Arantxa Urretabizkaia: “Literatura egiten dut bizitzak uzten dizkidan zirrikituetan”

0

Iragan ekainaren 8an, 111 Akademiaren Saria jaso zuen Arantxa Urretabizkaiak (Donostia, 1947), Amasako Hika txakolindegian eginiko ekitaldian. Azken etxea (Pamiela, 2022) eleberriarengatik eman diote saria akademiako kide diren literaturazaleek. Izenburuak iradokitzen duen moduan, bizitzaren azken urteak pasatzeko etxe baten bila dabil liburuko protagonista. Hendaia aldeko etxe bat begiz jo du, eta hura lortzen tematuko da. “Egileak hasieratik aurkeztu dizkio irakurleari oinarrizko pertsonaiak eta protagonista: azken etxea erostea erabaki duen emakumea. Baina, narrazioak aurrera egin ahala, idazleak zenbait errezel, bata bestearen ondotik, biltzen ditu ezusteko ikuspena agerian utziz, irakurlearen jakin-mina pizturik eustea erdietsiz, protagonistaren inguruan misterio gandu bat hedatuz eta haren jomuga azalduz. Elkarrizketarik gabeko kontakizuna osatu du idazleak, baina horrek ez dio irakurleari trabarik egingo narrazioaz gozatzeko, egilearen maisutasunari esker”, nabarmendu dute akademiako kideek.

Zer izan da zuretzat 111 Akademiaren Saria irabaztea?
Sariak pozgarriak dira beti. Norberari ematen dizkiotenean, beti daude ondo emanak, baina saritua beste norbait bada, ez hainbeste, kar, kar, kar! Saria jasotzeko ekitaldian nabarmendu nuen bezala, niretzat sariketa honen ezaugarri garrantzitsuena da irakurleek emandakoa dela. Eta niretzat, irakurleak sakratuak dira.

Beti dute arrazoia.
Hori da. Oso bitxia da: askotan, zure liburu bati buruz irakurleek egiten duten interpretazioa ez da zuk zeuk egingo zenukeena. Baina arrazoia dute, halere. Ni sinetsita nago idazle batek ez dakiela zer egin duen. Badaki zer egin nahi zuen, baina egin duena, emaitza… hori irakurleak daki hobekien.

Askotan gertatu zaizu zure interpretazioa eta irakurleena bat ez etortzea?
Bai. Irakurleak ez badu liburua arinki irakurtzen, inplikazioz irakurtzen badu, bere egiten du testua, eta nahi duen zentzua eman diezaioke. Liburu hori berea da, ez egilearena.

Idazle diziplinatua zara? Nola heltzen diozu idazketa prozesuari?
Zentzu batean, agian bai, diziplinatua naiz, baina ez da lan bat niretzat. Nik literatura egiten dut bizitzak uzten dizkidan zirrikituetan. Badut lan profesionala eta horrek hartzen dit denboraren zati handi bat, baina horrez gain, gustatzen zait inguruan ditudanak zaintzea. Ez dut irudikatzen nire bizitza lan eta lan goizetik gauera, asteko zazpi egunetan. Beste gauza batzuk ere egin nahi ditut: paseo bat eman, nire landareak zaindu, pelikula bat ikusi… Eta eguneroko bizitzak uzten dizkidan zirrikitu horietan, idazten dut. Dena den, proiektu bat eskuartean dudanean, ahalegintzen naiz neure burua antolatzen eta diziplinatzen.

Kostatzen zaizu proiektu zehatz hori topatzea?
Azken eleberriarekin, adibidez, bai. Urteetan, ez zetorkidan gogora kontatu nahi nuen istorioa. Ideia asko baztertu nituen, Azken etxea izango zena gauzatu arte. Niretzat, idaztea da egin dezakedan lanik zailena. Errazegia da bizitzak eskaintzen dizkizun milaka aitzakia horiek baliatzea, egin behar duzun lan hori gerorako uzteko. Ahalegintzen naiz horri kontra egiten.

Azken etxea nobelan, protagonista ari da etxebizitza baten bila, baina ez da edozein etxe: bere bizitzan izango duen azken etxea. Behin betikoa. Kontzeptu indartsua da azken etxearena, nola sortu zen ideia?
Behin, lagun batekin topo egin eta hari galdetu nion beste norbaiti buruz, eta erantzun zidan: “Uf, oso lanpetuta dabil, bere azken etxearen bila”. Hor txinparta bat piztu zitzaidan, plast, eta berehala jakin nuen hortik jo nahi nuela. Dena den, literaturaren gakoa ez da hainbeste zer kontatzen duzun, baizik eta nola kontatzen duzun, zer ikuspuntu hartzen duzun, nora begira jartzen zaren… Hori da gero erabakitzekoa, baina banekien ideia nagusia hori izango zela.

Izenburua bera ere horixe da, Azken etxea
Argitaletxeak zalantzak izan zituen une batez horrekin. Etxea ez ote den gehiegi aipatzen izenburuetan… Nik argi nuen, dena den. Esan nien: “Hurrengo liburuan aldatuko dut, nahi baduzue, baina hau horrela geratuko da”.

Protagonistak bilatzen du etxe bat berea izanen dena, Virginia Woolfek “gela bat norberarena” aipatzen zuenean bezala.
Kar, ka, kar… Bai, baina bada alderik bien artean. Woolfek zergatik aldarrikatzen zuen gela bat norberarena? Idazteko. Gure protagonistak, ordea, ez du helburu hori. Bizi nahi du, ez du beste proiekturik buruan. Horrek aldentzen du Virginia Woolfengandik, eta baita nigandik ere. Nik proiektu bat behar izaten du bizitza gorpuzteko, egunerokotasunean ez desegiteko.

Zahartzaroaz hitz egiten duzu nobelan, baina ez da zahartzaroari buruzko liburu bat.
Hori da. Gazteak protagonistatzat dituen liburu bat irakurtzen baduzu eta zeri buruzkoa den esplikatu behar baduzu, ez duzu esango “gazteei buruzkoa”. Esango duzu gazteei eta langabeziari buruzkoa dela, edo gazteei eta parrandari buruzkoa, gazteei eta segurtasunik ezari buruzkoa… Beste elementuren bat gehituko diozu ziurrenik. Aldiz, badirudi zahartzaroak osorik definitzen gaituela; zaharrak garenok hori bakarrik garela: zaharrak eta ez beste ezer. Baina zaharra izateak ez du esan nahi beste ikuspunturik edo zerumugarik ez dugunik.

Era berean, zaharrak protagonistatzat dituzten eleberriak edo pelikulak “krepuskularrak” direla esan ohi da. Gogaitzen zaitu horrek?
Tira, horrek ez hainbeste. Hain zuzen, eleberri honen zirriborroa bukatu eta bidali nuenean, argitaletxekoek antzeko zerbait esan zidaten. Dena den, utzidazu parentesi txiki bat egiten…

Bai, noski.
Aurreko batean irratian aditu nuen Bernardo Atxagari egin zioten elkarrizketa bat, eta zera zioen: “Idazleak oso astunak gara. Egiten ari garenarekin matraka ematen dugu etengabe”. Bada, bere buruaz ariko zen, ni lanean ari naizenean, behintzat, ez baitut ezertxo ere esaten idazten ari naizenaz. Ezta nire editoreei ere, kar, kar, kar!

Eta zer esan zizuten argitaletxean liburua irakurtzeko aukera izan zutenean?
Haien lehen erreakzioa izan zen: “Hau da hau! Thriller krepuskular bat idatzi duzu!”. Eta, aizu, ez nuen gaizki hartu! Finean, ezin dugu ukatu zahartzaroa bizitzaren krepuskulua ere badela.

Kaskagorria, txanodun emakumea, biak zelatatzen dituen polizia erretiratua… Liburuko protagonista guztiak zaharrak dira, baina zahartzeko era ezberdinak irudikatzen dituzte. Hori da. Azken etxea idazten hasi nintzenetik argi nuen, batetik, protagonista guztiak zaharrak izango zirela, eta bestetik, zahartzeko modu ezberdinak azaldu nahi nituela. Orain dela urte batzuk, Hiru Mariak izeneko eleberri bat idatzi nuen, eta horrekin hasi nintzen zahartzaroari buruz gogoeta egiten. Gakoa dago zuk esan duzun horretan: zahartzeko modu tradizionala desagertu da erabat, eta modu berri bat asmatzen ari gara. Orain aukera dezakegu nola zahartu.

Klixe eta orokorkeria gehiegi erabiltzen dira zahartzaroaz hitz egitean?
Bai. Zahartzarora iristean, ingurukoek esango dizute hau ala bestea ezin duzula egin. Ez dela egokia. Bada, ez: neure bizitzan, neuk hartuko ditut erabakiak, nire ahalmenen arabera, betiere. Bizirik gauden bitartean, erabakiak guk geuk hartu beharko genituzke, beste inoren esku utzi gabe. Ezta beste horiek zure seme-alabak badira ere. Maitasun handienarekin eta zure hobebeharrez ari direla esan arren, askotan, zure ordez hartzen dituzte erabakiak.

Liburuko protagonista asko bizitakoa da eta iragan oso bitxia du, baina, era berean, ez du horri lotuta bizi nahi. Iragana atzean utzi beharraz ere mintzo zara nobelan.
Bai. Teorian, zaharroi dagokiguna da iraganera begira bizitzea, beti belarri baten bila, norbaiti txapa emateko. Gaztaroan gertatutakoari bueltak eta bueltak ematea, etenik gabe. Norbaitek “gure garaian…” esaten duen bakoitzean, gogoa ematen dit erantzuteko: “Aizu, barkatu, baina hau ere nire garaia da”. Ni orain ere bizi naiz, gauzak egin nahi ditut, baditut helburuak, nahiak eta proiektuak… Ez dut konformatu nahi egokitu nahi didaten rol horrekin. Hala ere, halako “amonakeriak” ere egin izaten ditut. Aurrekoan, 111 Akademiaren Saria eskertzeko hitzaldian gogora ekarri nuen nire belaunaldikoak letren munduan hasi ginenean ez genuela argitaletxerik, ez sistema literariorik, ez unibertsitaterik… Tira, barkamena ere eskatu nien entzuleei, amonakeria horregatik.

Kazetaria, gidoilaria, aktorea… Gauza asko egin dituzu. Horiek eragina izan dute zure idazteko maneran?
Agian bai, baina ez dut nire burua gehiegi aztertzen. Gehiago interesatzen zaizkit beste pertsona batzuk, nire burua baino. Zerbait aipatzearren, esango nuke kazetaritzak eman didala zehatz eta labur idazteko joera. Kazetaritza da, batez ere, besteei begira egotea eta egiten dutena edo esaten dutena kontatzea. Literatura, aldiz, kontrakoa da: zure barrura begira jartzea. Iruditzen zait jendeak hitz gehiegi erabiltzen dituela, baita egunerokoan ere, esan behar duen hori esateko. Ni saiatzen naiz era zuzenagoan idazten, buelta gehiegi eman gabe. Agian hori kazetaritzatik datorkit.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments