Garazi da Goiatz Labandibarren (Oiartzun, 1985) Bekatua (Erein) eleberriko protagonista. 36 urte ditu eta bezperan egin besta batean ezagutu 19 urteko Mattinen ohean iratzartzen da. Mattin ez da bere usaiako bikotekide. Axi da bikotekidea. Biharamun horretan, adarrak jartzearen ondorioez gogoetatzearekin hasten da Garaziren burmuina dantzan. Irakurlea zurrunbilo horretan sartzera gonbidatzen du idazleak eta, bide batez, Garaziren belaunaldiaz baita Mattinenaz ironia goxoz begiratzera. Labandibarrek orain arte bereziki narrazio laburrak ditu idatzi. Idazlearen lehen eleberria da honakoa eta Ramiro Pinilla eleberri laburren saria irabazi du.
Bekatua, kulpa sentsazioarekin jostatzen zarela dirudi liburuan, ezta?
Liburua idazten nuenean ez zuen Bekatua izenburua; Biharamuna zeukan. Editorearen proposamena izan zen izenburua aldatzea. Barruan noizbait aipatzen da bekatua ere esplizituki. Baina egia da bekatua baino gehiago krisi existentzial baten kontaketa dela. Nik hasiera batean kontatu nahi nuena hori zen, ideia zurrunbilo bat. Garazik zalantza asko ditu. Badabil hor, hausnartzen, bere buruaren inguruan, bere bizitzaren inguruan, bere ingurukoen inguruan. Ez bakarrik bere bikotearen edo ohean aldamenean duenaren inguruan; lagunak, familia, gauza askori buruz hausnartzen du. Lo ezinean gaudenean sortzen diren burutazio horiek guztiak. Baina, halere, nolabaiteko loturak badaude gure barruan. Horretarako aitzakia bat bilatu behar nuen. Ez aitzakia dramatikoegi bat, heriotza, adibidez. Uste dut horrek hausnarketen edo zalantza krisi horren tonua asko ilunduko zukeela. Nire intentzioa ez zen liburu ilun bat idaztea. Niretzat garrantzitsua zen tonua zigortzailea ez izatea.
Euskaldunak anitz izan gara edo gara bekatuari begira. Horrekin josatzeko aukera ere eman dizu istorioak agian?
Egia da asko lotzen dugula bekatua erlijioarekin. Nahiz eta askok gero eta lotura gutxiago dugun erlijioarekin, egia da gure gizartean eragina badagoela, eta gure imajinarioan ere bai. Atzetik dator eta ezin dugu ukatu. Aitzakia bila hasi nintzenean, erabaki nuenean adarrak jartzea izango zela Garazi krisi horretara eramango zuena, kontutan hartu nuen adarrak jartzeak badituela konnotazio negatibo batzuk oraindik. Gizarte honetan ez dago ondo ikusita; beste gauza bat da harreman libre bat badagoenean. Eta adin tarte kontu hori ere sartu nuen plus txiki bat eransteko, pixka bat zigortzaileagoa delako, okerrago ikusten delako neska helduago bat hain mutil gazte batekin. Baina horrek ematen zuen aukera Garazi bere belaunaldiari eta aurrekoei begira jartzen den bezala, atzekoei begira ere jartzeko.
Mattin bere txortaldi hoberenetako bat dela dio Garazik. Liburua aitzinatu arau, bekatuaren sentsazio hori txikituz doa.
Bai, nik hasieratik nuen argi ez nuela epai bat nahi. Garazi oso humanoa den pertsona bat dela uste dut. Oso arrunta. Denok ditugu gure kontraesanak. Garazik ere kontraesan handiak ditu eta kontraesan horietan dabil. Uste du edo sentitzen du modu batera jokatu beharko lukeela edo sentitu beharko lukeela, baina ez da hala sentitzen erabat. Hor dabil, bere kontraesanetan igeri, oso modu humanoan, esango nuke. Uste dut irakurlearentzat Garazi ez dela pertsonaia batere gorrotagarria bihurtzen, irakurleak ere ez duela negatiboki epaituko. Bete pertsonaiak ere ez dira desatseginak irakurlearentzat. Bere bikotea den Axi ere ez da mutil gorrotagarri bat.
Ez, ez. Mutil arrunt bat da.
Horrelako pertsonaiak sortu ditut edozein identifikatua sentitu ahal izateko. Edozein izan daiteke Garazi eta Axi. Garazik ez du hau egin Axi gorroto duelako. Oso bereziak balira, irakurleak urrutiago sentituko lituzke.
Belaunaldi baten erretratua ere badira. Zure belaunaldia dena, ezta?
Akaso belaunaldi oso baten erretratua edo ahotsa dela esatea gehiegitxo da. Esango nuke badela nire belaunaldiari begirada bat. 30, 40 edo 40 eta gutxi urte tarte horretan daudenek oso hurbiletik bizitu dituzten egoera asko islatzen ditu. Batez ere adin tarte horretako emakumeek bizi izan dituztenak. Askotan jasotzen dituzten galdera, presio eta abarren inguruan hitz egiten du. Uste dut oso unibertsala dela adin tarte horretan dauden emakumeentzat.
Gauza arruntenetik muturreko egoera batzuetara ere bazoaz. Adibidez, 43 urteko ama bat speed-a eskatzen lehengusuen afari batetik landa eta gero, gainera, fitxak sartzen… Baina hor ere ez da epairik. Garazik dio urrea emango lukeela ama diren bere lagun batzuk hori egiten ikusten balitu. Tristeago da amatasunak preso sartzen dituen lagunei begira, ezta?
Bera da lagun taldean ama ez den bakarra eta, gainera, zalantza asko ditu oraindik. Badaki erabaki behar duela zerbait, adina dela eta. Urte batzuk lehenago abortatu izana ere aipatzen du. Azkenean, bere egoera pertsonaletik beste guztiei begira dago. Onartuz berak ere bere egoera pertsonalarekin ez dakiela zer egin, badituela bere hutsuneak.
Entzun izan dizut –beste liburu batez mintzo zinela– ez zenuela anitz deskribapen egiten. Hemen ere hala dela erran daiteke.
Egia da ez naizela deskribapen gehiegi egiten dituen pertsona bat. Batez ere, ez ditut deskribapen fisiko asko egiten. Deskribatzen dut, adibidez, pisua, edo logela, niretzat garrantzitsua delako irakurleak hori jakitea; gainerako guztia berari uzten diot imajinatzen. Seguruenik jende askok jarri dio Garaziri aurpegi bat. Neurri handi batean horregatik baztertzen dut deskribapen fisikoa, irakurleari bere pertsonaiak sortzen uzteko. Nire idazketan gehiago inporta izaten zait barne mundua edo nola funtzionatzen dugun gure harreman edo barruko gauzetan, eta ez hainbeste kanpoko kontu horietan.
Mattinek 19 urte ditu eta Garazik 36. Mattinen belaunaldiaz hitz egiteko aukera ematen dio horrek Garaziri, bi belaunaldien arteko arrakalez.Â
Mattin bada aitzakia bat Garaziren ondorengo belaunaldiari begira jartzeko. Eta horretarako erabiltzen du Mattin atzakia bezala, alegia, nolakoa izango den jakiteko. Izan ere, ez daki ezer hari buruz. Dakien bakarra da bere ohean esnatu dela. Dena da bere imajinazioa: “Halakoa balitz damutuko nintzateke” batzuk erabiltzen ditu hor. Baina ez dakienez, ez da damutzen. Garazi bere aurreko belaunaldiari begira ere jartzen da. Ama eta amona aipatzen ditu; batez ere, haiek Garaziren belaunaldia nola ikusten duten. Mattin, continuum horretan da. Garazi ez da inor bere aurrekoak gabe eta Garazik atzekoak ere behar ditu. Hiruzpalau pertsonaia dira eta beraien munduko txiki horretatik gaur egungo gizarte honi begiratzeko aitzakia edo tresna ere badira.
Liburuan ironia anitz agertzen da.
Bai, esango nuke ironia asko duen liburua dela, edo umorea. Niri ere gustatzen zait irakurtzen ari naizenean irribarren erdi-gaixto horiek sortzen dituzten esaldi eta narrazioak aurkitzea. Ez naiz “hau da ona eta beste hau da txarra” edo antzeko epai irmoen zale, horrelako literaturaren zale. Ironia, egia esan, tresna paregabea da gehiegi busti gabe edo jendea idazlearekin gehiegi haserretu gabe gauzak esan ahal izateko.
Hirugarren pertsonan idatzia da nahiz eta barne bakarrizketa bat izan.
Nik ere zalantzan nituen hasiera batean, bai. Baina konturatu nintzen lehenengo pertsonan kontatuta askoz pisutsuagoa edo ilunagoa zela; askoz zigortzaileagoa zela Garazi bere buruarekin. Nik eman nahi nion tonurako askoz aproposagoa zen hirugarrenean kontatzea.
Pertsonaiak marrazteko unean ere umorea ez da eskas. Garazik Hendaian bizitzeko gogoa luke, baldintza berezi bat betetzen balitz.
Hendaiara joango litzateke bizitzera han armak edukitzea legala balitz [irriak]. Batzuetan idazten jartzen zarenean, bihurtu behar duzu zure pertsonaia ere. Enpatia ariketa bat egin. Ariketa hori egiten nuen. Zer pentsatuko luke Garazik? Nola jokatuko luke? Eta batzuetan, bada, bai, pixka bat esajeratua. Baina esajerazio horiek ere uste dut barre egiteko trikimailu bezala funtzionatzen dutela.
Pertsonaia osatzeko balio dute.
Bai, pixka bat ezagutzen duzu nolakoa den. Bere erpin ezberdinak.
Forma aldetik, istorio zirkularra dela erran daiteke. Sartzen gara Garaziren buruan eta joan gaitezke biziki urrun, baina erregularki, berriz ere heldu gara ohe horretara eta une horretara, Mattin bizkar hori duela ondoan. Pentsa daiteke gogoetak ordu anitz irauten duela baina, azkenean, ez da hain luzea ere; beti hor da Mattin lo. Zuk nola pentsatu duzu hori?
Nik kontatu nahi nuen ideia zurrunbilo horrek askatasun handia ematen zidan ia edozer gairi buruz idazteko. Abantaila zen, baina desabantaila ere bai. Hori izan da niretzat zailena: inkoherentzia horri guztiari, beraien artean harremanik ez duten ideia horiei nola eman lotura bat. Nolabait harilkatu behar nituen, bestela ez zen nobela bat izango. Tarteka irakurleari gogorarazi behar nion: hemen gaude, gela honetan, memento honetan eta egoera honetan. Hori izan da dena elkar lotzeko erabili dudan estrategia. Eszena bakarra da, azken finean.
Errazki sartzen ahal dan istorioan. Aski laster irakur daiteke. Hori ere helburua zen?
Bai, behintzat, astuna ez izatea. Hori bada beti helburuetako bat. Irakurleak gozatzea nahi dut. Entzutea erraz sartu dela istorioan eta erraz irakurri duela, irakurterraza dela zentzu horretan. Niretzat zerbait positiboa da hori. Egia da jende askok esan didala arratsalde batean irakurtzeko modukoa dela. Baina luzera baino, garrantzitsuagoa da erritmoa edo istorioa. Harrapatu behar zaitu arratsalde bat behintzat eskaini nahi izateko. Niretzat bada helburua, eta poza ere bai, entzutea jendeak erraz irakurri duela, eta gustura. Sartu dela Garaziren zurrunbilo horretan. Horrek ez du esan nahi, ordea, niretzat halakoa izan denik idazketa. Liburu honek prozesu luzea izan du. Oso poliki idatzi dudan liburua da.
Liburuan memento batez aipatzen duzu Erasmus beka. Emazte idazleen Erasmus belaunaldiaren erreferentzia etor daiteke burura. Duela dozena bat urte agertu zen polemika. Idazle hasiberri batzuk gainbegiratuago sentitu ziren emazteak zirelako. Batzuk Orgasmus ipuin bilduma plazaratu zuten umorez erantzuteko-edo. Zu pixka bat berantago hasi zinen idazten. Baina jasan izan duzu haiek salatzen zutena? Sexismoa? Ala bidea egina da? Edo egiten ari?
Ez dakit. Nik ez dut sentitu, pertsonalki, zuzenean, horrelako gauza bat. Gero, egia da, pentsatzen jartzen zarenean, oraindik badaudela adierazle batzuk. Askotan esaten da emakume idazleen boom bat badagoela. Baina datuei begira jartzen bagara, agertzen dena da oraindik publikatzen denaren herena ere ez dela emakume idazleena. Sariak ere hortxe daude. Lehen baino gehiago bagara, pixkanaka-pixkanaka, baina ez dut uste oraindik normalizazio hori erreala denik. Badago zerbait kuriosoa. Urruzuno lehiaketan epaimahaikide izan naiz zenbait urtez, nik bere garaia irabazi nuela eta. Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen lehiaketa da, 15 eta 18 urte bitarteko ikasleentzat. Bada, sariketan parte hartzen duten idazleen % 90 neskak dira. Nabarmena da gaztetxotan neskek idazten dutela, baina gero bidean asko galtzen dira; edo, behintzat, ez dute argitaratzeko urratsa ematen. 16-17 urterekin literaturazale eta sortzaile diren neska horiek zergatik ez dute idazten jarraitzen 30 urterekin? Horiek datuak dira; beste guztia, sentsazioak. Badut sentsazioa, adibidez, amatasunaren inguruan idazten denetan badirudiela emakumezko irakurleentzat ari garela.
Leporatu izan dizute?
Ez da leporatze bat. Baina, adibidez, Amez idatzi nuenean ez nintzen ama, eta jendeari hori harrigarria iruditzen zitzaion. “Ez baldin bazara ama zergatik idatzi duzu amei buruz?”. Eta zergatik ez? Ez dut Bigarren Mundu Gerrako soldadu izan beharrik Bigarren Mundu Gerrari buruz idatzi nahi izateko. Amak baino unibertsalagorik ez dago. Ez da emakumezko sortzaile edo irakurleentzako gai bat. Erabat unibertsala da. Mundu guztiak du ama bat. Onartua edo ez onartua. Baina oraindik badago “emakumezkoen gaiak dira, badakizu…” hori. Besteak dira gai unibertsalak. Pixkanaka ari da aldatzen, irakurle batzuk irekiagoak dira edo prest daude. Baina halere kuriosoa da aitatasunari buruz zein gutxi idatzi duten euskal idazle gizonek. Aitaren etxea dugu baina Karmele Jaiok idatzi zuen, emakumezko batek kasu horretan ere.
Hor protagonista emazte bat da. Emazteentzat protagonista izan dadin emaztea edo gizona, berdin dio; baina alderantzizkoa ez dela beti berdin dirudi. Mutikoek irakurtzen ote dute zure liburua? Zer diozu?
Ez dakit. Egia da nik oso argi neukala protagonista emakumezkoa izanen zela. Emakume baten begiradatik begiratu nahi nion ideia zurrunbilo horri. Baina aukera hori egitean ez du irakurlerik baztertzen. Niretzat denak dira irakurle potentzial. Buruan dudanak ez du generorik, ez sexurik. Espero dut gizonezko irakurleek ere hau gustuz hartzea.
Garazi gizon bat izan balitz, 36 urtekoa, eta 19 urteko Mattin neska gazte bat izan balitz ez zukeen perspektiba bera izanen istorioak.Â
Ez zatekeen berdina izango. Ikusiegia dago. Eta hori ez da hain epaitua, gainera.