Bego Montorio: “Erronka ezin ederragoa da komikien hizkera bizia euskarara ekartzea”

0

Iraganera egin dute bidaia Paco Roca komikigileak eta Rodrigo Terrasa kazetariak, Ahanzturaren leizea liburuan (Astiberri, 2024). Frankismo garaian fusilatutako eta hobi komunetan lurperatutakoen arrastoak berreskuratzeaz arduratu diren senideen eta boluntarioen historia orokorra kontatzen dute, hiru lagunen kontakizun errealetatik abiatuta. Rocaren beste bi lanetan bezala, Bego Montorio (Bilbo, 1959) arduratu da testua euskarara ekartzeaz. Gertu sentitu du Montoriok liburuan azaltzen den errealitatea, eta prozesuaren nondik norakoak aletu ditu.

Zer da zuretzat Ahanzturaren leizea?
Labur konta liteke liburuaren argumentua, baina azalean geldituko ginateke. Hainbeste du kontatzeko liburu honek! Gerra Zibilean hildakoez ez, gerra bukatu ondoren asasinatu zituztenez ari da liburua; hobi komunetan lurperatu zituzten horiek berreskuratzeko prozesuaz. Zehazki, liburuan kontatzen da Paternako (Valentzia, Espainia) kasu bat: hango hilerri ofizialaren azpian, 2.000tik gora gorpu daude lurperatuta hobi komunetan. Protagonistetako bat da Pepica Celda. Haren aita, Jose Celda nekazaria, gerraostean hil zuten, eta bizitza osoa borrokan eman ostean, emakumeak 80tik gora urterekin lortu zuen aitaren gorpuzkiak berreskuratzea eta behar bezala lurperatzea. Beste protagonistetako bat da Leoncio Badia irakasle errepublikarra. Frankistek behartu zuten hobiratzaile lanetan aritzera, eta saiatu zen hildakoen nortasuna nolabait gordetzen. Fusilatu bakoitzaren elementuren bat uzten zuen hilobietan, noizbait inork aurkituko zuen esperantzarekin: botilatxo bat, ile xerlo batzuk, izen-deiturak idatzita zituen papertxo bat… Rodrigo Terrasa kazetariak izan zuen historia horien berri, eta Paco Rocari proposatu zion komikia egitea.

Historia txikietatik eta pertsonaletatik abiatuta, istorio handiak josteko trebezia baitu Rocak…
Hala da, eta horrez gain, iruditzen zait baduela gaitasun handia, hitzez harago, gauzak iruditan kontatzeko. Erabiltzen ditu estilo ezberdinak, koloreen erabilera oso espresiboa, enfokeak… Hitzez esan gabe ere, asko kontatzen du. Denbora luzea eman dezakezu orri bakar bati begira, eta konturatuko zara mundu oso bat dagoela hor. Liburuaren azaleko irudia bera: nola ari diren hildako guztiak beren kabuz hobitik ateratzen… Ze irudi ederra, eta zenbat esaten duen, istant bakar batean.

Hurbil sentitzen da liburua. Ahanzturaren leizea girotua dago Paternan, baina izan zitekeen Cadreita, Tafalla edo Euskal Herriko beste edozein herri, ezta?
Bai. Pepica Celda asko izan ditugu Euskal Herrian baina, zoritxarrez, pixkanaka ari zaizkigu hiltzen. Eta, haiekin batera, badoa gure historiaren puska bat ere. Liburuan agertzen den herria ederki asko izan zitekeen Nafarroako edozein herri ere. Halako milaka kasu ditugu oso gertu, historia hori oso geurea delako ere.

Ahanzturaren leizea itzultzen hasi aurretik ere, bazenuen eskarmentua Paco Rocaren lanekin…
Bai, euskarara ekarritako beste biak, Zimurrak (Astiberri, 2014) eta Etxea (Astiberri, 2024), neuk itzuliak dira. Horregatik, galdetu zidatennean ea beste hau ere itzuliko ote nuen, nire erantzuna izan zen “bai!” borobil bat. Lanari eta familiari dagokionez, hura ez zen niretzako unerik egokiena, baina ezin nuen pasatzen utzi hain lan ederra euskaratzeko aukera.

Zer nabarmenduko zenuke Rocaren lanetatik?
Ezin hobeki erabiltzen dituela komikiaren hizkera eta baliabide propioak. Istorioak kontatzeko aukera ugari eskaintzen ditu komikigintzak, eta horiek denak darabiltza oso modu ederrean. Fikzioa eta errealitatea uztartzeko modua ere bai. Adibidez, Ahanzturaren leizea-k badu dokumentaletik asko, baina benetan existitu ziren pertsona horiek nola fikzionatu dituen, hori oso interesgarria iruditu zait. Rocak ez zituen inoiz ezagutu, eta ez dago euren bizitzaren testigantzarik edo dokumenturik, baina ederki eraiki ditu pertsonaia horiek liburuan. Benetakotasun handia eman die. Era berean, ziur naiz Etxea irakurri dutenek ere beren familiaren ezaugarriren bat topatuko zutela liburu horretan. Izan neba-arreben arteko harremanak, izan gurasoekikoak… Maite dut nola eraikitzen duen fikzioa errealitate ezagun baten gainean, eta alderantziz ere, nolako sinesgarritasuna ematen dion asmatutakoari.

Oso poetikoa da, eguneroko elementuak baliatuta. Hori aintzat hartzen al duzu itzulpena egiteko tenorean?
Saiatu saiatzen naiz, behintzat. Horretarako, gainera, komikien itzulpengintzak badu gauza oso on bat: hortxe dituzula irudiak. Askotan, marrazkiek dute indar osoa, eta oso lagungarri dira, ez dutelako azalpen gehiago behar. Dena dela, itzultzaileok saiatzen gara egileek jatorrizkoan erabilitako tonuari eusten, ñabardurak mantentzen… Mugak ere baditugu, noski.

Zeintzuk?
Agian kontu hau oso teknikoa da eta, kanpotik begiratuta, inork gutxik erreparatuko dio, baina traba handia izan daiteke hitzak mugatzera tarte jakin batera: bunbuiloaren espaziora, alegia. Hizkuntza batetik bestera asko aldatzen da esaldien luzera, eta, askotan, buelta ugari eman behar ditugu jatorrizkoaren tonuari eusteko, bunbuiloaren zuriunean kabituta. Literatur itzulpenetan libreago dabil itzultzailea, eta euskarazko bertsioak lerro bat gehiago hartzen baldin badu, ez du gehiegi axola. Komikian, ez. Erronka bat da, baina erronka polita, hala ere.

Harremanetan izan al zara Paco Rocarekin?
Zuzenean, ez. 2020. urtean, ekitaldi bat antolatu zuten Madrilen, komiki kongresu baten barruan: bertan elkartzekoak ginen Paco Roca eta bere lanen zenbait itzultzaile, baina tamalez, pandemia betean ginenez, ezin izan zen aurrez aurre egin. Topaketa birtuala egin genuen azkenean. Hortaz, pantailaren bestaldetik soilik ezagutu ahal izan nuen Roca, eta pena horrekin geratu nintzen.

Eta bere lanak itzultzeko garaian ez duzu harekin hitz egin?
Harekin zuzenean ez. Harreman joriagoa dut bere editoreekin. Beste kultura bateko lan bat euskaratu behar duzunean, akaso beharko diozu egileari kontsultatu, baina Paco Rocaren eta, batez ere, Ahanzturaren leizea-ren kasuan, gaia berea bezain gurea da. Itzulpenean planteatu zitzaizkidan arazoak izan ziren editoreekin komentatzeko modukoak. Esate baterako: liburuko pertsonai batek jarritako kartel batzuk euskaratu ala ez. Hasieran euskaratu genituen, baina gero pentsatu genuen, istorioaren testuinguru historikoa aintzat hartuta, zentzu gehiago zuela kartel horiek gaztelaniaz uztea. Beste duda bat: saca hitza. Hori euskaratu behar da? Bilatu behar zaio euskarazko baliokiderik? Bada, halako zalantzak izaten dira jendeak planteatu ere egiten ez dituenak, baina itzultzaileon begietara salto egiten digutenak eta dokumentazio lan handia eskatzen dutenak.

Liburuaren izenburuarekin ere izan zenuen zalantzarik, ezta?
Bai, buruhaustea izan zen hori ere. Nik bukaerarako utzi ohi dut izenburua, askotan oso agerikoa izan arren. Kasu honetan, liburua irakurri gabe, “El abismo de…” ikusi eta berehala burura etorri zitzaidan hitza izan zen amildegi. Kitto. Erraza, ezta? Baina gero liburua irakurtzen duzu, eta ohartzen zara izenburuan aipatzen duen hori ez dela amildegi bat. Eta jotzen duzu Orotarikora eta beste hiztegi batzuetara, ea ze aukera baliatu ditzakezun. Atzera-aurrera ibili nintzen denbora luzez, erabakia hartu aurretik. Azkenerako, nahiko konbentzituta nengoen Ahanzturaren leizea behar zuela, zuloaren irudia presente baitago liburu osoan. Leize sakon eta ilun bat.

Paco Rocaren lanez gain, beste hainbat eleberri grafiko euskaratu dituzu. Istorioak kontatzeko forma hori maite duzula, alegia…
Bai. Komiki zalea izan naiz txiki-txikitatik. Gure etxean ia igandero erosten ziguten tebeo bana, eta maite nituen halakoak. Eta itzultzaileok, normalean, gustuko dugun hori itzuli nahi izaten dugu. Batez ere, sormen lanak badira. Astiberri argitaletxeak oso saio serioa egin du helduentzako eta gazteentzako literatura grafikoa euskarara ekartzeko. Horren aurretik, baina, nik jada itzuliak nituen lantxo solte batzuk. “Ai, ze ondo, komiki bat!”, pentsatzen nuen, halako bat egokitzen zitzaidan aldiro. Hortaz, Astiberrik erronka jo zuenean, oso-oso gustura heldu nion.

Komikiak prestigioa lortu du azken urte eta hamarkadetan. Hori ere nabaritu da Euskal Herriko argitaletxeen artean, ezta?
Zalantzarik gabe. Orain gutxira arte, komikia zen umeentzako eta barre egiteko zerbait. Hori zen zabalduta zegoen iritzia. Jende askok gaztetan irakurriak zituen Asterix edo Mortadelo, baina hortik aurrera, irakurzaletasunari eusten bazioten ere, bazter uzten zituen komikiak. Azken urteetan, badirudi eragina izan duela nobela grafiko izendapenak, eta ospe moduko bat eman diola, nahiz eta hori ere eztabaidagarri izan. Nik neuk ere zalantzak ditut izendapen horrekin, baina tira, onartu behar da beste maila bat lortu duela komikiak, eta irakurle gehiago irabazi dituela. Eta hori oso onuragarria dela.

Euskararentzat ere ona da sektorea indartzea?
Bai, noski. Oso pozgarria izaten ari da bilakaera: azken urteetan, inoiz baino komiki gehiago euskaratu dira helduentzat, eta irakurleen esparrua zabaldu da. Niretzat, plazera da komikiez disfrutatzea, eta are plazer handiagoa, besteek ere horrekin gozatzea. Eta itzultzaile naizen aldetik, erronka ezin ederragoa da komikien hizkera bizia euskarara ekartzea. Koldo Izagirrek itzulitako Zerocalcare, adibidez, sekulakoa da. Nola itzuli duen jatorrizkoaren hizkera kaletiarra, lagunartekoa eta zuzena. Euskarak ere behar ditu halakoak: esamolde jakin batzuk eguneratzea, gaur egungo kaleko hizkeraren esparrura eramatea eta zabaltzen laguntzea… Gaztetxoentzat, bereziki, oso garrantzitsua da halako erreferenteak euskaraz ere eskuragai izatea. Eta irakurzaletasuna sustatzeko bide bikaina da, gainera!

Ba al duzu beste proiekturik esku artean?
Oraintxe ari naiz haur eta gazteentzako komiki bat itzultzen: Biga sailaren zortzigarren liburukia. Orain aipatzen ari ginenaren ildotik, honek ere baditu hitz-joko eta esamolde ugari, eta erronka polita izaten ari da horiek euskaratzea. Aurrekoa ere halaxe izan zen: muskuilu batzuk ageri ziren hondartza batean, Baudelaireren poemak errezitatzen. Joan eta hartuzank! Haurrentzako komikiak inozoak direla uste duten guztientzat.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments