Donostiako piano-jotzaileak bere bakarkako ibilbideko hirugarren diskoa kaleratu du, ‘Islak’ izenekoa. Mikel Azpiroz ez da, ordea, geldirik egoten denetakoa: Bilboko Arriagan errezitaldi musikatu bat ere aurkeztu zuen udaberrian Bernardo Atxagarekin batera
Mikel Azpiroz (Donostia, 1971) harro dago bere semeak egindako lanarekin. ‘Islak’ diskoaren azalean agertzen den muntaia zoragarria 9 urteko mutil koskor batek osatu du. Zuhaitzen hostoekin egindako irudiak hontz baten itxura hartzen du eta mundu magiko eta naif batera zaramatza. Jolasa librea denean umeek irudimena erabili ohi dute eta errealitate ezberdinak eraikitzeko bideak uztartzen dituzte. Mikelek 50 urte bete ditu eta ez du hutsik egiten musikak eta kulturak eskaintzen dizkioten hitzorduetara.
Pianoaren inguruan egin duen ibilbidean berak garatutako proiektuak daude (Elkano Browning Cream, Lau Behi) eta baita hainbat bakarlari eta talderekin egindako lanak ere (Duncan Dhu, Travellin´Brothers, Jabier Muguruza, Elena Setien…). Apirilean indarrak batu zituen Bernardo Atxagarekin eta ‘Denbora, Kantak eta Islak’ izeneko emanaldia aurkeztu zuten Bilboko Arriaga antzokian.
Musikari, konpositore eta ekoizlea zara, Mikel. Zure karrera epe luzekoa da. Errezitaldi poetiko musikatu batekin ausartu zaren lehenengo aldia al da? Jabier Muguruzarekin egin nituen kontzertuak ‘Geltokiak Izarretara’ diskoa aurkezten eta Benardo Atxagak bere testuak irakurtzen zituen. Ondoren, Joxe Angel Arbelaitz promotoreak eskaini zidan Bilboko ‘Literatura eta Musika euskaraz’ zikloan parte hartzeko aukera eta elkarlana norekin egin nahiko nukeen galdetu zidan. Atxagaren jarraitzailea naiz aspalditik, eta esan nion ametsetan Bernardo Atxagarekin egingo nukeela. Zorionez, baiezkoa eman zidan.
‘Islak’ albumeko abestiak instrumentalak dira. Espazio ugari uzten dituzu haien barnean, nolabaiteko hutsuneak dituzte. Nola bete zituen Bernardo Atxagak hutsune horiek? Izenburua Atxagak berak jarri zion: ‘Denbora, Kantak eta Islak’. Denboraren erlatibotasunaz hasten da hitz egiten, sehaska-kantekin lotzen du denbora eta sehaska-kantak, ‘Obabatxue’ sehaska-kantarekin. Unibertsitate ikasketak egiten ari zela, Deustuko emakume bati entzun zion kanta hura izan omen zen bere Obabako munduaren hastapena. Tartean, nire azken diskoko musika jotzen dut. Atxagak esaten zidan musika lasai, intimo eta introspektibo honek ematen diola testua irakurtzeko giro egokia.
Zein da kolaborazio honetan ikasi duzun leziorik handiena? Atxagaren mitoa gorpuzteko gai izan zara? Ez naiz mitomanoa. Oso erlazio ona izan dugu eta ekitaldi bakarrera mugatuta egon den plan honetan inplikazio handia erakutsi du. Seguru asko Atxagak gauza guztietan jarriko du inplikazio hori. Argi eta garbi ikusten da gauzak ondo egitea gustatzen zaiola. Gipuzkoa gorriz jantzita zegoenean ekin genion lanari eta ezin genuen etxetik atera. Telefonoz eta e-mailez oso ondo moldatu gara. Irizpide argiak eman zizkidan eta gainera badu esperientzia horrelako gauzak egiten.
Kolaborazioak jarraipenik izango al du? Ez. Bilbon kokatutako ekitaldia izan da, baita testuen aldetik ere. Berak Bilbon izandako bizipenak kontatzen ditu eta, beraz, oso mugatuta zegoen. Beste bat egingo bagenu, Donostian adibidez, ez luke zentzu berbera izango.
Islak, gaua, zuri. Zure bakarkako diskoen tituluak motzak dira eta esanahi anbiguoak dituzte, intentzio literario bat antzematen da. Alde batetik, gustatzen zait esateko errazak izatea. Beste alde batetik, ez ditut esanahi itxiak jarri nahi eta, nik intentzionalitate argi bat dudan arren, entzuleari tarte bat utzi nahi diot bere erara interpretatu ditzan. Musika instrumentala da eta pertzepzio subjektibo zabala eskaintzen du. Gauaren kasuan, iruditzen zitzaidan musika nahiko nokturnoa zela. Pieza gehienak gauez konposatu nituen. Asko gustatzen zait ilunpetan, dena isil-isilik dagoenean, pianoa jotzea. Nahi gabe, beste norabait joatea lortzen dut.
‘Isla’k Santa Klara uhartearekin du erlazioa? Esanahi metaforik badu? Abesti bakoitza irla bat izango balitz bezala pentsatzen hasi nintzen, metafora horrekin jolastu dut. Aldi berean, asko gustatzen zait Donostiako irlari igerian buelta ematea. Buelta pila bat ematen ditut! Ez dut kirol gisa egiten, baizik eta esperientzia moduan. Luxua da hiritik oso gertu naturarekin erlazioa duen mundu bat aurkitzea. Itsasoko izarrak ikusten dira. Olagarro bat hiru egunetan jarraian topatu nuen, Netflixeko dokumentalean bezalaxe… Nahiz eta leku berbera izan baldintzak beti aldatzen dira orduaren arabera, argitasunaren arabera, itsasoa nola dagoen ikusi behar da. Sentsazioa beti ezberdina da, eta abestiak jotzen dituzun bakoitzean ere sentsazio ezberdinak izaten dituzu. Izenburua hortik dator.
Zein da zure iritzia Cristina Iglesiasek Santa Klaran egin berri duen eskulturari buruz? Ideia ona dela iruditzen zaizu? Seguru nago artelan bezala ederra izango dela. Beste gauza bat da horrek eragin dezakeen masifikazioa, hainbatetan ikusi ahal izan den bezala. Nahiago nuke irla ahal den neurrian ukitu gabeko lekua izatea jendez betetako parke bat baino. Baina Donostian bizi gara [barreak].
Orain dela urtebete zendu zen Rafael Berrio kantautorea. Berarekin kolaboratzeko aukerarik izan zenuen? Nolakoa izan zen zure erlazioa musikari donostiarrarekin? Oso harreman polita izan dugu, oso atsegina zen berarekin topo egitea. Beti. Donostian zegoen La Gatera blues tabernan ezagutu ginen 90eko hamarkadan. ‘Harresilandia’ (2003) diskorako hots egin zidan teklatuak jotzeko eta, gainera, nire kuttuna den abesti batean parte hartzeko aukera izan nuen, “el hijo ingobernable de la luz del sol” esaldiarekin hasten dena (‘No solo de Amor’ abestiari buruz ari da). Olatu Talka festibalean elkarrekin jo genuen Bob Dylanen omenez egin zen kontzertuan. Bere azken diskoan kolaboratzeko deitu zidan baina lanez lepo nenbilen eta ezetza eman behar izan nion. Jakin izan banu…
Sex Museum taldeko Fernando Pardok El País egunkarian esan zuen pandemiak eragin handia izan duela bere bizitzan eta Toledoko herritxo batera joan omen dela bizitzera. Ekonomikoki asko sufritu duzu? Hasieran bai. 2020 urtean genuen planifikazio guztia ezerezean geratu zen, baita Elkano Browning Cream eta Travelling Brothers-ekin aurreikusita genituen kontzertuak ere. Azken hauekin kanpoan asko jotzen dugu. Momentu horretan ‘Islak’ grabatzen ari nintzen eta aprobetxatu nuen diskoa bukatzeko eta diskoetxe batek eskatzen duen musikaz kanpoko lana egiteko. Nire jarduna ez da inoiz esklusiboa izan. Pixkanaka-pixkanaka jarduera bueltatzen hasi zen. Pasa den azaroan diskoa Victoria Eugenian aurkezteko aukera izan genuenetik, oso pozik nago izan duen harrerarekin eta aurkezteko eman dizkiguten aukerekin. Bilboko Bidebarrieta aretoan egon gara, zoragarria dena; Iruñean; Sorian ere bai, Espainiara 1886an iritsi zen lehenengo Steinway & Sons pianoarekin eta Gerardo Diego poetak errezitatzen zuen aretoan; Andreu Buenafuenteren Late Motiv saioan jo dugu, Radio 3eko kontzertuetan, Irungo Amaian…
Steinway piano marka aipatu duzu. Zure diskoan garrantzi kapitala du. Munduko areto nagusietan Steinway isats-pianoak daude, gure artean ere bai. A, B, C, D isatsak dituzte, motzetik handieneko tamainara. Disko hau grabatzeko Donostiako kontserbatorioko irakasle izan zen Juan Padrosa piano-jotzailearen B ereduko Steinway bat erabili dut. 1978koa da. Gehienetan pianoek denborarekin irabazi egiten dute, gitarrekin gertatu ohi den moduan. 12 urte nituenean hasi nintzen BB King bezalako artistak entzuten eta Padrosak bultzatu ninduen nik egin nahi nuena ikasten jarrai nezan. Musika klasikotik zetorren arren ez zuen behin ere gutxietsi nire bidea. Asko lagundu zidan. Aurrerago, Amerikan edo Europan jotzen ari nintzenean hots egiten nion. Nire deiak ilusioa egiten zion: bide bat egitea lortu nuela ikusi zuen.
Sei urterekin hasi zinen pianoa ikasten. Zenbat eman eta zenbat kendu dizu? Pianoak, eta musikak oro har, gauza asko eman dizkit. Duda izpirik gabe bizitza osoan egin nahi nuena egin dut. Txikitatik argi nuen musikaria izan nahi nuela. Ez dut behin ere beste ezer planteatu, interes asko dituen pertsona naizen arren: mendira joatea gustatzen zait, bidaiatzea… Musikak dedikazio handia exijitzen dizu, ordu asko sartu behar dira forma onean egoteko. Egia da denbora asko kendu didala, eta zailtasunak agertu direla gogobetetzea bilatzen. Koiuntura ez da erraza izaten, lana ez da batere egonkorra eta zure segurtasun-gabeziak kudeatzen jakin behar duzu, zure burua kanpoan jarri eta gauzak perspektibaz ikusi ahal izateko. Mentalki gaitasun handia izan behar duzu. Nik ere pasa izan ditut tarte txarrak. Finean, dena ez da urrea, ezta miseria ere.
Lau Behiren legatuarekin justizia egin dela uste duzu? Donostian apenas zegoen garai hartan pop-rock musika euskara hutsean lantzen zuen talderik. Nire burua arrotz ikusten dut Lau Behiren garaia errepasatzen dudanean. Esperientzia bitala izan zen, gazteak ginen eta gure idoloak zirenen mailara iritsi nahi genuen. Musika ikasten ari ginen. Hasiera batean, Donostiako popetik urrun geunden baina baita euskaraz egiten zen musika zaratatsu eta kainerotik ere. Triki-pop musika kalean zen eta, beraz, gu non sar gintezkeen?
Beti pentsatu izan dut Elkano Browning Cream-ekin euskal musikan bide eta doinu berriak ireki zenituztela. Oso garrantzitsua da ukitu pertsonala bilatzen saiatzea. 30 urte nituen Elkano Browning Cream sortu zenean eta esperientzia gehiago nuen. Matt Harding nire lagunaren bitartez Franck Mantegari bateria-jotzailea ezagutu genuen New Yorken. Oso leku ezberdinetatik gentozen, baina aldi berean oso irekiak ginen. Gutako inork ez zuen esaten nola egin behar ziren gauzak. Bakoitzak egiten zituen bere aportazio propioak eta hor nahasketa exotiko bat sortu zen. Ez nuen beste jazz-funk talde bat egin nahi, hori izaten saiatuz. Espainian estilo horretako talde asko zeuden. Gure kasuan doinu afrikarrak sartu genituen, Franckek Saint Germain taldearekin bira bat egin zuen eta sofistikazio europarra ekarri zuen. Ni organo hammond hirukote klasikoen zalea naiz. Horretan jarraitzeko ahalegina egin dut. Disko berria erdi egina daukagu eta azaroaren 28an aurkeztuko dugu Donostiako Victoria Eugenia aretoan.
Zenbait disko mitikotan parte hartzeko aukera izan duzu, Negu Gorriak taldearen ‘Salam Agur’ lanean esate baterako. Zenbateraino inplikatu zinen? Kaki Arkarazok (ekoizle eta soinu teknikaria) batzuetan hots egiten zidan grabatzen zituen diskoetan kolaboratzeko eta nire organoak sartzeko. Garai hartan bere estudioa Nafarroan zegoen, Katarain izena zuen Azkarate herriko baserri batean. Bartzelonan bizi nintzen eta zinta bat bidali zidan abesti guztiekin. Kantak gainetik entzun nituen, autobusa gaueko 11etan hartu nuen eta Donostian pare bat ordu lo egin ondoren Seat Ibiza batean kargatu nuen Hammond-a. Estudiora abiatu nintzen eta abestiak grabatu nituen. Oso gustukoa dut ‘Anima zaitez’ kanta.