Mikel Martinez eta Irati Agirreazkuenaga Dario Fo eta Franca Rameren paperean jartzen dira ‘Biba voi!’ antzezlanean. Bikote italiarraren obraren pasarteetan oinarritu dute lana.
Dario Fo eta Franca Rame bikote italiarrari eginiko omenaldia da Biba voi!. Dario Fo idazlea, antzerkigilea eta Literaturako Nobel sariduna 2016. urtean hil zen. Franca Rame, berriz, aktore, idazle eta politikaria, 2013. urtean hil zen. Bikote moduan nahiz bakarka taularatuak, euren lanak zorrotzak, zirikatzaileak eta ironiaz eta salaketez beteak izateagatik gogoratuko ditu jendeak.
Edo, ez agian gogoratu beharko liratekeen bezain beste. Ideia hori izan zuen buruan Mikel Martinezek Berria egunkariarentzat Dario Fo hil osterako testutxoa idazten ari zela. Harremana izan du, izan ere, Forekin, bere antzezlanen ikusle modura, eta baita, bere lanak egokitu eta aktore gisara ere. “Ederrak” dira, bere ustez, Dario Foren lanak, eta “garrantzi handia izan dute antzerkian ez ezik Italiako politikan eta beste hainbeste alorretan”.
Horrela pentsatu zuen bere obra zatiak hartu eta erakustea. Interesgarriagoa egin zitzaion, baina, Dario Fo eta Franca Rame, biak hartzea, “artistikoki, pertsonalki eta sozialki indar handia duen bikotea delako”. Eta, gainera, haien obrak antzezteko bikotea izatea oso ondo zetorkion bere ideia gauzatzeko. Irati Agirreazkuenagarengan pentsatu zuen bikotea osatzeko, Franca Rameren paperean jartzeko, alegia. Eta “ilusioz” jaso zuen honek proposamena: “Dario Fo ezagutzen nuen antzerkiaren mundutik, baina, Franca Rame ezezaguna zitzaidan, eta niretzat haren inguruan gehiago jakitea erakargarria zen”. Aldi berean, euskaraz antzeztea ere “pizgarri” izan da Agirreazkuenagarentzat: “Euskaraz, eta Mikelekin, gainera; elkarrekin lan egin gabe ginen, eta miresten dut bere ibilbidea jarraitu dudalako, beraz pozgarria izan da berarekin lan egitea. Zuzendari lanak ere berak egin ditu eta asko ikasi dut berarengandik”.
Fo eta Rameren obraren aukeraketa eta egokitzapena erraza eta, aldi berean zaila izan zela dio Martinezek: “Euren titulu batzuk berehala etortzen zaizkizu burura. Dario Fo bera ikusi dut Misterio Bufo antzezten, eta bertatik, nik bakarrizketa bat egin nuen aspaldi, Lazaroren berpizkundea. Aspaldi egin nuen, baita ere, Maskaradarekin Pistolaren begi zuribeltzak, eta arrakasta handia izan zuen parte hartu nuen Anarkista baten ezusteko heriotza antzezlanak. Franca Rameren bakarrizketa batzuk ere ikusi ditut Emakumea bere bakardadean, kasu”. Tituluak aukeratzeak baino lan handiagoa eman die bakoitzetik aukeratu beharrekoak: “Eta, baita, moldaketak ere, batzuetan hiru pertsonaia azaltzen baitziren eta hori bitara egokitzea, esaterako, edota, gero hori nola antzeztu formatu txikitxo batean”.
Horrela baita Biba voi!. Fo eta Rameri eskainitako omenalditxoa, euren testu adierazgarrienetakoak antzeztuz, eta hori guztia ikusleen artean, metro karratu bateko agertoki txiki batean. Baina, bada, beste ezaugarri bat Mikel Martinezek azaltzen duenez: “Obra honen magia da ez dugula soilik erakutsi nahi beraiek idatzi zutena, baizik eta pertsonaiak eta haien sentimenduak, haien arteko harremana edota gizartearekin eta sormenarekin zutena ere irudikatu nahi dugula baita ere”. Hori Patxo Telleriak prestaturiko dramaturgia txiki batekin egiten dute. “Egia esan, oso gauza sinplea, baina, polita da. Gu Mikel eta Irati gara, eta, aldi berean, Dario eta Franca. Gure harremana kontatu gabe lanak aurkezten ditugu, eta gure harremana ere irudikatzen dugu era oso sinple eta polit batean”, dio Martinezek.
Dario Fo eta Franca Ramek egiten zuten moduan, Mikel Martinezek eta Irati Agirreazkuenagak ere antzeztuko dutenaren inguruan azalpenak ematen dizkiete ikusleei, testuinguruan jartzen dituzte. Hortik aurrera datorrena, atrezzo edo elementu txikiekin lagunduta ikusiko dute. “Euskara italierarekin nahasten dugu, polita geratzen da. Eta, hizkuntzarekin bezala, apaingarri txikiekin jolasten dugu, hau da, trapu edota buruko bat jantzita beste pertsonaia batean sartzen gara. Batzuk, gainera irakurriak dira, beraz, ez gara ehuneko ehunean sartzen pertsonaian”, dio Agirreazkuenagak.
Emakumearen ahalduntzea
“Pertsonaia oso indartsu” moduan definitzen dituzte Fo eta Rame “bai sortzaile, antzerkilari, ekintzaile nahiz politiko moduan, bai eta euren arteko maitasun handiko harremanarengatik ere”. Hain justu nolakoak ziren “ederki” erakusten duten modu batean hasten dutela ikuskizuna azaltzen du Martinezek: “Ipuin bat kontatzen duen bideo batekin hasten gara. Franca Rameren ipuina da, eta bertan, Adan eta Eva agertzen dira. Lehendabizi Eva zegoen, eta aspertuta dagoenez, beste bat emateko eskatzen du, eta Adan ematen dio. Jainkoak betirako bizitza eskaintzen die, baina, sagarra jatea erabakitzen dute. Nahiago dute hiltzea. Zergatik? Hiltzeak suposatuko du bizitza intentsuagoa edukiko dutela. Nahiago dute maitasunaz eta jakinduriaz beteriko bizitza, betirako bizitza aspergarri eta arazorik gabekoa baino”. Franca Rame hil zeneko hileta zibileko irudiekin bukatzen dute. Jendetza ikusten da hilkutxaren bueltan, eta Dario Fok Franca Rameren ipuin hori kontatzen du.
Emakumearen ahalduntzea da antzezlanean errepikatzen den gaietako bat. “Hasierako ipuin horrekin ere hori transmititu nahi da, alegia ez digula inork kanpotik -jainkoak, botere mota batek edo dena delakoak- inposatuko nolakoa izango den gure bizitza. Guk erabakiko dugu hori. Hortik aurrera, emakumearen ahalduntzea, espazio pribatutik, etxetik, espazio publikora irtetea, etengabeko gaia edo aldarrikapena da. Zati batean, esaterako, badirudi ni hasiko naizela antzezten, baina esaten diot Dariori ea bera ausartuko den antzeztera, eta hor gisa horretako jokutxo bat daukagu bien artean”, dio Irati Agirreazkuenagak.
Umorearen bidetik
Gizartea, gizartearen antolaketa, emakumea… askotariko gaiak jorratu ditu italiar bikoteak, eta ironia eta umorea bidelagun dutela. Agirreazkuenagaren arabera, umoreak publikoaren babes edo defentsa jaisten laguntzen du, eta ondorioz, era zuzenago batean heltzen da mezua. “Emakumeen benetako istorioa oso ipuin kuriosoa iruditu zitzaigun. Panpina bat eta neskato bat dira protagonista. Biek dute nolabaiteko menpekotasuna gizonarekiko, baina, une batean neskatoa heldutasunera iristen da, eta askatze moduko bat, ahalduntze bat ematen da. Dario eta Francaren arteko harremanean ere puntu komikoak daude iniziatiba Francak hartu duelako hasieratik, eta euren lehen muxua nola izan zen ere irudikatzen da”.
Mikel Martinezek umoreaz jendeak duen ideia okerra azpimarratzen du, oro har, “zerbait friboloa” dela pentsatzen baita: “Izan daiteke friboloa, baina, umorearen bitartez sekulako egiak esan daitezke eta kritikak egin. Umorearen bitartez sartzen diren kritika horiek lehen unean barrearekin hartzen dituzu, eta etxera zoazenean eta lasaiago zaudenean, gogoetarako bide ematen dizute”. Martinezen ustez, “arma handia” da umorea gauza serioak argi eta garbi esateko, baina, ez da modu erraza: “Ironiarekin eta zentzu bikoitzarekin jokatu behar duzu, eta gauzak zuzenean esatea ziur batzuetan errazagoa dela umorearen bitartez baino. Baina, umorearen bitartez sartu egiten da”.
Pistolaren begi zuribeltzak obran, esaterako, ustez mafiosoa denak mafioso guztiei greba egitea proposatzen die. Estatuaren konstituzioan lanean eta lapurretan oinarritutako estatua dela ager dadila eskatzen du, eta beraz lapurren eskubideak ere ager daitezela, gainerakoan, greban jarriko dira, ez dute lapurretarik egingo eta ondorioz banketxeek edota aseguru etxeek ondorioak jasango dituzte. “Umorearen bitartez egiak esaten ditu. Lapurrez ari garenean, izan ere, zertaz ari gara, kalean lapurreta txikiak egiten dituenaz edo milioiak lapurtzen dituenaz?”, dio Mikel Martinezek.
Gainera, Agirreazkuenagak gehitzen duenez, gai oso serioak umorez lantzerakoan ikusleak umorezko testuinguruan kokatzea beharrezkoa da: “Obra honetan gauza latzak kontatzen dira, esaterako, emakumearen egoeraz hitz egiten denean. Une batean zainak mozten ditu emakume batek, beste batean liskarrak daude… Beraz, umorea hor kokatzen asmatu behar duzu ikusleek era bortitzean ez hartzeko”.
Antzezlanean irudikatzen diren une latz horien artean, Franca Rame bahitu eta bortxatu zutenekoa dago. “Talde eskuindar baten eskutik izan zen, eta hori guztia gero berak batere antzerkirik egin gabe bakarrizketa batean kontatu zuen, ikaragarria izan zen”, dio Martinezek. Agirreazkuenagak zehazten duenez, une horretan “serioago” jartzen dira: “Baina, unetxo bat da, eta hortik nola irten ere oso ondo asmatuta dago, dramaturgiarekin eta antzezpenarekin”.
Gaurkotasunik galdu ez duten gaiak dira taula gainean irudikatzen direnak, gaur egun ere gizartean pisu handia dutenak. Obra honetako protagonistak Dario Fok eta Franca Ramek ez bezala, Mikel Martinezek dioenez: “Italian garrantzi handiagoa dute, baina, hemen ezezagunak dira beraiek eta euren lana”. Horregatik euren antzezlanak italiar bikotearen obra eta bizitza ezagutzeko balio izatea espero dute.