Habiaren babesa/ Bake operatzailea/ Aukerako ohikotasuna/ Nondik-abiatu berri bat/ Nora-itzuli atsegin bat/ Ezeren faltarik ez/ Dena bertan. Hori da Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak etxeaz egiten duen definizioa, Etxe bat norberarena liburuan (Alberdania, 2024). Etxea espazio fisikoaz harago, sormenerako baldintzak eta baliabideak bilduko dituen egoera gisara irudikatzen du Arrietak. Astia eskainiko dion toki bat, arnasa hartzeko, gogoeta egiteko eta ametsak ontzeko.
Saiakera poetiko gisara definitutako lan honetan, gai ugari harilkatu ditu egileak. Emakume idazle heldu baten testigantza jasotzen du liburuak, egunerokoaren kronikatik gertu dagoena, poetikotasunari uko egiten ez diona eta parez pare begiratzen diona errealitateari.
Virginia Woolfek duela 95 urte idatzi zuen Gela bat norberarena, eta zuk aipamen zuzena egin diozu zure liburuaren izenburuan bertan.
Hasieran ez zen hori izenburua. Etxe bat, Etxe bat nire zahartzaroari… Aukera horien artean nenbilen aurrera-atzera. Elementu eta faktore asko batu ziren liburu honen idazketa prozesuan: 60 urte bete nituen, ama zahartu eta hil zen… gauza asko gertatu ziren nire bizitzan, baina artean, etxe propiorik ez nuen. Ez naiz ari etxearen zentzu metaforikoaz, etxe fisiko batez baizik. Ez neukan halakorik. Zergatik? Orain dela bizitza erdi bat, gutxi gorabehera, hautu profesional bat egin nuelako: euskaraz sortzen jarraitzea, alegia.
Idazle izatea ez baita aberasteko bidea…
Oso zaila da ipuinetik bizitzea, lirika ez baitago modan. Dena da merkantzia, dena da kontsumoa, eta harrapatuta gaude gurpil horretan. Hala da edozein hizkuntzatan, baina, euskaraz, are latzagoa da kontua. Nik idatzi izan dut helduentzako literatura eta baita haur literatura ere (gaur egun literatura mota horri kategoriarik aitortzen ez zaion arren, baina eztabaida hori beste baterako utziko dugu), eta etxerik ez nuen. Kontua da espazio propio hori behar nuela.
Zurea izanen den etxe bat.
Hori da. Etxe propio bat nahi nuen, sortzeko, egiteko eta eragiteko. Niretzat ez da aski iluntzeetan edo desorduetan bakarrik aritzea. Urteetan ibili naiz aurrera eta atzera, hainbat tokitan idazten: liburutegietan, toki publikoetan… Azken bost urteak, adibidez, Kabienen egin ditut, Usurbilen dagoen elkarlan gune partekatu batean. Eta oso ondo egon naiz, e? Baina toki bat behar nuen niretzat propio, lan egiteko, hain zuzen, jende askori erretirorako adina heltzen zaion garaian. Hori guztia kontatu beharra zegoela sentitu nuen. Bilaketa horretan, iaz Etxe bat izeneko errezitaldi musikatua sortu genuen Peru Galbetek eta biok, eta hortik tiraka heldu zen Etxe bat norberarena izenburua ere.
Etxea espazio fisikoa da liburuan, baina beste esanahi batzuk ere baditu, ezta?
Etxea da, alde batetik, nik behar dudan leku fisiko bat idazteko, sortzeko, amets egiteko, neure erritmoan bizitzeko… Baina sinbolikoki ere, esanahi asko dauzka. Espazioa da, baina denbora ere bai. Babesa. Nire kasuan, ardatz edo lerro askok zeharkatzen dute etxe propio baten beharra: andrazkoa izatea, idazle edo sortzaile izatea, euskaraz lan egitea eta zahartzaroaren umezarora heldu izana.
Virginia Woolfek gela bat aldarrikatzen zuen norberarentzat. Zuk, berriz, etxe bat. Ehun urteren ostean, diskurtsoak eta helburuak berritzeko garaia da?
Bai. Liburuaren izenburuak lotzen gaitu duela mende bateko aldarrikapen horrekin. Woolfek eskatzen zuen espazio propio bat andrazko idazleentzat, baina baita ere, ez dezagun ahaztu, soldata bat. Nik bi gauza horiek nahi ditut nire etxean. Liburuan zera planteatzen dut: zer baratze mota behar dugu literaturari, sorkuntzari eta artegintzari erreparatzeko? Gaur egun, espaziorik ere ez diogu eskaintzen sorkuntzari, behar den bezala disfrutatzeko. Arduraz bizi dut garai hau, dena bihurtu baitzaigu eslogan huts, merkatuari begira. Emozioen izena, emozioen kudeaketa, sormena bera… Zer garrantzia ematen zaio, esate baterako, irakurketari? Eta haurrentzako literaturari? Eskoletan zer toki dute hitzek, emozioek eta enpatiak? Ez dugu denbora hartzen ereiteko, landatzeko eta baratzea zaintzeko. Denbora eta patxada behar ditugu irakurtzeko eta sortutakoaz disfrutatzeko, hori ere badelako birsortze bat. Arnasa behar dugu, bestela ito egingo baikara. Eta hori guztia bermatzeko, gela bat ez da nahikoa.
Zer behar da?
Mende bat igaro da Virginia Woolfek hori aldarrikatu zuenetik, eta gauza asko konpondu ditugu, baina oraindik orain, hau ez da behar dugun bizimodua. Eta neurri handi batean ez da kulpa kontua, e? Ez naiz ari erruak partitzen, baina onartu behar dugu gurea dela eredu patriarkal merkantilista batek ezarritako sistema, eta denok garela horren biktima, bai andrazkoak bai gizonezkoak. Emakumeok ari gara geure lana egiten hori aldatzeko, eta gizonek ere egin beharko duzue.
“Hasierarekin lotzen duten laurogei amandreak mahaiaren bueltan eseri zaizkio, goizaldean, denak batera berbetan, noka eta bizkaiera zaharrean. Nagusiek diote hormetan utzi dutela arrastoa: leku bat munduan. Ertainek, eskulanetan agertu zutela nahia: norbera habitatzea. Gazteak bat datoz: besteak aurrena eta norbera noiz?”. Transmisioaz, oinordetzaz eta genealogia feministaz mintzo zara liburuan.
Bai, badago ‘ni’-tik ‘gu’-ra joateko asmo bat. Norberarengandik hasita, esparru sozialera edo kolektibora jotzeko nahia. Puntu sozial eta kultural horren bila ibili naiz. Nik maite ditut nire tribua, nire herria, nire hizkuntza, nire etxea, aita-ama, amandre guztiak… Transmisioan, memorian bezala, beti sumatzen da afektu hori, baina, era berean, kritikotasun eta aldarrikapen puntu bat ere badago. Aurreko belaunaldiengandik jasotako guzti-guztiak ez dit balio gaur egun. Jasotako hori galbahe batetik pasarazi behar dugu une oro: zerk balio dit orain? Zerk ez? Zer hartuko dut eta zerk egiten dit traba? Oinordetzan jasotako printzipio, pentsamolde eta balio horiek aztertzea eta balio diguna soilik hartzea da prozesu bat, mudantza baten antzekoa.
Etxearen metaforarekin bat egiten du horrek ere.
Hori da. Etxe batetik bestera mugitzean, gordeta dituzun traste guztiak ez zaizkizu kutxetan sartuko, eta beharrezkoa soilik hartu beharko duzu. Eta zure etxe berrian, lekua egin beharko duzu, gauza berriak sartu ahal izateko. Ganbaran zenituen gauza batzuk botako dituzu, beste batzuk oparitu… eta agian, ezkutuan izan duzun objekturen bati hautsa kendu eta aurrean jarri nahiko duzu, oinarrizko printzipio moduan.
Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea nobelan (Pamiela, 2022), zure liburuan bezala, adinaren eta zahartzearen gaia azaltzen da, abiapuntutzat hartuta etxearen kontzeptua. Badirudi bi liburuek elkarri hitz egiten diotela nolabait. Bai, Arantxak jorratu izan du gaia, eta Mari Luz Estebanek ere bai, Andrezaharraren manifestuan (Pamiela, 2019). Eta ez da kointzidentzia hutsa. Guk gai hori kontatzen dugu pil-pilean dagoelako. Jende asko dago bere bizitza osoan lan egin duena oso aktiboki eta orain erretiro adinean dagoena, eta ederki iruditzen zait atseden hartu nahi izatea. Baina horrek ez du esan nahi jada bizitza aktibotik apartatu behar dugunik. Ez jarri niri “zahar” etiketa, horrek duen karga guztiarekin. Subjektu aktiboa naiz, eta bizi naizen artean, hemen egon nahi dut. Hogei urteko pertsona bat ni baino zaharragoa izan daiteke barrutik, etsituta dagoelako, ez duelako ahalmenik gauzak beste era batera irudikatzeko, edo ez duelako bere burua gai ikusten ezer aldarrikatzeko edo ekarpenik egiteko. Arantxak, Mari Luzek eta nik neuk, beste hainbat egilek bezala, auzitan jartzen dugu begi aurrean duguna, eta zera esaten dugu: hau ez dela bidea; ez dugula bizimodu hau nahi, ez guretzat ez gure seme-alabentzat edo ilobentzat; ez gaudela ados gerra hauekin eta bultzatzen dituztenekin; onartezina dela 60 urtera iristea etxerik izan gabe; eta euskal letrei dagokionez ere, nazkatuta gaudela egonkortasunik ezaz eta gazteekin lehiatu beharraz.
Gazteekin lehiatu beharraz?
Patxi Zubizarretak ederki azaldu zuen: tristea da gero, gure adinean, literatur lehiaketetara edo beketara aurkeztu behar izatea, gu baino 20, 30 edo 40 urte gazteago direnekin, sektore honetan ez zaigulako beste biderik eskaintzen. Ez dut esan nahi zaharrak izateagatik alfonbra gorria jarri behar digutenik, inondik inora ere ez. Baina nik bizitza erdia daramat honetan, eta ez dut ezer. Irauten ari gara. Esaten digute gauzak horrela daudela, baina bizirik gauden artean, guk galderak egin behar ditugu, aldarrikatu eta egoera aldatzen saiatu.
Nola ikusten duzu literaturaren sektorea?
Une honetan, irudimena dago merkatuaren menpe. Modak eta merkatuak hartua dago dena. Literatura, artea eta kultura produktu eta eslogan bihurtzen dituzte. Eduki hutsak dira denak. Eta horrela gabiltza gu geu ere, sistema horretan murgilduta. Liburu pila bat ateratzen dira, baina ez dugu irakurtzeko denborarik ere. Falta da lehen aipatzen nuen baratzea: irakurtzea, patxada hartzea, hausnartzea, komentatzea… Literatura egin eta eragin behar da, baina gero zaindu egin behar dugu egindakoa. Bestela, kulturak arriskua du ikuskizun huts bihurtzeko. Orain, adibidez, helburu bakarra omen da liburuak entretenigarriak izatea. Nik ez dut inor entretenitu nahi, ezta inork ni entretenitzerik ere. Gauza ederrak idazten edo irakurtzen ari garen bitartean oso entretenituta egon gaitezke, baina niretzat, literaturaren helburua ez da hori. Niretzat, idaztea da bilaketa bat: hitzen bitartez, sentsazio bat edo gogoeta bat gorpuzten saiatzea. Hori baino ederragorik ez dago. Eta filosofia hori eraman nahi nuke hezkuntzaren sektorera ere.
Nola?
Haur eta gazteek esperimentatu dezatela zer den gelditzea, lasai egotea, entzutea eta pentsatzea. Haur eskoletan, gaur egun, umeak egon daitezke aktibo, jolas betean, edo lo. Ez dago erdibiderik. Eta XXI. mendean hau esaten ibili beharra ere… Bermatuta egon beharko luke lasaitasunak. Baina ez dago. Hain azkar goaz, ezen arnasestuka ibiltzen baikara, kontsumo gizarte honen bulkaden artean. Sormenak eta literaturak ere hori behar dute: astia, pentsamendu kritikoa, espazio seguru bat hitz egiteko eta kontatzeko… Hori da etxea, finean: mundua ikusteko modu bat.