Harkaitz Canok (Lasarte-Oria, 1975) eta Lorena Martinezek (Irun, 1973) Zer demontre dago aulkien azpian? (Pamiela) liburua argitaratu zuten joan den urtean, hitzak eta irudiak uztartzen dituen lana. IBBY erakundeak 2018ko IBBYren Ohorezko Zerrendan sartu berri du. Ilustrazio liburu askorekin gertatu ohi den bezala, lan horrek liburu-denda batean topa ditzakegun sailkapenak ahaztera behartzen gaitu, bertako 23 narrazio laburrek eta horiekin batera doazen irudiek beraien lana egin dezaten, beste geruza bateko ateak behar bezala irekiz.
Liburua ireki eta lehenengo ipuinaren barruan honen zentzua hobeto ulertzeko giltza emango digun esaldia azaltzen da. “Eta orduan amak jaka jantzi zidan, ez elurra egiteko itxura zuelako, baizik eta elurra egin zezan”. César Vallejoren hitzak dira horiek eta, Harkaitz Canoren ustez, logika iraultzeko modu bat da. “Esateko, mundua bada ni gabe ere eta izango da. Baina gizakiarentzat hori onartzea eta hori presente izatea beti oso gogorra da. Vallejoren zita hori asko gustatzen zait horregatik, nolabait pentsarazten digulako gure borondateak, goizean janzten dugun arropak, gure superstizioak, baldosa beltzak ez zapaltzea… horrek guztiak bere eragina duela. Hori da gizaki egiten gaituena: istorioak kontatzea”. Canok eta Martinezek, beraz, logika hankaz gora jartzeko bidea ireki dute lan honekin. “Beharbada kausa eta efektuaren arteko ikuspegi murritzegia daukagu. Eta beharbada kausalitatea eta efektu horiek modu berri, aleatorio, jostari batean manipulatzean, hor dago inteligentzia mota bat, merezi bezala edo behar bezala baloratu gabea”, dio Canok. Ondorioz, liburu honetan aterkiak jada ez dira soilik euria gainetik kentzeko. “Eta balitz kontrakoa? Euria erakartzeko eta sentitzeko? Euriarekin bat naizela sentitzeko? Orduan zer?”.
Munduaren beste geruza bati garrantzia eman nahi horretan, izenburua aukeratzeko orduan ere izpiritu jostari hori aintzat hartu dute. “Zer dago aulkien azpian? Itxuraz, ezer ez. begiratu beharrean hemendik, begira dezagun beste geruza horretatik, lau oinetan dabiltzan heldu edo haurren ikuspegi horretatik. Egia da, objektu bezala, ni oso aulki zalea naizela. Aulkia da, beharbada, aparientzia humanoena daukan altzaria”.
Ohiko sailkapenak apurtuz
Ilustrazio liburu baten aurrean gaudenean beti mugen eta sailkapenen buruhaustearekin egiten dugu topo. Lorena oso konbentzituta dago Zer demontre dago aulkien azpian? ez dela umeentzako lana. “Izan daiteke umeentzat, baina ez soilik haientzat. Egia da geruza diferenteak dauzkaten testuak direla batzuk, baina ez naiz eroso sentitzen haur literatura zigiluaren azpian ere”. Haur literatura zer den galdetuta, haurrari edozer gauza konta dakiokeela dio Canok, hitz kopuru mugatu batekin, abstrakzio maila txikiagoa baitaukate. “Beti izan da nire nahia edozein istorio kontatzea eta konturatzen naiz, adibidez, liburu horiek gaztelaniara itzultzen direnean gauza batzuk aldarazi egiten dizkidatela haur literaturan, ilunegiak iruditzen zaizkielako: kontuz heriotzari buruz hitz egin behar baduzu, kontuz suizida bat dagoela iradokitzen baduzu ipuinetan…”. Martinezen ustez liburua ez da haur literatura eta Cano kontziente da ez duela muga horietan sinesten. “Baina hori deserosoa da. Ez hainbeste guretzat, baina bai argitaletxea eta liburu-dendentzat. Nik uste falta zaigula kultura hori: hau da liburu ilustratu bat, disfrutatu, irakurri, ikusi irudiak”. Bertan aurki ditzakegun ipuinen izaera ezberdinek ere galdera horren aurrean erantzun bakar bat ematea zailtzen dute, bai baitaude zenbait istorio ulertzen hain errazak ez direnak. Martinezen aburuz horrek gelditzea eskatzen du, irudiaren aurrean, testuaren aurrean. Eta testua berriro irakurtzea. “Niretzat hori da ederrena eta egiten ez duguna. Egiten erakutsi ez zaiguna. Denbora. Denak ez du instantaneoa izan behar”. Harkaitz Cano ere bat dator horrelako liburuak irakurtzeko daukagun ohitura faltari buruz hitz egiterakoan. “Hori da, nik uste, gure artean liburu ilustratua oraindik mamitu ez izanaren arrazoia: jendeak ez daukala atentzio hori, irudiak irakurtzeko formazio, gogo eta nahi hori. Sentsibilitate hori. Ez daukagu. Horretan historiaurrean gaude”.
Irudiaren eta testuaren arteko oihartzunak
Sormen prozesuan murgilduta zeudenean Martinezen eta Canoren helburua etengabe testuaren eta irudiaren arteko oihartzun bat sortzea izan zen. Azken honek azaltzen duen bezala, batzuetan irudiak kontra egin diezaioke testuari, kontraesan bat sortuz, “baina aldi berean irudi bakoitza testuaren parte da eta testua irudiaren parte”. Testuaren eta irudiaren arteko elkarrizketa horretan, prozesua bitxia izan da, ipuin erdietan lehenengo testuak Harkaitzek idatzi baitzituen eta horien gainean Lorenak irudiak sortu. Besteetan, aldiz, lehenengo Lorenak egin zuen bere sormen lana. “Lana da etengabeko elkarrizketa bat. Ez da izan beti sistema berdina. Jarri genuen halako errutina bat: berak irudia egiten zuen eta niri bidaltzen zidan. Nik horri zegokion testuarekin erantzuten nion eta, aldi berean, bidaltzen nion testu berri bat, berak irudi berri batekin erantzuteko. Zein da horren xarma? Nik idatzi nuen testua ez zela sekula existituko berak irudi hura bidali izan ez balit”. Lorenaren ustez lan egiteko modu hau dibertigarriagoa da, ustekabe handiagoak ematen ditu. Bata bestearen arteko zubi lanean, biek eraman dute sorpresa behin baino gehiagotan. “Berak marrazki bat egiten zuenean edukiko zuen buruan testu posible bat, edo giro bat; eta nik testu bat idaztean aurreikusten nuen zer marraztu zezakeen. Baina berak beti harritzen ninduen. Bazen behi ipuina da horren adibide bat”.
Ipuin horretan lehenengo Harkaitzek idatzi zuen narrazioa. “Banuen buruan zein izan zitekeen testu horrentzako irudia; are gehiago hitz-jokoa gaztelaniaz sortuta: Mapamundi – Vacamundi. Euskaraz Bazen behi jarri genuen. Europako formak zituen behin bat nuen buruan…, baina Lorenak errealitateari buelta eman zion kasu horretan ere”, dio Canok.
Istorio bakoitza, ordea, ez da liburuan amaitzen. “Beharbada gehien gustatzen zaidana proiektu honetan da tranpolin txiki batzuk direla ipuinak. Testua hor dago, baina irakurtzeko maneran edo deklamatzekoan antzezteko errezeta bat da; antzezpen baterako akotazio bat izan daiteke. Bingoaren ipuina, esaterako, antzezteko gonbidapen bat da”. Aldi berean, badaude izaera sakonago bat baduten zenbait testu: Nora joaten dira hostoak erotzen direnean?, esaterako. “Hori, adibidez, testu ia existentzialista bat da. Hor badago abstrakzio maila bat: zergatik gaude triste? Zer ulertzen du ume batek hori entzunda? Ez dakit, baina zerbait bai, seguru”. Horregatik dio Canok badela liburu bat adin ezberdinetako jendeak konpartitu dezakeena eta badela modu bat ulertzeko literaturak, testuak eta ilustrazioek, ez dutela zertan esanahi bakarra izan behar, baizik eta gauza irekiak direla, non irakurle bakoitzak ondorio oso ezberdinak atera ditzakeen. “Baina hori ez al da, bada, gure funtzioa? Komertzialki, editorialki edo liburu-denden mailan buruhaustea izan arren”.
Sormenaren garrantziari buruz
Lorena Martinezek irudiekin idazten du, eta berarentzat erantzun bat sortzen dizun edozer gauza da artea. Era berean, artearentzat definizio ezberdinak dauzka: “Niretzat ematea da, eta gero bakoitzak nahi duen bezala interpreta dezala. Aldi berean, artea behar bat da niretzat”. Botanika ikasi zuen arren, 2000. urtean hasi zen ilustrazioekin lanean eta ordutik 20 liburu inguru ilustratu ditu. “hasi nintzenean gehiago egiten nuen lan enkarguz, eta ez zen akaso hain artistikoa. Bideo-joko bat eskatzen zidaten, esaterako, eta buru, esku eta beso pila bat egiten nituen. Baina duela urte batzuetatik hona, gehiago egiten dut nahi dudana”. Bere lanean beti kolore planoak erabiltzen ditu, marka nahiko markatuarekin. “Nire lanetan marrak beti garrantzi handia dauka. Perspektiba ere gutxitan erabiltzen dut”. Bere blogean egindako lan asko ikus daitezke, baina azkenaldian aktiboago dago Instagram-en. “Erronka bat daukat: egunero ideia edo kontzeptu batetik irudia sortzea eta sarean jartzea”. Gainera, laster beste liburu bat argitaratuko du, Zortzi kolore, bere testu eta irudiekin. Lan horiez gain, Lorena Martinezek badauka aspalditik ideia bat buruan: “Landareekin eta testuekin erlazionatutako zerbait egiteko gogo handia daukat, herbario poetiko bat. Hasi naiz sortzen nahiko arraroak diren loreak, errealitatean existitzen ez direnak, eta hori landu nahi dut”.
Harkaitz Canok, berriz, argitaratu berri du El turista perpetuo (Seix Barral), Beti oporretan (Susa) narrazio bildumaren itzulpena. Horrez gain, nobela berri batekin lanean ari da eta antzerki lan bat bukatu berri du: Sisiforen paperak. Abiapuntua Euskaldunon Egunkariaren itxiera da. “Paperezko kazetaritzari egindako omenaldi bat da, nahiz eta abiapuntuan guretzako traumatikoa izan zen egunkari baten itxiera egon”.
Ziurrenik irakurtzen duelako idazten duela dio idazleak. “Niretzat irakurtzea eta idaztea ariketa berbera da. Irakurtzea da mentalki idazteko modu bat. Ni irakurtzen ari naizenean nire buruan irakurtzen ari naizena berridazten ari naiz: erdia ahazten dut, beste erdia transformatzen dut eta gauza batzuk geratzen dira. Irakurketa bakoitza idazketa mental bat da. Zuretzat bakarrik. irakurketa bakoitza da munduarekin konpartitzen ez duzun idazketa bat”. Canoren ustez, oinez gabiltzak kontakizunak gara, gure burua berridazten ari garenak etengabe. “Nik funtzionatzeko topatu dudan modua izan da. Eta, gainera, nire ogibidea. da. Zer gehiago nahi duzu?”.