1981eko otsailean, Joxe Arregi ETAko kidea atxilotu zuen Espainiako Poliziak. Bederatzi egunez bortizki torturatua izan ostean, Carabanchelgo espetxeko erietxean hil zen. Han ziren ETA (pm)-ko, GRAPOko eta PCEko beste preso politiko batzuk ere, eta, gutun batean, kontatu zutenez, Arregik esaldi bakar batekin laburbildu zuen egun horietan sufritutakoa: “Oso latza izan da”. Ordutik hiru egunera, Zizurkilgo hilerrian isilka sartu ziren zenbait lagun: tartean, Juan Kruz Unzurrunzaga eta Bixente Ameztoi. Arregiren hilotza hobitik atera, mahai baten gainean jarri eta argazkiak egin zizkioten, mundu osoari torturaren berri emateko. Gertakari hori abiapuntutzat hartuta, Euskal Herriko politikan berebiziko garrantzia izan zuen garai bati buruzko erretratua ondu du Xabier Mendiguren Elizegik (Beasain, 1964).
Joxe Arregiren torturen kasuaz mintzo zara eleberrian, baina hortaz harago, garai hartako gertakari politikoen eta pertsonaien mosaiko bat osatu duzu. Zaila izan da torturen gaiari heltzea?
Bada, egia esan, idazketa prozesua inoiz baino errazagoa suertatu zait, barruan neramalako gaia kontatzeko nahia, eta oso garbi neukalako nondik nora jon. Gaia latza izanagatik, prozesua bera beste batzuetan baino atseginagoa izan da. Emaitzarekin gustura geratu naiz, gainera, eta hori ere bada zerbait, ez baita beti gertatzen.
Liburu askoren bukaera izanen litzatekeena abiapuntua da zurean: protagonista hilik dela, gorpua hobitik ateratzen dute.
Hasieran, sarrera literario hori dago, liburuaren oinarrian dagoen momentu hunkigarri horretara garamatzana: Joxe Arregiren hilotza hobitik atera eta gorpu ubelduaren argazkiak ateratzen dizkioten unea. Horren ostean, azaltzen dut zer ari naizen egiten: ideia nondik etorri zitzaidan, nola, zer kontatu nahi dudan… Antzerki lan batean bageunde, atrezzoa, dekoratuak eta abar agerian uztea litzateke hori.
Behin baino gehiagotan egiten duzu hori liburuan, gainera: laugarren pareta bota eta irakurleari kontatzea nola lortu duzun informazioa, norekin hitz egin duzun…
Bai, interpelazio zuzenak egiten dizkiot irakurleari, baina ez gehiegitan ere. Ez dut modu kalkulatuan egin, berez atera zitzaidan gauza bat izan zen, eta konturatu nintzenean, erabaki nuen pasarte horiek testuan uztea. Iruditu zitzaidan ez zeudela lekuz kanpo.
Aurretik buruan zenuen Arregiren kasuari buruzko liburu bat idazteko ideia?
Egia esanda, ez. Bai, ordea, 1981eko otsail hartan gertatutakoak kontatzekoa. Alegia, Joxe Arregiren atxiloketa, tortura eta hilketaz gain, Juan Carlos Borboikoa Gernikara joan zenekoa, Jose Maria Ryan Lemoizko ingeniariaren hilketa… Horiek guztiak liburu honetan azaltzen dira, baina badira liburuan aipatu ez ditudan beste gertakari batzuk ere: Tejeroren estatu kolpe saiakera Madrilen, ETA (pm)-k borroka uzteko erabakia… Garai horretan kokatutako istorio bat idazten saiatu izan naiz behin baino gehiagotan, eta inoiz ez naiz erabat gustura geratu, orain arte. Behin, Alsina izeneko nobela bat ere argitaratu nuen, baina erdizka utzi nuen eta egindakoarekin ez nintzen erabat ase. Hortaz, ez dakit “obsesionatu” hitza erabil daitekeen, baina egia da garai horrek interes handia piztu zidala, buelta asko eman nizkiola eta horretaz idatzi nahi nuela.
2009an, Amagoia Gurrutxaga kazetariak erreportaje bat argitaratu zuen auzi horri buruz Berria egunkarian. Hori da liburuaren ernamuina, ezta?
Amagoia Gurrutxagaren erreportaje hartan, Juan Kruz Unzurrunzagak aitortu zuen bera izan zela, Bixente Ameztoirekin batera, Arregiren gorpua Zizurkilgo hilerriko hobitik atera eta argazkiak egin zizkiona. Hala ere, kontakizun horren aurrean, niri burura etorri zitzaidana ez zen izan “honetaz idatzi behar dut”. Iruditzen zitzaidan istorio hori jada kontatuta zegoela, oso ona zela bere horretan eta hobetzerik ez zegoela. Hala ere, gertaerak oso borobilak izateak ez du esan nahi berriz konta ezin daitezkeenik. Berez, aurtengo udaberrian etorri zitzaidan libururako ideia. Beroaldi bat izan zen, eta oso denbora laburrean idatzi nuen liburua goitik behera. Dokumentazio lana egina nuen, aurretik garai horri buruz idatzi nahi izan nuelako, eta hortaz, lan hori aurreratua nuen. Hala ere, orduko protagonista izandakoen bizitzaz informatu behar izan dut propio, elkarrizketen bidez.
Orduko protagonistak hilda daude. Zaila da oroimenari lotutako lan bat egitea, lehen eskuko iturriak galtzen direnean?
Bai. Nire buruari esan nion ezin nintzela egon beste urte pila bat kasu horri buruz zerbait idazteko zain, denbora aurrera doalako, pertsonek hiltzeko joera dutelako, eta nik neuk ere 59 urte ditudalako. Ez naiz idazle gazte bat. Arregiren heriotza kontakizunaren abiapuntua da, baina liburuan protagonismoa duten beste biak, Unzurrunzaga eta Ameztoi, hilik dira jada. Hala ere, libururako eginiko elkarrizketen bidez jakin ahal izan nuen, Unzurrunzagarekin eta Ameztoirekin batera, beste sei pertsona egon zirela egun hartan Zizurkilgo hilerrian. Sei horietako bi ezin izan ditut identifikatu, eta ez dakit inoiz posible izango ote den jakitea nortzuk ziren. Beste hiru elkarrizketatu nituen libururako, eta seigarrena ere hilik da.
Zu oso gaztea zinen 1981eko otsailean. Zer oroitzapen duzun gertakizun horietaz?
16 urte nituen, 17 betetzeko. BBBko 3. maila ikasten ari nintzen, gaur egun Batxilergoko 1. mailaren baliokidea. Adoleszentzia xurgatze aldi bat izan ohi da: orduan entzuten duzun musika barruan sartuta gelditzen zaizu, garai horretan deskubritzen dituzun zinegileak eta pelikulak sendoenak eta onenak iruditzen zaizkizu… Hortaz, 1981eko otsailean gertatutakoek markatu ninduten, normala den bezala. Hala ere, garai hartaz dudan interesa oroitzapen pertsonaletatik harago doa, uste baitut garai hura inportantea izan zela. Urte hartako gertakari-kateak forma eman zien hurrengo hamarkadetako eskema politikoei.
Adibidez?
Nazioartean, Ronald Reagan boterera iritsi zen AEBetan; hori baino lehenxeago, Margaret Thatcherrek irabazi zituen Erresuma Batuko hauteskundeak; eta Vatikanoan, Joan Paulo II.a izendatu zuten aita santu. Hiru gertakari horiek eten egin zuten II. Mundu Gerraz geroztik nabari zitekeen joera aperturista bat: Mendebalde osoan, hegemonia soziala gero eta irekiagoa, liberalagoa eta ezkertiarragoa zen, eta eskuina, berriz, gero eta uzkurrago zegoen, bere ideiez gero eta lotsatuago. 1981 urte inguruan, ordea, hiru estatuburu horiek agintera igota, joera hori gelditu zen. Kontraerasora jo zuen neoliberalismoak, eta norabidea aldarazi. Hori gurera ekarrita, Espainiako trantsizioa kolokan zegoen. Ez zegoen garbi zer bide hartuko zuen, eta une hartan finkatu zen: Tejero saiatu zen estatu kolpea ematen, eta ez zuen lortu. Batzuen arabera, baina, atzetik lortu zuten beren helburuak lortzea, langileen etengabeko aldarrikapenak eta nazioartetik zetozen hotsak geldiarazi zituztelako. Finkatu egin zen eskema bat. Gauzak bere onera ekartzeko, edo bere onetik ez ateratzeko saialdi bat izan zen, eskuinaren aldetik.
Euskal Herrian ere bai?
Euskal Herrian bazegoen lehendik sektore zabal bat Espainiako trantsizioari eta konstituzioari ezetz esan ziona. Sektore horrek bi adar zituen: bat zen gerora Herri Batasuna alderdia sortuko zuena, eta bestea, Euskadiko Ezkerraren inguruan zegoena. Guztiek osatzen zuten ezker abertzalea deitu zaion eremu soziologikoa. 1981eko otsail hartan, ezker abertzalearen sektore batek, Herri Batasunarekin identifika dezakegun horrek, berretsita ikusi zituen bere posizioak: Tejeroren estatu kolpearen eta Joxe Arregiri gertatutakoaren ostean, haientzat argi geratu zen Espainiak ez zuela erremediorik, borroka gogorra izango zela, baina posible zela garaipena. Aldiz, ezker abertzalearen beste aldean, poli-miliek beste gogoeta bat egin zuten: Haiek pentsatu zuten ordurako gauza dezente lortuak zirela: demokrazia burges bat, askatasun formal bat, autonomia erkidego bat EAEn eta beste bat Nafarroan, baita euskararentzako txoko batzuk ere. Eta beldur ziren, lortutako hori ez ote zen arriskuan egongo, estatu kolpearen ostean. Gauzak horrela, onartu egin zuten Espainiako demokraziaren bidea, negoziatu zuten euren presoen itzulera eta kasu horiek itxi egin ziren judizialki. 1981eko otsail hartan gertatutakoek, beraz, eskema batzuk sortu zituzten, eta eskema horiek indarrean izan dira urte luzez.
Liburuan, garai horren argazki panoramikoa eskaini duzu. Horregatik ez dituzu gertakariak fikzionatu nahi izan?
Ez dakit zergatik izan zen zehazki, baina argi izan nuen hasieratik ez nuela fikziorik asmatu nahi. Esan genezake liburua dela kronika literario bat edo fikziorik gabeko eleberri bat. Hor kontatuta daudenak benetako gertakariak dira. Zer dago asmatua? Pertsonaiei eta beren motibazioei buruz egiten ditudan gogoetak, adibidez. Hortaz harago, ez dut eszenarik asmatu, ezta petsonaien arteko elkarrizketarik idatzi ere. Uko egin diet fizkioaren tresnei, baina idazle bezala ez naiz sentitu lotua, hori baitzen idatzi nahi nuena. Beste bide batzuk urratu ditut literatura egiteko. Bnuen zer kontatua eta libre sentitu naiz literatura egiten, fikziorik gabe ere.
Liburuan, Jesukristoren irudiarekin parekatu duzu Joxe Arregiren argazkia, eta azalean, Andrea Mantegnaren Kristo Hila margolana ageri da. Nondik dator paralelismo hori?
Sinbolo erlijioso bat dago horren oinarrian, bai. Liburuan ez dut gehiegi azpimarratu nahi izan, baina niretzat ezin saihestekoa zen. Ezinbestean zetorkidan gogora, idazten ari nintzen bitartean: heriotzatik hiru egunera berpiztutako edo hilobitik ateratako gorpua; pasioa, sufirmendu edo tortura gisara ulertuta… Hasieratik nahi izan nuen azlaean jarri Mategnaren koadro hori, gorpu horrek gogorarazten duelako Arregiri egin zizkioten argazkiak: eta bestetik, ez delako gorpua bakarrik: gorpuaren ondoan pertsona batzuk daude koadroan, eta Arregiren kasuan ere halaxe izan zen. Dena den, ez da liburuan azaltzen den paralelismo bakarra.
Zein da bestea?
Liburuaren amaieran, Che Guevararen heriotzaren argazkia ere azaltzen da. Aurreko batean, irakurle batek Twitter bidez bidali zidan artikulu baten esteka: bertan, John Berger idazle eta Artearen teoriko ingelesak konparatzen zituen Mantegnaren Kristo Hila eta Che Guevararen gorpuaaren argazkia. Bergerrek ez zuen Arregi aipatu, ez zuelako kasua ezagutzen, baina ziur naiz, jakin izan balu, hura ere aintzat hartuko zuela, paralelismoak oso agerikoak direlako.
Gisa honetako liburu batek idazlearen nolabaiteko konpromisoa eskatzen du. Zaila izan al da politikoki biluztea?
Ez da lan kontziente bat izan. Nik ez dut gehiegi ezkutatzen zer pentsatzen dudan, baina ez naiz ari propaganda egiten, eta idazten dudanean, ahalegina egiten dut literatura ez dadin egon ideologia baten menpe. Hala ere, liburu honetan ezinbestekoa zen politika agertzea. Uste dut ez dudala gehiegi egin ideia batzuen alde edo kontra. Protagonisten ideiak zein diren hortxe dago, eta horren konstatazio bat egiten da. Momentuaren argazki bat da.
Torturaren salaketan bai, hor busti zara.
Bai, hor bai, eta ez dut zertan ezkutatu. Batzuetan, gobernuek eta horien aldeko kazetari eta intelektualek kontatzen digute torturak, gertatzekotan, kasu bakanak izan zirela. Salbuespenak. Herri honetan bizi garenok eta gure ingurua ezagutzen dugunok, ordea, badakigu hori gezurra dela. Borroka armatuarekin loturaren bat izatearen akusaziopean atxilotu dituzten guztiak era sistematikoan torturatu dituzte, bortizki eta modu ankerrean, gainera. Eta batzuetan, zerbait gaizki ateratzen zitzaien eta tortura horiek bistan geratzen ziren. Joxe Arregiren kasuan, Gurutze Iantziren kasuan, Zabalzaren kasuan… Hortaz, salbuespena ez zen tortura bera, salbuespena zen tortura horiek azaleratzea.
Estatu politika oso bat baitzegoen horren atzean.
Torturaren arduradunak ez dira soilik tortura praktikatzen duten poliziak, guardia zibilak edo ertzainak. Horien agintari zuzenak, buruzagi gorenak eta atzean dauden gobernuak; torturak posible egin zituzten legeak eta horiek onartu zituzten politikariak eta alderdiak; tortura kasuak disimulatu edo gutxietsi dituzten hedabide eta intelektual guztiak… Denak dira erantzule. Sufrimendu horrek ez dauka atzerakorik, ETAren hilketek ere atzerakorik izan ez zuten bezala. Baina beharrezkoa litzateke Espainiako Estatuak, komunikabideek eta bestelakoek aitortzea hemen sistematikoki torturatu dela. Eta barkamena eskatzea. Noizbait bakea izango badugu, denek onartu beharko dute egindako mina, ez baita bidezkoa hori aldeetako bati bakarrik exijitzea.