“Bizi nauen elur giroari ez diot azalpenik aurkitzen”, dio Castillo Suarezek (Altsasu, 1976) Elur giroa poeman. Izan ere, elurrak poetaren azkeneko liburua, Alaska (Elkar, 2023), goitik behera hartzen du. Irautera (Elkar, 2019) liburuan sartu ez zituen poemekin osatutako bilduma da, eta irakurlea bere haurtzaroko Alaskara eraman nahi izan du.
Arrosak izeneko lehenengo poemaren hasieran diozu: “Nik badakit arrosez, baina gehiago dakit neguko loreez”. Zergatik negua, elurra, hotza!
Nik uste dut gisa horretako eguraldiak beti jartzen zaituela zure baitara begira. Udak estimulu gehiago dauzka, gauza asko egin daitezke garai horretan, toki askotara joan zaitezke. Negua nire izaerarekin bat dator. Beti esaten dut birigarroaren antzekoa naizela, negutiarra naizela. Zure ingurua edo paisaia mugatuagoa dago eguraldi txarrarekin. Uda, berriz, ihesbide bat da, gauza asko dituzu egiteko, ez duzu pentsatzen zure baitan daukazun horri buruz. Nire iritziz, gogoetarako beti dira hobeak negua eta eguraldi txarra. Gainera, kontraesana dirudien arren, neguko egunak oso luzeak dira, eta horrek nekatu egiten du.
Pipilak poeman irakur dezakegu: “Errekara erori den zaldia / korrontearen kontra borrokatzen da. / Begi handiak ditu, nik bezala”. Bizitzea korrontearen kontra borrokatzea da?
Bai, eta askotan bakarrik egiten den borroka bat da. Arrain saldoekin bezala gertatzen da: arrain bat saldo batean baldin badoa korronteak eramango du baina besteen arrimuan joango da; bakarrik baldin bazoaz, ordea, biderkatzen den ahalegin batean ari zara. Nire ustez bakartia den jendea, eta ez dut zentzu negatiboan esaten, askoz ere indartsuagoa da.
Sutea poeman, baita beste zenbaitetan ere, odolik gabeko zauria aipatzen duzu.
Bai. Nolabait esateko, zuk hanka bat puskatzen duzu eta badakizu hilabetez egon behar duzula igeltsuarekin; baina mugatzen zailak diren min horiekin –fisikoak zein min sentimentalak– ezberdina da. Askotan ez zara jabetzen aurrera edo atzera zoazen, sarri oso poliki aldatzen diren gauzak izaten baitira eta oharkabean pasatzen baitzaizkigu.
Maitasuna ere poema askotan azaltzen da. Maitasunaren zein ikuspuntu aurkezten duzu liburuan orokorrean?
Ez dut ikuspegi ezkor bat eman nahi maitasunari buruz. Iruditzen zait maitasunik gabe bizitzea oso nekeza dela, baina oso misteriotsua da eta aurreikusten zaila. Askotan uste dut kamikaze samarrak garela, eta ez naiz bikote bati buruz ari. Batzuetan hurbiltzen gatzaizkie pertsona batzuei jakin badakigun arren min emango digutela edo ez zaizkigula komeni. Baina horixe du bizitzak, maiz ez dela nahiko genukeen bezain ordenatua, eta eskerrak horri, bestela oso aspergarria bailitzateke. Bestalde, batzuetan ironia erabiltzea gustatzen zait. Adibidez, badago desamodioari buruzko poema bat: norbait gonbidatzen duzu eta azkenean zuk bukatzen duzu gonbidatuen gelan.
Ikaraz emankor poeman diozu: “Elurretan urratsak egitea da bizitzea, ederra dena zikintzea”. Ederra dena zikintzea da bizitza?
Bai. Edertasunari begira egon gaitezke, baina jarrera behatzaile batekin edo begiratzen hutsarekin bakarrik nik uste dut ezin zarela zoriontsu izan. Beharbada gehiegi esatea da hori, baina iruditzen zait lokatzetan eta gatazketan sartzea ezinbestekoa dela aurrera egingo badugu. Gatazka asko dituen pertsona naiz, nire buruarekin eta baita ingurukoekin ere, baina uste dut jarrera pasibo batek, azkenean, zauden tokian uzten zaituela. Eta horrekin beharbada inor baino lasaiago biziko zara, baina ez dakit hori bizitzea den ere, edo behintzat osotasunean bizitzea.
Eta poesiak, literaturak, arteak, bizitzari zikinkeria kentzen dio?
Sormenarena ez dakit nik, askotan esaten baita sormena beste maila batean bizitzea bezala dela; baina jende guztiak ez du sortzen eta jende guztiak ez du gozatzen sormen lanen bitartez, beraz, ez dakit. Nire editoreak, Xabier Mendigurenek, askotan aipatzen du talentu hitza. Zer da talentua izatea? Seguru asko besteengana iristeko gaitasuna izatea izango da, eta hori ez dauka jende guztiak, eta ez dakit nik garatu, ikasi edo landu daitekeen zerbait den. Ez dakit, ez daukat azalpenik.
Artea terapeutikoa izan daitekeela pentsatzen duzu?
Bada jendea modu terapeutikoan idazten duena. Uste dut sarritan egile askorentzat poesia halako ihesbide bat izan dela. Ez da nire kasua. Beti esaten dut ISBN asko dauzkadala eta ez naizela dolu etengabe batean bizi. Beti aldarrikatzen dut fikzioa, eta horren alde egingo dut. Ez dut autofikzioa egiten eta ez dut egin nahi. Ez dut nire berri eman nahi nire poemen bitartez. Ari naiz nire berri ematen, jakina, ni bainaiz hitzak aukeratzen dituena, nik eraman baitut esperientzia edo gogoeta hori testuetara, idatzi baino lehen bizipen batzuk izan baititut. Baina ez dut hori esplotatu nahi eta, gainera, ez zait iruditzen nire berri izatea inori interesatuko litzaiokeenik.
“Hemen bizi naiz / baina hangoa dut zerua”. Hitz horiekin hasten da Estalpea poema.
Ez dakit gehiegi esaten den deserrotzearena, baina uste dut hein handi batean nahiko ez genukeen tokian bizi garela, edo nahiko ez genukeen jendearekin, edo lanean pasatzen ditugula ez dakit zenbat ordu gehiegi estimatzen ez dugun jendearekin. Uste dut literatura horregatik existitzen dela, ez gauden toki batean egon nahiko genukeelako.
“Antzua denak bizirik irauten du nire kaieretan”. Autobiografia poema horrela amaitzen da. Bizitzan antzuak diren gauza asko daude?
Uste dut zaila egiten zaigula gauza batzuk antzuak direla onartzea, ez direla emankorrak, edo bide batzuek ez zaituztela inora eramango. Nik kontrakoa aldarrikatzen dut. Eta ez da nik asmatutako ideia bat, Jon Gerediagarena da. Beti hitz egin behar dugu iraun behar duenaren alde edo beste bide alternatibo bat bilatzearen alde edo inora ez garamatzan bide hori saihestearen alde. Ez nuke etsipenezko poesiarik idatzi nahi, eta uste dut horrek baduela zerikusia nire izaerarekin: etsitzen ez duen jendea gustatzen zait.
“Gai sinpleenak urruti dauzkat beti eta zailenak eskura”, diozu Supermerkatua poeman. Horregatik zara poeta?
Seguru asko, bai. Poesia bada genero bat, kontraesana irudi lezakeen arren, gogoeta egiteko. Uste dut jendeak poesiari buruz daukan irudia poesia lirikoarena dela, sentimenduarena, kantari ari diren txoriena… Horrelako poesia asko dagoela uste dut, baina nire helburua ez da besterik gabe edertasuna bilatzea edo poesia estetiko hutsa egitea, gogoeta egin eta ideiak transmititzea baizik.
‘Lehenango’ edo ‘geroago’ hitzek dezepzioa ekar dezakete, Supermerkatua poeman aipatzen duzun bezala?
Zuk zure burua hizketara daramazunean liburu forman ikusgai jartzen ari zara. Horrek ez du esan nahi zure bizitza kontatzen ari zarenik, baina bada jendaurrean agertzeko modu bat, eta zenbat eta gehiago hitz egin, orduan eta aukera gehiago dago erratzeko. Baina ez dakit, niretzat bestela ez dauka zentzurik. Idatziko ez banu lasaiago biziko nintzateke, baina uste dut literaturak gauza asko eman dizkidala: horietako bat da inguruari begiratzeko tresna bat dela niretzat. Ingurura begiratzen baduzu eta ingurua aztertzen saiatzen bazara, zeure burua destripatzen edo analizatzen ere ari zara, eta hori beti da ona.
Poesia eta edertasuna garrantzitsuak dira? Zer leku daukate gaur egungo gizartean?
Poesia, nire ustez, gutxirentzako generoa izan da beti, baina ez da nik kezkaz bizi dudan zerbait. Iruditzen zait Euskal Herrian poema liburu pila bat argitaratzen direla euskaraz. Zer arrisku ikusten diodan horri? Egile horietako asko bere lehendabiziko liburu horrekin gelditzen direla eta, askotan, liburu hori argitaratzeko literaturaz kanpoko arrazoiak daudela. Asmatzen ari naiz, adibidez: ama hil egin zait, edo armairutik atera nahi dut liburu honen bitartez, edo gogoeta feminista bat egin nahi dut eta poema forma eman nahi diot… Hor poesia eta beste genero batzuk gurutzatzen direla iruditzen zait. Azkenean, ariketa literarioa da funtsa, eta hori oso gauza zaila da.
Liburuaren azalean Altsasuko Alaska hotelaren marrazki bat ikus dezakegu.
Elkar argitaletxeko langile batek egin zuen, Altsasuko Alaska hotelaren argazkiak eredu hartuta. Garai batekoak zein gaur egungoak eman genizkion. Berak arkatzarekin egin zuen eta gero hura eskaneatu genuen, eta ikus daitekeen efektua dauka, akuarela modukoa. Alaska gaur egun toki dekadente bat da, abandonatua dago, hesitua, aspaldi itxi zuten; baina nik ez nuen dekadentzia horren berri eman nahi azalaren bitartez. Nik liburu honetan nahi dudana da irakurlea nire haurtzaroko Alaskara joatea, eta nire haurtzaroko Alaska Las Vegas txiki bat zen, toki elegante bat, eta azalak horixe transmititzea nahi nuen. Uste dut lortu duela.
Nola definituko zenuke zure estiloa?
Oso idazkera destilatua daukadala iruditzen zait, alegia, ariketa handia egiten dudala testu soilak sortzen edo soberako hitzak kentzen. Hizkuntza aldetik nahiko testu sinpleak direla esango nuke, ulergarriak, nolabait esateko. Nire indarra erabiltzen ditudan irudietan dagoela uste dut. Idazkera ez da nire ezaugarrietako bat. Egia da azkenaldian asko erabiltzen ditudala naturako sinboloak. Elurraren presentzia oso deigarria izaten da, askotan aipatzen dudan elementu bat da.
Txertatzen dituzun irudiak poema zeharkatzen duten bengalak bezalakoak dira.
Gustatzen zait efektu hori. Eta bengalen modukoak dira, bai. Une batean oso deigarriak dira eta gero desagertu egiten dira. Horregatik dira ederragoak, une bat irauten duten gauzak direlako.
Hainbat poesia liburu argitaratu duzu. Zein dira guztietan errepikatzen diren gaiak?
Nik uste dut poeta guztiok idazten dugula gai berberei buruz: denboraren igarotzea da bat, heriotza beste bat, maitasuna da beste bat, edo maitasun falta… Angel Erroren poema famatuak esaten duen bezala, “dena errana dago, baina ez dut nik erran”, edo horrelako zerbait. Bada, horixe da. Eta ni ez naiz originala alde horretatik, gai horiei lotzen natzaiela uste dut.
Euskaltzain osoa zara joan den urteko udazkenetik. Zer lan suposatzen du horrek zure egunerokotasunean?
Euskaltzaindiak badu zuzendaritza bat eta osoko bilkura bat, hilabetean behin egiten dena eta ibiltaria dena. Hori da erabakigunea. Gero, batzordeak ditu. Ni euskaltzain osoa izan baino lehen urgazlea nintzen eta sustapen batzordean parte hartzen nuen; eta gaur egun ere parte hartzen jarraitzen dut. Horrek ez dauka hainbesteko zerikusirik hizkuntzaren corpusarekin, hiztegigintzarekin, arauekin… Nik badut nire 8 orduko lana, eta nire oporretatik hartzen dut denbora Euskaltzaindiako bileratara joateko. Eta uste dut horrela geldituko naizela, hilabeteroko bileretara joaten eta sustapenarekin edo hizkuntzaren estatusarekin zerikusia duten gauzak lantzen. Hor ikusten dut nire burua.
22 euskaltzain osotatik 8 zarete emakumeak.
Ni baino lehen Miren Agur Meabe sartu zen eta ondoren, Itxaro Borda. Ez gaude egoera orekatu batean inondik inora ere, baina gero eta emakume gehiago gaude.