Greziak sortutako zauriaren inguruan mintzatu zen etengabe bere poesian Giorgos Seferis, betiereko errefuxiatu bat izatearen ondorio. Bere garaian oso ezaguna ez zen arren, 1963. urtean Nobel Saria eman zioten. Maite López Las Herasek (Azkoitia, 1985) gerturatu dio bere poesia euskal irakurleari (Munduko Poesia Kaierak, Susa).
Zergatik, Seferis?
Munduko Poesia Kaierak bildumak poeta greziar baten itzulpena egitea proposatu zidan. Aukera nire esku utzi zuten eta oso garbi eduki nuen Seferis itzuliko nuela, betidanik maite izan dudan poeta delako. Proposamena egin eta berehala onartu zuten. Niretzat ohorea izan da, Nobel sariduna izateaz gain, nik neuk aukeratutako poeta izan baita, itzuli ditudan guztiak bezala, eta asko maite dudan poeta izaki are eta gusturago itzuli dut.
Antologia osatzeko hautaketa nola egin duzu?
Hori ez zait batere erraza egin, liburu ezberdin asko argitaratu baitzuen Seferisek. Lan horretan zorte handia eduki dut hala ere, Aritz Gorrotxategik lagundu didalako. Bera poeta izateaz gain laguna ere badut, Balea Zuria argitaletxeko editore ere bada eta antologatzen lagundu zidan; hori izan zen niretzat ardatza. Bere aholkuak erabili ditut, baita nire irizpideak ere, baina laguntza handia eduki dut hor eta horretan oinarritu naiz. Aukeratu ditudan poemak izan dira liburu guztietakoak, hau da, Seferisek idatzi zituen liburu guztietatik hartutako poemak daude bilduman. Bereaz hautaketa zabalagoa egin nuen, baina liburua mehea denez, garbiketa bat egin genuen. Dena den, bildumaren webgunean itzulitako guztiak daude.
Grezieratik itzuli duzu?
Bai. Erabili ditut beste itzulpen batzuk, batez ere frantsesekoa, ingelesekoa eta gaztelaniakoa, baina oinarria beti greziera izan da. Zenbait hitzekin eta esamolderekin zalantzak eduki ditut eta, horrelakoetan, Grezian bizi izan den lagun bati galdetzen nion. Hitz baten bueltan denbora pila bat ibiltzen ginen. Gainera, Giorgos Seferisek erabiltzen duen greziera da greziera herrikoia, hau da, dimotikí esaten zaiona. Berak hori nahita egindako hautu bat da eta euskarara ekartzerakoan ere hizkuntza jasoegia edo landuegia ez erabiltzen saiatu naiz.
Erraza da egungo irakurlea mundu klasikora gerturatzea?
Ez, ez da batere erraza. Hor borroka handia daukat. Egia da ongi ulertzeko ezagutza minimo bat behar dela, jainkoren baten izena edo zerbait zehatza aipatzen denean, kulturari aipua egiten diona. Horrelakoetan hobea da ezagutza hori edukitzea, baina eduki gabe ere goza daiteke Seferisen poesiarekin. Orokorrean, literatura klasikoa gaur egunera ekartzea ez da erraza. Batetik, daukan ospeagatik; bestetik, asko dagoelako eta askotan oso arrotza gertatzen zaigulako, eta pentsatzen dugu, “denboran hain urrun dagoenez, zertarako?”. Baina literatura unibertsala aztertzen badugu, lan guztiek daukate oinarrian klasikoaren iturria, esango nuke denek edo ia denek edan dutela iturri horietatik, eta gaur egun mundua ulertzeko klasikoak presente edukitzea ezinbestekoa dela uste dut.
Oharrak jartzea pentsatu zenuten?
Itzulpena egin nuenean oharrekin egin nuen. Ez zait gustatzen oharrekin jostea, oso korapilatsua gertatzen delako; poema liburua irakurtzerakoan poema irakurri behar duzu eta ez hainbeste, oharrak. Hala ere, ezabatu behar izan nituen, argitaletxe honek ez duelako halako ohiturarik.
Bere poesian azaltzen den gai nagusia zein dela esango zenuke?
Poema guztietan dago erbestearen zantzu hori. Gainera, Seferisek beti jotzen du Grezia klasikora. Bera Esmirnan jaio zen eta erbesteratua izan zen otomandarrekin jasandako gerren ondorioz. Seferisek beti eraman izan du arrastaka berak galdu duena eta Greziako herriak ere galdu duena, hau da, lehenagoko mitologia, lehenagoko monumentuak, eskulturak, pentsaera… hori guztia dago ia poema guztietan. Seferisek tesi bat zeukan eta tesi hori zen nahiz eta mendeak pasa, beti bueltatzen garela lehengora: odisea modukoa da azkenean, itzulera bat. Beti nahi du itzuli utzitako leku edo pertsona horrengana. Nostos edo itzulera hori askotan agertzen da.
Grezia hain herrialde argitsua izanik, bere poesian oso ilun azaltzen zaio.
Seferisek badauka bertso bat oso oso ederra: Greziak beti zauritzen nau. Nire ustez horrek definitzen du. Bera diplomatikoa izan zen eta alde batetik bestera ibili zen, baina beti eduki du Greziaren zauri hori, sendatu ezinik. Seferis beti mintzatzen da bere poemetan galdu den Grezia bati buruz. Hori da bere gai nagusia.
Uharka ere bere poemetan oso presente dagoen elementua da, ezta?
Bai, lehortasun horren barruan ura badagoela adierazi nahi du. Honekin lotuta, nik uste dut bere poesiaren helburu edo funtzio nagusia izan zela galdutakoa adieraztea, baina esperantza puntu batekin, itzultzeko esperantza horrekin. Esango nuke hori ez duela inoiz galdu. Gainera, bere garaian, 30eko hamarkadan, Kavafisek, Ritsosek… horiek guztiek egundoko lana egin zuten Grezia herri bezala, baita bere literatura ere, aurrera ateratzeko.
Bere egunerokoan –Días titulupean argitaratua– diplomatiko izateak sortzen zion atsekabea behin eta berriro azaltzen du, ez baitzeukan bere bizitza nahi zuen bezala bizitzeko adina dirurik.
Nik biziki gomendatzen dut liburu hori irakurtzea, oso bera da. Hor azaltzen da beti daukan borroka. Hori nik uste askori gertatzen zaigula, idatzi nahi dugu, baina beste lan bat daukagu. Berak ikusten zuen giro hori ez zela bere gustukoa. Lan bezala hartzen zuen eta kito, baina diplomatiko izateak kentzen zion bera benetan asetzen zuena egiteko denbora: idaztea.
Bere hiletan diktaduraren aurkako martxa izan zen, eta jendeak bere Ukazioa poema abestu zuen.
Bizirik zegoen bitartean Seferisek ez zuen ospe handiegirik eduki giro literarioan. Nobel Saria 63 urte zituela eman zioten. Han diktaduraren kontrako bere iritzia agertu zuen, gazteen artean ospe handia irabaziz, eta ez zuela poema bat bera ere gehiago idatziko azaldu zuen. Bera hil zenean, Mikis Theodorakisek Ukazioa poema, kontrazalean dagoena, musikatu eta ereserki bilakatu zen.
Nobel Saria jaso zuenean emandako hitzaldian Grezia modernoa eta Homerorena uztartu nahi izan zituela azaldu zuen.
Nire ustez Homero beti dago presente bere bizitzan, batez ere Odisea. Itsasoa ere askotan agertzen da, Mediterraneoa, berak hainbeste maite eta faltan botatzen duen Mediterraneo hori. Azkenean bada bidaia bat, bidaia izan daiteke espirituala, baina baita fisikoa ere, bera beti bidaiatzen ari zelako.
Estiloari dagokionez, berea ez omen da poesia abstraktua.
Oso estilo berezia dauka, adibidez, puntuazioari dagokionez. Ez du komarik ipintzen. Sintaxiak ere lan handia eman dit. Bere poesia intenporala da, beti jotzen du betiko gaietara, beti literatura klasikotik hornitzen da asko. Ez da erraza definitzen. Sinbologiak garrantzi handia dauka, dena sinboloz josita baitago eta hori ere euskarara ekartzea ez da erraza izan: berarentzat ohikoak diren sinboloak non gelditzen zaizkio irakurle euskaldunari? Dena den, saiatu naiz ahalik eta argien eta leialen ekartzen.
Adituek diote bere poesiak samintasun eta garraztasun tonu hori duela oinarri. Seferisek berak bere pertsonarekin bat zihoan zerbait zela zioen, betiereko errefuxiatu bat izatearen ondorio.
Berak min hori dauka eta etengabe adierazten du zauri hori. Azkenean bera erbesteratua izan zen eta bitarte horretan greziar asko hil ziren, gerra bortitza bizi izan baitzuten. Gainera, oso gaztea zen hori gertatu zenean, eta nik uste dut hori ez duela inoiz askatzen. Seferisek daraman min hori antzematen zaio poema guztietan.
Adituek diote beretzat sormen lana ez zela erraza.
Seferis oso zorrotza zen bere lanarekin, eta nik nahi nuen itzultzerakoan ere horrela izatea. Hau da, berak hain serio hartzen zuen bere poesia, non ez baitzuen bertso bakar bat ere edozein modutan; egun batean bost bertso lerro idazten bazituen, egun hori egun bikaina zen berarentzat, apartekoa. Hitz zehatzaren bueltan ibiltzen zen biraka. Hortaz, nik ere zorroztasun hori mantendu nahi izan dut. Hitz bat itzultzerakoan aukera ezberdinak dituzu, eta ahalik eta gehien doitzen ahalegindu naiz.
Zerorrek 2018an argitaratu zenuen lehenengo liburua.
Bai, 2018an poesia liburu bat auto-editatu nuen, Pienso luego escribo, gaztelaniaz daukadan bakarra. Gero Safo itzuli nuen euskarara grezieratik, eta Balea Zuriarekin argitaratu nuen 2020an. 2022an hiru liburu argitaratu nituen, urte oso oparoa izan zen. Batetik, argitaratu nuen Poetandreak literatura grekolatindarrean, poesia idazten zuten emakumeen itzulpena. Bestetik, Ibilbidea liburua itzuli nuen, Testu Zaharrak etxeak argitaratua. Egeria izeneko emakume baten bidaia kontatzen du liburu horrek. Egeria lehenengo emakume bidaiaria izan zen, eta berak lehenengo pertsonan idatzitako testu bat da itzuli nuena. Ibilbide luzea egin zuen Gallaeciatik Lur Santuraino, IV. mendean, eta heldu zaigun testu apur hori, ez baitzaigu osorik iritsi, itzuli nuen. Azkenik, amatasunaren inguruko saiakera bat idatzi nuen, lehenengo pertsonan, Amatu izenekoa eta, nolabait esatearren, amatasunaren inguruko kritika soziala dena.
Orain beste zerbaitetan ari zara?
Bai, beti nabil zerbaitetan. Itzulpen batekin nabil, greziarretik euskarara, baina luze joko dit. Gainera, artikuluak idazten ditut, Poesialeku webgunean ere poema liburuen erreseinak argitaratzen ditut hilero eta eleberri batekin nabil bukatu nahian, baina ezinean, denborarik ez dudalako. Eta noski, irakurtzen ere banabil, irakurtzea idaztearen zati bat baita, eta hortxe, ahal dena egiten.
Filologia klasikoa ikastea gutxik egiten duten hautua da.
Hautaketa hori egin nuen mundua kontra neukanean: denek esaten zidaten erotuta nengoela, lanik ez nuela egingo, hildako hizkuntzak zertarako, eta abar. Bada, horrek guztiak uste dut indarra eman zidala nahi nuena egiteko. Mundua kontra daukazunean ez da erraza erabakiak hartzea, zuk ere zalantza egiten duzulako. Zalantza horren barruan nik argi neukan letretatik joan nahi nuela, filologiaren bat, hispanikoa edo klasikoa. Gasteizera ate irekietara joan ginenean argi ikusi nuen eta ez daukat batere damurik. Inoiz ez naiz langabezian egon karrera amaitu nuenetik, beti izan dut lana. Berriro zerbait ikasi beharko banu, filologia klasikoa ikasiko nuke.