da, ez bakarrik nire azken liburu honetan. Parisen diren emigratu senegaldarretan dago, Espainia hegoaldeko negutegietan lanean ari diren emakume marokoarren baitan, Europarren alde ari diren Libian blokatutako afrikarren artean, Turkian siriarrei dagokienez, Polonian, ukrainar errefuxiatuak errezibitzen dituen eta afrikar beltzen kontrako arrazismoa praktikatzen segitzen duen Europan. Kolonizazioa ez zen bukatu gure herriak independente bihurtu zirenean. Okzidenteak ez zuen alde egin, ekonomiaz, armez, inperialismo kulturalez dominatzen jarraitzen du.
Zure nobelako pertsonaiek, batik bat femeninoek, aldi berean suntsitzaile eta seduzitzaile den kolonizazioaren etapa horiek gorpuzten dituzte.
Bai, hori da. Ez nuen liburu esplikatibo bat egiten ahal horrelako gai bati buruz, azalpen soziologikoekin, ezin nuen. Literaturak jendeen, pertsonaien ahotsak entzunarazteko modua izan behar duela uste dut. Nihaur, idazle gisa, ahots horretan sartzen naiz, ahalik sakonen, eta ahots horren barnean, beste ahotsen oihartzunak kausitzen dira. Liburuan Malikaren bizitza dago, marokoar emazte bat da, eta bere baitatik gutaraino heltzen diren ahotsak badira: Indotxinan Frantziaren alde zendu bere senarrarena, bere senarraren gizonezko maitalearena, Khadija bere alabarena, inozentzia hutsez Maroko berriz kolonizatu nahi duen Moniquena, Jaafar homosexual gaztearen bidez marokoar gazteriaren ahotsa…
Malikak kolonialismoari aktiboki egiten dio buru.
Kolonialismoa tratatzeko, pentsatu dut emazte baten bizitza kontatu behar nuela, ekiten dabil eta ez jasaten. Malika beti ekintzan dago, ez zinkurinka, ez biktimizazioaren bidean, negarrez; destinoak, mektoub delakoak, ez du geldiarazten. Pobrea da, abandonatua, analfabetoa, baina mundua hausnartzeko gai da eta hortik, kolonizazioa ulertuz, bere inguruaz gogoetatzeko. Horrek ematen dio motibazio bat boterearen kontra borrokatzeko. Erresistentzia zer den ulertzeko modua dago liburuan, geroa pentsatzen duen emazte batena, bere haurrak aurka dituenean ere. Material hori guzia amarengan aurkitu dut.
Justuki, erran duzu behin “idazle bihurtu naiz amaren liburua idazteko”.
Absolutuki, baina uste dut, hasieran, ez nuela horrela konprenitzen. Denborarekin ikusten dut amak noraino influentziatu nauen idazle gisa. Nire erranaldiak, frantsesez ere, estiloa, hitzen egokierak, nire liburuetan dagoen hatsa, den-denak, ama mintzo zen eratik datozkit. Ez nuen beldurrik, abila zen, kokina, sorgina, ezerk ez zuen geldiarazten, pobrea, soila, garrantzi gabea izanagatik. Mundua zen, bizitza, unibertsoa, borrokatzen zuen emazte pobrea, emazte gozoa, ona, plantakoa sekula izateko indarrik egin gabe. Auzokoek ez zuten gure ama maite, estrategiak plantan jartzen zituelako… Pobreak garenean ez gara beti bide onestenetik pasatzen. Ama nire buruan sartu zen eta geroago atera, nirea den idazle estiloan.
Azkenean, aski hurbilak zaizkigun pertsonaia horien ahotsa, burutik buru luzatzen den elkarrizketa batek osatzen du: zergatik elkarrizketaren hautua?
Zure argitan bizitzea nobelako estiloa biluzia da. Rabateko unibertsitatera joan nintzenean, bazen ideia bat eta horren arabera, pentsatzen zen gu pobreok ez ginela frantsesa menperatzeko gai izango. Pobre geratuko ginelako ideia itzultzen ziguten hizkuntzarekiko harremanean ere. Horren ondorioz, hizkuntzarekiko harreman maitemindutik urruntzea lortu nuen, baita pasiboki baino errezitatzen ez den zitazio eta errepikapen literaturatik ere.
Nola pasatu zara estilo biluzi horretara?
Egun batez laidoztatu ninduten, eta pentsatu nuen ez nintzela frantsesa eta frantses kultura errezitatuko zituen norbait izanen. 18 urtetan erabaki nuen, nitatik, gure pobreziatik zerbait jarriko nuela. Ezer ez garela erraten digutenez, nik ezer horretatik zerbait egingo dut, amak bezala, deus ez genuenean guk jan ahal izateko beti zeozer aurkitzen zuelarik. Ezer horretatik estilo bat, estetika bat, espiritualtasun bat sortzen da, eta ezer horretan, jasateari uzten diogu, zerbait asmatzen has gaitezke. Lehen nobelak publikatu nituenean, kritikari batzuek zioten hiztegirik ez nuela, Fragonard eta Proustez testiak eginak nituelarik alta… Frogak baditut noraino joan naizen erakusteko, baina literaturaren helburua ez da demostratzea, ez da muskuluak erakustea, baizik eta besten ahotsen oihartzunak dituzten ahotsak entzunaraztea.
Nobela honetan, ahotsen aniztasunaz gain, lekuena ere bada: hiru kapituluetan, Malika Beni Mellaletik Salera, Rabaten gaindi ibiltzen agertzen zaigu, Malika bera Marokoa bailitzan.
Ez dut Marokoaz edo kolonialismoaz libururik idatzi nahi. Baina bi elementuok liburuan daude. Marokoaren ideia hor dago, Malikarentzat, ene amarentzat, Hollywoodekoaren antzekoa ez den bere bizitza hautsiari ahotsa emateko. Idazle naizenez, fragmentu horiek hautatzen ditut nire idazle ahotsarekin deus ikustekorik ez duen amaren ahotsa osatzeko. Ez dut nahi erran dezaten, “begira Abdela Taiak zein ongi idazten duen”; baina amaren ahotsa entzun zedin nik, idazleak, behar nuen ama esplikatzeko tentazioari uko egin.
Mehdi Ben Barkaren itzala dabil nobelan zehar.
Konturatu gara inperialismoetatik jalgitzean okzidentekoak ez zirela joan, alderantziz: lekuko botereekin hitzarmenak finkatu zituzten, ezkerreko alderdiek eraman zitzaketen herritarren aldeko politikak eragozteko. Mehdi Ben Barka ez zen nornahi gero, independentziaren alde aritu zen, herriaren eta aberastasunen banatzearen ikusmolde berezia zeukan, heren-munduarekiko ere bai. Erail zuten, Frantziaren eta AEBn laguntzarekin… Liburuan sartu dut Marokoaren memoriaz mintzo delako. Egun batez, amaren ahotik jalgi zen gizon horren izena, eta ulertu nuen, gizon hori, bere bidea urratzeko pataska zebilen emazte baten bihotzean sartu zela. Nobelako pertsonaien gorputz beretik dator, ingurune beretik, nonbait ez da arras hila.
Zure argitan bizitzea nobelan leku handia dauka homosexualitatearen gaiak ere.
Bizitza heterosexual eta heteronormatuen kontakizunek itotzen gaituzte, eta zorigaitzez, naizen homosexuala kondenatua da, nahi ala ez, bakarrik geratzera. Bakartasun hori ez jasateko behar dut, beraz, erradikaltasun berri batean sartu…
Malikak bezala, funtsean.
Bai. Malikak gizarte batek nola suntsitzen ahal zaituen ulertzen ez badu ere, sozietate marokoarrak ez dio laguntzen bere seme homosexualaren borroka konprenitzen. Ahmed Frantziara doakiolarik, bere borroka propioarekiko traizio bat ikusten du; erraten dio, “Indotxinan ene senarra hiltzen utzi duen Frantziara zoaz, homosexual gisa ere, ezin duzu kolonialismoaren aldea hartu”. Jaafaren pertsonaia jarri dut hemen, kartzelara itzultzea amesten duen preso homosexualarena, kanpoan ez dagoen elkartasuna bizitzen duelako barruan. Nahi nuen horrekin bukatu nobela hau, ama marokoar batek bere semearen homosexualitatea entzun zezan, ulermen zerbait jauki zekion. Nobelako preso homosexualak egin dezakeena egitera ez naiz ausartzen egiazko bizitzan.
Azken hitz bat, behar bada?
Homosexual gisa ere amaren bidean nago. Ez dut literatura hautatu, idaztea etorri da existitzeko, nire bizitzaren jarraipen bat bezala.