Zazpi urtean nobelarik argitaratu gabe egon ostean, 4, 3, 2, 1 eleberri mardularekin itzuli da Paul Auster (New Jersey, AEB, 1947) fikziora. Gaztelaniazko itzulpena aurkezten izan zen Bilbon joan den irailean, baina ez dirudi oraingoz bere azken lana euskaraz irakurtzerik izango dugunik. Aitzitik, Austerren 2006 eta 2012 arteko literatur lanak ekarriak ditu, euskarara, Oskar Arana itzultzaileak (Aramaio, 1969). 4, 3, 2, 1-en argitalpena aitzakia hartuta, Austerren ibilbideari eta literatur itzulpenari begira jarri gara Aranarekin.
Urteotan euskal irakurleen aurrean Brooklyngo idazlearen ordezkari sentitu ote den galdetu diogu Aranari, hau bezalako elkarrizketei erantzutea, Austerren lanak aurkeztea edo irakurle taldeetan haren lanak komentatzea egokitu izan baitzaio, baina ez du halakorik uste berak. Ez du ukatzen, ordea, Austerrekiko lotura garatu duenik haren lanak itzuliz: “harreman afektiboa sortzen da idazle eta itzultzailearen artean, nahiz eta berarekin harreman zuzenik ez dudan eduki. Ez duzulako egilea bakarrik ezagutzen. Nahiz eta literatur teoriak ezetz esan, egilearen eta pertsonaren artean badaude zubiak eta joan-etorriko bideak. Ikusten duzu pertsonaren obsesioak zein diren, zer gertatzen zaion hunkigarri eta zer higuingarri, horiek denak antzematen dira, eta etxeko sentitzen duzu, begiko”.
Austerrek Europako eta Euskal Herriko irakurle askorengan sortzen duen lilura nondik ote datorren galdetuta, ez du zalantzarik Aranak: “Ni neu liluratzen nauena haren kontatzaile-sena da, batzuetan huskerietatik abiatuta kontakizuna sortzeko duen gaitasuna. Batez ere bere autobiografia egiten duenean, Neguko egunerokoan, esaterako. Nahiz eta 8 ordu eman idazketa-gela batean, zure bizitza horrela fikzionatzeko gaitasun bat behar da. Nik isiltzen ez den ume maitekor bat ikusten dut beragan, zilegi bazait esatea, kontatzeko artea duena. Badago jendea gauzak kontatzen hasitakoan harrapatu egiten zaituena”.
Auster den istorio-kontatzaile horrek maiz literaturaren barruko literatura egitera jotzen du, metaliteraturara, metafikziora. “Formula batzuk baditu bereak: istorioak istorioen barruan txertatzea, narratzaile eta pertsonaien arteko elkarrizketak, gauza guztiz harrigarriak. Baina harrigarriak izan arren ez dut inoiz sentitu (eta inpartziala, objektiboa izan nahi dut honetan) artifizialkeriarik, ez dut sentitu jendea liluratzeko asmoz egin duenik. Uste dut idazlearen askatasunetik sortzen den ariketa bat dela, plano, denbora eta espazioak nahastea eta narratzaile eta pertsonaiekiko harremana ere agertzea, eta ez liburu batean bakarrik”. Trikimailu maiztuegiak erabiltzea leporatu izan diote zenbait irakurle eta kritikarik Austerri, baina ez dator haiekin bat itzultzailea; onestasunetik egina begitantzen zaio estatubatuarraren literatura. “Neke bat sor dezake behin eta berriro forumla berak ikusteak, baina uste dut hori idazle guztiekin gertatu ahal zaigula, badira konstante batzuk idazleengan, batzuek joera dute deskribapenez abusatzeko, beste batzuek elkarrizketez, eta seguru asko Austerrek abusatu egiten du formula batzuez. Baina uste dut motibazioa sormenezkoa dela, ez dut uste trikimailua denik”.
Biografia eta geografia obsesiboak
Obsesioen inguruan eraikia da maiz Austerren fikzioa. Liburu batean agertutako pertsonaiak eta kontakizunak hurrengoan ere aurkitu ditu itzultzaileak, behin berriro itzultzen baita idazlea bere gai kuttunetara. “Badira zenbait gertaera, bere bizitzakoak, agian traumatikoak, behin eta berriz bere buruan hegaka ibili direnak. Horietako bat da istripu bat, eta horren gainean modu batera edo bestera beti egin izan du gogoeta, halabehar tragikoaren intzidentziaz. Idazle bizimodua, idazl izatearen kondizioa, orri zuria, maiz agertzen da bere eleberrietan. Pertsonaiaren bat beti da literaturarekin zerikusia daukan norbait, zeharka edo zuzenean: edo argitaratzailea da, edo idazlea, edo irakurle amorratua. Elementu biografikoak fikziozko pertsonaien biografietan txertatuta agertzen dira nahiko sarri”.
Aranak itzulitako Austerren azken lanean, Neguko egunerokoa lan autobiografikoan, jasotzen dira modu identifikagarrienean egilearen bizitzako pasarteak, eta baita gaixoaldiak, zahartzaroak eta heriotzak sortutako larrimina ere. “Ageri dira osasun-krisi batzuk, paniko-erasoaldiak, kafe gehiegiak eragindako nerbio atakea, pilulak hartu beharra aitaren heriotzak eragindako trauma gainditzeko… Norbaitek esan du osasunarekiko obsesiboa dela, eta izan liteke. Oso nabarmen Neguko egunerokoan, baina Bidaiak scriptoriumean zehar liburuan ere zahartzaroarean gaineko izua bete-betean agertzen da. Bere aita zenaren heriotza, bestalde, hiru liburutan gutxienez agertzen da. Bizitzako elementu tragikoak agertzen dira bere eleberrietan eta beti samurtasunerako aitzakia aurkitzen du horietan. Badute samina istorioek, baina beti dago maitasun hori; niri hori iritsi zait”.
Elementu biografikoak ez ezik, historia kolektiboaren oihartzunak ere badira Austerren liburuetan: 2008ko finantza-krisia, Irakeko gerra, 1968ko maiatza… Egoera politikoarekin arduratuta agertu da berriki, AEBtako presidentetza “zoro baten” eskuetan dagoela-eta. Alabaina, Aranaren hitzetan, “oso gutxitan nabaritu ditut elementu ideologikoak bere obran, oso-oso gutxitan, eta harrigarria da politikarekiko interesa duen norbaitek ez baliatzea hori bere lanetan. Baina, bestalde, niretzat bada onestasun artistikoaren edo idazle-senaren ondorio ere. Bereizi egiten ditu bere bi alderdi horiek: politikaz ardura eta interesa duen herritarrarena eta idazlearena, baina bien arteko gurutzatzeak gutxitan agertzen dira”.
Aldiz, geografiak eta, zehatzago, New Yorkek, badu testuinguru sozio-politikoak ez duen protagonismoa Austerren obran. “Hiria beste pertsonaia bat da Austerrentzat, hiririk gabeko Auster imajinatzea ezinezkoa da, eta bere xarmetako bat hori da. Nik uste bizitza urbanoaren paradigmetako bat ere bihurtu dela. Idazle handiek sortu dituzte Macondo, Obaba… Berak ez du ezer asmatu behar izan, bere larruazala bezalakoa da New York. Uste dut kontakizunetan paisaia urbanoak bete egiten duela istorioa eta susmoa daukat irakurleak horren bila ere joaten direla. New York ikono bihurtu da gure belaunaldiarentzat, eta seguru aski ikono horren parte da Auster. Sarri egiten ditu hiriari buruzko gogoetak, hiriarekiko maitasun-harremana esplizitatu egiten du. Badu gaitasuna irakurleari aipatzen dituen lekuei buruzko jakin-mina sortzeko. Aipatuko ez balitu falta sumatuko genituzke”.
Trabarik gabe irakurtzea xede
Gaztelaniazko edo katalanezko itzulpenarekin batera plazaratu dira 2006tik 2010 arteko Austerren 5 liburuen euskarazko itzulpenak, eta langintza horretan jarduteko aukera eduki izanagatik eskertuta dago Arana. “Ez dakit inoiz egon den euskal literaturaren historian aukera hori, autore baten itzultzailea izatekoa, haren bost-sei liburu itzultzekoa. Literatur itzulpenaren aldeko apusturik handiena eginda zeukan argitaletxeak hartutako erabaki bat izan zen Auster fitxatzea, jakinik gaztelaniaz irakurle asko zeuzkala. Ilusio bat ere izan zen, pentsatzea euskal literatur sistemak ere egin zezakeela halako zerbait”. Alberdaniak argitaratzeari utzi zionean, bertan behera geratu zen Auster sistematikoki euskaratzeko politika editoriala, Txalapartak 2015ean Neguko egunerokoa argitaratu bazuen ere. Ordea, egunen batean halako itzulpenak normaltasunez egingo diren esperantza ez du galdu Aranak, eta ez du damurik egindako lanaz. “Ahalik eta zintzoen eta onesten ibili nahiz horretan, eta pentsatu nahi dut Auster gustuko dutenek euskaraz irakurri ahal izateko egindako ahalegina mesedegarria izango zela”. Irakurleengandik “esker ona eta animoak” baino ez dituela jaso dio, eta kuantifikatzen zaila izanagatik, badagoela irakurle multzo bat Auster euskaraz gozatu ahal izan duena.
Jatorrizko liburuak argitaratu bezain laster euskaratu beharrak nekeak ekarri dizkio itzultzaileari. “Nik uste itzulpena artisau-lana dela, baina arte-lana ere bai, eta makina baten moduan epeak bete beharrean ibiltzea kaltegarria da itzulpenerako. Itzulpena beratzen, ontzen utzita, ardoa bezala hobetzen da, eta itzultzaile bati baino gehiagori emanda ere bai”. Idazle beraren lan ugari itzultzea “aho biko arma” da Aranaren ustez, lagundu egin baitio idazlearekiko beldur eta errespetua galtzen, baina “konfiantza gehiegizkoak arinkerian erorarazten zaitu, uste duzu ezagutzen duzula egilea eta zeure burua hobetzeko ahaleginean makaldu egiten zara”.
Neguko egunerokoa liburuaren argitalpenak itzulpengintzaz eta euskal prosaz gogoeta sakona egitera eraman du Arana, baita literatur itzulpengintzatik (oraingoz bederen) distantzia apur bat hartzera ere. “Neguko egunerokoa goitik behera zuzendua izan zen eta egon nintzen eskatzekotan zuzentzailearen izenarekin argitara zedila”. Zuzentzaileak egindako lanak asko hobetu bide zuen bere itzulpena, eta horrek gogoeta eragin dio Aranari. “Ohartzen zara, hamabost urtean honetan aritu arren, zenbat dagoen hobetzeko oraindik, estilistikan. Nik, baina, ez nik bakarrik. Gaztelaniazko liburu bat hartzen duzu eta ahaztu egiten zara gaztelaniaz irakurtzen ari zarenik ere, eta literaturazale bezala geratu behar duzu kontakizunak zuregan eragiten dituen sentipenekin, xarmarik eragin dizun edo ez… Niri gertatzen zait euskarazko testu bat hartu eta kateatzea, esaldiren bat birritan irakurri behar izatea. Lortu behar dugu esaldi bat bitan irakurri behar ez izatea, gaztelaniaz bezalako jarioaz irakurri ahal izatea. Obra batzuetan oraindik ere ez dugu lortzen. Baina etorriko da”.
SEI ITZULPEN, BI HITZETAN
Brooklyngo erokeriak (Alberdania, 2006)
“New Yorkeko gertaera ero eta bihurri batzuk ezagutzeko aukera eman zidan itzulpena da, mundu horretan murgilarazi eta Auster ezagutarazi zidana. Ordura arteko bere New Yorkeko bizitzaren elementuak agerian uzten ditu: artisten bizitza, bizimodu ultraurbanoa, idazle izateak dakartzan gorabeherak, eta baita Ameriketako amodio-bizitzen zantzuak ere”.
Bidaiak scriptoriumean zehar (Alberdania, 2007)
“Austerrengan behin eta berriro agertzen diren formulen lehenbiziko ikuspen bat. Jolas metaliterario eta metafikziozkoen lagin bat, bere obsesioetako batzuk lehenbiziko aldiz ezagutzeko aukera eman zidana. Zahartzaroari buruzko gogoeta gogorra da, eta fikzio-planoak nahasteko Austerrek duen abilidadearen erakusgarri bat”.
Gizona ilunpean (Alberdania, 2008)
“Pertsonaia eri bat, istorio bat asmatzen duena bere eritasuna eramangarriago-edo egiteko… errealitatearen eta ametsaren arteko muga lausoaren zaporea utzi zidan. Ez hori bakarrik, belaunaldi arteko harremanen inguruko hondar bat ere utzi zidan, nahiz eta itzultzeko niretzat elkorrena, lehorrena izan zen. Itzuli ditudan liburuen artean lehenengoz oso nabarmen agertzen dira gogoeta soziologiko-politikoak”.
Ikusezin (Alberdania, 2009)
“Argumentua eta fikzioa biziagotzen den eleberri bat, nahiko zirraragarria tramaren elementu batzuetan. Intrigarako bere gaitasuna erakusten du Austerrek eta Brooklyngo erokeriak liburuko erritmo eta abiadurara iristen da. Berriro ere elementu literarioek eta literaturari buruzko gogoetek pisu nabarmena daukate”.
Sunset Park (Alberdania, 2010)
“Eleberrietan errealitate soziologikotik hurbilen dagoena, krisiaren ondoren idatzia. Krisiaren ondorioak pairatzen dituen belaunaldi baten gorabeherak ongien agertzen dituen eleberria da, New Yorketik atera eta gertaleku aldetik arnasa gehien hartzen duena. Amerikarragoa, ez hain newyorktarra”.
Neguko egunerokoa (Txalaparta, 2015)
“Austerrek bere burua biluzteko saio oso dotorea egiten du. Berak esan izan du egin zuela ahalegin bat gorputzaren biografia bat egiteko, ume izatetik heldu izaterako bide horretan gorputzak egiten duen bidea fisikoki kontatzeko. Uste dut hori baino askoz gehiago dela. Pertsona bat bere bizitzako gertaera nagusien aurrean jarri eta, erraza dirudien arren, ariketa literario inportante bat egiten du”.