Joseba Larratxe: “Nire obsesioa da liburu osoa sintonia berean joatea, barruan ez dagoen ezer azalean ez saltzea”

0

Joseba Larratxe Berazadi (Irun, 1985), Josevisky gisa egin zen ezaguna ilustrazioaren munduan. Azken urteetan albo batera utzi du txikitatik jarri zioten ezizena eta bere izen-abizenak erabili ditu hainbat lanetan. Denborarekin, aldatu baino gehiago, heldu egin da. Eskuak bizarrera eraman eta iletxo zuri batzuk ageri zaizkio, baina ez da hori bakarrik. Hainbat urtetako ibilbidearen ondoren, errekonozimendua iritsi zaio Joseba Larratxeri. Instituzioetatik hasi eta kaleraino, herriraino. Gure artean (Argia eta Gaztezulo aldizkariak, H28 aldizkari satirikoa) aspaldi ezagutzera eman zen enegarren obra da Ni ez naiz Mikel Laboa (Mikel Laboa Katedra, Elkar) komikia. Ilustrazioko Euskadi Saria eman diote Larratxeri liburua osatzeko marrazkiengatik. Epaimahaiak honakoa azpimarratu du Larratxeren lanaz: “Proposamen fresko eta oroigarria da, erreferentzia eta sinbolismo kultural asko jasotzen dituen obra konplexua, baina, gainera, irakurketa arina ahalbidetzen du. Mikel Laboaren musikaren erritmoa eta ikusizko interpretazioa nabarmentzen dira, baita askotariko ikuspegiak ere, hainbat irakurketa geruzarekin”.

Marrazkilari irundarra ez dabakarrik egon: Unai Iturriagak eta Harkaitz Canok lagundu diote eta elkarrekin ondu dute liburua. Donostiako abeslari eta musikagilearen alderdirik libreena arakatu dute, ezohiko biografia baten bila. Eta oihartzun handia izan du esperimentuak. Euskadi Saria jasotzeaz gain, Ni ez naiz Mikel Laboa gaztelaniaz eta katalanez ere irakur daiteke, eta Donostiako Literaktum jaialdiak komikian oinarritutako erakusketa jaso du Okendo Kultur Etxean azaroaren 15etik urtarrilaren 27ra arte.

Udaran Donostiako Marruma tabernan izan zinen Ni ez naiz Mikel Laboa komikiaz solasean. Atentzioa eman dit zure esaldi batek: “Ezin dugu azalarekin saldu barruan ez dagoen ezer”. Hipokresiaz jokatzen duten azalak daude, ala?
Milaka, bereziki komikigintzan, eta horrek izugarri ernegatzen nau. Hori asko egiten dute estatubatuarrek superheroien komikiekin; barruko orrialdeak marrazkilari batek egiten ditu eta beste pertsona bati enkargatzen diote azala. Hala, komikiaren azalak zure arreta erakartzen du (“bua, zer marrazki puska!”) eta gero, irekitzen duzu eta barrukoa kaka zaharra da. Eta horrek kristoren amorrua ematen dit. Horregatik, nire obsesioa da liburu osoa sintonia berean joatea; esango nukeen bezala, barruan ez dagoen ezer ez saltzea.

Komiki honekin ere esan duzu zintzoa izan nahi zenuela zure irudiekin. Mikel Laboa bezalako ikur erraldoi batek errespetua ematen du edo kanpotik ikusteko moduan egon zara?
Dudarik gabe, errespetua ematen du eta ni ez nago inolaz ere kanpoan. Kontuan izan behar duzu ni izan naizela, eta banaizela orain ere, Mikel Laboaren jarraitzaile izugarri fidela. Nire bizitzako heziketa sentimentalaren parte funtsezkoa izan da. Esango nuke Unairen kasuan, adibidez, errespetua baino gehiago zama edo beldurra zuela. Laboa euskaldunentzat zer den kontuan izanda ezin genuelako kakaztu, gauza asko esplikatu behar genituelako, lan potoloa delako hau… Eta nik hori dena garbi izanda ere, horren aurrean kikildu ordez adoeratu egin ninduen ahalik eta komikirik hoberena egiten saiatzeko. Agian inkonsziente bat naiz, baina argi neukan egiten ari ginena komiki bat zela eta, tamalez Euskal Herrian komikiek sona handirik ez dutela. Nire barne-bakarrizketan esaten nion neure buruari: ondo ateratzen baldin bada jendea poztuko da eta gaizki ateratzen bada ez da inor enteratuko [barreak]. Horrek nerbioak lasaitzen zizkidan.

Zorionez, dena oso ondo atera da.
Ondo atera da gu gustura geratu garelako eta jendeari gustatu zaiolako. Horregatik izan da aberasgarria. Baina edozein proiekturekin sentitzen dudan ardurarik handiena ez da izaten jendeari zer irudituko zaion, bukatzeko gai izango ote naizen baizik. Horrelako lan bat egiteak ordu asko eskatzen ditu. Zehazki, komiki honekin 2200 orduz aritu naiz lanetan hiru urtetan zehar.

Ufa!
Bai. Oso ondo antolatu behar zara. Maratoi handi bat egitea bezalakoa da komiki bat egitea. Bukatzen ari naizenean nire osasunak sumatzen du: gripeak harrapatzen ditut, kafea utzi behar izaten dut takikardiekin hasten naizelako, azala lehortu egiten zait eta psoriasi txikiak ateratzen zaizkit… Benetan ari naiz. Horregatik, eta beti lortzen badut ere, nire ardurarik handiena komikia ondo bukatzea da. Lan handi batean sartzerakoan ikasi dudana da oso maiteminduta egon behar duzula proiektuarekin; bestela, ez du merezi. Munduan ez dago behar adina diru horrelako sakrifizioa eta esfortzua ordaintzeko.

Unai Iturriagarekin eta Harkaitz Canorekin Lekeition bildu zinen komikiari heltzeko. Gogoan duzu zertaz hitz egin zenuten hirurok?
Hasteko, elkar ezagutzea zen helburua, eta nola lan egingo genuen erabakitzea. Aurretik pare bat aldiz egona nintzen haiekin baina, figura publikoak izateaz gain, ez nituen asko ezagutzen. Hasiera bat izan zen, bakoitzarentzat Mikel Laboa nor izan zen zehaztea ere bai. Ideia zaparrada bat egin genuen eta arbelean itsatsi genituen hainbat paper zati: kontzeptuak, datak, pertsonaiak, izenak.. Nahaste-borrastea izan zitekeen baina bi pultsio ikusten ziren hasiera hartan: bata, fantasiazkoagoa zena eta Harkaitzek ekarpen gehiago egin ziezazkiokeela zirudiena; bestea, akademikoagoa edo datuekin erlazioa zuena, zeinetara Unaik gehiago jotzen zuen. Egonaldian blokeo egoera bat izan genuen zein bide hartu behar genuen erabakitzeko. Hiruron artean hitz egin ondoren atera genuen ondorioa izan zen jada existitzen zirela Marisol Bastidak, Mikel Laboaren alargunak idatzitako memoriak. Ez zeukan zentzurik hori berriro komiki bihurtzeak. Beste zerbait egitea erabaki genuen.
Harkaitzek lehenengo kapitulua idatziko zuela adostu genuen, eta Unai eta bioi bidali zigunean zur eta lur gelditu ginen: western bat zen. Orduan ulertu genuen liburuaren norabidea gidatuko zuela: izugarri librea, oso onirikoa eta fantasiazkoa. Unaik esaten du iparrorratz bat behar genuela komikia egiteko, eta Harkaitzek iparrorratz hori hartu, lurrera bota eta zapaldu egin zuela. Beraz, edozein norabide zen posible eta oso komiki askea izango zen.

Laboa agortezina da, hain zuzen ere, haren izpiritu askearengatik?
Suposatzen dut baietz. Polita da ikustea nolakoa izan zen Mikel Laboaren ibilbidearen bilakaera. Hasieran ezaguna zen kantu herrikoien berreskuratzaile bezala eta, urteak pasatu ahala, gero eta gehiago sumatzen da mundu propio bat sortu nahi zuela Lekeitioekin, ezer esan gabe hitz egitearen jolas horiekin… Edozer gauza egiteko espazio bat sortu zuen, oso askea. Ate bat ireki zuen euskal kulturan eta ate horretatik belaunaldi askok pasa nahi dute; ez da erraza, ordea, bere bidea jarraitzea. Laboari ondo ateratzen zitzaizkion esperimentazioak ez zaizkio mundu guztiari ondo ateratzen. Eta beste gauza bat esango dut, agian ergelkeria bat dirudiena: bere ahotsa klabea da.

Oso ahots leuna da.
Bai, baina badauka zerbait ernegagarria. Oso ahots altua da. Ruper Ordorikak esaten du zilarrezko ahotsa dela, eta hori da Mikel Laboaren obra guztia hain erakargarri egiten duen gakoetariko bat. Bere tinbreak taladratu egiten zait pixka bat eta, era berean, bere lanetara erakarri du jendea. Ez da batere polita edo akademikoa, baina blues eta jazz kantari batzuekin gertatzen den bezala, ez dakizu oso ondo zergatik baina asko gustatzen zaizu. Horregatik ere zaila da bere kanten bertsio oso antzekoak egitea. Erregistroz aldatu behar da erabat. Mikel Laboa bezala kantatzen hasten bazara, nire ustez oso zaila da ondo geratzea. Normalean, Laboaren musika beste norabait eraman behar duzu.

Katalanera itzuli dute komikia eta lau egunetako bira egin zenuten Bartzelonan, Terrasan eta Vic-en Jo no soc Mikel Laboa aurkezten. Nola ikusten dute Laboa katalanek? Herrialde horretan jarraitzaile asko du Donostiako musikariaren lanak?
Hasteko, katalan erabat euskofiloekin egon ginen. Fenomeno hori asko gertatzen da Katalunian, bereziki leku abertzaleetan. Normalean euskaldunzaleak diren katalanek Mikel Laboa ezagutzen dute; Txoriak txori eta euskal kulturako beste lau erreferente, horien artean Fermin Muguruza. Haietako zenbatek ezagutzen due Laboaren historia eta bere erlazioa Nova Canço mugimenduarekin? Gutxiago izango direla suposatzen dut. Polen argitaletxeak euskal komikigintzaren aldeko oso apustu polita egin du eta azken urteetan hainbat lan itzuli dituzte katalanera: Adur Larrea eta Harkaitz Canoren komiki pare bat, Asisko Urmenetaren beste batzuk… Badirudi harreman bat sortzen ari direla euskal komikigintzaren eta Kataluniaren artean.

Ni ez naiz Mikel Laboa komikia oinarri hartuta Donostian prestatu duten erakusketaren prentsaurrekoan izan zinen egun berean jaso zenuen Ilustrazioko Euskadi Saria. Zure bizitzako egunik onena?
Profesionalki, bai. Nire bizitza nire profesioa baino gehiago dela pentsatu nahi dut [barreak]. Ez, benetan. Egun bikaina izan zen, oso mugitua eta baita nekagarria ere. Ez dut uste, profesionalki behintzat, berriz halako egun garrantzitsurik izango dudanik. Dena egun berean izan zen. Erakusketaren inaugurazioa arratsaldean izan zen eta ez nuen joaterik izan Euskadi Sariak banatzeko ekitaldiaren une berean zelako.

Euskadi Sariak zer ekarri dizu? Lan gehiago?
Oraindik ez zait lan gehiago sartu; aurrera begira, pentsatzen dut baietz. Euskadi Sariak prestigioa ematen dizu eta ezagunago egiten zaitu publiko orokorrarentzat eta autonomo batentzat, lanbidea edozein delarik ere, hori beti da ona. Guk enkarguak behar ditugu, katxea igotzea ere ez litzateke gaizki egongo… Beste marrazkilari bati entzun diot aho biko labana izan daitekeela Euskadi Saria irabaztea; alegia, herrigintzan lan egiten duten eragileentzat lan egiten baduzu pentsa dezakete beste liga batean zaudela eta, agian, ez dute zurekin gehiago kontatuko. Ez nuke nahi hori gertatzerik. Ez dugu ahaztu behar ekonomikoki ondo hornitutako saria dela: 18.000 euro dira eta diru horrekin ia urtebetez bizi naiteke. Beraz, gutxienez datorren urtean lasaiago bizitzeko ez dator batere gaizki.

Iker Ayestaran ilustratzailea oso laboazalea da eta Gaberako aterbea kantaren harira kamiseta bat diseinatu zuen. Laboaren kanta bat aukeratu beharko bazenu, zein izango litzateke?
Dudarik gabe, Sorterriko Koblak. Nire aitak esaten du sekula egin den euskal kantarik hoberena dela, eta agian horrek neurri batean baldintzatu izan nau. Baina Laboaren abestien artean nire gogokoena da; galdetzen didatenean, behintzat, beti hori aukeratzen dut. Egia da izugarri gustatzen zaizkidala Martxa baten lehen notak, Gaberako aterbea, Aintzinako bihotzSorterriko Koblak alaia da eta jendeak ez dauka hain presente Laboaren alde hori, edo ahatzu egiten zaio. Komikian hori indartzen saiatu gara eta beharbada horregatik amaitzen da Sorterriko Koblak abestiarekin.

 

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments