Lide Hernando: “Mundu libre batean nahi duzuna sor dezakezu, baina hori saldu behar duzu horretatik bizi nahi baduzu”

0

Musikari bezala ezagunagoa den arren, idaztea ez da diziplina berria Lide Hernandorentzat (Donostia, 1991), urteak baitaramatza horretan, baina hau da jendaurrean aurkezten duen bere lehenengo lana. Bi emakumeren arteko adiskidetasun istorioa kontatu digu Izotz ura (Susa, 2023) liburuan, eta Euskal Herriko azkeneko hamabost urteetako musika industria du eszenatoki.

Pandemia garaia sormen garaia izan zen, eta zu ere orduan hasi zinen liburu hau idazten.
Bai, denbora geneukan, eta ni une hartan ez nengoen oso ongi psikologikoki, musikak eragindako ezinegonak zirela medio; hor bururatu zitzaidan istorioa. Aitortu behar dut une hartan hortxe utzi nuela; ohar batzuk hartu nituen, eta gero gogoa neukanetan hasi nintzen pixka bat idazten, egituratzen, pertsonaiak sortzen… 2022. urtearen hasieran, ordea, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza deialdi batera aurkeztu nuen proiektua eta eman egin zidaten. Hori pizgarria izan zen, eta esan nuen: “Tira, orain ez daukat aitzakiarik alde batera uzteko”, eta jarraitu egin nuen. Orduan jarri nion diziplina nire buruari.

Horrelako proiektu bat aurrera eramateko diziplina beharrezkoa da?
Nik hori ikusi dut. Musika ere diziplinatua da, baina esango nuke, pieza bakoitza motzagoa denez, kaotikoagoa izan zitekeela. Liburu bat idazteko ere behar da sormenaren kaos hori, baina era berean izan behar zara oso pragmatikoa, antolatua eta langilea. Nik uste dut ez dagoela beste modurik.

Eleberri bat idaztea bidaia bat bezalakoa da, eta aldez aurretik pentsatuta ez zenituen gauzak gerta daitezke. Zer ustekabe eman dizkizu zure lehenengo lanak?
Musikar buruzko eleberri bat idazten hasi nintzen, barrutik ezagutzen dudan industria bati buruz kontatzeko gogoa nuelako, bere gorabeherak eta argi ilunak azaltzeko; eta sorpresarik handiena izan da konturatu nintzela adiskidetasun harreman bati buruzko istorioa idazten ari nintzela gehienbat. Musikarena atzeko agertokia da, baina ez gai nagusia. Bestalde, liburua bukatzerako bi pertsonaiekin ia maila berean konektatzen nuela ohartu nintzen, eta hori ere ezustekoa izan zen. Saioarekin pixka bat gehiago konektatuz hasi nintzen idazten, horregatik hasten da liburua berarekin; baina bukatu nuenerako berdin-berdin konektatzen nuen Mararekin ere. Berak ere nire gauza asko ditu. Agian, txanpon beraren bi alde horiek banaizela ohartu naiz.

Pertsona berean aurki ditzakegu, beraz, Saioa eta Mara.
Hori da. Idazten hasi nintzenean pentsatu nuen Saioa gutxi gorabehera ni naizen pertsonaia bat izan zitekeela baina fikziora eramanda; eta bestea antagonista zela. Baina gero ohartu nintzen askotan Mararen ikuspuntutik gertuago nagoela.

Adiskidetasuna da gai nagusia.
Bai, emakumeen arteko adiskidetasuna, zehatzagoak izateko. Bestetik, egia da gai nagusiena ez den arren musikak ere indar handia duela. Izan ere, azken finean, kontatzen dudana da Euskal Herrian azken hamabost urte hauetako testuinguruan zer suposatzen dion emakume bati musika egiteak.

Eleberrian diozu: “Bizia musikari ematen saiatzen den orok badaki bidean integritatea ogi apurrak bezala uzten joan behar duela”. Horrela da?
Bai. Nik uste dut artearen alor askotan gertatzen den gauza bat dela, azkenean arteak talka egiten baitu merkatuarekin. Zuk mundu libre batean sortu dezakezu nahi duzuna, zure adierazpen puruena egin, eta erabat aske izan; baina gero hori saldu behar duzu horretatik bizi nahi baduzu. Ez badaukazu inolako intentziorik horretatik bizitzeko eta beste lanbide bat badaukazu ezberdina da, baina saiatu behar baduzu zure sorkuntza hori gizarteratzen, digerigarria egiten, publikoari begiratzen edo salgarri nola egin pentsatzen, hor jada zure integritatearen kontzesio batzuk egin behar dituzu.

Beti dago talka bat?
Esango nuke baietz. Literaturan oraindik ez dut gehiegi bizi izan baina musikan, bai. Askotan eduki ditut honelakoak: “Nik horrela egingo nuke, baina… Badaezpada ere beste modu honetara egingo dut hobeto ulertu dadin, edo gustagarriagoa izan dadin”.

Eleberria idazteko orduan zer izan da zailena?
Uste dut hautatu dudan egiturak edo narratzaile motak, alegia, narratzeko erak sortu didala zailtasunetako bat, lehenbiziko eleberria dela kontuan hartuta. Bi pertsonaia daude eta hirugarren pertsonan kontatua dago, baina narratzaileak pertsonaia batetik bestera salto egiten du. Beraz, bi ikuspuntu ezberdin behar dituzu eta bi psikologia ezberdinetan sartu behar duzu. Horrez gain, denbora-jauziak ere badaude, eta zaila izan da koherentzia mantentzena; kostatu zait eta lan luzea izan da, baina aldi berean polita.

Orainaldian idazten eroso sentitzen zara?
Orainaldian idaztea gustatzen zait. Horrek ez dit zailtasunik sortu. Zailtasunak gehiago etorri dira aldaketetatik; orain orainaldian, gero saltoa atzera, ondo uler dadila salto hori nora doan, jendeak uler dezala eta ez dadila galdu… Hori izan da, beharbada, erronka.

Zer nolako harrera izan du liburuak?
Oso pozik nago jasotako erantzunarekin. Kasu honetan ez neukan espektatibarik. Musikan, azkenean, urteen poderioz espektatiba bat garatu dut, sortzen joan naizen gauzekiko edo aurretik izan ditudan feedback-ekiko. Baina literaturan lehenengo lana nuen eta ez neukan halakorik. Hortaz, etorri den guztia ongi etorria izan da. Ikusi dudana da feedback hori literaturan askoz ere polikiago datorrela, normala den bezala. Irakurketa prozesua motelagoa da, beraz, erantzunak ere neurri batean tantaka datoz. Ezberdina da, baina polita.

Orain beste eleberri bat idatzi beharko bazenu, zer ikasi duzula sentitzen duzu?
Oraingoan egin dudan gauza bat eta berriro egingo nukeena zera da, idazten hasi aurretik dena egituratzea, hezurdura nagusia osatzea: hasiera, korapiloa, bukaera, gorabehera, klimaxa…, gauza horiek guztiak argi edukitzea idazten hasi aurretik. Nik hori behar dut eta balio dit. Bestela, hasi eta adarretatik joan naiteke. Kasu horietan ere batzuetan sorpresak hartzen dira: idazten hasi eta bat-batean zerbait bururatzen zaizunean, hari berri bat adibidez, polita da. Baina beste batzuetan desbideratzera zaramatza horrek, nire kasuan behintzat. Horregatik, ikasi dudana da mapa edo eskema batek egituratzen laguntzen didala. Horrez gain, pertsonaien oso zalea naiz eta pertsonaiak oso errealak dira, sinesgarriak izatea gustatzen zait, klixeetan ez erortzea, zaila izan arren; beraz, pertsonaiak ondo lantzen ditut. Hori hurrengoan ere egingo nuke, idazten hasi aurretik pertsonaien bizitza, psikologia… ondo pentsatuko nituzke.

Errepikatzeko gogoz gelditu zara?
Ez noiz har dezakedan tartea zer edo zer idazteko, baina bai, gustatuko litzaidake errepikatzea. Publikoki idatzi dudan lehenengo lana izan da honako hau, baina oso gaztetatik idatzi dut. Literatura sorkuntzaren master bat egin nuen Bartzelonan eta asko ikasi nuen han, ongi irakurtzen bereziki. Idazten ere ikasi nuen, baina freno moduko bat eragin zidan: nire ikaskideen artean zegoen maila hain zen altua, non pentsatu bainuen beharbada hura ez zela niretzat, agian maila pixka bat falta zitzaidala… Horrek geldiarazi egin ninduen eta hainbat urte pasa nituen asko irakurtzen baina idatzi gabe. Urteak pasa ondoren, pandemian hasi nintzen berriro idazten, lehen esan bezala.

Irakurle bezala zerk elikatzen zaitu?
Ez naiz estilo jakin bateko liburuak irakurtzen dituen irakurlea. Esango nuke Euskal Herrian gehien miresten ditudan idazleak beharbada Harkaitz Cano eta Karmele Jaio izan litezkeela. Uste dut Karmele Jaioren jarraitzailea naizela suma daitekeela liburuan, agian idazteko modua antzekoa delako. Jaioren idazteko modua irakurterraza da, erraz sartzen zaigu, baina era berean gogoeta indartsuak ditu. Eta horrelako gogoetek ez dute zertan irakurtzeko zailak izan. Hori asko gustatzen zait berarengandik.

Musikari dagokionez, Liher taldeak deskantsua hartu berri du.
Bai. Baina ni beste proiektu musikal batekin hasi naiz. Nik ez dut musikatik deskantsatuko. Deskantsatuko du Liher taldeak.

Sortzaile bezala zer ematen dizu musikak eta zer literaturak?
Deskubritu dudana da sortze prozesua desberdina dela. Esan bezala, diziplina aldetik esango nuke literaturak gehiago behar duela, formalagoa izan behar duzula, edo langileagoa. Tira, orokorrean musikari guztiok oso langileak gara, baina noiz edo noiz eman diezaiokezu zure buruari pixka bat despistatzeko baimena. Gainera, abesti bat arratsalde batean hasi eta amaitu dezakezu nahiz eta perfektua ez izan, baina itxura eman diezaiokezu; liburu batekin, ordea, hori ez da gertatzen. Ideia bat bururatu eta zirriborratu dezakezu, baina konstantzia handia behar duzu eta ni ez naiz batere konstantea. Honekin, aldiz, bai. Proiektuan sinestea ere esaktzen du, denok baititugu ahuldade momentuak.

Zuretzat artea terapeutikoa da?
Bai, guztiz terapeutikoa: sortzen duenarentzat zein kontsumitzen duenarentzat. Zalantzarik gabe. Artea gure errutinatik ihes egiteko modu bat dela uste dut, gauza pragmatikoetatik ihes egiteko eta momentu pozgarri bat edukitzeko.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments