Klixeak, zakarrontzira. Musikariek ez dituztela beste musikarien zuzenekoak ikusten esan ohi da, berekoi samarrak direla, nahikoa dutela oholtzara igo eta publikoari beren kantuak eskaintzearekin. Itxuraz, bestelako interesik ez dute. Miren Narbaiza eibartarrak (37 urte) klixea birrindu egin du Donostiako Botanika kafetegi eta jatetxeko terrazara sartu bezain laster. Hasteko elkartasun musikala adierazi du, Bilboko Serpiente taldearen kamiseta bat baitarama jantzita. Emozioz beterik kontatu du gaur, ekainaren 15ean, Dabadaba aretoan Lucrecia Dalt kolonbiarra ikusteko irrikan dagoela. Narbaizak musika maite du. Musika da bere bizitza, eta ogibide ere badu. MICE bere bakarkako proiektuaren hirugarren diskoa kaleratu zuen 2022an, Lautada izenekoa, eta Arabako Gakobeltz Hit Faktoria estudioan grabatu zuen oso-osorik, denbora luzez eta patxada handiz.
Narbaizak bide propioa egin duela erakutsi du aspalditik, bere erara. Proiektu ezberdinetan murgilduta egon da (Napoka Iria, Perlak, orain MICE) eta azkenaldian beste musikazale batekin, Iban Zaldua idazlearekin, egin du topo. Zuzeneko emanaldi literario-musikalak eskaini dituzte Euskal Herriko zenbait herri eta hiritan, Ipuina engainua da Zalduaren azken liburuko pasarteekin. Momentuz, Baionan izango da ikuskizunaren hurrengo geltokia datorren irailean.
Zain izan da zuen bion arteko historiaurrea? Nola jaio zen Narbaiza & Zaldua tandema?
Elkarrekin abiatu genuen eta izurriak bertan behera utzi zuen proiektu baten ostean sortu da elkarlan hau. Ipuina engainua da liburuan Igeldoko parkean kokatzen den ipuintxo bat dago eta bertan Kutxa Kultur Festibaleko jardunaldi bat kontatzen da. Fikzioa da, baina aipatzen diren taldeak egiazkoak dira eta egun hartan hantxe zeuden. Kasualitatez ni ateratzen naiz liburuan, Perlak taldearekin jo bainuen, eta Iban kontzertuan egon zen. “Aiba!”, esan zuen Ibanek, “Miren hemen agertzen da, egin dezagun zerbait elkarrekin”. Eta hortik abiatu zen bion arteko elkarlana.
Busti zaitez: Ipuina engainua da liburutik ipuin bakarra aukeratu beharko bazenu, horixe bera izango litzateke?
Nik esan dezaket ordu gehien ipuin horretan pasatu ditudala. Bertan nago jada. Beste ipuin batzuk aukeratu ditzaket, bai, baina Ibanek hor aipatu egiten nau. Kuriosoa iruditzen zait, berez kontakizunean nire rola pasiboa bada ere. Ipuineko pertsonaietako batzuk egitarauari buruz hizketan hasten dira eta nire izena ateratzen da. Egin ditugun emanaldietan Ibanekin batera irakurtzen dut ipuina.
Hurrengo galderak lehena izan beharko zukeen beharbada, baina beharrezko deritzot edonola ere: zergatik izan da zure aliatua Iban Zaldua?
Pentsatzen dut denoi gustatzen zaigula beste diziplina batzuekin elkartu eta haiekin elkarrizketan hastea. Artean dabilen edonork gustuko du nahastea: musikan gabiltzanok, musikariekin; baina batzuetan ondo dago zure eremutik ateratzea, polita da. Gainera, Iban oso musikazalea da. Elkarlanak beti dira oso politak.
Hamar urte beteko dira Napoka Iriaren Arnasten ikasteko berriz diskoa kaleratu zenetik. Sentsazioa daukat denborarekin kultuzko lana bihurtu dela, zale gutxi batzuekin maite duten pop bilduma.
Kultuzkoa dela? [barre egiten du]. Ez dakit zer erantzun galdera horri. Egia da zaleak zirenak oso zaleak zirela. Baina, bai, disko hori leku ezberdinetan aipatzen da tarteka. Mimo handiarekin egin genuen, eta egia da nire kasuan beste gauza batzuk ere nahasten direla. Disko horrekin batera taldea bukatu egin zen eta halakoetan mistizismoa handiagoa izaten da. Era berean, iraganaren eta denboraren mistizismoa ere badago…
“Indarrez bete nituen barruko zirrikituak / Banan-banan sendatu ere zauri odoleztatuak / Bidean noa, ta aurreruntz / Pauso ematen jarraitzen dut”. Ibiltzeko gertu kantuaren letra praktikan jarri duzu zure bizitzan?
[Pentsatzeko tarte bat hartu du] Galdera ona. Suposatzen dut gauza batzuetan aplikatu dudala eta besteetan, ez. Pertsonek gure izateko moduak baditugunez, seguru asko errepikatu egingo dira halabeharrez. Idazten ditugun egoeretatik pasatu egiten da bat behin eta berriro. Nire ustez letrak idaztea momentuko zure egoera, aldarte, emozio, espektatiba eta nahiak jasotzeko modu bat da. Eta horiek errepikatu daitezke edo ez. Hortxe uzten dut.
Ausardiarik ez kantuak, aldiz, kontrakoa sorrarazten dit, geroak ekarriko duenarekiko kezka… Beldurra diozu etorkizunari?
Ez nuke esango kontrakoa denik, aurrera egitearekin kontrajarrita ez dagoen emozio bat baita hori. Nik ez dut kontraesanik ikusten. Beldurra ote diodan etorkizunari? Egunaren araberakoa izaten da hori. Normalean ezetz esango nuke, baina egun batzuetan mundua askoz ere beltzagoa ikusten duzu, eta beste batzuetan dena ondo dago. Disko hori (MICE, 2017) nire bizitzan oinarrizko aldaketa garrantzitsu asko gertatu ziren garai batean idatzita dago. Hitzak aldaketari buruzkoak dira, zalantzaren beldurrari buruzkoak, desorekei buruzkoak…
Joseba B. Lenoirrek esan zuen behin Berrian: “%100 naiz ni nire diskoetan”. MICErekin guztiz identifikatzen zara zu ere?
MICE nire jarraipen bat da. Ez dut pertsonaia bat asmatu, ez da alter ego bat. Nire proiektuaren izena da eta, momentu honetan %100ean ez bada ere, nire sormena eta sentimenduak hortxe ipintzen ditut. MICE nire ofizioa ere bada, eta denbora asko inbertitzen dut horretan. Pertsonaiarik sortu ez dudan arren, beste aldarte bat da, eta zuzenekoetan saiatzen naiz ikusleari bidaia edo zeremonia antzeko bat proposatzen. Ez naiz pertsona bera baina ez dut uste hainbeste aldatzen naizenik.
Agian nire sentsazioa izango da, baina Lautada diskoa entzun ondoren ondorioztatuko nuke gero eta esperimentalagoa bihurtu dela MICE.
Lehenengo diskoa ere nahiko ausarta iruditzen zait, bai produkzio aldetik, baita baliabide aldetik ere. Hiru lagunen artean egin genuen, eta momentu batzuetan bi pertsona edo bakarra zegoen estudioan. Ti-ta batean egin genuen, eta hori kontuan izanik iruditzen zait era guztietako kantuak biltzeko gain izan ginela. Ez ditut zur bereko kantuak egiten, denetarik egotea gustatzen zait. Ez ditut estilo berdineko kantuak egiten, denetarik egotea gustatzen zait. Azken diskoan, adibidez, badaude abesti akustikoagoak, zuzenagoak direnak, pop kantuak… Denbora asko eskaini diogu Lautada diskoari. Kontuan hartu behar da Gakobeltz Hit Faktoria estudioa muntatu dugula (Duranan, Araban, Joseba B. Lenoirrekin batera) eta horrek ere asko lagundu du diskoak behar zuen denbora eskaini ahal izateko.
Estudioa irekita dago beste artistentzat?
Teorian guretzako laborategi bat da eta printzipioz guk egiten dugu hor lan. Baina egia da gutxi promozionatu dugun arren, jende asko ari dela hurbiltzen Gakobeltzera. Askotan musikariok behar duguna da estuasunik gabe lan egiteko eta sortzeko aukera emango digun espazio bat. Ideia onak izan ditzakezu baina presagatik edo dena delakoagatik ezin dituzu proiektuak nahi dituzun moduan garatu. Alde horretatik, Lautada diskoaren bidea zoragarria izan da. oso polita. Elkarrekin grabatu dugu dena eta oso aberasgarria izan da prozesua.
Azkena. Grisa da MICEren musika definitzen duen kolorea? Ez da oso tristea, baina zureak ez dira munduko kanturik alaienak ere.
Egia da. Kantu argitsuegiak ez zaizkit gustatzen eta iluntasunak soilik agintzen badu ez dut uste horrek inora zaramatzanik. Ez dakit ‘kontraste’ hitza den aproposena. Azkenean jolasa da, eta hortik abiatuta iritsi behar da beste leku berri batera.
IBAN ZALDUA. POP MUSIKA GORA ETA BEHERA
Iban Zaldua gure Nick Hornby da. Euskadi Literatura Sariaren irabazlea Etorkizuna liburuarengatik (Alberdania, 2005), Zalduaren benetako obsesioa eta maitasuna, baina, pop musika da. 2011ko Biodiskografiak liburuan esate baterako, 39 talderen lanak hartu zituen abiapuntu gisa ipuin bakoitza sortzeko. Bitxikeria gisa, igandero txiokatu ohi du (@IbanZ) bere etxeko garbiketa lanaren soinu-bandari buruz. Ekainaren 11n: “Gaur, igandeetako garbiketa-saioan, Midnight Oil australiarren Essential Oils bilduma”.
Donostian jaio zen Zaldua, 1966an; eztanda musikala handia izan zen urtean, hain zuzen ere. Bizitzako lau disko kutunenak aukeratzeko eskatu diogu, xehetasun txiki batekin: bere jaioturtean hasi, eta 15 urteko jauzia egin beharko du disko batetik bestera, eta modu horretan pop musikaren historian ikonikoak izan diren datetara joango gara: 1966, 1981, 1996… eta 2011. Ados, azkenak ez du musikologoentzat hainbesteko garrantzirik; baina Biodiskografiak kaleratu zuen hartan eta, hori gutxi balitz, aukeratu duen lanak lotura du Miren Narbaizarekin. Zirkulua itxi da.
(1966) The Byrds – Fifth Dimension
“1966rako, nire Biodiskografiak liburuan jada bi album klasiko aukeratu nituenez –Revolver eta Pet Sounds–, beste bat etorri zait akordura, ez klasikotasun gutxiagokoa: The Byrds taldearen Fifth Dimension, psikodelai pop-aren iturburuetako bat. ‘Eight Miles High’, ‘Why’, ‘I see you’ edo ‘Mr. Spaceman’ bezalako kanta apartekin, eta aurretik praktikatzen zuten folk-rock estiloko ‘Wild Mountain Thym’-ren moldaketa ederrarekin. Eta hori guztia, grabazioan zehar Gene Clark handiak (espazio-)ontzia utzi zuelarik. Baina hausturek, batzuetan, taldeak (eta diskoak!) indartzea dakarte albo-ondorio gisa… kasu honetan bezala”.
(1981) Echo & The Bunnymen – Heaven Up Here
“1981erako, duda gutxi: Echo & The Bunnumen liverpooldarren Heaven Up Here, grabatu zuten bigarren albuma. Aurrekoan, Crocodiles estreinakoan promesa eta laztura zena, findu eta bikaindu egin zuten honetan: aitzakiarik eta betelanik gabeko hamaika kanta, afterpunk artienaren, iluntasunaren eta melankolia bortitzenaren artean. ‘A Promise’ da disko honetako nire kutuna, binilo baten A aldea ixteko sekula aukeratu den kantarik onena, eta untxitxo-gizonen beste zenbait klasiko, ‘All My Colours’, ‘Show of Strength’ edo ‘No Dark Things’ gisakoak.
(1996) Everything But The Girl – Walking Wounded
“1996rako britpopeko album bat aukeratuko nuela pentsatu nuen hasieran, galdera bota zenidanean. Baina urtea nire disko-bilduman errepasatuz, Everything But The Girl bikotearen Walking Wounded-ekin egin dut topo, eta zer esan? Trip-hop-aren eta drum’n’bass-aren eraginpean Tracey Thornek eta Ben Wattek planteatu zuten beren soinu pop otxenteroen berrasmakuntza erradikal (eta arriskutsu) honek 1990eko hamarkadako disko nagusietako bat izaten jarraitzen du. Bete-betean asmatu zuten. EBTG ez da nire EBGT ezin bada dantzatu!”.
(2011) Napoka Iria – Lehertarazi Edifizioak
“Pixka bat itsuan erosi nuen, 2011n, Napoka Iriaren (Miren Narbaizaren eta Ander Mujikaren proiektuaren) Lehertarazi edifizioak: iritzi onak nituen entzunda, eta hori, maiz, nahikoa zait disko bat feriatzeko. Jogailuan ipuini, eta harritu ninduen zuzenekoa izateak: lehen disko bat, pentsatu nuen, ausardia behar da gero. Baina logika guztia dauka: indar asko gordetzen dute beren baitan kanta itxuraz delikatu horiek, eta zuzenekoa dute askatzeko bide naturala. Mirenek protestatuko dit, agian, asko egin duelako aurrera geroztik, baina euskal poparen oso lan aldarrikagarria iruditzen zait betiere”.