Txani Rodriguez idazlearen Los últimos románticos (Seix Barral, 2020) eleberriaren modaketaren filma zuzentzeko ardura hartu du David Pérez Sañudok (Bilbo, 1987). Euskaraz filmatuko dute hein handi batean. Liburuak harrera bikaina izan du eta horren adierazle da 2021ean irabazi zuen Euskadi Saria, gaztelaniazko literaturaren atalean. Pérez Sañudo bere bigarren film luzearen grabaketan bete-betean harrapatu dugu, baina galderak erantzuteko tartetxo bat hartu du. Zuzendaria pozik agertu da eta itxaropentsu mintzatu da filmatzearen azken txanparen inguruan. “Momentuz filmazioa ondo doa. Bosgarren astean gaude, 11 egun baino ez dira falta bukatzeko eta oso pozik geratu gara orain artekoarekin; azpimarratzekoa da bai lantalde artistikoa bai lantalde teknikoaren lana”, adierazi du.
Filmatzea ez da makala. Otsailaren hasieran ekin zioten lanari Gernika-Lumon, eta Euskal Herriko hainbat lekutan izan ondoren (Laudio, Bilbo, Astigarraga, Errenteria) Espainiara salto egingo dute (Ronda, Sevilla) eta hortik Lisboara. “Portugalen bukatuko dugu eta horrek argitasun handia emango dio proiektuari”, nabarmendu du Pérez Sañudok. Orereta-Errenteriakoa parada berezia izan zen, bertan baitago Papresa enpresaren paper fabrika. “Oso probetxugarria izan da benetako fabrika batean filmatu ahal izatea, lokalizazio erreal batean, eta, gainera, herriaren bihotzean”, azaldu du.
Pérez Sañudok Marina Paresekin batera ondu du gidoia, Ane (2020) pelikulan egin zuen bezala. Huraxe izan zen bilbotarraren lehen lan luzea, baita bere karreran hazten segitzeko mugarri handia ere: Goya sarietan hiru garaikur eskuratu zituen eta Donostiako Zinemaldiko euskal zinemaren Irizar saria ere irabazi zuen. Miren Gaztañaga da film berri honetako protagonista nagusia eta lan potoloa da berea, aski konplikatua; Irune pertsonaia da eleberriaren arima eta gorputza, eta haren larruan ariko da Gaztañaga. Edonola ere, Euskal Herrian egindako literatura lehenago ere izan da inspirazio iturri David Pérez Sañudorentzat. Jon Arretxeren liburuetan oinarritutako Touré Detektibea telesailaren gidoian parte hartu du, zeina euskaraz ikusi daitekeen Primeran plataforman. Kasu honetan, literaturatik pantaila txikira.
Zer du berezia zuretzat Los últimos románticos eleberriak? Istorio delikatua, konplexua eta sentikorra dela agian? Modan egon ez arren, sindikalismoa aukera politiko gisa aurkezten duela? Tonu jakin bat duela?
Eleberria pila bat gustatu zitzaidan, elementu interesgarri asko dituela iruditzen zait. Drama bat da, komediaren ukitu batzuekin, eta momentu komiko horiei esker oso berezia da istorioa. Asko interesatzen zait nahasketa hori, nolabait sailkaezin egiten baitu pelikula, definitzeko zaila; sinopsi konplikatua dauka eta hori gustatzen zait. Istorioa ez da esplikatzeko erraza.
Elkarrizketa batean honakoa esan zenuen behin Ane filmaren inguruan: “Komunikazioari buruzko tesia proposatzen du”. Kasu honetan, zein izango litzateke Azken erromantikoak filmaren tesiaren muina?
Anek bezala, pelikula honek ere inkomunikazioari buruz hitz egiten du; zehazkiago, pertsona batek bere ingurunearekin komunikatzeko dituen zailtasunei buruz. Beraz, pelikula haren jarraipen naturala da, baina kasu honetan pertsona baten eta hark beti bizi izandako testuinguruaren arteko erlazioan oinarrituta dago.
Gure mundu honetan zeintzuk dira azken erromantikoak? Sare sozialik ez duen jendea? Zinema aretoetara astero doazen ikusleak?
Gaur egun, asko izan daitezke azken erromantikoen deskribapena betetzen dutenak. Digitalizazioarekiko erresistentzia agertzen dutenak, adibidez, edo artisautza eta esku-lanak egiten dituztenak… Anbiguotasun handiko terminoa da, baina esango nuke baduela zerikusirik nostalgiarekin eta jada existitzen ez diren gauzekiko atxikipenarekin.
Irune ertz askoko emakumea da. Batzuek xelebre gisa definituko dute, baina badirudi norbait patroi jakin batetik ateratzen denean zoro deitu behar zaiola.
Pelikularekin gertatzen den bezala, zaila da Irune deskribatzea. Ez da pertsona arrunta eta ezinbestean bere pertsonaia ere ez da konbentzionala. Uste dut eleberria irakurtzea edo filma ikustea dela bera ezagutu eta behar bezala ulertzeko modu bakarra. Ez dago besterik.
Liburuan oso elkarrizketa gutxi dago eta, hasiera batean behintzat, zinemara eramateko ez dirudi oso aproposa denik. Begirada afinatu behar izan duzue Marina Paresek eta biok gidoiak pultsu narratiboa izan dezan?
Bene-benetan gozatu genuen eleberria biok. Asko gustatu zitzaigun eta lehen momentutik iruditu zitzaigun bazuela zinemara ekartzeko mamia. Egia da oso zaila izan dela moldaketa; gehienbat, liburuan egiten diren hausnarketak elkarrizketetara eta ekintzetara ekartzeko garaian, pertsonaiaren pentsamendu guztiei hitzak eta irudia jartzea, fisikoki erakustea alegia. Oso pozik gaude emaitzarekin.
Alardea, Ane, Azken erromantikoak… Guztiek dute oinarri sozial eta politikoa, eta emakumezko pertsonaiak dira nagusi. Horiek al dira zure zinema definitzen duten bi puntu nagusiak?
Ez da aurrez pentsatutako zerbait, baina aitortuko dut zinema egitea ardura handia dela. Hortaz, norberak bere leihotik begiratzea ezinbesteko abiapuntua da eta oso garrantzitsua da bizi dugun garaiaren testigantza eman nahi izatea.
Eleberria gaztelaniaz idatzita dago baina zuk filma gehienbat euskaraz filmatzea erabaki duzu. Zergatik?
Ez da euskaraz bakarrik, baina euskaraz da batez ere. Interesgarria iruditu zitzaigun pelikula elebiduna izatea eta, beraz, gaztelaniaz ere badago zati handi bat. Horrek erakusten du nolakoa den, kasu honetan, Gipuzkoako ingurune industrialetako herri askoren errealitatea eta nola bizi diren, komunitate berean, euskaldunak eta kanpotik etorritakoak, Andaluziatik adibidez. Identitateak modu naturalean nahasten dira.
EUSKAL LITERATURATIK ZINEMARA JAUZIA
Literaturaren eta zinemaren arteko harremana aspalditik dator eta horren inguruan eztabaida luze, sakon eta mamitsuak daude. Topikoak dio liburua hobea dela beti. Baina, egia al da? Gai korapilatsua da. Egungo euskal zineman David Pérez Sañudoren moldaketa ez da salbuespena. Batzuetan literaturaren eta zinemaren arteko zubia eraiki da liburuaren arrakastak bultzaturik, besteetan material interesgarria topatu dutelako zinemagileek. Edonola ere, fikziozko hainbat film estreinatuko dira datozen hilabeteetan euskal literatura abiapuntutzat hartuta.
Topikoa bete ala ez, itxura ederra du euskal zinemak 2024an eta 2025ean ekarri duen uzta berriak. Ondorengo hiru tituluek dirudite, aurretik begiratuta behintzat eta Azken erromantikoak ahaztu gabe, izenburu esanguratsuenak. Liburuen ibilbide oparoa errepikatzeko gai izango dira?
Los destellos (Pilar Palomero)
Orain dela zazpi urte, ondorengo gogoeta egin zuen aldizkari honetan bertan Katixa Agirre idazleak: “Eider Rodriguez euskal letren Olinpoko ipuingilerik onena ote da? Nik baietz diot. Eta ez hori bakarrik. Kontrakoa dioenarekin dueluan aritzeko prest nago, nik aukeratutako armekin, jakina”. Bihotz handiegia (Susa, 2017) ipuin-bildumari laudorio egin zion Agirrek artikuluaren lehen lerrotik eta pasioz defendatu zuen Errenteria-Oreretako autorearen lan hura. “Sei harribitxi, umore eta krudeltasun puntu egokiarekin guztiak ere. Eta ados ez bazaudete, badakzue, egunsentian egingo dugu topo”, idatzi zuen azken paragrafoan.
Hortik urte batzuetara akademiakideek Eider Rodriguezi eman zioten 2021eko 111 Akademiaren Saria, Eraikuntzarako materiala eleberriarengatik. Katixa Agirre ez zegoen oker: orain arte ez da inor ausartu berarekin egunsentian topo egitera. Zertarako saiatu. Euskal literatura garaikidearen ikur handienetako bat da Rodriguez. Zer dakigu Bihotz handiegia liburuaren egokitzapenari buruz? Hasteko, filmaren izenburua Los destellos izango dela eta Pilar Palomero zinemagile aragoiarrak (Las niñas, Maternal) zuzendu duela. Grabaketa pasa den urrian eta azaroan egin zuten Kataluniako Horta de San Joan eta Tortosa udalerrietan, eta ipuinen moldaketa librea izango da. Patricia López Arnaiz, Antonio De la torre, Julián López eta Marina Grerola aktoreek hartu dute parte proiektuan, besteak beste.
Karmele (Asier Altuna)
Akademiakideek oso gustukoa duten beste lan bat. Hain zuzen ere Kirmen Uribek 2016ko 111 Akademiaren Saria jaso zuen Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa, 2016) eleberriarekin. Kronika nobelatu bat da Uriberen hirugarren eleberria. Karmele Urresti eta Txomin Letamendi senar-emazte bizkaitarraren bizipenak dira liburuaren ardatza, eta oro har euskal erresistentzian askatasunaren alde eta faxismoaren aurka borrokatu zutenei egindako omenaldia ere bada. Ez da kasualitatea Asier Altunak (Aupa Etxebeste!, Amama) filmari Karmele izenburua jarri izana.
Aukeraketak badu zentzua. Bere garaian Kirmen Uribe berak aitortu zuen aldizkari honi eskainiriko elkarrizketan “argi” zuela “emakume batek izan behar zuela zentroa”. “Ez nuen kontakizuna betiko figura maskulinoen inguruan biltzerik nahi. Karmeleren bizitza ezagutzen nuen eta konturatzen nintzen ezohiko emakumea zela, independentea, ikasketak zituena, ezkongai zela lehen umea izatea bakarrik erabaki zuena”, adierazi zuen. Txintxua films ekoiztetxea dago luzemetraiaren atzean eta ezer gutxi aurreratu dute egundaino. Udaberrian filmatuko dute, apirilaren erditik ekainera arte luzatuko da grabaketa.
Las madres no (Mar Coll)
Zirkulua itxi dugu hirugarren filmarekin. Katixa Agirrek 2018an kaleratu zuen Amek ez dute (Elkar) liburua, hainbat hizkuntzatara itzulia izan dena. Amatasunaren inguruko gogoeta egiten du idazle gasteiztarrak bere biografiatik abiatuta eta fikzioa genero ezberdinekin uztartuz, batez ere trhillerrarekin. Inpaktua izan zuen euskal kulturan, baita guretik kanpo ere. Duela lauzpabost urte Mar Coll zinemagile kataluniarrak (Tres dies amb la familia, Tots volem el millor per a ella) nobela pelikula bihurtzeko prozesuari ekin zion eta Valentina Visorekin batera egokitu du zinemarako gidoia.
Zazpi asteko jardunaren ondoren, Collek martxoan amaitu zituen Bartzelonan Las madres no bere pelikula berriaren filmatze lanak. Datorren urtean estreinatzeko asmoa dute, Escándalo Films eta Elástica Films ekoiztetxeen babesarekin. Aktore nagusiak Laura Weissmahr, Oriol Plá, Gianina Fruttero eta Belén Cruz izango dira.