Bea Salaberri: “Zerk motibatu izan du jendea ETAko laguntzaile izatera? Zergatik goiz batez jaiki eta erabakitzen duzu hori?”

0

ETAko laguntzaileak ditu pertsonaia nagusi Bea Salaberrik (Donamartiri, Baxenabarren, 1979) Mesfida zaitez (Txalaparta) eleberrian. Laurendia protagonista Behorlegin (Baxenabarre) handitu eta 2000ko hamarkadaren hasieretan Baiona Ttipira doa. Han errotzen du lehen partea Salaberrik eta bigarrena, berriz, 15 urte berantago; justu Luhusoko gertakariak aitzin. Horrekin batera, borroka armatua lagundu dutenen munduan sar daiteke irakurlea: diru eskasak, laguntasunak, familiaren zamak, traizioak, mesfidatzeko beharrak moldatzen duten giroan.

Zergatik hartu duzu borroka armatua gaitzat?
Gai hori biziki presente egon da ene gaztarotik orain arte. Aski presente, memento batez horri buruz idazteko gogoa ukaiteko. Borroka armatuarena eta sasian gertatzen denarena biziki hurbiletik ikusi edo sentitu ahal izan dugu. Gure inguruan badira hainbat jende gaiarekin lotura ukan dutenak. Memento batean nire inguruan jendea hasi zen arrangura bat ukaiten. Gogoan dut lankideen arteko bazkari bat. Kasualitatez, baziren, preso baten senidea, iheslari bat –gero deesarmearen prozesuan memento batez barne izan dena–, eta bazen beste iheslari bat ere. Horiek guztiek aipatzen zuten: “Gure bizia, gure memoria, norbaitek kontatuko ote du?”. Eta egia da, garaian jadanik, erran gogo nuke 2015ean zela, pxiak bat oihartzun egin zidala. Bazela hor mamia, baziren jende batzuk noren bizipenak ez ziren sekulan nehon kontatuak.

Literaturan gabezia bat bezala sentitzen zenuen?
Gai horri buruz irakurri izan ditudan liburuak, anitzetan, edo kronologikoak dira, entseguak dira eta kronologia historikoak markatzen dituzte, edo badute pasarte heroiko bat, ekintza handiak, bizi super arriskutsuak. Baina gibelean diren jendeak edo ondoan diren horiek ez dira sekulan agertzen. Batzuetan klixeen mailan gelditzen dira. Emazteak agertzen direlarik, anitzetan dira, edo maiteminduak edo erabiliak edo arrunt eroak, basatiak. Ez dakizu sobera nola bizitzen dituen gauzak emazte horrek, zerk motibatzen duen, zer diren bere dudak, beldurrak, esperantzak. Biziki deigarria egin zait Saizarbitoriaren 100 metro nobelan, nola emazte baten pertsonaia agertzen den, Michele, eta doi-doia aipatzen den. Ez dakigu sobera nor den. Ari nintzen interesgarria izan litekeela Michelen istorioa kontatzea. Emazteen leku hori orain arte biziki guti ikusi dut aipatua. Beharbada tronpatzen naiz. Nik nahi nuen hori sartu. Zerbait transmititzekotan edo memoria lan hori egitekotan nahiago nuen nire pertsonaia emazte bat izatea, garbiki.

Baiona Ttipi bat ere agertzen da. Leku horrek badu bere garrantzia. Sentitzen da bizi izan duzula. Hori ere nahi izan duzu ekarri liburura?
Pertsonaiak fikziozkoak dira baina istorioari giro bat emateko hor kokatu ditut. Badira lekuak, ostatuak, bada musika, badira ere gertakari historikoak nonbait zedarritzen dutenak istorioa. Bada, Egunkariaren itxieraren aipamena, bada Lizarra Garazirena, tartean badira beste gertakari batzuk ere non ETAko kideak hil diren edo erailketa batzuk izan diren. Nahi nuen giro hori ere ordezkatua izan zedin liburuan. Istorio handiaren paraleloan, izan diren istorio ttipi horiek, eta leku horietatik idatzi, hor izan diren jende xehe horien begietatik begiratu gauzak. Biziki lagungarria izan da gauza batzuk errealitatean errotzea.

Zertan izan da lagungarri?
Pertsonaiak mamitzen dituelako. Izaera hobeki neurtzen ahal duzulako. Fikziozkoak badira ere, horien gibelean, oinarrian, badira pertsona errealak. Istorioa irudikatzeko pertsona erreal batzuk gogoan izateak, haien hitz egiteko manera, haien ideiak… horrek laguntzen du. Lagundu nau egoteko errealitate batean, eta ez joateko sinesgarria ez den zerbait kontatzera. Ez zara ari imajinatu duzun herri ideal batean arrunt asmatu dituzun gauza batzuekin.

Aipatu duzu jende xehea. Laurendia, protagonista, gose da batzuetan, ez baitu diru aski jateko. Ikasketetan dela eta, lan batzuk egiten ditu, tartean garbiketa lanak; nagusiekin ditu arazoak, zapaldua da. Hori ere nahi izan duzu integratu istoriori?
Bai. Izan zen Kristiane Etxaluzen elkarrizketa bat Jakin aldizkarikoa, 2016-17an. Hor kontatzen zuen nondik heldu zen eta zer bide egin zuen. Hori ere behar zela azaldu. Badela ere klase borroka bat istorio horretan. Ez dela bakarrik herri askapen mugimendu bat.

Protagonistarekin batera lotzen gara borroka armatuan parte hartzen duten pertsonaiei, bada goxotasun bat… Horretan erraten ahal da? Zuk zer diozu horretaz?
Liburuko pertsonaia batzuk badira borroka armatuan ari direnak eta horren kalteak pairatzen dituztenak, baina nagusiki denak dira bigarren plano batean. Nik nahi nuen kontatu elkartasuna, goxotasuna. Baina horrez gain badira beste alde batzuk ere. Batzuetan badituzte beren beldurrak. Bada bakardade eta frustrazio handi bat ere. Iruditzen zait isiltasunak eta bakardadeak badutela presentzia handi bat. Batzuetan jendeak elkarrekin izanik ere, bada distantzia bat edo zerbait. Promiskuitate hori ere batzuetan gogorra da. Baduzu etxe ttipi-ttipi bat eta behar duzu jende hori zure logela berean atxiki. Baina nagusitzen dena baldin bada goxotasuna, ongi…

Beharbada goxotasuna hitza ez da egokiena. Bada, bai, eszena bat, non protagonistak eta ETAko kideak lo egin behar baituten ohe berean, ez dutelarik batere elkar ezagutzen. Aipatzen duzun bakardade eta frustrazio hori sendi daiteke liburuan, bai.
Nik ez dut hautu hori egin errateko borroka armatua ona ala txarra den. Nik ez dut posizio hori hartu. Entseatu naiz fokalizaten pertsonaia batzuen bizia zer izan zitekeen, zein hautu egin zituzten noiz eta zergatik. Zein izanen zituzten dudak ere hautu horiek egitean. Ez da hain sinplea. Gai gogorra da. Eta uste dut distantziarik oraino ez dugula aski gauza batzuen kontatzeko. Nahi nuen, bederen, hurbildu.

Bestela ahantziko baitira?
Nire motibazioetarik bat zen kontzientzia hori hartu nuela: memoria iraungituko zela momentu batez. Biziki fite ahanzten dira gauzak. Eta lekukotasun horiek biziki gutitan atzematen dira. Ez bada egiten aski fite, galduko dira. Jendeak ez du hitz egiten ere gai horri buruz. Batzuetan sumatzen dugu pertsona batzuk egon direla mugimendu horietatik hurbi. Baina ez da oraino izan horren inguruko agerpenik, coming out-arik. Eta ene ustez ez da gertatuko.

Protagonista hasieran ez da abertzalea, gero iristen da Baionara, josten ditu harreman batzuk eta sartzen da gai horietan poliki-poliki… Ibilbide bat bada hor.
Bai, bada zerbait iniziatikoa dena. Heltzen da mendi zoko batetik, baditu bere zailtasunak, baditu bere gogoetak, emeki-emeki bada bilakaera bat. Baditu segurtasun batzuk lehen partean, bigarrenean ez dituenak gehiago hainbeste. Bada ibilbide luze bat, nik uste jende anitzek ukan duena. Gauza ttipiek aldatu dute zerbait. Horiek ere parte hartu dute gauza horretan. Beren ekarpena egin dute. Beren neurrian, isilik, kukuturik eta hori dena, baina hala ere, ukan dituzte beren gogoetak, ez dira izan txotxongilo hutsak. Jende horiek biziki kontziente izan dira egin dutenaz. Baina, hara, ez dira inon agertu orain arte.

Mendi zokoa aipatu baituzu. Mendiko herria da Behorlegi da, non baitagoen Laurendiaren sortetxea, Urgorria. Baina hor ere pixka bat klixeetatik at zoaz. Iparraldeko etxe zuri eder horietatik at. Aita bortitz bat, anaia bide beretik… Ez da batere giro idilikoa. Traizioz, eta maitasun eskasez josia den etxe bat da. Horrela laburbil daiteke?
Nik uste dut belaunaldien arteko talka batzuk direla. Egia da zuk erraten duzuna ikusten ahal dela: patriarkatuaren itzal handi hori, etxearena, lanaren garrantzi handi hori, iraun duena eta irauten duena oraino beharbada, biziki errotua. Mundu hori ere ekartzen duzu liburura. Badira gizarte batean pisuak diren gauzak. Barnealde bat ari dena jendez husten. Non ez den lanik. Non belaunaldien artean izaten ahal den leize bat. Paraleloan haduzu hiria, biziki anonimoa eta biziki galgarria eta, aldiz, herri ttipietan denek dena badakite. Badira hori hainbat gauza. Nik uste oino hola direnak.

Zergatik nahi izan dituzu ekarri liburura?
Nahi nuen nire pertsonaia nagusia errotu nonbait. Nahi nuen zerbait kontatu bere inplikazioaz aparte erakundearen laguntzaile gisa. Beste zailtasun batzuk. Begiratzen delarik emazte horiek denak: Graxi Etxebehere, Kristiane Etxaluz… Horien ibilbideak. Jatorriz jiten dira familia herrikoi, txikietatik. Badituzte beren borrokak maila horretan ere. Ez dira beti konpondu beren familia kideekin. Azken 40 urteetan gertatu diren beste gauza batzuk, esplikatzen dutenak zergatik jende batzuk altxatzen ahal diren eta engaiatzen ahal diren beste maila batean. Etortzen zarelarik ingurumen aski gogor batetik, ez duzularik sobera garapen sozial perspektibarik: “unibertsitate ikasketa handiak eginen ditut eta funtzionario izanen naiz”: ez duzularik hori ikusten jiten, segur da engaiamenduak hartzen dituzula beste gauza batzuetan. Izan zitekeen sindikatu batean, hor ez da hala gertatu. Hori ere nahi nuen erakutsi. Zerk motibatu izan du jendea ETAko laguntzaile izatera? Zergatik goiz batez jaikitzen zara eta pentsatzen duzu: bai, atea irekiko dut. Segur da horren gibelean badela jendearen pobrezia, perspektiba ilunak ukaitea. Klase borrokaren mailako zerbait da. Hola ulertzen dut. Bestenez ez dakit zergatik eginen zuten egin dutena.

Protagonistak klase borroka oraino gehiago bizi du emaztea baita?
Emaztekk, nik uste, beti jaten dute pixka bat gehiago. Gizon batek gauza bera biziko zukeen? Ez dakit arras hala izanen zenez. Hasteko gizonak gehiago entzuten baitira hitz egiten dutelarik. Laurendiaren anaiak ez du bizi izan Laurendiak bizi izan duena.

Bi parte nagusi dira liburuan. Lehen partea 2000. urtean hasi eta pare bat urtez luzatzen da, eta bigarren zatian 2015era iristen gara. Bata zein bestea Baionan gertatzen dira, baina arte horretan hiria aldatu da. Aldaketa hori ere nahi zenuen aipatu?
Behar duzularik bizi bat kontatu sobera luzea litzateke, beraz, fragmentatu dut. 2.000 ingurukoan eta honetan. Giroa desberdina da. Baita pertsonaiak ere. Ber pertsonaiak itzultzen dira, baina itzultzen dira desberdin. Lehen partean jendeak posizionatu behar du zerbaiten alde edo kontra. Bigarren partean diskurtsoak aldatu dira. Hiria ere aldatu da. Ostatuak ez dira berdinak, musika ere ez. Beste garai bat da. Lehenaren bilakaera zuzena, baina beste zerbait islatzen du. Zerbait bukatzen ari da eta beste zerbait jinen da, baina nehork ez daki sobera zer den. Gauzak ez dira hain garbiak nehorentzat.

Luhusokoa ez da oraindik gertatua liburuaren bigarren partea burutzen delarik.
Ez, gelditzen naiz justu Luhuso aitzin. Luhusokoa geratzen da 2016ko abenduan eta nire istorioan aipatzen da Altsasun sartzen direla guardia zibilak, eta hori 2016ko urrian da. Nire istorioa finitzen da bi aste Luhusoko gertakariak baino lehen.

Zergatik?
Beharbada hirugarren atal bat egitekoa bailiteke gero ondotik… Idazten hasi nintzen hori duela jadanik hainbat urte. Eta bigarren atal hori ez nintzen segur nola eramanen nuen. Luhusoko gertakariek eman zidaten hari horren bukaerarena baina ez nuen sartu nahi desarmearen gaian eta ondotik gertatuko zen horretan. Nire ustez biziki konplikatua baita oraino.

Baina konplikatuak diren gaietan sartu jada liburuan, ezta?
Bai, bai. Beharbada Laurendiaren beste eleberri bat idaztekoa izanen da ondotik. Baina aldi honetako banuen jadanik nire haria.

Ari zara Luhusokoa idazten orain?
Ez oraino.

Mesfida zaitez deitzen da liburua, eta liburuan zehar mesfidatze kontu horrekin bada hari bat.
Bai. Laurendiaren inguruan kasik guztiek erraten diote, edo mesfidatzeko edo kontuz ibiltzeko. Batzuetan adierazten diote beharbada ez dituela hautu onak egiten. Ohartu nintzen emeki-emeki beti jiten zela hori. Eta ari nintzen titulu ona eginen zuela.

Hitz berak dira, baina nork erraten duen, nori eta zeren arabera…, azkenean bururatzen duzu beti denez mesfidatzen, baita zure buruaz ere.
Bai, bai, hori da. Memento batean berak ere bere buruari erraten dio. Hasten da dudak ukaiten denez. Mesfidantzarena anitzetan agertu da, ez liburu honetan bakarrik; globalki, jendeak ez du kontatzen. Besteek pentsatuko dutenaz, ea ez ote duen auzirik ukanen. Jendeak pasatu du ere denbora kasu egiten, isiltzen… Ezezagun bat bazelarik Baiona Ttipian: “Kasu, nor da hori?”. Mesfidantzarena horrelako leitmotiv bat da, jendeak bere bizitzeko maneran integratu duen elementu bat dela. Nehork ez zuen erraten osoki pentsatzen zuena. Beharbada oraino hala da? Ez dut neurtzen. Baina oroitzapen hori badut. Eta 2015ean ere mesfidatu behar. Bada ere mesfidantza familia-kideekiko, lagunekiko. Bukaeran ere globalki sendi da ez zuela fidatu behar izan hainbat gauzez familiarekin. Mesfidatu behar du manipulatua ez izateko, ez dadin izan beti bera azken putza jasan behar duena. Beste guztiek egiten dituzte hautuak beren alde eta berak beharko luke jasan gelditzen zaion hori.

Idazle bezala duzun ibilbideari begiratuz gero, Baionak ez daki liburuarekin konparatzen bada, aldi honetan eleberri bat duzu idatzi. 
Ariketa desberdina zen. Baionak ez daki liburuan ipuin motzak ziren, bizpahiru orrialdekoak. Hor bazen ariketa handi bat estiloaren aldetik, bilatzea hitzak. Bazen alde poetikoago bat. Testu bakoitza idatzia zen pintzelkada txiki txikiz, kasik gogoz banekizkien bukaeran. Hemen, hizkuntzaren aldetik ez dit hainbesteko lanik galdegin. Lan gehiago galdegin dit pertsonaia horien guztien definitzeak. Ez uztea hariak zintzilik. Kontra erranik ez sortzea. Espero dut jendeak ez pentsatzea. “Ez, barkatu Bea, baina hor ez du funtzionatzen”. Sinetsezina den gertakari batek suntsitzen ahal du lanaren koherentzia guztia.

Adibidez, poliziatik gorderik protagonistaren etxean bizi den ETAko kideak galtzontziloak uztea kanpoan xukatzen?
Hori oraino…. Graxi Etxebeherek kontatzen zuen baietz, behin slipak ahantzi zituela hedagian.

Liburuan badira horrelako anekdota edo gertakari batzuk, ageri da lodiegiak, errealistegiak direla egiak ez izateko. Eta justuki detaileak diruditen kontu horiek ematen diote gorputz gehiago istorioari.
Bai, eta horrek hartu du indar handi bat. Norbaitek eman lezakeen lekukotasun baten heinekoa izatea. Horretan egia da indarra eman dudala, eta gero, ondoan, hizkuntzan ez hainbeste. Badakit ez dela osoki baxenabartarrez idatzia, beharbada batzuek espro luketen bezala. Hitz batzuk jiten dira euskalki batekoak edo bestekoak, berdin da, ezartzen ditut.

Problema bat da? Adibidez, galtzontziloa idatzi duzu, eta ez slipa; baina, dena den, slipa ez da baxenarbartar garbi-garbian ere…
Gero, slipa ez da hiztegian. Hitzak behar zuen hiztegian ere. Erdarakada gehiegi sartzea ere ez dut egin. Euskara batuan izatea hautatu dut. Ulergarri Euskal Herri guztian. Ez dadila gerta memento batez norbaitek hitz bat ikusi eta ez ulertzea ez baitu erreferentziarik.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments