Irailaren 30a, Donostiako Zinemaldiaren azken eguna. Arratsaldeko 15:30ak jo aurretxoan iritsi da abisua whatsappez: “Kaixo, Jon. Barkatuko didazu baina azken bi asteak zoroak izan dira: entseguak, Zinemaldia, ez dakit zenbat elkarrizketa izan ditudan… Zaila izan da denbora ateratzea baina azkenean datorren asteko agenda pixka bat antolatu dut eta, oraingoz, ehuneko ehunean libre daukat astelehen arratsaldea”. Miren Arrieta Altolagirre (Donostia, 1998) buru-belarri dabil Bilboko Arriaga antzokian abenduaren 3an estreinatuko duten Esnearen kolorekoa nobelaren antzerkirako egokitzapena prestatzen. Fernando Bernués izango da eszena zuzendaria eta euskaraz eta gaztelaniaz ikusi ahal izango da antzerki obra. Abenduaren 6ra arte izango dira funtzioak Arriagan.
Sarritan egin dute lan elkarrekin. Lehenengo aldia Soinujolearen semea filma (2019) izan zen, Bernardo Atxagaren izen bereko eleberrian oinarritua. Tanttaka Teatroa konpainiaren aterkipean, Bernuésen eta Arrietaren bideak gurutzatu dira, besteak beste, Utzi zure mezua seinalearen ondoren, Semea pixka bat botelago dabil soilik eta Ameriketako bidaia antzezlanetan. Oraingoan, 1830eko Ingalaterran ikusiko dugu, Nell Leyshon-en eleberriko Mary protagonistaren ahizpa Violeten paperean, hain zuzen ere. Violet fededuna errezuan ari da uneoro. Inbidia latza pasako du bere ahizpari unibertso berri baterako ateak parez pare zabaltzen zaizkionean. Irakurtzea da gakoa. Lekutik mugitu gabe bidaiatzeko tresnarik boteretsuena.
Ia bost urte pasa dira Miren Arrietak Go!azen telesailari agur esan zionetik. Ane Mirandaren pertsonaia iragana da, ez oraina edo etorkizuna. Urrun geratzen da EITB. Horrek ospea eman zion Arrietari Euskal Herrian eta, geroztik, hainbat proiektutan murgildu da. Musikariak ere izan ditu bidealgun, horien artean Iker Lauroba donostiarra eta Zestoako Ezpalak rock taldea, eta haien bideoklipetan agertu da. Whatsapp audioz bidalitakoa bete du Arrietak eta lortu du tartetxo bat egitea bere agendan.
Indartsu eta fresko zaude edo Zinemaldia exijentea izan da intelektualki zein emozionalki?
Egia esan oso nekatuta nago. Zinemaldia hor egon da, saio ofizialean pelikula bat aurkezteak (Isabel Hergueraren El sueño de la sultana animaziozko filman parte hartu du) dakartzan elkarrizketa eta ondorio guztiekin. Gainera, goizero entseguak izaten ditut. Dibertigarria izan da eta ez naiz kejatuko. Baina zuk esan duzun bezala Zinemaldiak badauka, batez ere, exijentzia mentala dena prest eta kontrolpean edukitzeko; nire kasuan, bai filmaren promoa egiteko eta bai goizean entseguetan lan handia egiteko.
Lan karga? Presioa? Langile autonomoen egonkortasunik eza? Zein da zure ofizioaren alderik okerrena?
Bi hilabete pasa ditzaket oso lan gutxirekin eta, bat-batean, dena oso tarte laburrean kontzentratzen zaizu. Alde batetik, egoera horiek kudeatzen jakin behar da eta, bestetik, prest egon behar duzu irudi publiko bat izateko eta jende artean ibiltzeko. Hori ere gogorra izan daiteke. Batzuetan ez daukazu zure egunik hoberena eta, hala ere, eszenatokira igotzea edo elkarrizketa baterako telebista batera joatea tokatzen zaizu.
Jaione Camborda donostiarrak irabazi du Urrezko Maskorra O corno lanarekin eta Isabella Eklof suediarraren Kalak-ek Epaimahaiaren Sari Berezia jaso du. Bi emakume dira. Zerbait aldatzen ari da zinemaren munduan?
[Pentsakor] Ikusle bezala eta kanpotik ikusita, bai, esango nuke aldaketa bat egon dela eta gertatzen ari dela. Dudarik gabe. Barrutik ikusita ere, kasting prozesuetan askotariko pertsonaiak egiten ari dira emakumeentzat eta estereotipoak puskatzen ari dira. Gero eta paper gehiago daude adin ezberdinetako emakumeentzat. Zuzendariak aipatu dituzu. Ikusten da hor ere emakume zinegileak espazio handiagoak ari direla okupatzen jaialdietan eta sariak emateko galetan. Era berean, ezin da ahaztu interes bat dagoela fokoa emakumeengan jartzeko, eta horrek ez du, nolabait, distrazkio izan behar. Ondo goaz, baina horrek ez du esan nahi berdintasunetik gertu gaudenik, ez pentsatu ere. Oraindik bidea dago egiteko eta lanean jarraitu behar dugu.
Go!azen telesaila mugarri argia izan zen zure ibilbide profesionalean. Nola gogoratzen duzu?
18 urterekin hasi nintzen Go!azenen eta niretzat eskola bat izan zen. Oso gaztea nintzen. Oraindik gaztea naiz! [barre egiten du]. Antzerki ikastaroak eginda nituen, baina nire lehen esperientzia izan zen aktore profesional moduan. Lanbidea ikasteko aukera bat izan zen: errodaje baten funtzionamendua nolakoa den ezagutu nuen, kameren atzean lan talde oso bat dagoela ere bai… Asko ikasteaz gain, Go!azeni esker gerora lanean jarraitzeko aukera izan dudala sentitzen dut. Ateak ireki dizkit lanbide honetan burua sartzeko.
Oihartzun handia izan zuen eta izaten jarraitzen du telesailak. Nabarituko zenuen horregatik ezaguna zinela.
Egia da egin ditudan lanen artean proiekziorik handiena eduki duena izan dela. 2017, 2018 eta 2019an kalean esaten zidaten: “Zu Go!azenekoa zara, ezta?”. Orain, ordea, iristen ari da momentu bat non jendeak gainontzeko lanekin identifikatzen nauen, aktore bezala. Gero eta gehiago nabari dut hori.
Nire kasuan Altsasu telesailean deskubritu nuen zure lana. Bere garaian polemika eragin zuen. Sektore batzuetatik egin ziren kritikak barrutik ulertu zenituzten?
Oso argi geneukan zer edo zer pasako zela oso gai polemikoa zelako. Grabatzen hasi aurretik kezka baneukan. Baina, azken batean, hori ez da aktoreon ardura. Istorioak kontatzeko kontratatzen gaitzute, hori da gure lana, eta ahalik eta modu arduratsu eta errespetagarrienean egin behar dugu. Kasu honetan, benetako pertsona batzuei buruz ari gara. Gainera, grabatzen ari ginen momentuan Altsasuko auzia aurrera zihoan.
Instagramen 14.000 jarraitzaile dituzu. Sare sozialen morroi gara?
Lanerako erabiltzen ditut gehienbat sare sozialak. Triste samarra da baina badaude hainbat lanbide (zineman, musikan, kazetaritzan) non beharrezkoak diren. Ia behartuta gaude sareak erabiltzera: edo hor zaude, edo ematen du ez zarela existitzen. Nire kasuan, nire irudiari esker bizi naiz, eta lanean nabilen proiektuen promozioa egiteko soilik erabiltzen dut Instagram. Batzuetan nire profila ezabatzeko gogoa sartzen zait, baina ezin dut hori egin. Nire lanerako tresna bihurtu.
Nolakoa da Fernando Bernuésekin lan egitea?
Soinujolearen semea filman lan egin nuen berarekin lehen aldiz, 2019an. Zineman nire lehenengo eta, momentuz, azken pertsonaia izan da. Urte horretan antzerkian lan egiteko deitu zidan eta berarekin egiten dudan bosgarren antzezlana da honakoa.
Bosgarrena?
Bai, bai, Tanttakarekin [Bernués konpainiaren sortzaileetako bat da]. Niretzat familia moduko bat da eta beraiekin oso eroso nago lanean. Nire profesioan gehien gustatzen zaidana antzerki-entsegu prozesua da. Astelehenetik ostiralera egunero biltzen gara espazio berean gure lana burutzeko, eta aktoreentzako baldintzak oso onak izaten dira.
Atxagaren libururen bat aukeratu beharko bazenu?
Egia esango dizut: Soinujolearen semea da Bernardo Atxagari irakurri diodan liburu bakarra. Duela gutxi hasi naiz literatura euskaraz irakurtzen, normalean gaztelaniara jo izan dut. Orain arte nobela gutxi irakurri dut, antzerkiarekin erlazionatutako hainbat alorretan jarri baitut arreta: obrak, teoria, saiakerak… Beraz, bai, hasi beharko dut Bernardoren liburuak irakurtzen. Gainera, Soinujolearen semea asko gustatu zitzaidan, kristoren istorio puska da.
Esnearen kolorekoa antzezlanean Maryren ahizparen azalean jarri zara, Violetenean. Itzalen mundua atzean utziko du protagonistak eta irakurtzen eta idazten ikasteko aukera izango du. Beste mundu bat ezagutuko du.Â
Ikuskizunean bi pertsonaia ezberdinen papera egiten dugu akotre guztiok. Ni Violet naiz, Maryren ahizpa, eta baita Etna ere, bikarioaren etxean lan egiten duen bertako zerbitzaria. Violet eta Mary XIX. mendeko Ingalaterrako landetxe batean bizi dira. Oso familia tradizionala eta klasikoa da eta, imajinatu dezakezun bezala, bi alabek aitaren tratu txarrak jasatzen dituzte, hark semeak eduki nahi zituelako eta ez, alabak. Ameslaria da Mary eta garai hartako estereotipoak apurtu nahi ditu; aldiz, nire pertsonaia, Violet, askoz ere zorrotzagoa da eta oso fededuna, izugarri. Aitak esaten duena bete behar dela dio, beti ari da Jainkoa goresten…
Nolakoa da Violeten jarrera bere ahizparen eraldaketa eta askapen prozesuaren aurrean?
Baserriko eremuan egon ondoren, Mary bikarioaren etxera doan lan egitera. Irakurtzen eta idazten ikasiko du han. Violetek inbidia pasatzen du, bere ahizpak beste bizitza bat ikusteko aukera duelako. Nire pertsonaia bere gurasoen etxean entzerratuta dago, lan eta lan ari da bizitza osoan eta ezin du Maryrena bezalako aukerarik gozatu.
Eleberrian esaten den moduan, zure pertsonaiak ez ditu liburuetako “marra beltzak” inoiz deszifratuko. Letragabea da.
Bai, baina agian nire pertsonaia ez dago hain obsesionatuta irakurtzen ikastearekin. Violeten barnean Jainkoaren nahia baino ez dago: hark aukeratu du bera baserrian geratzea eta listo. Maryk bai, Maryk amesten du irakurtzearekin, bere familiako inork ez baitaki irakurtzen. Badago une bat antzezlanean non esaten den txikitatik irakurtzen erraz ikasten duzunean konturatu gabe egiten duzula. Mary hasieran ohartzen da irakurtzen dakien jendeak berari falta zaion giltza bat duela beste munduetan sartzeko. Liburuetan ikusten duen gauza bakarra, zuk diozun bezala, marra beltzak dira. Uste dut antzezlanak gogoeta eta hausnarketa polita egitera bultzatuko duela ikuslea, irakurtzearen eta idaztearen garrantziaren inguruan.
Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira funtzioak. Lan bikoitza da zuretzat.
Euskal Herriko antzerki konpainia askotan horrela egiten da lan, bi bertsioetan. Alde batetik, aktoreok lan karga handiagoa izaten dugu. Oraintxe bertan bost antzerki obra ditut buruan, testu pila bat da hori! Bestetik, eta hau da alde polita, Euskal Herrian bira handiak egiteko aukera izaten dugu eta, gero, Madrilera edo beste lekuetara mugi gaitezke. Adibidez, Kolonbian aurkeztu dugu gaztelaniaz Semea pixka bat motelago dabil soilik antzezlana. Bi hizkuntzetan egin behar ditugu entseguak, baina hori asko eskertzen da, gure antzezlanak jende gehiagorengana iristeko aukera ematen baitigu.