Kazuo Ishiguro idazle britainiarrak The Man Booker Prize for Fiction saria (ingelesez idatzitako eleberri onenari urtero ematen zaiona) irabazi zuen What remains of the day eleberriarekin 1989. urtean. 1969.an saria sortu zenetik, besteak beste, V.S. Naipaulek, Nadine Gordimerek, Iris Murdochek, Salman Rushdiek, J.M. Coetzeek, Arundhati Royk edo Margaret Atwoodek irabazi dute. Liburu hau argitaratu eta lau urte geroago James Ivory zuzendariak Ishiguroren istorioa zinemara eraman zuen Anthony Hopkins eta Emma Thompson aktoreekin eta zinema-jaialdi ezberdinetan izendapen ugari jaso zuen. Jokin Zaitegi bekari esker Iñigo Roquek eta Amaia Apaulazak euskarara itzuli dute Ishiguroren eleberri hau, Egunaren hondarrak (Elkar) izenburuarekin.
Bekaren funtsa Nobel sariduna euskaratzea da eta urtero antolatzen du Arrasateko AED elkarteak, Elkarren, Laboral Kutxaren eta Arrasateko Udalaren laguntzaz. Apaulazarentzat eta Roquerentzat ez da zaila izan elkarrekin lan egitea. “Ikasbide ederra izan da biontzat”, dio Roquek. “Biok arituak ginen lehendik elkarlanean, bai lau eskutara itzuliz, bai elkarren lanak zuzenduz. Beraz, esan daiteke hasi aurretik argi geneukala nola antolatu lanak”. Ishigurok jatorrizko edizioan erabilitako tonua bilatzea ezinbestekoa izan da. “Kapitulu bat hartu, eta xehe-xehe jorratu genuen, liburuaren gainerako ataletan erabilitako tonua finkatzeko nolabait ere. Ondotiko atalak erdi bana banatu genituen, baina arian-arian zalantzak galdetuz eta bateratuz. Hiztegi bat ere osatu dugu termino adierazgarrienekin”. Roqueren ustez, tonua da, hain zuzen, liburuaren ezaugarri behinena. “Pertsonaia nagusia maiordomo ingeles bat da, eta beraren hizkera hanpatu horren ordain egokia bilatzen lanak izan genituen lehenbizikoan, baina harrapatuz gero errazago joan da dena”. Estiloari dagokionez, Ishigurok “prosa soila” erabiltzen duela dio, “idazleak berak adierazten duen bezala”. Amaia Apaulazak azaldu duenez, “irakurtzeko erraza izan beharko luke, baina lortu dugun ala ez, irakurleak esango du. Nik esango nuke oso esker oneko liburua dela, eskatzen duen ahaleginaren aldean gozamena nabarmen handiagoa delako”.
Dokumentazio-lanak berealdiko garrantzia dauka Apaulazak adierazi duen bezala. “Lehenbizi, ikusi beharra dago euskaraz zer itzulpen dugun giro horren inguruan, eta Irena Aldasorok eta Ana Isabel Moralesek egindako itzulpenak oso baliagarri suertatu zaizkigu, azken finean ezin baikara hutsetik abiatu lehendik bidea urratuta dagoenean”. Bestetik, ingeles jauretxe edo etxe handien inguruko informazioa bildu behar izan dute: etxeen atalak, zerbitzarien hierarkia… “Aurretik beste hizkuntza batzuetara itzulita egonez gero, itzulpenok eskura izatea ere lagungarria gertatzen da. Eta gure liburu honetarako, noski, James Ivoryren filma ikusi genuen, letretatik irudietarako bidea samurtzeko, liburua nolabait ere ikusteko”.
Amaia Apaulazak itzultzaile-zuzentzaile dihardu, batik bat argitaletxe eta unibertsitateentzat eta Iñigo Roquek UPV/EHUko Euskara Zerbitzuan egiten du lan, testu akademikoak zuzenduz eta begiraletza-lana eginez. Gainera, literatura itzultzen jardunak dira biak eta horrek gauzak erraztu ditu. Amaia Apaulazak, besteak, beste, Sergei Dovlatoven bi lan euskaratu ditu, Slavenka Drakulic-en eleberri bat, komikiak eta saiakerak. Iñigo Roquek, berriz, portugesetik zenbait lan itzuli ditu (Pessoa, Lobo Antunes, Clarice Lispector eta Sophia de Mello), baita ingelesetik ere (Kipling, Scott Fitzgerald eta Kerouac).
Bizitzari errepasoa eginez
Kazuo Ishigurok idatzitako hirugarren eleberri honek adineko maiordomo ingeles baten istorioa kontatzen du, bere bizitza, Roquek dioen bezala, “besteren zerbitzuko bizitza bat”. Mr. Stevens-ek, hirurogei urte inguru ditu eta Lord Darlington jaunarentzat egin du lan 30 urtez. Gaur egun (1956eko uztailean, eleberria kokatzen den unean) Mr. Farradayen maiordomoa da, Lord Darlington hil eta gero jauretxea erosi zuen amerikarrarena. Orain bere kargu 4 pertsona besterik ez du maiordomo ingelesak (garai batean 28 ere izan zituen) eta arduratuta dago bere langileen antolakuntza-planaren inguruan, berarentzat hagitz garrantzitsua baita. Eta bere aitari gertatu zitzaion bezala, ez du onartu nahi bere akatsak adinaren adierazle direla. Hori egin ordez, nahiago du hauek antolakuntza-planari egotzi, bere ustez beste langile bat behar baitute.
Mr. Farraday nagusiak Mr. Stevens bidaia bat egitera animatu du eta Miss Kentonen gutun bat jaso du, ezkontzeko Darlington Hall 1936an utzi zuen etxezain arduratsua. Gutun horretan bere senarrarengandik banatuko dela azaltzen dio Mr. Stevensi eta hau bera ikustera joaten da Cornwallera, Darlington Hall-era lanera itzuliko litzatekeen jakiteko. Bidaia hori dela eta bere bizitzari errepaso bat egingo dio. “Bidaia baten aitzakian, bere iraganera begira hasten da, eta hortxe hasten zaizkio bere barnean duda-mudak, gatazkak, oroitzapenak…”, azaldu du Iñigo Roquek. Bidaia horretan hainbat galdera egingo dizkio bere buruari maiordomo ingelesak: “Ba al du, ordea, zentzurik behin eta berriz gogoeta egiteak zer gertatuko zatekeen holako edo halako unea bestelakoa izan balitz?”. Eta errepaso horretan ohartuko da bere momentuan garrantzirik izan ez zuten zenbait gertaera uste baino inportanteagoak izan zirela. “Garai hartan, sekula ez nuen pentsatuko halako gertaera xumeek betiko zapuztuko zituztenik nire amets guztiak”. Ishiguroren esanetan, arketipo unibertsal baten bila ari zela topo egin zuen maiordomo ingelesaren figurarekin. “Beraz, pertsonaia jakin honen iruditik harago ere zabaldu litezke ondorioak”, dio Amaia Apaulazak. “Mendekoen duintasuna ageri da, gordinki, betebeharra ongi konplitzen dutenena. Ez da tarterik uzten norberaren nahikari eta sentimenduetarako, eta nagusiaren erabat zerbitzuko aritzen da pertsona. Hierarkiaren morrontza eta ondorio da duintasun hori. Ez dauka zerikusirik eskuzabaltasunarekin edo gizalegearekin; norbanakoa hutsaldurik baino ezin da erdietsi egoera hori”.
Argitaratu zuten urtean Times Literary Supplement aldizkarian Galen Strawson literatura-kritikariak liburu honen inguruko artikulu bat idatzi zuen: “Eleberri honetan tragedia geldoagoa da eta modu interesgarriago batean metatzen da, protagonistarekiko sinpatia erabat nahasten baita bere ustezko gizatasun faltarekin. Baina azkenean bere bihozberatasuna eta ontasuna nahikoa adierazita daude, bukaerako malkoek ezkutatzen duten maitasun baten bidez”.
Duintasunaren bila
Bidaia honetan Mr. Stevens bere oinarrizko kezkaren inguruan mintzatuko da behin eta berriro: maiordomo baten duintasuna zertan datza? Bere desiorik handiena duintasun hori lortzea da eta bere aita maiordomoak hori bazuela seguru dago, Strawsonek azaltzen duen bezala, “bere autokontrol, presentzia ilun eta zorrotzarekin”. Stevensen ustez, duintasuna lortzeko, lehenik, ezinbestekoa da etxe ospetsu batean lan egitea, eta bestetik, erabat lotuta dago maiordomoak bere eginbeharrak inoiz ez abandonatzeko gaitasunarekin. Apaulazaren ustez, “protagonistak maiordomo handien mailara iritsi nahi luke. Eta obsesio bihurtzen zaio; ezin ditu ulertu lankideen erabakiak zerbitzutik aldenarazten dituztelarik. Erabat itsu bizi da kanpoko bizitzarako”. “Autoerrepresioaren adibide argi bat da protagonista”, dio Strawsonek, “maitasuna galtzen du zerbitzu perfektuaren bilaketa horretan”. Roqueren aburuz maitasuna pultsio bat da liburu osoan zehar, aitarenganakoa eta Kenton andereñoarenganakoa. “Saiatuko da sentimendu hori giltzapetzen, erreprimitzen, baina tarteka malko batzuek salatuko dute beraren bihozberatasuna. Tentsio ikaragarri bat eragiten dio horrek irakurleari; ezin eramana baita halako hoztasuna muturreko zenbait egoeratan, eta negarraldi ustekabeko horiek pitzatu egingo dute pixka batean oskola, maiordomoaren azpiko pertsona bistaratzeraino”.
Kazuo Ishiguro
Kazuo Ishiguro Nagasakin jaio zen 1954. urtean, baina 1960. urtean Ingalaterrara joan zen. Gaur egun Londresen bizi da. 1995ean Britainiar Inperioko Ordenako ofizial izendatu zuten, eta 1998. urtean gobernu frantsesak Arte eta Letren zaldun izendatu zuen. Besteak beste, eleberri hauek idatzi ditu: A palid view on hills (1982, Winifred Holtby saria), An artist of the floating world (1986, Whitbread saria), The remains of the day (1989, Booker saria), The unconsoled (1995, Cheltenham saria), When we wew orphans (2000), Never let me go (Santiagoko Kasinoko Eleberri Europear saria, 2005) eta The buried giant (2015) eta 40 hizkuntzetara itzuli dira. 2017. urtean Nobel saria jaso zuen.