Pospolo bat. Hori da literatura despoetizatu dugun mundu honetan Patxi Zubizarreta (Ordizia, 1964) idazlearentzat. Argi ñimiño horren apaltasunaren atzetik 35 urte inguru daramatza liburuak idazten eta itzultzen. Funanbulista lan horretan hainbat sari irabazi du; azkenak, XXII. Zubikarai Saria Loak ezkutatzen duena eleberriarengatik (Elkar, 2023) eta XL. Lizardi Saria, Euskadi Saria eta Espainiako Haur eta Gazte Literatura Saria Zerria liburuarengatik (Erein, 2022). Azken sari horretako epaimahaiaren ustez, Zubizarretak “zaurian edertasuna aurkitzea lortzen du, gazteentzako literatura harribitxi bilakatuz”.
Gazteentzako zein helduentzako literatura idazten duzu, eta itzulpengintzan ere aritua zara. Zerk betetzen zaitu gehiago?
Sorkuntzak betetzen nau itzulpenak baino gehiago, baina eskuartean ezer ez daukadanean itzulpenak laguntzen dit hizkuntzaren motorra bero eusten. Nolabait ere, lan bat badatorkit lehendik egon delako nire baitan ernatzen, eta itzulpen bat baldin badaukat, errazago sartzen naiz. Aldiz, bolada luze bat pasatu badut irakurtzen bakarrik, orduan gehiago kostatzen zait hastea. Gero, generoetan eta adinetan ez dut desberdintasunik egiten. Esango nuke exijentzia maila berbera jartzen saiatzen naizela. Dena den, egia da haur literaturak baduela alde laburtasuna: nobela bat diatzi edo haurrentzako ipuin bat idatzi, bada, aldea dago. Horretan da esker onekoagoa, eta baita marrazkilariak hurbil ditudan aldetik ere; baina, esan bezala, ez dut egiten ezberdintasun handiegirik.
Espainiako Sari Nazionala irabazi duzu 2023. urtean. Espero zenuen?
Espainiako Sari Nazionalean finalista izana nintzen lehenago ere, beraz, oraingo honetan ez nuen esperantza handiegirik; nolabait esateko, jada eskarmentatuta nengoen. Hortaz, ilusioa egin dit epaimahaiak liburua aukeratu izanak, eta liburuari dedikatu dizkioten hitzak ere mesedegarri gertatu zaizkit. Itzulpena Porcus izenarekin bideratu dugu, datorren udaberrian aterako da Edelvives argitaletxean. Beraz, sariak beste plaza batzuetara eramango nauela uste dut. Gainera, beste proposamen batzuk ere egiten hasi zaizkit. Gurea tamaina txikia da eta tarteka aberasgarria da ateratzea, sariarekin edo saririk gabe. Trieste inguru horretan egon berria naiz, friulera hizkuntza egiten den Italia iparralde horretan. Sakonean itsasoa ikusten da liburua aurkeztera joan nintzen eta hori ere benetan sari handi bat izan zen, gurekiko zer nolako interesa duten ikustea. Sari hau jaso baino lehen, Zerriarekin bi saio egin ditut bere bizitza propioan. Legazpin egin nituen biak, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan irakasleek elkar hartuta landu zutelako liburua. Baina gero hor geratuko zen ahaztuta, esango nuke irakurle finen batek irakurriko zuela. Sariak, ordea, eman dio ikusgarritasun hori, eta alde horretatik ere inportantea da niretzat. Nik uste, oro har, sariek erreskatatu egiten dutela dagoeneko ahaztuta dagoen liburu bat.
Idazten hasi zinenetik beti lortu duzu literaturatik bizitzea?
Hori oso inportantea da. Nazionalera edo Euskadi Sarietara norbera ez da aurkezten eta ni ere ez nintzen aurkeztu. Baina, eta hau da niretzat penagarriena izan dena nire ibilbidean, prekarioa izateaz gain, nire adinarekin eta 35 bat urte literaturara dedikatuta, oraindik ere beketara, dirulaguntzetara edo lehiaketetara aurkeztea beharrezkoa da. Baina horixe da daukagun egoera, eta gure ilusioa hain da handia, ezer normalean hori gorabehera berdin jarraitzen baitugu pasiotik eta zaletasunetik idazten. Batzuetan ulertzen ditut literatur lehiaketekiko errezeloak, baina uste dut gurean, kritikak kritika eta hobekuntzak hobekuntza, badagoela dotoreziarik eta garbitasunik. Kontua da artea bera zaila dela neurtzen, eta hor dago koska.
Nola mantentzen eta elikatzen duzu ilusio hori?
Ez da erraza. Nire tresnarik inportanteena bizitza da, eguneroko bizitza eta begirada. Egunkariek ekartzen dizkiguten gertakariak egunekoak dira gehienbat, eta literaturak bilatzen ditu gauarenak, sekretuenak, obsesioenak, axola zaizkigun gauzenak. Orduan, alde batetik begirada dago eta, beste alde batetik, esango nuke egarri moduko bat, jakin gosea, batez ere nik irakurketan gauzatzen dudana, irakurketan eta azpimarraketan, hroixe delako nire lana. Gero koadernoak betetzen ditut, nire hiztegi propioak, eta abar. Baina egia da batzuetan egoerarengatik ere ez dela erraza aurrera egitea. Beharbada zure bizitzako bi urte eskaini dizkiozu nobela bat eta gero… Nik Joan nobela, adibidez, Txalaparta argitaletxeak argitaratu zuena, izugarri maite dut. Beste asko ere bai, denak maite baititu gutxi gorabehera seme-alabak maite diren bezala. Baina espektatiba ezberdinak nituen harekiko, eta ez ziren gauzatu
Zu argitaratzen hasi zinenetik gizartea asko aldatu da.
Pertsonak, nire gaztaroan eta gaur egun, berdintsuak gara: berdin jaiotzen gara, berdin hiltzen gara, berdin maitemintzen gara, desmaitemintzen gara, baina formak aldatu dira. Lehen gutun bat idazten genion maite genuenari eta gaur egun whatsapp motz batekin apurtzen da harremana. Beraz, hor egokitu behar dugu. Gainera, esango nuke lehen gure hizkuntza maila nolabait jasoagoa zela. Gaur egun irakurleen batez bestekko maila apalagoa da. Beraz, hor ere kokatu behar dugu, emozio berberak transmititu behar ditugu, baina beste hizkuntza telegrafikoago batean. Halako zerbait sentitzen dut. Horrez gain, nik uste prestigioa ere aldatu dela. Lehen, esate baterako, politikariek inguruan nahi zituzten idazleak eta intelektualak; gaur egun, oro har, nahiago dituzten urrun samar. Beraz, alde batetik prestigioa galdu da. Lehen beharbada puztuegi zegoen eta apaltasun lezio bat behar genuen: literatura beste arteetako bat da, eta arterik gabe ere bizi daiteke, nahiz eta gure sinestea den arteak edertu egiten duela bizitza, eramangarriago egiten digula. Literaturak ez digu ezer konpontzen, baina metafora bat eskaintzen digu mundu hiperinformatizatu honetan. Zer daukagun esan digu eta, era berean, despoetizatu dugun mundu honetan argi txiki bat, pospolo bat pizten digu, ez askoz gehiago. Ez du zerikusirik Sadarrekin edo Reale Arenarekin edo Mendizorrotzarekin, beste zerbait da, eta pospolo hori hor dago. Nik uste horri begiartu behar diogula, horren berotasun apal eta ñimiñoari.
Zure ustez, gure aitona-amonena baino despoetizatuagoa dagoen mundu batean bizi gara?
Nik uste dut baietz. Gainera, gaur egun gizartea erabat infantilizatuta dago, eta hala nahi dute, gizarte lokartu bat. Uste dut hitzak baduela amets egiteko dohaina, baina baita esna mantentzekoa ere, alegia, begi kritikoekin ikus dezagun. Nik uste zentzu horretan izugarri estimattzen genuela gure arbasoen dotorezia eta haien hizkuntza eta alaitasuna, nahiz eta analfabetoak izan askotan; baina, oro har, oso jarrera duinak topatu zizan ditut. Ni haien aldean bitxi plastikozkoa sentitzen naiz, oso ahula. Haiek gu bezain ahulak ziren, baina ausartak, kementsuagoak. Guk gauza asko ditugu eta ez gara konturatzen, ez ditugu preziatzen, eta haiek oso gutxi zutelako beharbada preziatzen zuten. Haien mundua, memoria eta haien hizkuntza, gauzak adierazteko zuten modua, kantu zaharrak, bertso zaharrak, ipuin zaharrak, hori miresgarria zait niri. Zorte handia izan dut, esate baterako, Joxe Arratibel edo Joxe Migel Barandiaran ezagutu baititut.
Nola hasi zinen idazten?
Nire lehen nobela ez dut aipatu ere egingo, oso txarra izan zen, gazteegia nintzelako. baina horri esker ere bazara idazle, gaizki idaztearen poderioz hasten gara ustez ondo samar idazten. Sekula ez dago segurtasunik. Joan Mari Irigoien gabe ni ez nintzen idazle izango, seguruenik. Maite nuen idaztea, maite nuen irakurtzea, baina hura ezagutu izanak lagundu zidan apaltasun horretatik bide horretan sartzen. Eta, gainera, egiatik. Gizon eskuzabala zen eta gogoan dut nola esaten zidan: “Ipuintxo hauek hobeto mesanotxeko kaxoian gordetzea, oraindik ere ez dutelako mailarik”. Nik uste hori ere inportantea dela.
60 urte betetzear zaude. Nola ikusten duzu zure burua?
50 urte bete nituenean nobela bat idatzi nuen, omenaldi moduko bat, inguruan ditudan idazle, sortzaile, marrazkilari, pintore eta musikari guztiei eskainia. Orain ikusten dut lasaiago nabilela alde batetik, ez dudala presarik idazteko, nahiz eta batzuetan lehiaketek behartu egiten nauten. Baina horiek nire kontraesanak dira. Ilusioa mantentzeko garaian aipatu dizudanean bizitzaren poesiari erreparatzearen garrantzia eta nolabait ere polikiago bizitzeko aldarria, zentzu horretan gizaki guztion larrialdia sentitzen dut 60 urte betetzear nagoenean. Gainera, haur literatura idazten dudanean hurbil sentitzen dut orduko haurra eta familiaren etxera joaten naizenean piztu egiten zaizkit txikitako oroitzapenak. Heriotza ere hurbil izan dut azken urteotan.
Egindako bidearekin pozik zaude?
Bai. Familiak nolabait esaten zidan hori, hau da, lanpostua bilatzeko, soldata finko bat izateko… Gaur egun, egindako bidez pixka bat konbentzituta ikusten ditut, eta ez da gutxi. Momentu batzuetan, krisi ekonomikoarekin, lagun batzuekin esaten zidaten “hor daude delegazioko zerrendak hezkuntza sartzeko”, nolabait ere nire hastapena hor dagoelako: Kanbon irakasle izan nintzen 6 hilabetez, urtebeterako kontratua nuen baina ezin izan nuen bukatu. Ez naiz damutzen, kontrakoa baizik: uste dut hartu dudan bideak opari asko egin dizkidala, eta ez naiz sariez ari.
Abdela Taia eta arabiar literaturako hainbat liburu itzuli duzu urte hauetan. Nola ireki zen ate hori?
Nik uste dut bidaia bati esker izan zela, batez ere. Bidaia hartan Maroko osoa zeharkatu genuen litera autobus batean; gaur egun seguru asko debekatuta egongo dira, ikusi behintzat ez dira egiten. Halaxe ezagutu nuen beste mundu bat, eta beste literatura bat ezagutzeko bidea gertatu zitzaidan: Fatima Mernissi, Mohamed Xukri…, eta batez ere deskubritu nuen mundu hori behar nuelako. Euskal Herria diktaduratik atera zen baina oraindik tunel luze batean jarraitu genuen, eta mundu horrek oro har honakoa ekarri zidan (eta hau esateko Descartesengan pentsatzen dut): sentitzen dut, beraz, banaiz; usaintzen dut, beraz, banaiz; izerditzen naiz, beraz, banaiz; amets gaiztoak ditut, beraz, banaiz; obsesioak ditut… Kontaketara beste modu batera hurbiltzen direla esango nuke.
Literaturak zer behar du, zure ustez, gazteak elikatzen jarraitzeko?
Nire ustez ez gara benetan ari haiekin, eta benetako irakurlea jabetu egiten da horretaz: “Hauek gezurretan ari zaizkit, ez dira benetan ari”. Testu onak falta dira, testu konplizeak, eta zuzeneko hizkuntzan idatziak; beharbada ez oso hizkuntza perfektuan, beharbada ez oso jasoan, baina benetako ariko den testu bat. Horrez gain, haurrentzat oso gauza politak daude, izan albumak, izan liburu ederrak, baita diskoak ere; baina zergatik haientzat koloretako marrazkiak, koxkortzen direnean zuri-beltzeko marrazkiak eta gero gazteentzat ezer ez, ez bada komikia? Eta komikiaren aldarrikapena egin nahi dut, oso gustuko arloa baitut. Komikilariak, gainera, idazleak baino dibertigarriagoak izaten dira eta haiekin edo marrazkilariekin lan egitea oso atsegina da. Baina gero zer gertatzen da DBHra salto egiten dutenean? Hurbileko neska baten kasua aipatuko dizut. Institutura pasatu zenean aitari esan zion jada ez zuela entzuten lehen liburuak irakurtzean entzuten zuen ahotsa. Hau da, irakurri bitartean entzun egiten zuen bere barruko ahots bat, eta hasi zirenean institutuan baliabide literarioak aipatzen, egiturak, gramatika kontuak aztertzen… utzi egin zion hori jasotzeari. Eta, hain zuzen ere, gure bidegurutzerik handienetakoa gaztaroan gertatzen da. Eta hor, nire ustez, bideak erakustea da kontua, erabakitzen laguntzea, huts egiten laguntzea, eta horretan hankamotz geratzen gara. Gaztelaniaz, adibidez, Zerria, Porcus, marrazkirik gabe aterako da, ez delako bilduma horretara egokitzen. Pena ematen dit. Esango nuke gaur egun gazte literatura dela huts egiten diguna.