‘Enplego zoriontsuago bat’ ikuskizunean Gabriel Arestiren kantak eta poemak aurkeztu dituzte Iñigo Astizek eta Eñaut Elorrietak Euskal Herriko hainbat lekutan. Arestiren poesiak bizi-bizirik dirau bera hil eta 50 urtera. Emanaldiek agerian utzi dituzte idazle eta poeta bilbotarraren aurpegi ezberdinak eta paradoxak.
Lagun minak diren arren, galdera bat airean geratu da: ez dakite ondo noiz ezagutu zuten elkar. Eñaut Elorrietak (Gernika, 1975) BBK aretoan eskaini zuen kontzertu batean izan zen akaso? Prentsaurreko batean? Argi dagoena da musika izan zela abiapuntua eta ondoren hasi zela mamitzen adiskidetasuna. Guztiz logikoa da, gainera, idazle izateaz gainera, Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) Berria egunkariko kultura arloko kazetaria ere bai baita. “Elkarrizketa zuk egingo zenuela abisatu zidaten eta ez dakit kontzertuaren kronika ere zuk ez ote zenuen egin”, gogoratu du Elorrietak. Googleatu azkar batek zenbait pista eman dizkio Astizi, zalantzak uxatuz: “Ez dago misteriorik herri honetan… Hemen da, 2013an nik sinatutako artikulu bat badago. Oso gazte zaude! Baina, zintzoki esanda, ez dakit noiz ezagutu genuen elkar”.
Bien bideak aurten elkartu dira Enplego zoriontsuago bat ekimen literario-musikalari esker. 2024ko lehen hilabeteetan Euskal Herriko hainbat herritan izan dira (Elgoibar, Laudio, Arrasate, Bilbo eta Iruñea, besteak beste) eta Gabriel Arestiren poemak irakurri eta abestu dituzte. Ez dute emanaldi gehiagorik aurreikusita, oraingoz behintzat. “Niri gustatuko litzaidake jarraitzea. Ea elkarrizketa honi esker bizpahiru emanaldi lortzen ditugun. Emango dizugu komisio bat!”, dio txantxetan musikariak. “Aresti dago garesti!” Nahiko merkatu zaila eta estua da hau”, adierazi du Astizek.
Gabriel Aresti 1933ko urriaren 14an jaio zen Bilbon, Barroeta Aldamar kaleko 2.ean. Plaka oroigarri batek gogorarazten du non bizi izan zen zehatz-mehatz. Euskara batuaren aldeko lan handia egin zuen Arestik eta euskal literaturaren berritzaile nagusietako bat izan zen XX. mendean. Poesia modernoa jorratu zuen gehienbat bere ibilbide oparoan: Maldan Behera, Harri eta Herri, Euskal Harria, Zuzenbide Debekatua… Jaiotzaren 90. urtemugaren harira hainbat ekimen pilatu da Arestiren obraren inguruan. Elorriagak eta Astizek osatutako tandemak tinko defendatzen ditu olerkariaren ertz, paradoxa eta kontraesanak. Arestik beti izan du polemiko fama.
Lorca, Rembrandt, The Beatles, Aresti bera… Artean eta kulturan behin eta berriz itzultzen gara klasikoetara erreferenteak behar ditugulako? Zergatik botatzen dugu begirada atzera?
Iñigo Astiz: Emankortasuna da hor hitz egokia. Nik uste dut termino artistikoetan oso emankorra izan dela eta horregatik gabiltzala denok Arestirekin bueltak ematen. Ez da errentagarria delako, baina erakargarria bada. Ekonomikoki ez da bideragarria, bestelakoa da izan zuen ekarpena… Ekonomiaz asko hitz egiten ari naiz baina, hain justu ere, kontra.
Eñaut Elorrieta: Inportantea da, Iñigo.
I.A.: Arestiren obra ez da hain zabala baina oso sakona da eta, beste klasikoen kasuan bezala, beti dago haiei begirada berri bat emateko aukera. Klasikoak bihurtu diren lan batzuk gai dira garai oso baten gatazka, tentsio eta ezinegon guztiak destilatzeko eta kondentsatzeko. Hori guztia pilatuta duten obretan errekonozitzen duzu zure burua eta, benetan, haiengana bueltatzen zara zure buruaz aritzeko. Arestiren kasuan argi eta garbi ikusten dut nik. Beregana bueltatzen naizen aldiro, gaur egungo sasoiaren ispilua ikusten dut, eta horregatik da emankorra. Gainera, bere apustua arriskatua izan zen bai linguistikoki, garai hartan ezarrita ez zegoen euskara batua bultzatu zuelako bere testuen bidez, baita politikoki ere: gatazka guztietan sartu zen buruz salto eginda eta leporaino murgildu zen. Altxor bat da Aresti. Beraz, klasikoetara bueltatzen zara estudiatzera.
E.E.: Orokorrago esanda, eta musikan behintzat, klasikoek oinarri edo euskarri bat ematen digute ziurgabetasunean. Konturatzen zara ez dagoela leku ziurrik eta ez dagoela ezer eztabaidaezinik eta, seguru asko, leku amankomun gutxi daude agian norberak bere ikuspegi propioa duelako. Nik Arestiren letra erabili nuen Deserriko kantak diskoan (Nire aitaren etxea abestian) eta begira zer nolako poema puska den. Ken Zazpi itxi nuen garaian Arestirengana jo nuen, kezka artistiko eta kuriositate batez gain, nire ziurgabetasunak bultzatuta segurtasun eta babes bila.
Hitz gutxitan esanda, Enplego zoriontsuago bat proiektuaren helburu nagusia Gabriel Arestiren legatua gaur egunera ekartzea izan liteke?
I.A.: Eñautek Arestiri buruzko emanaldi bat proposatzeko deitu zidanean, bertigo handia sentitu nuen. Zein da bere legatua? Euskara batua izan daiteke. Horren alde Arestik egin zuen lana ez dago zalantzan jartzerik, jende guztiak aitortzen du, baina nire buruari esplikatu behar izan nion nor zen niretzat. Hau da, Arestiri buruzko kontakizun asko daude eta haietako batzuk oso urardotuak dira: figura epiko eta heroiko bat, euskara salbatzen lagundu zuena eta Bilbon euskara sustatu zuena. Txalo zaparrada, eta denok pozik. Ez dauka ertzik. Arantzarik gabeko Aresti bat da hori, eta bere legatua berreskuratzeko ideiaren aurrean oso problematikoa egiten zitzaidan Arestiren figura erraz hori aldarrikatzea.
Bertigoa sentiarazi zizula esan duzu.
I.A.: Bai, kasik Eñauti ezetz esateraino. Ikuskizunean esaten dugun bezala, ez nuen Arestiren souvenirizazioarekin kolaboratu nahi. Ez nuen ertzik gabeko kontsumorako produktu bat egin nahi. Hori zen ezinegonik handiena eragiten zidan kontua, eta zentrora eramatea erabaki genuen. Niretzat erakargarria den Aresti oso izaki koplexua da. Ertzez, arantzaz, eztenez eta kontraesanez beteta dago eta, batzuetan, desadostasuna pizten didaten alderdiak ditu. Moldetik kanpo dagoen Aresti aldarrikatzea zen nire ideia. Gogora dezagun deserosoa izan zela eta gaur egun ere Aresti errezitatzea ez dela erraza. Bera irakurraraztea da ariketarik interesgarriena, baina ez normalean irakurtzen ditugun poemak. Mingaina automatismoan sartzen da eta irakurri gabe irakurtzen duzu. Iruditzen zait bere figurarekiko ariketarik justuena Aresti problematiko bat erakustea dela. Ezin nuen Aresti etxekotu bat aurkeztu.
Aresti konplexu eta deseroso horrekin jaso duzuen feedbacka nolakoa izan da?
I.A.: Nik uste dut jendeak eskertu egin duela. Hasieran ezinegona edo, agian, beldurra senti dezakete, baina askatzailea da. Gatazka bat dagoenean eta hori plazaratzea lortzen duzunean, debatea sortu eta gogoeta piztu, jendeari on egiten dio. Beharrezkoa zen mingarri diren pasarte batzuk berreskuratzea. Superheroiaren kapa kendu diogu eta pertsona konplexu eta problematiko bat ere bazela erakutsi nahi izan dugu. Txaloak jaso eta publikoak disfruta dezan nahi dugu, baina baita tarteka ipurdiak estutzea eta uneoro ongi eta alai ez egotea ere. Ez dugu beste munduko ezer egin, baina jendeak eskertu digu.
Zehazki zer esan dizuete emanaldietan?
I.A.: Adibidez, abertzaletasunaren eta ezkertiartasunaren arteko kontinuum edo korapilo horretan jendeak oraindik zauri biziak ditu, 70eko hamarkadatik 2024ra. Sekulako tentsio sozialak zeuden. Hasieran min egin dezake, baina gero horri buruz lagun artean hitz egitea ona izan dela uste dut. Gogoratzen dut Iruñeko emanalditik pertsona bat etorri zena baino hobeki joan zela etxera…
E.E.: [Barre algarak].
I.A.: Testua momentu batean gogoratzen dugu Arestiri espainolista izatea egozten zitzaiola. Hitzaldi batzuetan “espainolista!” oihukatzen zioten eta, noski, Franco bizirik zegoenez ezin zuen eraso hura publikoki erantzun. Meli Esteban bere emazte zenak kontatzen du askotan hitzaldiak bukatu ondoren botaka egiten zuela ezinegon horregatik. 12 urte zituenetik itsasoan lan egin duen pertsona bati burges txikia esaten zion Arestiren inguruko jendeak, eta gurekin bizi den pertsona horrek oraindik haien memoria oso presente zuen. Guregana gerturatu eta esan zigun: “Jakizue, hurrengoan esan dezazuen, Arestiren ingurukoek niri zer esaten zidaten”.
Zergatik jarraitzen dute, bada, oraindik hemen 1975eko borroka zaharrek? Uste baino gutxiago aldatu al dira gauzak justizia sozialaren, genero-berdintasunaren edota euskararen arloan?
E.E.: Ezin da ukatu alor askotan aurrera egin dugula, baina nire sentsazioa da beste esparru batzuetan atzeraka goazela, euskararen aurkako erasoekin, adibidez. Bizi-bizirik dauden gaiak dira horiek guztiak gazteen artean: abertzaletasuna, euskara, ezkerraren papera… Beharbada beste modu batera formulatzen dira eta beste geruza batzuk izan ditzakete, baina funtsean debatea oso antzekoa da.
I.A.: Ez dakit Arestik genero-berdintasunaren borroka bereziki aldarrikatu zuen, sinplifikatzea izango da agian, baina seguru justizia sozialaren alde egin zuela lan. Desberdintasun sozial eta ekonomikoen diagnosiaren salaketa ondo egina badago eta zehatza bada, zintzoa, balio du bestelako injustizia batzuk salatzeko. Keinuak berak badu indarra. Bidegabekeriarik gabeko gizarterik ez dago eta, ondorioz, erraza da bidegabekeria salatu duten autoreek gaurkotasuna izatea. Anariren azken diskoan, hain justu, abesti batek kontatzen du nola doan trenean banaketa enpresa batean lan egiten duen pertsona bat bere motxilarekin. Munduaren injustizia zentimetro karratu gutxitan irudika daiteke. Arestik seinalatu zuen euskararen zapalketa oso presente dago. Ni Erandion bizi naiz, euskaraz bizitzen saiatzen naiz eta ez dakit nola esan… Izango dira 40 urte erakunde autonomikoak sortu zirela baina, sakonean, horren azpian dagoen materia berbera da: hizkuntza bat hegemonikoa da eta bestea, ez. Hori ez da aldatu. Euskaraz bizitzea Bilbon edo Erandion ekintza gatazkatsu eta aldarrikatzaile bat da.
Emanaldiak aurrera joan ahala Arestiren ezkutuko alderen bat ezagutu duzue?
E.E.: Iñigori esker asko aberastu da nire ezagutza. Arestirekiko ikuspegia zabaldu eta asko aldatu zait. Iñigok emanaldian aipatzen du, adibidez, abeslariok ez ditugula Arestiren parentesiak kantatu. Denok saihestu ditugu ez zitzaigulako komeni horri aurre egitea. Ez zitzaigunez komeni, ez dugu gehiegi erreparatu galtzen ari ginen horretan.
I.A.: Emanaldian esaten dugu: nola kantatzen da parentesi bat? Kontrako norabidean doazen bi tren dira kantua eta parentesia, eta nik ezkutuko Aresti problematikoa azaldu nahi nuenez, ariketetako bat izan da kantatzeko problematikoa zen Aresti hori ere plazaratzea. Arestiren poemetan dauden parentesietan egonezinak kantutik kanpo geratzen dira, plazatik kanpo.
E.E.: Asko humanizatzen da Aresti, bere ertzak ikusten baitizkiozu. Modu horretan asko enpatizatu dezakezu, denok ditugulako gure ertzak eta kontraesanak, kezkak eta gatazkak. Autore bati hori bera ikusten diozunean errazago iristen zaizu eta ulertzen duzu.
I.A.: Arestiren ezaugarririk erakargarriena bi eskala horiek dira: testu berean mantentzen ditu alde epikoa eta intimoa, eta horregatik da klasiko bat.
E.E.: [Barreak]. Gainera, garai hartan inportanteena kolektiboa zen eta zentroan ipintzen zen. Indibidualitatea ezabatu egiten zen. Ikuspuntu horretatik oso interesgarria da Aresti.
I.A.: Baita problematikoa ere. Datu franko ikasi ditugu berari buruz eta ikerketa sakona egin dugu; zenbat kanta zentsuratu zizkioten, adibidez, Oskorriri frankismo garaian. Joxepa Mendizabal Zaldibian poemak Rolando kafetegiko atentatuarekin du lotura, eta hori ez da gauza abstraktu bat; kasu zehatz batean oinarrituta dagoen testua da eta, era berean, poema denboragabe bat da.
E.E.: Zenbatek musikatu duten Aresti. Batzuk oso ezagunak dira baina beste batzuk ez hainbeste; nik, nehintzat, ez nituen ezagutzen. Atahualpa Yupanqui musikari argentinarraren zenbait olerki itzuli zizkion Maite Iridini Arestik, eta hari eskaini zion lehenengo aldiz Nire aitaren etxea kantatzeko aukera.
I.A.: Eta Maite Iridinek, 1975eko urrian, Txiki eta Otaegi fusilatu ostean eta, noski, Aresti hil ondoren (ekainean hil zen), poema horren letra moldatu zuen. Nire amaren etxea jo zuen mugimendu feministak Hendaian antolatu zuen manifestaldi antifaxista batean, Arantza Santestebanek artikulu batean esan zuen bezala, “erregimen frankistaren gehiegikeriak ozen salatzeko”. Pentsa zenbat bueltan ematen dituen bizitzak!
Poesia mailu batekin konparatzen zuen Arestik, euskaldunen kontzientzia lokartua kolpatu eta iratzarri nahi zuelako. Gaur egungo gizartea aldatzeko arma youtuber bihurtzea da?
I.A.: Armarik gabeko gizarte bat imajinatu beharko genuke horretarako, konfrontazio belikotik harago doan gizarte bat, denontzat den bizitza bizigarri bat. Niretzat hori izango litzateke gaur egungo mundua aldatzea, kontrako norabidean goazelako zuzenean. Beldurtuta entzuten ditut albisteak. Arestik Vietnamgo gerrari buruz eskutitz eder bat idatzi zion Atxagari. Nik egunero entzuten ditudan albisteetan gerrak daude, eta gorantz doaz. Zenbat bortizkeria dagoen. Logika horiek guztiak suntsitu behar dira logika aldaketa ez-beliko batetik. Oso John Lenon geratu zait…
Peace & Love!
I.A.: Eta justice. Berak ez zuen hori esaten baina bakea eta amodioa lortzeko justizia ezinbestekoa da.
E.E.: Goizero albisteak irakurtzea eta komunikabide batekoak bestekoekin konparatzea gustatzen zait, eta dagoen gaininformazioarekin oso zaila da ondo informatuta egotea. Prentsa librea eta ausarta behar dugu eta hori bera interneten aurkitzea ez da batere erraza. Niri zaila egiten zait gai zehatz batzuen inguruan informatuta egotea, esaterako Venezuelan edo Ukrainan zer gertatzen ari den jakitea.
Sonatua izan zen bere garaian Arestik Oteizari egindako kritika: arte elitista lantzea leporatu zion. Artea herriarentzat egin behar al da?
I.A.: ‘Zertarako’ bat behar du arteak? Arestik esaten zuen poesia mailu bat dela eta bada, gutxi gorabehera. Artearen eragin indarra, hain zuzen ere, erabat zehaztuta ez dagoen funtzio bat betetzean dago. Funtzio zehatz bat betetzen duen artea mailu bat bezain erabilgarria da: iltze bat jo dezake baina, agian, beste gauza asko jotzeko eta etorkizunean erabilgarria izateko beste mota bateko artea behar dugu. Arteari funtzionalitate zehatz bat ematen diogunean, indartu baino ahuldu egiten dugu maiz.